lunes, 12 de junio de 2017

Baztan eta Bigarren Gerra Karlista: Hasiera... 1872

Baztan eta Bigarren Gerra Karlista:Hasiera... 1872


Lehen Gerra Karlista dakigunez 1840. urtean akitu zen, baino haren azpian ziren aferak konpondu ez zirenez, 32 urte beranduago gerra lehertu zen berriz. Ideiak, berak ziren, doikebe, baina horrek ez du erran nahi mundu bera zela. Bai to! Gauzak segitu ziren aldatzen, zeren gauzak baita pertsonak eta ideiak ere beti ari dira aldatzen.


Ideia batzuk aldatu ziren: karlismo ber berean gauzak aldatu dira. Karlismoak ez du dagoeneko monarkia absolutoa defenditzen : hauteskundeak badira eta defendatzen ditu, meritokrazia inposatzen ari da, ekonomia liberala nonnahi, euskal foruak edo antzeko zerbait mantentzen dira. Karlismo ofiziala saiatzen da egokitzen sasoin honetara, naski baietz. Dena den, bere lejitimitateari ez dio uko egiten, karlismoaren oinarria baita. Lehendabizi, erregea, beraien erregea eta gero zernahi: Dios, Patria y REY. Noizpait “fueros” gehitzen dute zeren baitakite beraien indarra “provincias exentasen” dagoela baina berez eskuratu nahi dutena Espainiako Koroa da, Espainia ez Baskongadak edo Nafarroa.( Afera idiologikoa konplexua da eta ez gara nor afera hau tratatzeko, barka).


Don Carlos de Borbon y Austria-Este





Eta nor da ERREGE karlistendako? 
Don Carlos de Borbon y Austria-Este.













Kanbiatu zen teknologia: Motorrak, baporezkoak, agertu ziren. Gasteiztik Iruñera jendea trenez gaten zen.


Trenen sarea



Lantegietan makinak hasi dira lana egiten eta itsasoetan baporeak bela-ontziak baztertzen ari dira. Europako lurralde batzuetan ( Ingalaterra, Alemania, Frantzia...) Iraultza Industriala martxan zagoen.










Aldatu zen nola komunikatu: Telegrafoa, elektrikoa naski, bazen: Iruñea-Madril. Korreioa sigiluekin igortzen da.  Fotografiak ditugu.
Periodikoak, gisa guziko pentsamoldekoak, baita karlistak ere!




Neurriak kanbiatu zituzten: Sistema dezimala inposatu da: metroak, litroak.., neurri zaharrak desagertzen ari dira. Agertzen dira “kilometroak” “leko”-en ordez, bon, ez beti baina aldaketa badator, agertzen dira “kiloak”, ez liberak edo arrobak. Naski, neurri zaharrak ere erabiltzen dira baina mundu berri bat dator.

Mundua aldatzen ari zen: Registro Zibila. Dagoeneko sortu berriak, ezkonduak eta zenduak EZ dira Elizako liburuetan agertu BEHAR, nere/gure kalterako zeren ez baitugu informazionea lortu hilendako, ez dakigu edo ez dugu jakin izan nor ziren edo non hil ziren gerra honetako aktoreak, zeren gerretan jendea hiltzen baitute eta gure baztandar gazte aunitz gerra honetan zeuden. Zenbat? Non? Ez dakigu (nik bederen).



Hiltzeko armek gehiago hiltzen dute: fusilak ez dira ahotik kargatzen aitzineko gerran bezala. Kartutxoak erabiltzen dira, errekamaran sartu, katua zapatu eta berriz karga. Tiro gehio hiltzeko. Kainonekin gauza bera. Armak hilgarriagoak suertatu dira.







Sosak ere kanbiatu dituzte: Jendeak ( udaletxeak ere) oraindik erreal hitza erabiliko dute baino 1868. urtetik Espainian pezta/pezeta izanen da moneta ofiziala, 100 zentimorekin eta ia euro bezala, 1 ztmo 2 ztmo, 5 ztmo, 10 ztmo, 1 pta, 2 pta, 5 pta edo duroa. Karlistek ere beraien sosak aterako dituzte baino bakarrik 5 eta 10 zentimokoak.


Politika aldatu zen : Libertate gehiagorekin (eta hala izan zen aurreko urteekin konparatuz) ideiak gehiago hedatzen dira, prentsa lagun. Baditugu karlistak, monarkiko liberalak, monarkiko kontserbadoreak, errepublikanoak, errepublikano federalistak, hasi dira anarkistak eta komunistak agertzen... Eta kontra-errana, kontrol gehiago. Badira karabineroak, mugak zaintzeko, Gobernu Zentralak , Espainiak, jarriak, badira guardia zibilak ere, ordena mantentzeko. Badira Foruak Baskongadetan eta Ley Paccionada Nafarroan eta gure mutilak, nolabait, ez dira “mili” egitera gaten, nolabait.
Penintsulatik kanpo, badira esklabuak, bai, beltzak, Puerto Ricon eta Kuban, Espainiako koloniak . Ez da ahaztu behar Filipinas Espainia dela ere urte hauetan baina esklaburik gabe, ez ziren beltzak ( baliteke mororen bat).

Eta Baztanen? Ordena : ditugu karabineroak eta guardia zibilak. Momentu hartan, erran dugunez, ezberdinak ziren : karabineroak mugak eta guardia zibilak orden público. 
Badakigu 1869. urtean Elizondoko kasernan 88 karabinero bazirela.



Kuartela? Kuarteleko-zelaian zagoen Miserikordia zaharrean.
Desagertu dira Baztango balleak, mantentzen dira igurainak.

Errepidea (errege-bidea) : 1845. urtean gaur egun Elizondotik Dantxarineara gaten den karretera egin zuten. Lehenago errege-bidea (Donejakue Bidea) ia herriz herri gaten zen. Oraingoan ez. Galdu zutenak Arizkun eta batez ere Urdazubi izan ziren. Urdazubi pasa zen punto neuralgiko bat izatetik (zeren herrian barna pasatzen baitzen Baionatik Iruñera gaten zen trafiko guzia) herri ixila eta bere baitakoa izatera.
l= lugar/lekua. d.= derecha/eskuin. i.=izquierda/ezker. k.=kilometro. barr.=barrio/auzoa

Erratzuk lortu zuen karretera nagusiarekin Ikatzateko Bentan lotzea eta Arizkun haserre bizian ( meatxu egiten Baztandik bereiziko zirela!!!!) zeren hasieran ez zuten elkartzen leku berarekin, Ikatzatearekin. Hondarrean lortu.

Elizondok, bizitanlez, segitzen zuen bigarren herria izaten (lehena Arizkun) baina erdian dagoenez, kuartela eta Udaletxea zituenez eta Frantziako bidea handik pasa behar zenez, inportantzia hartzen segituko zuen. 


