lunes, 21 de marzo de 2016

Baztan eta 1.Karlistada: 1834 - 2.kap. To, Errege.

         1834 : Errege bat?                        lbeltza/Urtarrila


Urte honetan partida karlistak penintsulako leku aunitzetan baziren baina poliki poliki Gobernu Zentralak nolabaiteko kontrola hartzen ari da eta karlistak penintsularen Iparraldean nabermenduko dira, bereiziki Hego Euskalerrian, Katalunian eta Aragoiko Hego aldean.


Baztanen? Gerran gara, eskala ttikian baina gerra. Urte hasieran Tio Tomas Amezkoatik (Amezkoako Otsoa deitzen zioten) atera eta Nafarroako Mendialdea korritzen ari da, martxa eta kontra-martxa batean eta beti libelalak haren gibeletik, bere batailonak trebatzen eta armatzen, 5. batailona ezik, hau Baztanen dago Ibarrola, Sagastibelza eta Junta de Navarrarekin. Bakarrik?

Bai to! Bertze pertsonai bat agertuko zaigu gure historian, Don Ramon Zugarramurdi y Arozarena, arizkundarra, liberala, Frantzestean (1808/14) Minarekin borrokatu zuena, 83 ekintzetan egona, 83, zauritua bi aldiz, komandantea izateraino. Gerra Realistan (1820/23) liberalekin borrokatu A Coruñako gobernadorea izateraino eta han preso eta Frantziara, gero libre izateko. Karlistada hasi zelarik bere burua eskaini zion Nafarroako biserreiari eta urte honen hasieran Baztanen agertuko da. Bakarrik? Naski ezetz, 130 laguneko partida batekin.
Eta hau ez zen izan liberalen partida bakarra: Don Antonio Iruleguy , baztandarra ere, eta bere 40 mutileko koadrilarekin (denak baztandarrak doikebe, erratzuarrak?) hemen zagoen.
Haien parean karlisten 5. Batailona eta Sagastibelza haien buruzagia.Don Miguel Sagastibelza, Leitzakoa , Frantzestean Minaren boluntarioen ofizialetako bat :Gizon hau 50 urte ingurukoa, nahiko sendoa, begi azkar eta abilekin. Berak Baztan defenditu behar zuen... kontatuko du boluntario batek. 
Lehenago adierazi dugunez, Zugarramurdik eta Sagastibelzak elkar ezagutzen zuten eta Minarekin biek ikasiak, baino orain etsaiak.

Gerra honen logistikan bi gauza atxiki behar dira argi eta garbi Baztanen:



Baztango Done Jakue Bidea

  • Lehenbizikoa, bideak. Bideak ez ziren gaurkoak, hau da, dena sahiesbideak. Orduko bidea (errege-bidea = errepidea) herriz herri eta herrietan barna gaten zen. Hau da Belatetik Almandoza, hortik ( eta beti herriko karrikan barna) Berroeta, Aniz, Ziga eta Irurita aldera. Hemen bidegurutzea: Arraioz aldera, Oronoz eta hemendik Doneztebera edo Elizondo aldera. Elizondotik, Elbeteko herriko karrikan barna Arizkuna eta hortik , Berrotik Urtsuara eta Amaiurra eta Amaiurko herriko karrikan barna Otsondora/Puerto de Maya. Laburbilduz, Done Jakue Bidea.









Barkatu errepikapena baino gaurko errepidea(k) ez z(ir)en existitzen.

Eskuinaldeko fotoan, Done Jakue Bidearen
puska bat Arizkun aldean. Hortik pasa ziren gure historiako pertsonai eta armada guziak, baita Baztango Herria ere, naski.















  • Bigarrena, Frantsen protokoloa. Lehenago errana eta barkatu berriz errepikapena, frantsek liberalak babesten eta laguntzen zituzten. Maiz ikusiko dugunez, liberalek Frantzia aldetik (bertzealdetik) sartuko dira Baztanen eta harat ganen dira erretiradan. Hori bai, muga zeharkatzekotan armak entregatu eta berriz eskuratu alde honetara pasatzekotan. Hain errex.


