2014(e)ko otsailaren 13(a), osteguna

Baztan eta Frantzestea. 1.Kapitulua: 1808

Baztan eta Frantzestea
1.Kapitulua : 1801 … 1808


Europa 1808

Hemeretzigarren mendea (1.800…) hasi da eta mundua biraka dabil. Europan zoritxarrez eta tamalez gerra sasoia da. Frantzia aldean Napoleon Bonaparte jaunak bere burua Enperadorea izendatu du Notre Dame de Parisen eta momentu horretan etsai argiena denaren kontra, Ingalaterra, mugituko da.



Napoleon, Enperadorea



Gerra/odol sasoi honek 15 urte iraun zituen (1.800-1814), eta naski ez zuela leku guzietan gisa berean jo, ezta denbora bera iraun edo egun berean hasi. Izenak dauzka : orokorki batzuendako “Napoleonic Wars ”,  “Guerra de las Coaliciones ”   (7 izan ziren) , edo  “Les guerres Napoléoniennes”. Azken tartea, 1808-14,  “The Peninsular War “ Ingalaterran, “Guerra de la Independencia ” edo “Francesada ” Espainia aldean eta “Independentzi(a) Gerra ” liburuetan eta “Frantzestea” bertsoetan Hego Euskal Herrian.




Beti bi antagonista berak: Frantzia, momentu honetan Europako estatu bortitzena eta akaso aberatsena, eta Bretainia Haundia, mundu zabaleko jabe berria, bere itsas armadari (eta merkatariei) esker.Hauen inguruan Europako estatu zaharrak: Espainia, Portugal, Prusia, Errusia, Austria, Sizilia, Napoles,… eta haien barnean entitate txikiagoak: Nafarroa, Probintzia, Bizkaia, Württenberg…, bakoitza bere kapazitatearekin. Eta hauen azpian, entitate xume eta ttikiak, konparazionez, gu, Baztan. 



Baztan.1808
Dena den, beti bezala, mundua sailkatua dago eta zagoen, baina mail batean gertatzen denak ez du erran nahi bere azpian edo gaineko mailan gauza bera gertatzen ari dela eta hori Baztanen kasuan argi ikusten da. Benetan gerra gure dermioetara 1808an hurbilduko zen eta 1813en artio ez zen Baztango herrietan, zuzen zuzenean,  ikusi eta nabaritu. Tarteko urte horietan guzietan Baztanek bizi (biziraun) egin zuen. Horren testigantza saiatuko gara kontatzen.



1801    1801   1801    1801


Marengo guda

Gerraren azantzak, urrun. 2. Koalizioa : Ingalaterra, Austria, Errusia, Portugal, Napoles, … Frantziaren kontra. Marengo guda, Ipar Italian, Ekainean, Baztandik 1.100 kilometrotara: Frantziak “a gagné”. Hohenlinden guda, Alemanian, Abenduan, Baztandik 1.500 kilometrotara, Frantziak “a gagné”.
Eta sarraski hauek gertatzen ari ziren bitartean, zeren sarraskiak izan baitziren, Baztanen, zer?


1801.11.02                   Erratzu. Egun seinalatua izan zen Baztanen, jende guti enteratuko zen baina ondorioa ona izan zuen. Baztango alkateak, Joseph Joaquin Gaston, Erratzuko semea, Iriartea etxeko jauna eta jabea, bere zazpi semek, bere biloba batek, etxeko hiru mutilek eta Erratzuko zazpi barridek “bakuna antibariolika” hartu zuten. Non eta Erratzun.



Kalitsak = Bakuna
Zeren kontra zen “antibariolika” (kontra-viruela) hori? Euskal Herrian “nafarreria” deitzen zioten, Nafarroan “baztanga eta Baztanen “agoteria”. (Bon, hala dio Baztango Haigegoak bere bloggean, bertzeak beti hobedunak, euskaldunendako nafarrak, nafarrendako baztandarrak eta hondarrean, baztandarrendako agoteak). Berriaren interesa datza lehenbiziko aldiz hori Baztanen egiten zela. Txertoa Donibane Garazitik Dr. Iribarren Ayzin medikuak ekarri zuen. Non zagoen txertoa? Hemetzortzi urtetako neska batek eritasunaren granoak/kalitsak besoan zituen, eta bera zen bakuna. Nola ongi funtzionatu baitzen, Baztan guzian (naski, kontrarioak izanen zituen) hedatu zen. Pena gure alkateak ez zekiela bakuna hori Iruñean bi hilabete lehenago erabiltzen ari zirela, baino hori bai, aintzindaria izan zela txertaketa unibertsala izaten (unibertsala diogu zeren Baztan unibertsitatea baita!).