Hospital y Casa de Misericordia
La Miserikordia zaharra kuartela bihurtu zen (hortaz non zagoen lekuaren izena : Kuarteleko-zelaia) eta 1855. urtean Hospital y Casa de Misericordia berri bat eraiki zen, Francisco Joaquin de Iriarteren diru laguntzarekin. Agur eta ohore Franziskori. Gaurko egunean zaharren erresidentziaren funtzioa betetzen du.

Odol zerga, quintas. Lehen Gerra Karlistara artio Nafarroak eta Bascongasek saiatu ziren “quintas” ebitatzen eta lortu ere baina gerra galdu ondoren Nafarroan , ez Baskongadetan, kintak inposatu/eguneratu ziren. Jendearen erreakzionea imajinatzekoa da. Hala ere, bazen forma bat ez gateko armadara zortzi (edo sei) urtez! Sustituto bat bilatu , hari ordaindu eta kitto. Herrietan, interesatuek, partzuego baten itxurako zerbait antolatzen zuten eta ahal zuten gurasoak , mutila sortzen zen urtetik hasten ziren kuota bat ordaintzen, holaxen zegokion tenorean ordezkoa pagatzeko bazuten. Hau da, behartuak, pobreak, bakarrik joaten ziren. Zenbat bildu “postua” kubritzeko ? 1.500 pta inguru, dirutza bat denboretako.

Migrazioa edo ihesa. Jendea, baztandarrak, gizonak eta andreak Herria ari dira uzten, Ameriketara, batez ere Argentinara edo Mexikora. Hondar gerratik (1840) azken hau akitu artio (1879) 928 baztandarrek beraien herriak utzi zituzten, gehienek betirako. Desertore/intsumiso franko haien artean.



Leherketa, gerra, 1872.ean hasi, baino egosten aise lehenago hasi zen eta guk (neronek) kontatuko duguna, batez ere, Baztanen gertatu zena izanen da.



Gerra hau Espainia osoan borrokatu zen baino benetan gerra Aragoi Behera/Maestrazgon (Teruel), el Centro, Kataluniako Iparraldean, Cataluña , Baskongadetan eta Nafarroan, el Norte, izan zen.
Kontatuko dugun gerra Baztango izanen da non , zorionez, aitzinekoa baino suabeagoa izan zen eta aldi berean, bidenabar, kontatuko dugu ere Herria, Baztan, zertan ari zen urte horietan. Ez dakiguna, zoritxarrez, zenbat gazte baztandar hil zen/zuten, zeren jakite horrek emanen luke zein neurriko kalamitatea izan zen gerra hau.




1868. urtean gaude, Irailean. 
Espainia aldean kolpe militar batez , “La Revolución Gloriosa”, Isabel II tronotik kentzen dute eta Gobernu Probisional bat eratzen da. Dena nahasten ari da: alde batetik partida karlistak Penintsulan agertzen eta bertze aldetik, Kuban (orduan Espainia zen) hasiko dute Independentzia lortzeko lehen borrokak. Nahasmena, izigarria.

                  

                1869

Ilbeltzak 4, 1869 Domingo Moriones jeneralak (Leatxe/Agoitz, historia honetako protagonista bat) Iruñetik komunikatzen dio Exmo Sr. Capitan General de las Provincias Vascongadas y Navarra jaunari nola Iruñetik hiru karlista, los más activos y señalados como cabecillas, joan direla Frantzia aldera eta nola ikusiak izan direla Alduden. Hortaz komentatzen dio nola pentsatu duela Agoitz eta Elizondora konpainia bana ( konpainia = ± 100 soldadu) igortzea , modu honetan hango karabinero eta guardia zibilak libreago egonen dira mugak kontrolatzeko. Cazadores de Baza Compañia Elizondora, burua Comandante de Carabineros D. Miguel Noguerol. Eta honekin lotua, si entran en operaciones el plus de 24 escudos mensuales nagusiei, 6 kapitanei, 12 subalternoei, 200 milesimas (20 zentimo) diarias a los sargentos y 100 milesimas (10 zentimo) a los demás. Sinatua, Ministro de la Guerra, Prim.

Bi aste beranduago konpainia hau Iruñera itzuliko zen.

Zer gehio pasa da? Hauteskundeak, Ilbeltzean, bai, lehenbiziko hauteskunde demokratikoak , omen. Liberal progresistek irabazi egin zuten diferentzia haundi batekin errepublikanoen gainetik. Karlistek (Comunión Católico-Monárquica) bakarrik % 6 lortu zuten, baino han dira, Madrilgo Cortes-en 20 diputaduekin: alde batetik ekintza armatuak (partidak) eta bertze aldetik ekintza politika (diputadoak).


Kongresuaren betebeharretarik bat Konstituzione berria egitea zen: Ekainean egina zuten. Hurrengo betebeharra errege bat aukeratzea: printzipioz ez zen izan behar “Borbon” bat ( isabelino edo karlista, biak gauza bera gobernua kontrolatzen zutenendako). Denbora behar zuten haien artean afera konpontzeko eta bidenabar Europa guzia “lasai” uzteko zeren Europako estadu guziek nahi baitzuten beraien kandidatoa kolokatzea, zinez alta política.

Uztailak 22, 1869 Karabineroak berriz Baztanen aldera. Agindua? Ebitatzea karlistak sartzen Frantzia aldetik. Baina sartzen lortzen badute haien gibeletik, deskantsurik gabe, batez ere cortarles la retirada , eta armekin eskuetan atzematen duzuna, afusilatua. Facciosoak egertzekotan preso hartuko dituzu, baita facciosoen arteko influentzia haundiena dutenak, zuekin eramanen dituzu posible delarik leku seguruan utzi artio ere.

                 

                 1870



Oraindik ez dago erregerik Espainian : Gobernu Probisionala, burua Serrano eta ministro de Guerra Prim.








Karlistek badute ixtorio bitxi bat: la Escodada deituko zioten. Urte honetako Otsailan hasiko zen ehuntzen. Gobernuak badaki karlistak konspiratzen ari direla Frantzia aldean eta handik karlisten erregeak  partidak kontrolatzen dituela. 