Urte honetako hasmentan erran daiteke Baztango kontrola karlisten eskuetan dagoela. Beraien batailonak hemen trebatzen dira baita jaunzten ere, “La-Junta-de-Navarra”, nafar karlisten Batzarra Elizondon dago eta Urdazubiko muga haien eskuetan dago ere. Hala ere, zinez eta egietan bakoitzak (karlistek edo liberalek) zapatzen duen lurra, oinen azpian duten lurra, hori bakarrik kontrolatzen dute.

Honek, Baztan karlista zela adierazten du? EZ. Baztanen liberalak eta karlistak baziren eta normalki eta orokorki herriaren arabera zen. Karlisten poliziak errana:
Arizkun, Elbete, Azpilkueta, Lekaroz, Oronoz, Almandoz, Ziga, Aniz eta Berroeta karlistak.
Erratzu, Irurita, Gartzain eta Arraioz liberalak.
Elizondo? Erdizka : bietarik.
Eta hau zertaz? Historialariek suposatzen dute nolako “elitea” (apezak, eskolatuak, aberatsak, edo aitzindariak) halako herria.


5. Batailona, imaginarioa.
Karlista batek zion taktikoki Zumalakarregik beti joko zuela Baztan ez bertze dermioetan , ez erakartzeko liberalak Baztanera. Eta Baztanendako amodio hori? Alde batetik, estrategikoki Frantziarekiko atea zelakotz eta bertze aldetik bere alkatea izan zenak , Don Martin Luis Echeverria, Berroetakoa, lehenago adierazi dugunez, baztandarrez osatutako konpainia bat antolatu eta Don Miguel Sagastibelzaren tropekin elkartuko zuen batailon bat izateraino: 5º Batallon de Navarra, boneta azulekin, bai, urdina, erakusten Baztan nolabait karlisten kausaren alde zagoela.
Zertaz azula? Baztango mutilek normalki halakoa zeramatelakotz.




Chapelgorris/Txapelgorriak
Bidenabar, buruko gauzekin garenez, Baztanen gauza bat da boneta eta bertze bat zapela. Giputz eta bizkaitarrendako dena da txapela, hortaz kasu egin. Liberalek bazuten tropa bereizi bat Hego Euskal Herrian: tropas francas = “chapelgorris”. Hauek boneta ez, zapel gorri bereizi bat zuten (erdaraz sacó/shako), hasieran giputzak ziren gehienak, normalki desertore karlistak, aski basa (Arantzatzuko konbentua erre zuten) eta liberalen alde borrokatzen zuten. Honekin lotua, Madrilgo prentsak “chapelchurris” hitza erabiliko du karlistak adierazteko, zeren karliste gehienek boneta zuria baitzeramaten, bederen euskal dermioetan.
Eta boneta gorria? “Guias de Navarra”-ko boluntarioek (Kuriosoa, ez ziren nafarrak).


Karlistak (boneta xuria) liberalak (zapela)  atakatzen.




Laburbilduz, karlistek boneta zeramaten eta liberalek zapela, ondoko orduko irudian ikusten ahal denez.














Jakinarazteko: Orokorki armada gubernamentalean Nafarroan lau klasekoak ziren:





Cristinos/giristinoak/isabelinos: soldaduak.
*Armada arrunta, soldaduak, espainiarrak, ( Regimiento de Cordoba, Rgto de Jaen,  Rgto de Gerona, 5º Rgto de Linea, Rgto de Granaderos de la Guardia Real, Provincial de Avila, Rgto de Orense... hauek denak Elizondon egonen dira ) beren jeneralekin (Ocaña, Rodil, Lorenzo, Oráa...) eta Espainiako gobernuak ordaintzen eta hornitzen duena.





Karabineroa







* Carabinero , profesionalak, gobernuak ordainduak, beltzez jauntziak.