1802…1803…1804…

1803.                               Gerraren azantzak, oñik urrun.                           3. Koalizioa : Ingalaterra, Austria, Errusia, Napoles, Suedia... Bertze aldean, Espainia Frantziarekin.
Eta Europa guzia ezpatak zorrozten ari zelarik, Baztanen zer?

1804.08.12                   Aldudeak. Frantsek hamar behor bahitu dituzte baztandar bati (Almandoz deituraz) Aldudeko dermioetan eta bi parteek, Baigorri eta Baztan, elkarri eskribitzen diote afera xuritzeko eskuaraz! 

                  
Gure alkatearen errespuesta laburtua (grafia pixket eguneratua):

“Arizcun 12 de Agosto de 1804
Iracurri dut zuc eskribitu datazun carta Almandozen eta bere lagunaren hamar behorren bahicuntzaren gainean. Zuc (i)norc ere baino hobeki badakizu egina dela Justiziaren eta tratadu guzien contra, nic nere cartan paratzen (di)tudan arrazoinen arabera, eta ez dezagula Aldudeko aduaneroac d(e)retxo edo fundamenturic presentatu bere condu(k)taren defenditzeko ocasione honetan.  … Deseatzen nuen … jakiteagatic zer motiboz egin duen behorren bahicuntza, eta baldin badakizu, otoizten zaitut egin diezadazun ohorea errateaz. Gelditzen naiz zure zerbitzari                                              J.M. Mayora”

Nola akituko zen afera?

(Testu osoa irakurtzeko : Internet ≥ = Klasikoen gordailua  ≥ =Testu zaharrak ≥=  XIX. Mendea ≥=  Baigorri eta Baztan arteko korrespondentzia fazeria erlazioez)


1805…

Trafalgar guda
Gerraren azantzak, poliki poliki hurbiltzen. Cabo Finisterre itsas guda. Uztailean, Ingalaterra Espainia eta Frantziaren kontra, Baztandik 800 kilometrotara. Rules Britannia …. Trafalgar itsas guda, Urrian, gure mendietatik 1.100 kilometrora, Ingalaterra Frantzia eta Espainiaren kontra. Rules Britannia, Britannia rules the world…



1806…


Jena guda

4. Koalizioa: Ingalaterra, Prusia, Errusia, Saxonia, Suedia….     Jena guda (Alemanian),  hemendik 1.600 kilometrotara. Frantziak “a gagné.”







1807      1807       1807      1807


Gerraren azantzak: Errusia aldean, Eylau eta Friedland gudak, Baztandik 2.500 kilometrotara. Lehenean “ados”, bigarrenean , Frantziak “a gagné.”
Eta Europako zimitorioak hilez betetzen ari zirelarik, Baztanen zer?


Itsasu
1807.07.22                   Itsasu/Lapurdi . Itsasuko azienda Baztango dermiotan sartzen ari da eta hala nola ez dute fazeria antolatu sasoi edo urte honetan, baztandarrek Itsasuko alkateari/auzapezari abisoa pasa diote ez dezatela haien azienda Baztango dermiotan sar. Itsasuko alkatearen karta (edo letra) laburtua eskuaraz : (grafia eguneratua. Hatxeak aldatu gabe)





“ Ixasun egina Eraieroraren 22an 1807an  
                                                   
Ixasuko auzapezac  
                                                                        
Baztango Bailleko alcate jaunari   

      Errezibitu dut alkate jauna, halabethe hune 15an iscribatu dautazun letra, ikusten dut Bailleac hartu duien determinazionea erre(s)petarazteko bere lurrac, defendio eginez Frantziako aziender zuen mendietan bazkatzea eta sesituz ( hartuz) hetan harrapatuko diren guziac… Badakizu herri huntako habitanteac desideratu dutela zuekin adiskide gisa eta bakian bizitzea, eta oraiko okasione huntan ere, ez ginuke bertzela desideratzen … Herri huntako habitant batzu interesatuac direnac edo hauien artzainac presentatuko dira zure etxera, zoinec desideratzen baitute zurekin antolamendu egitea, eta baldin hala behar bada ere konbenitzea zer pagatu behar duten zuen bazka saritzat.    Esperantza dut ungi errezibituko dituzula, eta eginen maneraz guziac bizi gaitezin unione onean.     
                                     
Gelditzen niz konsiderazione Parfetenarekin eta errespetagarrienarekin. Zure zerbitzari,        

Luis David /Maire”                                                                                                                                       
(Testu osoa irakurtzeko : Internet ≥ = Klasikoen gordailua  ≥ =Testu zaharrak ≥=  XIX. Mendea ≥=  Itsasu eta Baztan arteko korrespondentzia fazeria erlazioez)

Mail garaienetan, top politics /alta politica, Espainiak eta Frantziak Itun bat sinatu dute, Fontainebleau-koa, Portugalen (Ingalaterrako aliatua) kontra gateko eta baimentzen soldadu frantsak Portugalen aldera pasatzen Espainian barna . Gerra Penintsulara etorriko da..