Egoera honetan, Nafarroako karabineroen koronel bat, Don Jose Escoda y Canela, hala diote, harremanetan hasi zen buruzagi karlista batzuekin erraten ez zagoela kontent bere “lagunekin”, hau da eguneko gobernuarekin, eta tratu bat eginez prometitu zuen Don Carlos onartzea errege lejitimotako eta haren alde menpean zituen tropak, bortz komandantziakoak, jartzea. Bilkurak izan zituzten Saran eta inguruko herrietan, ez bazen han bera pertsonalki, bere sekretarioaren bitartez. Azkenean tratua Abuztuaren 6an Saran sinatu zuten. Berak, Escodak, eskatzen alde batetik karlistak geldi egotea eta egun aukeratuan, Beratik hurbil ziren borda batzuetan bilduko zirela bera bere tropekin eta karlisten partetik Eustaquio Diaz de Rada jenerala haren boluntarioekin altzamentua proklamatzeko. Eguna, Abuztuak 27. Diaz de Rada ez zen aski fidatzen eta espioiak igorri zituen aitzinetik: zelata bat zen bera eta berarekin joaten ziren ofizial karlistak (posible baldin bazen Erregea ere) arrapatzeko. Bertze bertsione batek dio Berako notarioak, Angel Larumbe, abisatu ziola.


Eta guri, zer ? Koronela ez zen Jose Escoda, Antonio Escoda baizik eta bere destinoa, Elizondo. Hemendik, Baztandik, prestatu zuen “kaiola”, xoria falta. (Escoda = Escodada)




Karlistek ez zuten bete prometitu zutena, ez hastea Diaz de Radak Beratik agindua eman artio. Baskongadetan eta Nafarroan partidak agertu ziren egun batzu lehenago, Gobernua asaldatu zen baita bando bat atera ere, betiko ideiarekin, jendea iziaraztea.

BANDOA... declarado en estado de guerra lau probientziek osatzen duten dermioan , nere menpean direnak..
  • Todo faccioso... cogido con armas... fusilado.
  • Facciosoekin dauden mutiletako herriak 4.000 erreal (1.000 pta) isuna bakoitzarengatik, ez badira 8 egunetan aurkezten.
  • Alkateek... lau orduero partea eman beharko dute.
  • Facciosoek lo egiten badute herri batean edo bere inguruan eta ez bada parterik ematen, isuna Udalak, apezek eta herriak pagatuko dute.
  • Ni errebeldeak baino indartsuago izaten... herriei diet, kasu egin zazue...

VITORIA, 27 de Agosto de 1870. El Capitán General, José Allende Salazar.

Noski Baztanen ere agertu zirela partidak.

Abuztuak 27,1870.             Elizondoko Guardia Zibilek: Arratsaldeko ordueta t'erdietan agertu zaigu Iruritako herritar bat erraten... 50 lagun razioneak eskatzen ibili direla eta bere ustez son Carlistas... oraintxen berean ateratzen gara postu honetako indarrekin baita postu honetako karabineroekin ere...”


Partidak partidak agertu bai baina Gobernuak nolabait partida hauek berehala kontrolatu eta suntsitu zituen.

Azaroak 16, 1870                 Espainiako Kongresua errege berria aukeratu zuen: Amadeo de Saboya, italiarra. Kongresutik kanpo, karlistak, errepublikanoak, aristokrazia borbonika, eliza baita jende arrunta kontra zituen, gainera errege berriak ez zekien kastellanoz. Jendeak ez zuen aunitz maite.


Eta Baztan? Beti bezala, bere baitan. Bon, Udaleko paperetan ez da ikusten gatazka politikoa inongo aldetik. Horrek ez du erran nahi denak ikuspegi bera zutenik, inola ere ez. Liberalak eta karlistak, erdizka Baztanen .

Abenduak 26, 1870                Junta General...

Biltzen dira eta lehen gaia Miserikordian sartzeko andre bateko eskaera: onartua. Batzar guzietan, jeneralki, eskaeraren bat izanen da Miserikordian sartzeko eta Udalak beti onartuko du.

Gero tratatzen dute las Tablas de carnicería (harakindegiak) de Errazu y Arizcun. Dimititu dutenez kargu hori zutenak, erabakitzen da herri horietako alkateek aukera dezatela nor izan behar den “harakin” berria.
Halaber jakinarazten dute nola Ytsassou-ko udalak mantendu nahi duela Baztanekin zituen facerias 1847. urteko kondizionepean.
Eta hola akitu zen batzarra (edo biltzarra?)

Abenduak 30, 1870              Amadeo tronuan jarri zuenak, Prim jenerala, hil dute.

                  1871




Ilbeltzak 02, 1871 Hiru egun beranduago, Madrilen, Amadeo I, Espainiko erregea koronatzen dute.












Ilbeltzak, 25, 1871                Ayuntamiento de.... Alkatearen zuzendaripean deliberatu zuten Miserikordiarako eskaerak onartzea baita ere nola apuntatu behar zen Registro Zibilean: izen-abizenak, adina, azken erresidentzia, noiztik, estadoa, ezkongabea balime zen gurasoen izen-abizenak, ia bizi ziren eta baiezkotan, non. Ezkondua baldin bada, izen abizenak eta bere ezkontidearenak. Seme-alabak izatekotan, haien izenak debiendo acompañar la partida bautismal.
Diote ere nola gaur dela egun seinalatua “la rifa del cerdo en beneficio de la Casa (de Misericordia)” izateko, betiko moduan.

Otsailak 09, 1871                  Junta del Valle ... diote nola Erratzuko maistrua izateko aurkeztu duten hirukotean (terna) aukeratu dutela D.Bruno Aramendia.

Otsailak 26, 1871                   Junta General...
Miserikordian sartzeko eskatu duena onartua izan dela.
Diote ere nola Diputazioneak igorri die mandatua adierazten nola egin behar zuten aurtengo “kintaren” afera. Horri gehitzen diote nola herri guzietan batzarra egina dutela eta nola biztanle guziek erran zuten erredentzioa (hau da , kintekin ez gatea) egin zezala diruz, esistitzen zen sozietatearen eskrituraren arabera eta inolaz ere ez dutela ezta gizon bakarra ere entregatu nahi eta erabaki hau Diputazioneari jakinarazi diezaiola.

Diote ere nola datorren hilabetean hauteskundeak izan behar direnez, Herrietako Etxeak (Ostatuak) Gartzainen ezik, hemen eskolan, kolegio elektoralak direla.





Martxoak 08, 1871 Hauteskundeak. Karlistek ez zuten gaizki egin eta beraien aliatuekin 51 jarleku lortu zuten Comunión Católico-Monárquica izenarekin.









Hala ere Baztanen aurkeztu ziren Gregorio Zabalza, arizkundarra eta liberala alde batetik eta bertze aldetik Eusebio Muzkiz, karlista.
Eta hemen komedia, gubernamentalak, hau da liberalak, finak ibili ziren eta afera nahasteko papeleten ordez, eskuz aukeratuaren izena jarri behar zela. Eta hemen ziria, MuZkizen ordez zabaldu zuten MuSkiz izena.
Ondorioa, MuZkizek botoak galdu zituen eta diputaduaren akta Zabalzarendako izan zen.

Erratzuko emaitzak
Erratzuko emaitzetan ez da ongi ikusten zeren printzipioz Erratzu Baztango herri liberalena baitzen eta ez zuten tranparik behar irabazteko.