* Tiradores de Isabel II, nafarrak, tropa franka (tropas francas/chapelgorris ) erraten zieten ere, espreski kontratatuak karlisten kontra borrokatzeko, Nafarroako Diputazione ofizialak pagatzen duena, bi batailon oinezkoak ziren eta bat zaldizkoa, beraien ofizialen artean , Charandaja (Leon Iriarte) famatuena eta

* Urbanoak edo herriko miliziak, nafarrak, udaletxeek ordaintzen zutenak. Baztanek (Elizondok) bazituen ere baino ez dugu Udaleko kontuetan erreferentziarik ikusi. Hauekin elkar “Guias” agertzen dira baino ez dugu lortu jakitea zein zen bere betebeharra edo bereizitasuna.

Azken bi taldei karlistek pezeteroak deitzen zieten pezta/pezeta bat eguneroko saritako zutelakotz.




Urteko lehendabiziko bi asteetako kronika dugu. Leitu lasai.
Sagastibelzak eta bere boluntario karlistek (facciosos etsaiendako) Baztan kontrolatzen dute. Liberalak, D. Ramon Zugarramurdi eta D. Antonio Irulegi, Baigorritik eta Aldudetik Erratzun eta Arizkunen inkurtsioak egiten ari.
Bizkitartean egun beretan bidaiari amerikano bat Baztan zeharkatzen ari da, 
bidenabar kontatzen afera militarren gibelean pasatzen ari dena.

Urdinez periodistak dioena,  ”La Sentinelle des Pyrénées” , Baionako egunkaria, 
liberal-zalea, hortaz ematen dituen berriak aski interesatuak eta 
zenbakiak/numeroak , taxuzEz da zertaz dena sinetsi behar, baino ideia  
ematen dute. 
Bidaiariak, New Yorkeko militar kuxkusero bat, dioena berdez.
Trankil leitu.



Urtarrilak 02 Ortzeguna       La Sentinellek dio…  Laurogeita hamar faccioso, aduanerotako lanean zebiltzanak, … elkartu dira Urtarrilaren 2an Elizondon berriz Erratzutik zetorren Iruleguyren partidaren kontra egiteko ; Erreginaren boluntarioak 40 baino gehio ez ziren, borrokatu dira kuraia haundiarekin baino azken hauek kartutxo gabe gelditzekotan, behartuak izan dira erretiratzera eta babestu dira Izpegiko auzoan ( mendiko lepoan ez!), Baigorrin ( bertzealdean).

Izpegiko lepotik . Borobilean, Izpegiko auzoa/kartierra


Urtarrilak 04 Larunbata        Atzo facciosoak Erratzutik erretiratu dira eta Iruleguy berriz Erratzun sartu da… Ce partisan (Yruleguy) dermioa arras ongi ezagutzen duenez eta nola hango biztanle guziak Erregin gaztearen aldekoak direnez, suposatzen da han geldituko ahal dela eta inguruko konstituzionalak etorriko direla bere partidarekin elkartzera.
Iruleguyk 1.600 errealeko isuna jarri dio Arizkungo apezari facciosoei abisoa pasatzeagatik erraten Erratzun ari zirela biltzen partida bat Erreginaren alde borrokatzeko. Hantxen berean pagatu zuen.

Urtarrilak 05 Igandea            Yruleguiren partida ttikia, nola ez zuen kartutxorik , berriz erretiratu da Frantziara. Ofizial hau goizeko 7etan gure herrian (Alduden) sartu da 19 mutilekin (lehenago 40 ziren). Segidoan, gure agintariek desarmatu dituzte.



Aldudeak

Urtarrilak 08 Asteazkena Aldudetik, Urtarrilaren 9an diote nola“Zugarramurdi ( Don Ramon) atera zen atzo Aldudetik Erratzura bere destakamentuarekin eta diote ere nola Iruleguy jaunaren partida ttikiari fusilak eta kartutxoak eman dizkiotela.
16em Leger konpainiak eta gure Garde Nationalak Tenente koronel hau lagundu dute bi erresumen muga egiten duten kaskoetaraino. Hura, Zugarramurdi, gisa berean hartua izan zen (Aldudera) ailegatu zelarik… Partitu zirelarik jakin zuen bere espiek errana, Sagastibelza oñik Elizondon zagoela 600 mutilekin, 5º Batallon de Navarra.