Holakoa izanen zen alardea?
1807.10.08                   
Eta Baztanen? Bere betiko bizimoduan. Konparazionez, Batzar Nagusiak erabakitzen du egun honetan  “vecino”-ek, hau da, etxeko jaun bakoitzak,  erakutsi beharko dituela bere suzko arma, 12 bala eta libera erdi bolbora, Elizondon , Udaletxearen parean: Alardea.




1808   1808   1808   1808  1808


Iruñeko Ziudadela

1808.02.06      

D’Armagnac jeneral frantsa, Orreagan barna, 2.500 soldaduekin, Otsailaren seian , Espainiaren aliatua bezala, Iruñera doa, 9an Ziudadelaren parean dago eta 16an elurra ari zuelarik, elurrezko pilotak botatzen, frantsek Ziudadelako gaztelua eskuratuko dute, tiro bat bota gabe.




1808.05.02                   Frantzestea hasi da. Espainiako historiografian bada data seinalatua: 1808.ko “ DOS DE MAYO”, Madrilen. 



Madrileko afusilamientoak




Goya pintoreak sublimizatu zuen gertakizuna, poetek afera glorifikatu eta Espainiako haur guziek han gertatu zena ikasi behar.








Gure bertsionea ez dago historiako testu liburuetan. Protagonistak? Alde batean, frantsak, naski. Haien artean gure barride baigorriarra, Joanes Harizpe, bertze izenez Jean Isidore Harispe jenerala eta bere mutilak: Hirurehun euskaldun doike, jaka gorri.

          Maiatzeko hilaren bigarrenian
         errebolta izan dugu Madrileko hirian
         hiritikan kasatu nahi ginituzteian
         ederki tronpaturik bazauden ordian (orduan)

Bertze aldean, espainiarrak, Madrilgo herria eta hara nor, instigatzaile/zirikatzaile/provocateur bat, Damian, Erratzuko monagiloa. Bai, monagiloa eta Erratzukoa. Historia ezaguna da, Palacio Realetik soldadu frantsak Espainiako printzeak ateratzen ari zirenean Baionara eramateko, (eta hau da gure bertsionea) gure Damianek, hango inguruetan izaki, Madrilgo jendea axatu zuen frantsen kontra lehenik, beranduxago Puerta del Solen berak bere ondoan zituen bi lagunekin 




bakarrik, frants armadari kontra egin zion …
eta eguna akituko du jartzen Madril osoa frantsen eta Harizperen kontra.






Honetaraino erratzuarrak egin zuena.Egia izanen zen?


 Hala kontatzen du Jose Mª de Goizuetak bere nobelan Aventuras de Damián el Monaguillo” (1857).





Joanes Harizpe/Jean Isidore Harispe


Eta Harizpe? Damianek hasi zuena Palacio Realaren parean, Espainaiko gobernuko bi kideekin eta Moncey mariskalarekin, jende artean sartu eta errebolta baretu. Hori Harizpek egin zuen.






“Deux membres de la Junte gouvernementale se rendirent (aritu ziren) courageusement au milieu   ( erdian ) des combattants pour essayer de rétablir le calme. Leur  nobles efforts furent secondés par le maréchal Moncey et le général Harispe. Ces hommes généreux eurent la satisfaction de sauver ( salbatzea)  la vie à bien de victimes. Ils parvinrent  ( lortu zuten) à la fin à calmer la multitude et à faire (egin) cesser les hostilities”, hala kontatzen du Jourdan Mariskalak bere“Memoires Militares –ean”. Dena den, sarraskia galanta izan zen. 400 madrildar hilak eta berrehun afusilatuak. Frantsek,  91,  hilen eta kolpatuen artean. Harizperen bertsolariak hala dio:

      Bederatzi ehun ginen kasernatik partitu,
         bi plazetara ginutezten errepartitu,
         españolaren kontra armetan paratu,
         bistara jinak (etorriak) oro baikintuen garbitu.

Harizperen biografoak dio nola andre galant batek lore ontzi bat bota ziola eta ia hiltzen zuen. Harispek? Zapela kendu eta erreberentzia egin zion andreari, “… une belle Espagnole… saisit (hartu zuen) sur son balcon un pot de fleurs et le lui jeta a la tête (eta bota zion burura)… Harispe se contenta de saluer gracieusement…

Eta ez zen lore ontzi bakarra nahita hegan arazi izan zena. Hala dio bere tropako bertsolariak:

Madrileko emakumeak egin dute balentria
beren eltze eta pitxarrak aurtiki (bota) karrikarat
lur baxera egilendako hori ezta malur (sorte txarra) bat
aitzineko bien prezioan, saltzen dute orain bat.