Afera Madrileko Kongresuan tratatua izan zen eta karlisten kexa errefusatua. Interesatuak, internetez,Diario de Sesiones. 27 de Abril de 1871.Luze solastu ziren.









Apirilak 02, 1871                  Ayuntamiento del Valle.... Miserikordian sartzeko eskaera bat onartua izan zen.
Diote ere nola herri batzuek (Arizkun, Azpilkueta, Gartzain, Aniz, Berroeta eta Almandoz) ez dutela oraindik Culto y Cleroko kontribuzionea udalara ekarri eta diote ere Diputazionea eskatzen ari denez diru hori, deliberatzen dute ordaindu duten herrien dirua igortzea eta aldi berean jakinarazten Diputazioneari zein herriek ez duten pagatu, gisa horretan, se entiendan directamente con ellos eta ez Baztan osoarekin.
Zer da Culto y Clero-ko zerga? Jendeak Elizari pagatzen zaizkion hamarrenak derogatu zituzten eta haien ordez , konpentsazione moduan zerga bereizi hau biltzen zen Eliza katolikoa sostengatzeko.

Diote nola Ainzko zubia (Aintz/Aintz Elizondon dago) ondatu da eta 1.500 erreal (375 pta) Udalak jarriko dituela konponketa burutzeko. Hala ere, hurrengo igande artio presupuestoak aurkezteko epea edekia dagoela, ia baten batek hobetzen (mejora!) duen aitzineko kopurua, 1.500 errealekoa.

Erratzuko maistruak, D. Bruno Aramendia, eta Azagrakoak, D. Martin Pascual, permuta egitea eskatzen dute eta Junta-Provincial-de-Intruccionek galdegiten dio Udalari ia ados diren eta Udalak baietz. Diote ere nola Pascasia Monente andreak Iruritako eskola hartu duela.

Apirilak 10, 1871                   Ayuntamiento del Valle... Diote nola ez du inork “hobetu” Ainzko zubia konpontzeko postura eta erabakitzen dute 1.500 (375 pta) bakarrik ematea, Elizondoko herriak faltako dena pagatzera behartua.


Diote ere nola ez dutenez deskubritu nor izan dira erre egin dutena Elarrako-bizkarra Alkaxuri (Alcassuri) aldean edo Bildoztegi Arizkunen aldean... deliberatzen dute dermio horiek lau urtez debekatuak/vedados direla ordenantzaren arabera.


Halaber, ikusia zazpi erratzuarrek aurkezten duten memoriala eskatzen libre edo zila izatea Istauzko dermioa Iñarbegi aldean, debekatua zagoena pasa den urtetik erre izanagatik, erabakitzen dute eskaera onartzea baina berme gisan bakoitzak 40 erreal (10 pta) paga ditzala eta ordaindu artio ezin han sar.



Maiatzak 29, 1871                 Baztan bere baitan. ... reunido en la Sala de Sesiones...

Diote nola Anue haraneko udalak urrezko bortz ontza eskatzen dituela Baztanek bere azienda haien larreetan sartzeagatik. Udalak ezetz, denek jakin dezatela Baztango azienda ez dela Anuera joanen eta mugak zaintzeko unai bat jarriko dutela, Udalak ordaindua.

Bautista Santxotena jaunak eta bertze bi barride arizkundarrek eskatzen dute zila izatea Errekagorri dermioan sartzea, debekatua zagoenez pasa den urtean erre zutelakotz. Udalak baietz bakoitzak 40 erreal (10 pta) pagatu ondoren.

Diote ere nola Bernardo Iturralde jaunak , Elbeteko Ferrería Vieja / Olazar /Olazarreako jabea, plantatu dituela arbolak han ondoan dagoen presa zaharraren bi aldeetan eta planta horiek komunalean daudenez deliberatzen dute jakinaraztea (Bernardori) arbol horiek haren lurretan jartzea bertzenaz Udalak beretako hartuko dituela.

Uztailak 02, 1871                  ... reunido el Ayuntamiento... Sekretarioa hil denez, deliberatu ondoren berria izendatu dute, D. Pedro Osacar de esta vecindad eta eskribentea D.Venancio Imaz, 6.000 erreal (1.500 pta) urtero lehena eta 3.000 erreal (750 pta) bigarrena hiru hilabetero.

Diote ere nola karabineroak eskatzen dutela la franquizia de derechos de cadena por el vino que consumen (zerga ez ordaintzea) . Udalak erantzuten du eskaera egokia ikusten dutela eta abonatuko dutela pezta bat karabinero bakoitzarengatik, baita Guardia Zibilena ere.

Diote ere nola komunikatu zaie Tuteran uholdeak izan direla eta hango kalteak konpontzeko 1.000 erreal (250 pta) igorriko dizkietela de los fondos municipales.

Irailak 29 1871                     ... reunido el ayuntamiento de este Valle... Lehenbizi Miserikordian sartzeko eskaera bat, onartua, eta bertze batzuen eskaera laguntza eskatzen/piden socorro onartzen baino laguntzaren kopurua gutitzen 15 errealera (3,75 pta) hilabetero bai orain eskatu dutenei edo lehenago eskatu zutenei.

Diote nola Donamaria eta Gazteluko alkateek gaztigatu dute Odolagako Bentatik beraien herrietaraino zetorren bide zaharra moztua izan dela eta eskatzen dute edeki dezatela zeren beharrezkoa baitzen beraiendako. Hortaz Udalak agindu dio Santiago Goñiri etxi zuen bidea edekitzeko. Doikebe honek zituen bi landa elkartu zituen, erditik pasatzen zen bidea beretako hartzen. (Gaur egun gauza bera)

Diote ere nola Ikaztakietan D.Ignacio Fagoaga jaunak baimenik gabe bago bat moztu duela eta hortaz 320 errealeko (80 pta) isuna jartzen zaiola kaltarengatik eta interesatuari jakinarazi diezaiola.





Diote ere nola Antonio Urrutiak, iguraina, salatu du Juan Miguel Bengochea 22 meta iratze egiteagatik leku debekatu batean pasa den urtean erre izan zutelakotz. Deliberatzen dute paga zitzala bi erreal ( 0,50 pta) meta bakoitzarengatik eta lau urtez debekatzen iratzea moztea leku hortan.





Azaroak 27, 1871                ... reunidos .... Berriz hauteskunde munizipalak Abenduaren 6, 7, 8 eta 9an izanen dira eta horretarako mahaietako presidenteak izendatzen dituzte: herrietako alkateak, eta bertze aldian bezala, herriko etxeetan emanen dira botoak, Gartzainen ezik, hor, eskolan.

Abenduak 26, 1871              .... en al Sala de Sesiones.... Onartzen da merkatu egunak bida izatea hilabetero, ez bat orain artio izaten zen bezala. Hamabortzero izanen dira.