Egun berean                         La Sentinellek dio nola…. “Urtarrilak 8, Zugarramurdi Aldudetik eteraia , atsaldeko bortzetan Arizkunen zagoela, bere sorterrian/ sa patrie. Bildurrez facciosoek atzemanen zutela, babestu/gotortu zuen bere destakamentua konbentu haundi baten ondoan, junto dauden hiru etxeetan (Berro?) , herritik ehun urratsetara edo.



Arizkungo konbentua


Urtarrilak 09 Ortzeguna Biharemunean bere espioiek erran zioten Sagastibelza atera berria zela Elizondotik, handik leko ( leko bat = ordu bat oinez) batera, atakatzeko asmoarekin, hortaz altxatu zen bere boluntarioekin konbentuan, (Arizkungo Santa Clara) monjak aterarazi ondoren eta bere 30 karabinero hedatu zituen  jakiteko etsaiak non ziren. Aski izan ziren karabinero hauek karlistak Elizondoraino gibelarazteko.

Bon , Don Ramonek berak dio nola facciosoek altura batzuetan zirela, Bergara inguruko auzoan atrintxeratuak, eta berak provocó a la batalla a la fuerza principal de ellos …    ( baino hauek, karlistak) no lo admitieron..”

Urtarrilak 10 Ortzileria       Atzo ( Urtarrila 10) Zugarramurdi jauna Arizkundik desagertu da bere destakamentuarekin. Omen, Gipuzkoa aldera gana dela Jauregui jeneralarekin elkartzeko. Baino ez !








Alexander Slidell Mackenzie jaunak, New Yorkeko eskritore eta militar amerikarra, hala kontatzen du bere liburuanSpain revisited” (interneten dago, chapters 1-4: Konparatzen ahal da honek diona eta egunkariak eskribitzen duena. (Gure ustez egun bat lehenago ailegatu zen, January the 9th )





On the 10th January, 1834, I arrived in Bayonne on my way to Madrid.... non merkatari batekin jarri baitnintzen harremanetan. Merkataria hau, was in constant communication with Spain, zeren  handik, Espainiatik, etortzen ziren tratanteak eta kontrabandistak bere etxean biltzen baitziren... Egun horretan suertatu zen han izatea mandazain bat Iruñera zihoala... gizon guziz fidagarria, normalki Baionako merkatariek afera inportanteak enkargatzen zizkiotena, kartak  baita dirutza haundiak (large sums of money) eramatea edo biltzea ere ... Sylveti zen gizonaren izena, with the baptismal addition of Fermin: Fermin Zilbeti /Cilveti/Cilbeti/Sylveti.
Erran zioten eraman nintzala Iruñeraino eta sariaz galdetua, gasto guziak barne, 10 dolar eskatu zituen eta holaxen tratua adostu genuen.



Baiona zaharra, harresiez inguratua

Goizeko bortzetan jeiki... (Baionako) hiriko ateak edeki artio esperoan... eta Ustaritzeraino... bidean izigarriko erauntsia eta han gelditu behar ostatu batean.
berak, Zilbeti, erran zidan aditu zuela Erreginaren 200 laguneko tropa mugan zirela, Urdazubin, berriz arbitrioak kobratzeko erresuman sartzen ziren artikulu guziei eta horretarako  karlisten aduaneroak handik kanporatu zituztela. Aldi berean, Baztango jendea Don Karlosekoak zirela eta 700 gizon multzo bat bildua zutela eta Erreginaren tropak inguratu ondoren, setiatuak zituztela...