1808.06.00              Nafarroa. Ekaina. Espainia aldean dena asaldatzen da, Nafarroan ere. Ekainaren 3an, Lizarrak bere boluntarioak konbokatzen ditu, 4an Tuterak konpainiak antolatzen, 6an Zangotzak arma nahi ditu. Hilabete honetan, Luzaideko apezak, Andres Galduroz, partida bat antolatzen du, eta Lizarra aldean, Eguaguirrek “Batallon de Escopeteros Voluntarios de Navarra” prestatuko du, 400 mutilekin. Denak frantsen kontra. Eta Baztanen? Elean.




Carlos VII Nafarroan, IV Espainian

Fernando II  Nafarroan, VII Espainian
Napoleon I
Jose I

        










1808.06.06                    Baiona/Lapurdi .                 Alta politica, Espainiako erregeak, Fernando VII, bere aitarengan abdikatzen du (irrigarria,  elkarren kontra makinatzen ari) eta Napoleonen “laguntzarekin”, honek, Carlos IV, Jose I-ari, Napoleonen anaiari, Espainiako koroa pasatuko dio. Dena legala. Eta Madrilen gure gezurrezko Damian erratzuarrak hasi zuena eta Harizpe  baigorriarrak baretzen saiatu zuena, gerra       bihurtu zen.





1808.06.07                   Batzar Nagusia. Gaineko mailetan, Espainian, Nafarroan, eguneroko bizimodua nahasia dago, Frantzestea, eta bada ez bada, Batzar Nagusiak Baztango herrietako “mezetak” debekatzen ditu. Zer ziren “mezetak”? Bestak (hainbertze meza nola baitziren Patronoen egunetan):





Bizkitartean espainiarrak antolatzen dira frantsen kontra. Ekainaren 15ean Zaragozako setioa hasiko da eta bi hilabete iraunen du: frantsek ez zuten hiria hartu.



Bailen guda
1808.07.19                    

Bailenen (Jaen) ,Baztandik 800 kilometrotara,  Castaños jeneral espainiarrak frantsei egurra ematen die. Honek ekarriko du frantsen erretirada partziala Penintsulako Iparralderat.
Bizkitartean, Baztanen, zer? Bere baitan.







1808.08.29    San Migel eguna. Auteskundeak Baztanen, alkate berria aukeratzeko helduko ziren hiru urteendako. Erabiltzen zen sistema ordu artio tradizionala:

a) Hirukote bat aurkezten zen, kasu honetan, Don Juan Ignacio de Borda y Echalar, Elbetekoa, Don Fermin Gamio, Iruritakoa eta Don Juan Pedro de Meoqui, Elizondokoa.




b) Lehena botoa emateko alkate jauna, Don Josef Manuel Yrigoyen, izan zen eta goitiko ordena berean : Borda, Gamio Meoqui. Segidan herri guzietako juraduak ( herri bakoitzak bana: 14) eta haien diputatuak (herri handiek: Erratzu /Arizkun/ Elizondo/ Irurita, launa eta ttipiek, bidana : 20 + 16).       Denek (50) alkatearen ordena jarraitu zuten Oronozek ezik. Hauek Gamio,Borda, Meoqui ordena aukeratu zuten. Hala ere, alkateak proposatu zuena atera zen.

c) Botaketaren ondoren, hiru izen horiek Iruñera, Biserregeari (Leopoldo de Gregorio y Paternó, Marqués de Vallesantoro) igorri zizkioten, berak (berorrek) aukera zezala nahi zuena. Eta berak nor aukeratu? Borda.


1808.10.05                    Elizondo. Baztango Batzar Nagusia.  Azaroan gara. Baztan bere baitan. Juan de Sarasibarrek, Gartzaingoa, ikazkina, ikatza egiteko Landatxetatik Zelaietaraino baimena eskatzen du. Udalak dio Santiago Elizaldek, Iruritakoa, eta Antonio de Urrutiak, Gartzaingoa , beha dezatela ia hori egokia baden.



1808.11.03                    Napoleon , in person, 200.000 soldaduekin Irunen barna Espainian sartzen da eta Madrileko bidea hartuko du. Hala ere hilabete berean, Azaroan, Nafarroako Diputazioak “Apellido” deitu 


nahi du, baino hogei egun beranduago (1808.11.27) nafarrak eta Espainiako armada Tuteraren parean frantsekin borrokan lotzen dira. Tuterako guda. Frantsek irabazi eta Nafarroa osoa haien eskuetan geldituko da. Dagoeneko gerra Nafarroan dago.






Napoleon Madrilen dago Eguberria pasatzeko eta enteratzen denean Austriak Ingalaterrarekin koalizoa sinatu duela, Penintsula utzi eta Europako iparralderat joko du.