Berroeta, Aniz, Ziga eta Almandozko herriek eskatzen dute mediku bat bereaien kuartelendako, Basaburua, zeren orain duten zirujauak, D. Tomas Lastiri, ezin duela por hallarse imposibilitado. Deliberatzen da Udalak kontratatzea fakultatibo bat de Medicina y Cirugia eta bere soldataren heren bat Udalak egin dezala.

Urtean zehar ikusi denez egoera politikoa nahasia izan arren Baztan eta Espainiako erregea Amadeo I bakean diraute, doike. Jendea erretzen ditu mendiak, abilek komunala beretako erabiltzen, karabineroak nonnahi, maistruak etortzen eta gaten, zergak ordaintzen Elizari eta Diputazionari,hauteskundetan boto ematera, bakartuak Miserikordiara eta behartuak RGI gisako bat eskatzera, eta denak Erregistro Zibilera datoak ematera. Bertze hitzekin, modernitatea.

            1872

Otsailak 1, 1872.                 En el lugar de Elizondo, 1 de Febrero de 1872, en esta Casa Consistorial, el ayuntamiento... elegido por este distrito en sufragio universal... la corporación bien entrante..

Marcelino Suquilbide                     Ambrosio Anchorena
Tomás Larregui                             Miguel Iturralde
Martin Esteban Plaza                    Manuel Iturria
Miguel Fco Echandi                       Juan Simon Apezteguia
Angel Garbizu                               José Bautista Irungaray
Francisco Echeverria                    Antonio Aguerrebere
Pedro Guerendiain                        Salvador Arrache
Salvador Argain                           Juan Jose Michelena
Manuel Aguerrebere

eta haien artean botaketa egin ondoren (pena ez jakitea zein talde politikokoak ziren)

               Tomas Larregui 13               Pedro Guerendiain 2
               Salvador Arrache 1              Martin Esteban Plaza 1 boto

Alkatea ,Tomas Larregui recibiendo el baston de mando como insignia de su cargo. Lehen Tenente Alkate Miguel Iturralde, bigarrena Manuel Iturria, hirugarrena Ambrosio Anchorena, Regidor sindico (?) Martin Plaza eta suplente Pedro Guerendiain.

Otsailak 7, 1872.                   ... reunido el Ayuntamiento de este Valle de Baztan bajo la presidencia del Sr.Alcalde... erabaki zuten... art.51 Ley Municipal para alcaldes de barrio... de los 14 pueblos del Valle y Pais Quinto:

Erratzu      Miguel Mª Echartea          Arizkun    Martin Tomas Iriberri
Azpilkueta Juan Baut Indaburu          Elbete       Francisco Maritorena
Elizondo     Damaso Echeverria           Lekaroz   Juan Miguel Goyeneche
Gartzain   Marcos Jaimerena            Irurita    Juan Bautista Larramendi
Arraioz    Juan Garaicochea             Oronoz    Juan Pedro Iturralde
Aniz       Juan Tomas Irigoyen        Ziga       Juan Pedro Aguerrebere
Berroeta   Martin Julian Indart        Almandoz  Salvador Arrache
Pais Quinto Miguel Erreca




Ikusten denez, herri berri bat agertzen zaigu Baztanen: Pais Quinto. Berez, borda batzuk dira, ez du elizarik ezta elizattorik ere. 
Doikebe bere denboretan Aldudeak eta Kinto Real gauza bera ziren baino banatzekotan frantsen eta espainarren artean, bati Aldude, frantsa, eta bertziari Quinto Real, espainiarra, deitu zieten. Seguru ez dakigu. Estimatzen da informatzionea.

Sesione berean bi baztandarrek eskatzen dute onartuak izatea Casa-de-Misericordian. Batak ez du dirurik, Josefa Barreneche, eta Udalak 15 erreal de vellon hilabetero emanen dizkio; bertzeak, Jose Echenique, errekurtso propioak zituen.

Martxoak 23, 1872.              ... reunido el Ayuntamiento... erabakitzen du.. los lugares para las elecciones de Diputado a Cortes ...Apirilaren 2an, 3an eta 5ean Herriko Etxeetan (Casas Concejiles) izanen direla, Gartzainen ezik, herri honetan eskolan eginen dira.

Martxoren 30ean bilduko dira berriz Contribucion de Carreteras tratatzeko eta Baiborroko zubia konpontzeko presupuestoa prestatzeko.

Batek laguntza eskatzen bere bi semeendako, haurrak direla, de tierna edad.. Udalak baietz, baino batendako bakarrik: 15 erreal-de-vellon (3,75 pta) hilabetero.


Apirilak 03, 1872                  1872.ren Apirileko hauteskundeetan karlistek , Comunión Católica-Monárquica , 13 jarleku galdu “pucherazo” izan omen zelakotz ( honetan Eusebio MuZkizek jarlekua lortu zuen) . Karlistak sutan. Konjura. Kolpea/haustura prest zuten, hiri batzuetako goarnizione militarrak (Barcelona, Bilbao, Iruña...) hasiko omen ziren eta gero altzamentu orokorra Baskongadetan eta Nafarroan.
Egun aukeratua, Apirilak 21.
Hasiko zirenak gazte talde batzuek ofizial zaharrekin (lehengo gerrakoak) izanen ziren. Pretendientea, Carlos VII, muga ondoan, Miarritzen, Espainia aldera sartzeko nahian.

Eta hola hasi zen Bigarren Gerra Karlista (edo Karlistada). Guk hola deituko diogu, BIGARRENA. Baztandar , nafar, euskal ikuspuntutik gerra karlistak bida izan dira, espainiar ikuspuntutik hiru ( bigarrena 1846.an Guerra de los Matiners, Katalunian), hortaz espainiar gehienek (ez denek) HIRUGARRENA deitzen diote. Baten batendako, gaixtoren bat, hirugarrena 1936.koa izan zela. Eta gerra hori, bai irabazi egin zutela karlistek , Bilbao konkistatu eta gero, baita desagertu horren ondoren ere (hori diote gaixtoek).


Momentu honetan karlistak beren baitan : Don Carlos Biarritzen, intrigatzen. Eustaquio Diaz de Rada Karlisten Mugako Buruzagia (Euskal Herria + Katalunia) izendatua. Karlistak prestatzen ari dira altzamentua. Borroka bakarriz behar delarik, diote. Jendea nerbiostua “Es voluntad del Rey se verifiquen (altzamentua) a un mismo tiempo en todas las provincias de España... al grito de Viva España, Viva Carlos VII, a bajo el extranjero.”

Junta de Navarra: Pablo Diaz del Rio, Demetrio Iribar, Joaquin Marichalar, Dámaso Echeverria, Serapio Peralta, presidente Gonzalo Fernandez Arcaya, secretario Serafin Mata y Oneca.