Baziren soldaduak (frantsak naski) muga ondoko herri guzietan, baita lantzeroak ere... goizean hasi ginen bidaia.. zortzi ginen: Sylveti aitzinean, gero nere mandoa, bere burua lotua aitzinekoari eta holaxen karabanako abere guziak... bere anaia eta bertze bi mandazain gurekin... Ainhoara ailegatu ginen non gure pasaporteak erakutsi behar genituen. Aduanako ofizialak “kontsolatu” ninduen erraten tiroketan ari zirela bertzealdean eta Otsondon ari zuen haizearengatik mandotik jautsi beharko ginela. Hamabietan edeki zuten muga...



Dantxarinea, hondoan Otsondo eta Alkurruntz
Bi erresuma banatzen dituen erreka zurezko zubi baten gainetik pasa ordez, errekan sartu ginen muga zeharkatzeko, gure mandoak erdian gelditzen, momentu batez aitzineko ankak lurralde batean eta gibelekoak bertzean... ikusi genituen lehenbiziko pertsonak etxe bakartu batean zeuden, ikazkinak ziruditen... jendearen arropa Ainhoa eta Ustaritzeko jendearen bezalakoa zen, txaketak eta galtzak ilunak eta ilezko zapel haundiak edo bonetak (low flat caps of cloth without front piece), ilea moztu gabea eta gibeleko aldera dilinden kizkur aunitzekin.



Kapusaia


Nafarroan kapa espainiarraren ordez kapusaia dute, ehun ilunezko arropa kapusai batekin, atorra bezala jaunzten da... saietsetan edekia... maukak edekiak ere.. besoak ateraiak...









Espainian sartzekotan errege-bidea utzi genuen ez pasatzeko Urdazubin barna non Erreginaren tropak ( The Queen's troops) ari dira “arbitrioak” berriz kobratzen. Hauek 200 karabinero eta pezetero ziren, Orreagatik (Behenafarroan barna) etorriak. Orain artio karlistek okupatzen zuten dermioko arbitrio guziak kendu zituzten (?)... Baztango herriak, nori baitagokio dermio hau, ez du batere maite interferentzia hori eta bildu dituzte, aditu dudanez, 700 lagun inbasoreak (intruders) blokatzeko... baino mugan erran zakuten, borrokan lotu ondoren, atzoko egunean karlistak erretiratu zirela beraien etxeetara...

zamaltzainek ez zuten karabineroen eskuetan erori nahi , hortaz ezker aldeko xenda bat hartu genuen ez pasatzeko Urdazubin barna. (Gaur egun bidea ezkerretik doaie baino orduan gaurko bidea ez zen existitzen eta eskuin aldetik zihoan: Done Jakue Bidea zen) Ez ginen luze ibili eta hara non topatu genuen lagun bat, boneta eta kapusaiekin eta moskete batekin armatua, eta Zilbetik saludatu zuen betiko ezaguna balitz bezala. Igurain bat zen (A guardian of the mountain). Eskatu genion laguntzeko eta harek hautatu zuen lasterbide hoberena eta motzena... mugitzen ginen ixilik eta arduraz, nerbiostuak... denbora guzian fumatzen pipaz edo zigarretaz.. kaskora ailegatzen ari ginelarik.. haize izigarria ari zuen... holakoetan mendiaren bertze aldean deskubritu genuen gizon armatuen lerro luze luze bat... (Urdazubiko) herrira gaten... 300 edo 400 gizon eta haien gibeletik mando eta asto pila bat, kargatuak... Zilbeti kontent Urdazubin barna pasa ez ginelakotz... baino kasko batean ginelarik... holako bapatean 15 edo 20 lagun gure parean agertu ziren eta guri apuntatzen, ziruditen tirokatuko gintuztela. Berehala ikusi zuten ez zutela zertaz gutaz bildurtu behar, gugana etorri ziren eta Zilbeti eta iguraina agurtu zituzten. Moskete ingelesak zituzten, kartutxo kutxa gerrontzian lotua, eta denak gazteak, batzuk 16 urtetako mutikoak... Gazte hauek ziruditen zutela gorroto bereizia pezeteroenganarendako, beraien herkideak izan arren ,... Otsondoko lepotik gero eta hurbilago, gero eta bortizkiago jotzen zuen haizeak...beheitira hasi bezain fite hobekio sentitu ginen... jausten ari ginelarik, bertze partida karlista ikusi genuen, mando lerro luze batekin... batzuek haragia, ogia, zingarra, pittike errea garraiatzen eta bertze batzuek animeleko ardo zahagiak...
Arizkunen sartu ginelarik harritua gelditu nintzen ikustean etxeen neurri haundiak, Frantzian baino hobekio eginak... eta kalerietan andreak kuxkuseatzen, erakarriak gure mandoek hango karrika ixiletan egiten zuten asotsarengatik zeren gizonak gana baitziren Urdazubi setiatzera... iluntzen ari zuen eta ni hotza eta nekatua nintzen.