Holaxen akitu zen Frantzestearen lehen urtea: 1808.

Baztanen biziak darrai: Tiro bat ere ez eta Erratzun,  40 sortuberri, 9 hil eta 8 ezkontza urte honetan.



Erratzu, neguan




Erabili dudan materiala  lantxo hau eta hurrengoak burutzeko:
* Baztango Udal Artxiboa: Kutxak 19,20, 181, 249 eta 274.
* Erratzuko herriko paperak.
* "Navarra en la Guerra de la Independencia" H. de Oloriz. Internetez
* "Espoz y Mina. El guerrillero/ El liberal" J.M.Iribarren
*"Memorias del Gral.D.Fco Espoz y Mina" Fco Espoz y Mina. Internetez
* "Campagnes, triomphes... et guerres ...des Français de 1792 à.." L.Moreau. Internetez
* "Campagnes de 1813 et de 1814" E.Lepene . Internetez
* "Financiación de la guerra de la Independencia..." Fco Miranda. Internetez
* "Le Marechal de France Comte Harispe" Gral.Derrecagaix. Internetez
* "A history of the Peninsular War" Ch.Oman. Internetez
* "History of the war in the Peninsula" W.Napier.Internetez
* "Frantzesteko bertsoak" Bilduma Antonio Zavala. Internetez
* Artikulu solteak, gehienak  interneten ikusiak.
* Foto gehienak, internetez
* Itzulpenak: nereak, libre eta laxoak!


2013(e)ko maiatzaren 3(a), ostirala

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 6.Kapitulua

6.Kapitulua : Hondarra eta honddarrak .


1794.ko Uztaila akitua eta frente militarra Belateko mendietan eta baztandarrak Herri gabe, Baztan gabe (euskaldun erratuak?) egoera bortitza izan behar, mamuak bihurtuak. Urte batez (1794.aren Uztailatik 1795.aren Abuztu artio) baztandarrak bitan bananduak: edo destierroan Iruñerrian edo bertze aldean, Herrian, frantsen menpean.



Hau dena kontutan izanik, oinaze, negar, aiei-aiei eta hil-elizkizunen artean, non zen gure jendea? Multzo bat, ttikia, zaharrak eta eriak, bertze aldean, Baztanen gelditu zen.

Eta destierrora edo ihesari jo zutenen artean bi multzo, bat ondoko haranetan ( Ultzama, Lantz … Anue) eta hondar multzoa, Iruñean eta bere inguruan (Burlata eta Atarrabia) . Suposatzekoa da aziendarekin joanak zirela lehen multzoan zirela baina batek daki.

Bada bertze multzo bat, gure mutilena. Baztandar gehi amaiurtar gazteak batailon bat antolatzeko, Lizason (Ultzama) biltzea eskatzen zaie; ezkongabeak eta 18 eta 45 urte tartekoak izan behar. Alkate jaunak Batallon de los Bascongados/Euskaldunen Batailona (orduan Bascongado-k euskalduna, euskaraz mintzatzen zena, erran nahi zuen) deituko dio, ofizialki, 3º Batallon de Voluntarios de Navarra.



                                                                    Santo Hospital de Pamplona, gaur egun Museoa

Gure mutilak Lantzen, Belaten eta Odolagan (hau izena, Baztango sarreran) ziren akanpatuak. Eta hura hotza ! Aunitz eritu, aunitz hil: erratzuarrak, 8 bederen eta tiroz ez du ematen izan zela zeren  Iruñeko Ospitale Sainduan (Santo Hospital de Pamplona ) hil baitziren denak.


Eta gerra aitzina jarraiki. Frantsek Gipuzkoa aldera jo, Donostia hartu tirorik gabe, Deba ibairaino eta Urriaren 16.an Iruñearen aldera bortizki jo. Lantz, Ultzama eta ondoko haranak konkistatu eta Iruñearen parean plantatu, zeren leku horiek defenditu behar zituzten jeneralek, Mariscal de Campo Gaspar Paternó (Ultzaman)  eta Teniente General Don Francisco de Horcasitas (Lantzen) etsaia ikusi gabe, aski izan … zetozela jakitea, abandonatu baitzuten … eta beren armadekin erretiratu baitziren Iruñerat…”, hola dio gure kronistak. Mugimendu honek gure eskapatuen lehen multzoa bete betean harrapatu zuen eta etsaien eskuetan erori ziren, beren altzariekin eta aziendarekin, ihes ezina… eta nola arto zitua biltzeko denbora zenez… barride aunitz, jabeak eta maizterrak… itzuli ziren Herrira. Bertze arrazoi bortitza izan zen… frants gutti batzuk han zirela… eta ez zietela jendei… inolako bortxa egiten… baita ere… etxe hustuak… kaltetzen zituztela…” Eta hala dugu nola Baztandar multzo haundi bat etxera , bertze aldera, bueltatu zen.