Damaso Echeverria? Aurtengo Elizondoko alkate jauna.
Bordelen sortua zen zeren bere familia harat eskapatu baitzen Lehenengo Gerra Karlistan. Bere aita, Martin Luis, 1831 eta 1833 tarte horretan Baztango alkatea eta gero karlisten jenerala izan zena gerran hila izateko. Bere ama Mª Angeles Iturralde, Datue etxeko alaba baita etxeko jabea ere.
Gure Damaso politikan sartua zagoen eta gerra honetan Junta Carlista de Guerra de Navarrako partaidea ikusiko dugu. Gizon ikasia izan behar zen zeren Luis Luciano Bonapartekin harremanetan doikebe egon zen. “Erreguzco cantachoac” eskribitu zituen, bai euskaraz, Baztango eskuaraz. Nori erregu? Francisko Xabier Sainduari.
Eta erran dugunez, Datue Jauregia bere etxea.

Apirilean dena prest dute.

El dia 21 de Abril : Declaración de guerra.... Carlos VII-ek ez du onartzen liberalen marrukeriak , ez duela tirorik bota nahi... (berorrek) borrokatuko zuela etsaiek nahi izanen zuten lekuan... ez zen momentua oroitarazteko gobernuaren engainuak eta azpijokoak legalitateko ateak ixteko , no les dejaba (karlistei) sino el camino de las armas...
Espainia aldean agintea D.Amadeo de Saboiak zuen. Gobernuak columnas de persecución antolatu zituen eta Estado de Guerra deklaratu zuen gure zonaldean, el Norte eta Katalunian.

Egun berean Diaz de Radak Azkaindik 30 boluntario espainiarrekin muga zeharkatzen du.
Biharemunean (1872.04.22) Bera ondoan dagoelarik 42 giputz elkartzen zaizkio . Handik Arxuria/Peña Plata aldera gan behar ziren , han baitziren armak altxatuak.
Arxuria, Peña Plata erdaldunendako, Baztango dermioetan dago. Muga berean, eta kaskoaren kaskoa Lapurdikoa da (absurdoa dirudi baina alta politica hispano-francesa). Leku honetan karlistek “zuloak” zituzten kontrabandoz pasatzen zituzten armak altxatzeko. Gerra honetako mito bat.

Arxuria Baztan aldetik, ikusten ez den aldean , Sara.

«Barkatu, adizkide maitea, solas alfer hoyetaz, bainan behar bada atsegin izanen duzu yakiteaz zer izenez deitzen zuen Peña de Plata bere bizi guzia mendi hortan iragan zuen gizon horrec. Uste izateco da artzain horren aita eta aitasoac ere mendi berean bizi izan direla bizi-modu berean mende aunitzez, erran nahi baita, artzaingotik. Orhoitzen naiz ongi Predo (Pedro) gure artzainac bere mendiari erraiten ziola 'Hartchuria', eta oray ere deitzen dugu 'Harchuria' edo 'Har-zuria' (harri-zuria)» Hala kontatzen du J.B.Elizanbourouk, Sarakoa.
Baztanen, Arxuria (ez dugu dagoeneko H-a ahozkatzen).

Helduko zen egunean (1872.04.23) Bera aldera berriz. Hortik Oiartzun aldera eta han eskuratu kasa-kuartel bat. Baino esperatzen zuten altzatuko ziren militarrak edo jendea ez dira mugitzen. Gainera, Diaz de Radak bere erregeari eskribitzen... por la excesiva aglomeración de gente desarmada... me atrevo a suplicar a V.M. no rebase la frontera hasta...

Bi egun beranduago (1872.04.25), Elizondoko Guardia Zibilek igorria ...
Exmo Sr Capitan General.Vitoria

Tengo el honor de participar a V.E... haran honetarik lekutu direla orriaren gibeleko aldean duzun zerrenda. .. Urdazubin, hemendik lau lekotara, 100 gizonezko partida karlista agertu da eta dirudienez haien artean un capitan retirado, uko egin ziona zin egitera konstituzionari...


Sinatua Manuel Iturria, Baztango 2º Teniente alkate




Gauza bera biharemunean (1872.04.26)

Exmo Sr Capitan General.Vitoria

Herrietako alkateen informazioaren arabera atzoko goizeko zazpietan 30 gizoneko partida karlista bat Azpilkuetan agertu zen eta Arizkunen barna Aldude aldera gana zen, denak armatuak, guk jakin gabe nor zen bere nagusia.
Diote ere Elizondotik lekutu direla Santiago Almandoz, Pascual Echeverri eta Damaso Echeverria eta Aldudera bizitzera gan direla, con previo conocimiento del Comandante de Carabineros.
Halaber diote Lekaroztik lekutu dela Marcos Plaza, soltero labrador de 23 años. Dirudienez agertu zen partidarekin gana zela.
Gure alkate jaunak sinatua.

Apirilak 27, 1872.                  Diaz de Radak dio... 700 gizon, erdia armarik gabe... ez dira altzatu gure alde guarnizione batzu ezta errepublikanoak ere... temo sea imposible nuestra empresa,,, ez dago dirurik ez armarik...
Aldudetik etorri behar ziren armak ez ziren agertzen.


Apirilak 28, 1872.                  Elizondoko Guardia Zibilek igorria ...
Exmo Sr Capitan General.Vitoria

Herrietako alkateen informazionaren arabera Juan Bazterreche, Lekarozkoa, lekutu dela, doikebe partida karlista batekin, zeren ez baitakigu non dagoen.

Aitzineko zerrendan lekutuen artean agertzen zen baten bat , aurkeztu da Udaletxe honetan baita Comandancia de Carabinerosen ere. 





Ez da bertzerik gertatzen. Alkate jaunak sinatua.


Apirilak 29, 1872.                   Elizondoko Guardia Zibilek igorria

Exmo Sr Capitan General.Vitoria

En cumplimiento de lo que se me tiene ordenado.... atzo Almandoz ondotik 30en bat gizon, armarik gabe, dirudienez Mirandaren partidakoak, Ultzama aldera pasa ziren ... Karabineroen kefeari gaztigatu diogu... Aldi berean Azpilkuetako Maestro de Instruccion Primaria, D. Luis Mª Zozaya, handik lekutu da ez dakigu zertaz.
Lekarozko Juan Bazterreche, doikebe Erratzun lanean zebilela, etxera itzuli da...
1º Teniente alkateak sinatua.

Apirilak 30, 1872.                  Elizondoko Guardia Zibilek igorria ...