Naski, arto guti geldituko zen landetan baina hobe beren etxeetan inon baino. Gainera , Azaroan ogia/garia erein behar, ondorengo urtean zerbait jan nahi bazuten.


1794.Azaroaren 24an, frantsak saiatuko dira Iruñearen kontra: gure  Batallon de (Bascongados) Voluntarios de Navarra nabaria defentsan. Egia erran, bakarrik Baztango paperetan eta Libro de Defunciones”-en agertzen da batailon hau; sinetsi beharko dugu zinez izan zela! Bon, izan izan zen baino ekintza guttikoa.



Eta halako batean, frantsak desagertzen dira Iruñeko aldetik. Baztan-Bidasoa-Gipuzkoako aldera erretiratzen dira negua pasatzera Maiatzean itzuliko direla Iruñea konkistatzera” erran ondoren . Haiekin ere , erran dugun izurriteak  gure zokoetan negua pasa zuen . Gerra hau baretuko da hiru hilabetez. Negua akitua, izurritea ere.

1795     1795     1795     1795


1795. Neguan ez da inor mugitu baino  udaberriarekin  erranairuak dioenez San Markos  (apirilak 25) astea, artoa eriteko astea, aitzinekoa baño ondokoa hobea ”, baztandarren bertze multzo bat Herrira, bertze aldera,  itzuliko da, artoa ereitera eta etxean gelditzeko, naski baietz. Lehenxago hasiak ziren etxeratzen, Martxoan, baino militarrei ez zitzaien gustatu eta mugimendua oztopatu nahi izan zuten. Beharrik Nafarroko Erresuma alde zagoela en favor de la permision… fieles infelices vasallos… gosearen eta miseriaren biktimak… origen del contagio” eta utzi zieten  etxera itzultzea.

Eta bizkitartean, zer? Gure kronistaren arabera, betikoa: aldudarrak eta baigorriarrak azienda bahitzen, bon, ebasten beren probetxurako . Eta hemen ohartxo penagarri bat: Aldudeko mutilak Voluntarios de Alduides”-en konpainian ziren frantsen kontra borrokatzen!

Iruñeko eta bere inguruko multzoa gelditzen zaigu. Gure kronista hemen dago. Alkate Jauna, ere. Seguruan.  




Talde honetan apezak sartuko ditugu. Frantziako Iraultza ez zituen apezak ongi tratatu eta bildurrez eta zertaz ez, solidarioak, beren feligresekin eskapatu ziren, baino Iruñera ailegatu bezain fite Apezpikuak ez zien utzi meza ematea ezta konfesionean aditzea. Are gehiago, prozesu bat antolatu zuen jakiteko zertaz ez ziren beren parrokietan gelditu. “Baztango apezak preso eraman dituztela ”  zurrumurrua hedatu zen Iruñean. Gezurra. Apezpikuaren “Gobernadoreak” Seminarioan eta komentuetan egotea agindu zien baina gure apezek altxatu ziren lagunen etxeetan eta ez zituzten harrapatu. Azkenean nolabait afera zuritu zen baino Arizkungo eta Erratzuko Elizako liburuak (Libros de Nacimientos/Matrimonios/Defuncionesmutuak geratu ziren baztandarren ihesaren egunetarik.   


Iruñeko harresiak

Eta zer gertatu zen ondorengo udan? Gure emigranteak ikusten ari dira nola Iruñea gotortzen ari direla, frantsen beldur.





Eta dena zurrumurruak : frantsak guti omen zirela, espainiarren erdia… janari eta bertze gauzez omen exkax baino “gure aldetik ez da ikusi holako ez-egite irrigarria… ahalketzeko modukoa nolako kalteak jasan dute lurralde konkistatuak… eta oiloen fama/la nota de collones (grazia hitz horiek, erdaraz nota=fama eta collones=oiloak/bildurtiak) espainiarrei lotu digutena…”                 

Dena gezurra, Nafarroako Hiru Estatuek (ez da ahaztu behar aparteko Erresuma zela) Biserrei berriari, Principe de Castelfranco-ri, eskatzen diotela frantsei eraso egin diezala, galdu den Nafarroaren puska berreskuratzeko eta denek ikusten dute, Uztailaren 6an, nola Espainiako armada frantsak ikusi gabe Iruñera erretiratzen dela, nola Gipuzkoa abandonatzen dute, gero Bizkaia eta Araba eta hemen erranaldi iluna, misteriotsua : “…de que algun impulso oculto estaba mediando para abandonar dichos Reyno y Probincias / holako bultzada ezkutua ari zen tartean sartzen Erresuma eta Probintziak alde batera uzteko…” Nork nahi zituen Nafarroa eta Probintziak abandonatu?    Madrilek edo Nafarroak eta  Probintziek beren kasa? Edo inork ez ? 



Eta hortik ateratzeko, “Apellido-ra deitu zuten, 15 eta 60 urte tarteko gizonak prest egon behar Nafarroa defenditzeko. Eguna : Abuztuaren 8an. Nafarroa osoa azkenean gerrara zihoazen. Eta hola da historia. Lau egun lehenago, lauHerrian ziren baztandarrek kanoinen asotsa aditu zuten Donibane Garaziko aldetik eta gero Berderizko lepoan. Gerra akitua zegoen.  Basilean (Suitzan) bakea sinatua zuten Espainiak eta Frantziak  Uztailaren 22an , bai, data ongi dago, Baztanen 13 egun beranduago enteratu ziren eta Iruñean …


Eta bertze aldean? Frantsek urte bat eman zuten Baztanen. Nolakoa izan zen bere egonaldia? Informazio guti dugu. Inbasioaren hasieran Baztan pasabidea izan zen zeren alde batetik Conventioneko tropak Gipuzkoa aldera jo zuten eta bertze aldetik Iruñea aldera. Gure kronistak dio zertaz lehenbiziko “exiliatuak” itzuli diren ;” frants guti bazirela eta ez zuten jendeari inongo bortxa egiten…”. Hala ere, hori uda akitu zenean izan zen zeren neguan, gerra baretu baitzen erran dugun bezala eta frantsak gure dermiotara etorri baitziren negua Baztan-Bidasoan pasatzera: 18 batailon (  18.000 soldadu) gehi Dibision bat Berderizen aldean.Soldaduz lepo.

Oro har, ez zen bat ere egoera idilikoa. Frantsak Baztanen sartu zirenean janari beharra zuten eta beren lehenbiziko erabakietarik bat garia eta artoa errekisatzea izan zen: 1.500 kintal gari/ogi eta 1.800 kintal arto. Galdera da kintala zenbat zen zeren  kintal “zaharra” 100 libera baita (1 libera = ½ kilo) eta kintal “berria” 100 kilo baita. Zenbatekoa zen Baztango urte arrunteko zitua? 8.000 kintal gari/ogi eta 15.000 kintal arto. Bosten (1/5)  baten inguruan errekisatu zuten. Dena den, frantsak sartu ziren momentuan zitua bildu gabe zagoen.

Gerra akitzekotan udaletxeak kalteen errolda eginen du eta honi esker bertze aldean gertatu izan zenaren ideia bat izaten ahal dugu .



Baztango apezen prokuradoreak, Vicente de la Torre, holako zerbait idatziko du “ … Herria okupatu ondoren haien gorrotoa… implacable infernal odio… elizen kontra izan zen, sagrarioak hausten… zilarra ebasten… sainduen buruak mozten… plazetan herrestaka iduriak eramaten… errekera botatzen … elizak eta apezen etxeak hondatzen … elizak kartzelak, biltokiak/almazenak baita zalditeriarendako kasernak bihurtzen…  nekazarien etxeekin ez bezala, hauetan ez dituzte ez ebatsi, ez hautsi…  argi izan direla apezen eta haundikien kontra… “

Kutsu politiko izugarria.

Baztango eliz guziak profanatuak izan ziren, hau da, beren “sainduek” jasan zituzten barrabaskeri guziak: moztuak, pusketuak, erre, botaiak, herrestaka karriken barna… baino haien egoera erabilpenari lotua zagoen.


Anizeko eliza

Konparazionez, Anizekoa kaserna izan zen. Bere zurezko gauza guziak (eskalerak, aldareak, ateak, bankuak, korua, erretabloak)  erre egin zituzten. Erratzukoa ez zuten erabili, sainduak “ukituak” bakarrik, eta zilarra naski ebatsi. Holaxen izan zen , jeneralean, bertze elizetan. Berroetakoa kartzela izan zen. Zura guzia egurra bihurtu. Zigakoa kartzela, zura egurra.


Elizondokoa kartzela eta zalditegia. Elbeteko apezaren etxea, zalditeriaren kaserna. Arizkungoa, biltokia eta larraina. Lekarozekoa kaserna, biltokia eta larraina.

Bordak noiz erre zituzten, suposatzekoa da gerrako lehenengo partean (Apirila 1793 – Uztaila 1794) izanen zirela baina etxeak, bai, Asanbleistak, Conventionekoak sartu ondoren, eta hemen intentzio politiko batekin: Baztango “nobleziaren ” kontra.


Iriartea / Erratzu

       

  Kasu bitxia. Erratzuko “Iriartea ”, utzia izan arren, ez zuten ukitu. Baigorriarrekin harremanak izan zituztelakoz? Familia (Gaston de Iriarte) liberala (frantsestuak) zelakoz?