Exmo Sr Capitan General.Vitoria

En cumplimiento de lo que se me tiene ordenado... gaur goizeko hamarretan Belaten barna Almandoz aldera 1.500 edo 2.000ko partida karlista bat, armatuak, doikebe Mugaireko Bentara pasa dira... hau guzia Comandanciako jefeak bazekien eta bere troparen puska batekin Almandoz ondoan dago.
Alkateak sinatua


Egoera gure inguruetan? Partida karlistak dabiltza, literalki, beti ibilean, momentu batean 5.000 mutil omen ziren ikusi dugunez, arma gutiarekin eta haien bila Moriones jenerala 11.000 soldaduekin.
Honek Altsasutik Iruinera zebilen ferrokarrilaren bidea erabiltzen karlistak kontrolatzeko. Bere ideia zen marra imaginario hortarik goitira karlistak kuadrante horretan zokoratuak mantendu, behartzen dermio horretan borrokatzera edo Frantzia aldera pasa araztera.


Maiatzak 01, 1872. 

Holakoetan Diaz de Rada jenerala enteratzen da Don Carlosek nahi duela Nafarroan sartu.
Karliste batzuei ez zitzaion hau ongi iduritu. Diaz de Rada jenerala Sara aldera gana zen Pretendienteari komunikatzeko ez zedila pasa Nafarroara baina doikebe bata Lapurdira zihoalarik (Azkainen barna) bertzea Nafarroara zihoan bertze bidetik (Saran barna) eta momentu berean. Hala da historia edo ixtorioa.

Maiatzak  02, 1872                  Don Carlos de Borbón y Austria-Este, Pretendientea, Carlos 7º, Azkainen barna Berara pasa zen donde fue recibido con grandes manifestaciones de entusiasmo.

Egun berean , Moriones jenerala jakitean Ultzaman biltzen ari zirela karlistak, Gipuzkoako eta Amezkoako bidea ixten dizkie.


Orokietako gudua
Maiatzak 4                    Karlistak Orokietan (Basaburua) bildu ziren bere erregearekin. Noiz? Maiatzaren 4an eta egun berean Moriones Orokietan agertu eta karlistak zafratu : liberalek 700 preso egin, arma pila bat y otros efectos de guerra bildu. 


Hil kolpea izan zen, teorian.
Hala kontatzen dute Madrilen bederatzi egun beranduago....

Lunes 13 de Mayo de 1872 La Iberia. Periodico Liberal.

... se encontraba el Cuartel General de la corte bufa en Oroquieta cuando el cura de Aldaz, señor Azpiroz, atsenkatua han sartu zela (salan) erraten ”Hor dituzue, galduak gara!”... Aldazko apezak ardura hartu zuen bere jaun-eta-jabea salbatzeko... xendak eta lasterbideetarik ... eramaten Don Carlos eta 200 laguneko eskolta Beuntza aldera... han banandu.. eta apeza, erregea eta bertze norbait gehio (ez dakigu bere izena) Aldude aldera pasa ziren eta 6an Banka aldean ziren non zuten kotxe bat esperoan...”


Orokietako kolpatuak Iruñera eramaten

Bataila honetako bitxikeri bat: lehenbiziko aldiz Gurutze Gorria agertzen dela gure historian baita Espainiakoan ere.








Moriones jaun-ta-jabea. Hala ere Carasak, jeneral karlista, 800 boluntarioekin ihes egitea lortu zuen. Gerra Nafarroatik Gipuzkoa eta Bizkaira pasa zen. Dela delako, liberalek garaileak nonnahi.

Maiatzak 05, 1872.                   Exmo Sr Capitan General.Vitoria

Ninguna novedad. 


Maiatzak 07, 1872

Maiatzak 20, 1872.               Baztan bere baitan.

... Udalak... eskatzen du Mugaireko kupelgaiak( kupelak egiteko zurezko puskak) mendian egiteko, tankeen (?) zura ongi neurtzeko.
Eta baita ere partida karlistak agertzekotan, herrietako alkateek beraien herrietan irakur zezatela Gobernuak igorri duen bandoa.
(Ez dugu Bandoa lortu, pena)

Maiatzak 24, 1872.               Karlisten desastrearen ondoren, Tratado de Amorebieta sinatu zen, saiatzen bertze “Abrazo de Vergara” izatea , bakea lortzeko Hego Euskal Herrian: armak utzi eta indultoa lortu, baita nahi zuena Frantziara joan zedila ere.

Uztailaren akabaileran erraten ahal zen insurrekzionea akitua zagoela eta karlisten buruzagiak Frantziara pasatu zirela, berriz gerra prestatzera, naski.

Erregeak , Bordeletik orain, berriz nahi du altzamentua. Urrian Dorregaray (Antonio Dorregaray, Ceutakoa eta protagonista historia honetan), Nafarroako buruzagia izendatuko du. Hala ere ez dira karlisten artean konpontzen eta gerra pausatuko da . Bizkitartean, Baztan bere baitan. Abendura artio.

Ekainak 27, 1872.                Junta General.. reunido el Ayuntamiento y Junta General extraordinaria... erabakitzen dute:

* Laugarren kuartelendako, Basaburua, medikoa izatea erabaki ondoren, Udalak 1/3a pagatuko zuela baita deliberatu zein kondizionetan postu hori anunziatuko zen ere.

* Ikusia herriek ez dutela nahi Carreterako kontribuzionak ordaindu, Udalak erabaki zuen berriz “gonbidatu” herriei ordainketa hori egitera.

*. .. dio nola “la Comandancia de Carabineros que se halla fija en este lugar (Elizondo) haragia eta ardoaren razionaren ordez, erreal erdi bat por cada individuo, nahi dutela egunero.

* Miguel Antonio Iribarren jaunak, Lekarozkoa eta Agerrea bere etxea, dio nola etxea erre zaion bi aldiz eta dagokion laguntza (artikulo 53) eskatzen du. Udalak baietz, 700 reales-de-vellon (175 pta) de los fondos del Ayuntamiento.

Ekainak 11, 1872.                 El Pensamiento Español (Gubernamentala)

Nafarroan ari diren indar gubernamentalak gisa honetan daude bereiztuak : koluna bat Lesakan, bertze bat Beran, karabineroen Teniente Koronela, Sr. Horcasita, Elizondon, Iriarte koronela Belaten... Sr. Morentin Etxalarren... “


Irailak 19, 1872. 

Exmo General encargado del mando del Ejercito del Norte y Distrito militar de las Provincias Vascongadas y Navarra.

Moriones jeneralak komunikatzen dio bere nagusiari nola Antonio Echenique jaunak, Baztangoa, berean eta bertze 11 guraso izenetan eskatzen diola indultoa beraien semeendako como carlistas que no han hecho armas...







Irailak 29, San Migel, 1872.
...reunido el Ayuntamiento en su sala... los siguientes acuerdos..

*Hiru baztandarrek Misericordian onartuak izatea nahi dute.
Udalak, baietz.