Etxeberria / Irurita

Haren koinatarena, gure alkate jaunarena, Juan Bautista Echeverria, Iruritan dagoena,  “garbitua”: leihoak, ateak, armairuak, solairuak, burdinazko gauza guziak, etxeko ateka, denak desagertuak, pareta hutsak . Bitxikeria biribiltzeko, etxe biak antzekoak dira, jauregi dorredunak eta diseinadore berarekin: Pedro Jose Gaston de Iriarte, erratzuarra.

Datuak ez ditugu baina ,doike , gure oihanek ere kalte haundia sufritu zuten hiru urte hauetan hainbertze jende “berotzeko”.


Datuak ere faltatzen zaizkigu jakiteko nolako antolakuntza zuten baztandarrek Baztanen. Nork zuen agintea?”Commissaire”-ren batek?



Baina hau guzi hau zozokeri galanta. Heriotza. Heriotza Baztanen adixkide gorra izan baitzen Baztanek deus ikusi ez behar zuen gerra honetan : Gure kronista baztandarrak kontatzen du nola ihes egin bezain fite, jendea hasi zela eritzen, izialduraz, nekeaz, umoren iraultzaz/rebolucion de humores ” eta bertze lanetaz, eta txarrena, gehienak hiltzen egiten ziren (dena den, harrigarria ez zela konturatu urte bat zeramala jendea hiltzen). Honetaz, gure kronista 1794.eko udan ohartu zen eta 1795.eko apirilaren oraindik jendea hiltzen ari zen: “… jendearen herenaren eta erdiaren tartea falta da/ faltan mas que una tercera parte y cerca de la mitad de la gente…”  Egia da etxe haundikoak ez direla hilen zerrendetan agertzen , horrek erran nahi du pobreek ( maizterrek?)  bazeuzkaten arazoak eta aferak elikatzeko, jateko eta babesteko, ohatzerik gabe, aterpe edo legorra deserosoak eta hondar neguko mospelak eta hotz haundiak jasaten. Zenbat hil ziren?



Momentuko erroldek diote 1786.ean Baztanek 8.876 biztanle zituela eta hamar urte beranduago, juxtu gerra urte bat akitu ondoren, 5.627, % 36 gutiago , hau da  3.249 biztanle desagertuak. Argi dago baten batek bertze leku batera lekutuko zela bizitzera, baino erranik gabe doa, lehenago adierazi dugun bezala, tiroz, hau da, bortxaz ez zirela hil. Gure jendea eritasunez (eta gosez ) hil zen, lehenik, bederen Baztangoizako kasuan, Espainiako armadak ekarri zuen izurriteaz (disenteria ? ), gero egoera kaxkarrarengatik ihes egin behar zutelarik eta 1794.eko neguan, Frantziako armadak ekarria zuen izurriteaz, tifus exantematikoaz eta hil zirenak, aunitz, zinez, sobera izan zirela.


Tiers = Herena = 1/3

Egia da , Frantziako armadari, haietxek errana, negu horretan tifusengatik 30.000 soldadu hil zitzaien, Gipuzkoa-Bidasoa-Baztan aldean, hiru  hilabetetan ! Frantsek diote negua eta gaizki jatea izan zirela sorburuak. Baina hori baztandarrendako ez da kontsolamentua.


Poeta edo bertsolaria izan behar Baztango trajedia honi behar zaizkion eta merexi dituen  “letra eta soinua”  emateko. Eta ni, ez bata ez bertzea.

Gerra akitu, herrira apezak itzuli, kasu honetan Erratzura, eta liburuak (Nacimientos eta Matrimonios) edeki. 1795aren akabaila: 101 bataio, bai, 101. Bon, gehienak  70, Baigorri, Banka, Orzaize, Bidarrai, Bustintze…, bertzeak baztandarrak, Erratzu, Arizkun, Azpilkueta … 


Erratzuko eliza

Eta ezkontzak? 92, bai 92 (eztai?). Naski, jende beroa bertze aldekoak: Zein herritakoak ? Isturitze, Makaia, Irisarri, Iholdi, Irulegi, Mendibe, Behorlegi, Heleta, Banka, Zaro, Bidarrai, Baigorri, Orzaize, Aldude, Azparren, Garazi... Ikusten denez mundua ez zen gelditu, eta gaur artio.

Eta historia hau guzi hau ikusi ondoren, nire ustez ustelean hortaz Urte Berriko Egunean holaxen kantatzen dute Baztango haurrek :

               Urte Berri berri                                           zer dakarzu berri?              

                      Uraren gainean

              BAKEA eta OSASUNA




·        Zuzenketak eta azalpenak onartzen dira !!!!