                              Por la Junta General

* Erratzuko herriak aurkezten du txosten bat non adierazten baitu Erratzutik Ikatzateko Bentaraino dagoen errepidea egoera txarrean dagoela. Udalak deliberatzen du, bere boltsatik, 2.000 erreal (500 pta) jartzea bidea konpontzeko, aldi berean eskatzen Arizkungo eta Erratzuko errepresentantei ardura hartzeko eta lana inspekzionatua izatea por peritos de la alcaldia.

* Diote nola Basaburuko kuartelendako medikuaren plazarako Excma Diputazioneak igorri dituela hiru izen, terna, eta botaketa egin ondoren, atera dela D. Leonardo Auzquia, Iruñekoa. Harekin harremanetan jarriko direla afera betetzeko.

* Zugarramurdiko alkateak, Miguel Lecumberri, dio nola erratzuar batek, Francisco Irungaray, egin duela etxe bat (borda?) muga ondoan eta hango iratzeak mozten ari dela. Orain artio iratzeleku horiek Zugarramurdikoek bildu dituzte Baztani 702 erreal (175,50 pta) ordaintzen por aquel concepto. Udalak ezetz, Francisco Irungarayk eskumena zuela.

* Doikebe zakur batzuk mendietan libre dabiltza ardiak iziarazten eta kolpatzen, hortaz erabakitzen da ez uzteko zakurrei etxetik gauez ateratzea. Baten bat suelto biltzen badute erresponsableak izanen dira suertatzen diren kalteengatik.

* Aurtengo gaztainak betiko moduan salduko dira.

* A publico remate, ia nork konpontzen duen Baiborroko zubia.


Urriak 21, 1872.                 ... reunidos Ayuntamiento y Junta General...

                                              Por el Ayuntamiento

* Miserikordian sartzeko elizondotar bat, baietz eta Zigako batendako laguntza eskatzen, 15 erreal hilabetero.

                                             Por la Junta General

* Cupo de Quintas. Baztango herriek erabaki dute que el cupo correspondiente a este Valle se redima por la Exma Diputacion. abonandose el importe que se exija.

Zer erran nahi du honek? Lehenago adierazi duguna, serbizio militarra bazen teorian baina diru batekin “konpotzen”ahal zela. Honetan, Baztanek eskatzen dio Diputazionari harek aitzinetzeko dirua mutil baztandar guziak libratzeko, gero Baztanek zorra hori kitatzeko.

Azaroak 9, 1872.                  Irailako indulto eskaerarendako erantzuna ailegatu zitzaien. Nor dira indultatuak?

        













        Jose Echenique               Fermin Iriberri
        Pascual Irigoyen              Laureano Migueltorena
        Marcelino Migueltorena       Francisco Irurita
        Joaquin Gamio                Pedro Mª Carricaburu
        Miguel Iriberri               Juan Cruz Iparaguirre
        Felix Larumbe                Jose Zaldurriaga



Dena den, Abenduan berriz hasi zen gatazka. Don Carlosek (Bordelen) Abenduaren 18an nahi zuen gerra berriz hasi baino Santa Cruz apeza, Abenduak 2, sartzen da Espainia aldean eta bere partida antolatzen du. Bi aste beranduago partida gehio baziren Gipuzkoan. Dorregaray mugara etorri eta partidak Nafarroan, lehenik Sesman eta Lakuntzan, gero Lizarran .
Estrategia, betikoa, lasterka batean. Partidak nonahi, Bizkaian eta Araban ere.

Abenduak, 21. 1872.                Nicolas Ollo jenerala, Iberokoa, karlista , Nafarroan sartzen, Comandante General de Navarra, Otsondon barna, Bertizko mendi gainetik Ultzamara pasa zen eta handik Irurtzun aldera, Etxarriraino. Gutti batzuk ziren, eta armaz eskax.

Abenduak 26, 1872               ...Ayuntamiento y Junta General...

                                            Por el Ayuntamiento

* Batek eskatzen Misericordian onartua izatea eta bertze batek laguntza: baietz biei, bigarrenari 15 erreal hilabetero urte batez.

* Diputazioneak Udalari eskatu dio Baztanen dauden karabineroei sean pagados de los fondos del Ayuntamiento, ikusia zaila dutela Iruñetik hori egitea. Udalak baietz a calidad de que se abone para pago de contribuciones.

                                            Por la Junta

* Eskaera batzuk ikusiak, iratzelekuak mugatzeko, luberriak egiteko, bordak eraikitzeko eta abarrak kisua egiteko, deliberatzen dute dagokien komisionetara eskaera horiek pasatzea.

* Juntako partaide batzuen eskaerari kasu egiten, erabaki zuten oroitaraztea ostalariei, posaderos, taberneros y dueños de establecimientos públicos etxi behar zutela ostatua jendea kanporatzen gaueko bederatzitarako, herrietako alkatei eskatzen horretaz ardura daitezela.

Orduko bederatziak gaurko hamarrak dira, hala ere dirudienez orduko Baztango gauak matxosoak zirela bertzenaz ez da ulertzen aitzineko abisua.

Eta hola akitu zen urtea. Osasuna eta Bakea, bai , baino erauntsia badator.




Kapitulu honetako informazione guzia baita gero etorriko direnarenak segitzen diren liburuetarik ateraiak dira:




     * BNE.Biblioteca Nacional de España.Hemeroteca digital.Internet
     * Campaña del Norte de 1873 a 1876. Antonio Brea. Internet
  • Narración Militar de la Guerra Carlista de 1869 a 1876. El Cuerpo de Estado Mayor del Ejercito.Internet
  • Secretos e intimidades del campo carlista.....Saturnino Gimenez.Internet
  • La Restauración y... Agustin F. de la Serna.Internet
  • Recuerdos de la guerra civil. Francisco Hernando. Internet
  • Album de personajes carlistas. F. de P.O. Internet
  • Memorias de la Pacificación.... Saturnino Gimenez.Internet
  • La segunda guerra carlista en "el Norte"... J.Pardo.Internet
  • La Bandera Carlista. Vizconde de la Esperanza. Internet
  • Karlisten eta liberalen gerra-kontaerak. Francisco Apalategui.Internet
  • Historia del Carlismo. Ramon Oyarzun.Internet
  • Euskal Herriko forteak. Antton Arrieta
  • Karlisten bigarren gerrateko bertsoak.Antonio Zabala.Internet
  • Príncipe heróico y soldados leales. B. de Artagan. Internet
  • Baztango Udaletxeko Artxiboa.
  • Archivo Militar Madrid. Korreioz
  • Artikulu solte aunitz baita libururen bat ere. Nonahi
  • Fotoak gehienak internetetik hartuak (txarrak neronek eginak).
  • Itzulpenak, eneak, libre eta laxoak .