Elbeteko eliza
Elbeten izan arren, atseko zazpiak ziren, ez genuen inor nabaritzen, deus ere ez ikusten (orduko zazpiak gaurko neguko zortziak ziren)... etxe baten parean gelditu ginen eta han sartu, eta sartu bezain fite ateak etxi zituzten... ematen zuen gure esperoan zirela... baziren hiru andre... gaztena altua zen, lerdena, hortz onak, beltxarana eta ile luzearekin gibelerat orreztatua, lurra ukituko zuena ez balitz kirikordatua izanen. Afaria ez zen eskasa: entsalada, lentejak, lekak, arroltze egosiak, arrain gatzatua, ardi gisedua, pittike errea, eta akitzeko betiko sagarrak, urrak , giltxaurrak, eta mahats pasak.

(Urtarrilak 12 . Igandea) … Elbeteko elizako ezkilek iratzarri ninduten... sukaldera gan nintzen... eta txokolatea eman zidaten... mandoak kargatzen ari ziren...  ateratzeko prest zirelarik . Herri guzia kanpoan zagoen mezara gateko... elizara hurbiltzen ari ginelarik gero eta jende gehio bazen. Elizatik haratago Elizondon sartu ginen...
Eguerdian Almandozen ginen bazkaltzeko. Han ikusi nuen lehenbiziko galtzak (?)(breeches), ostalariak zituen, galtzerdi urdinekin (blue stokings) eta abarkak (hide sandals) aztaletara soka batekin ongi lotuak... bazkaria ez zen ona.. hortaz elkartu nintzen sutondoan bertze lagun batzuekin, ez zuten tximinik eta ekea gelaren erdian zagoen zilotik ateratzen zen (gure gizonak ez zekien nolakoak ziren gure lurrekosuak)... bazen soldadu karlista bat eskuaraz komentatzen zerbait interesgarria. Holakoetan elizako ezkilak hamabiak jo zituen eta denak zutituz otoitz egin zuten, gero zinatu eta soldaduak segitu zuen bere ixtorioarekin.






Belate, Lantz aldera
Berriz segitu genuen gure bidaia,... Belateko pasabide famatua igaten eta laster ginen bakardade hutsean... mendiak haundiak ziren... arbolak, gaztainondo edo bagoak nonahi...

Lanz zeharkatu genuen... eguna akitzean Arga aldera ailegatu ginen... herrixka gehio ikusten zen... ilundu zuen... Sylvetiren herri ttikiraino ailegatu artio... (Burutain?).






Urtarrilak 12 Igandea         Azken igandean Sagastibelza Elizondotik atera zen Zugarramurdi atakatzeko baino hau, Zugarramurdi, ez bakarrik ez zen konbentuan gelditu baita handik atera eta karlisten gibeletik Otsondoraino gan ere. Sagastibelza berriz Elizondon sartu da bere batailonekin eta Zugarramurdi oñik Urdazubin zagoen atzo, dagoeneko kontatu dizuegun bezala.

Urtarrilak 13 Astelehena    Mugatik (Ainhoa ?) diote nola …. “ 13eko gauan, 400 soldaduko zutabe karlista bat Urdazubin ziren 150 giristinoei sorpresa emateko baino hauek erantzun bizkorra eman zieten,,,




Urdazubiko monastegia
Urtarrilak 14 Asteartea Biharemunean, 14an, karlistak berriz etorri ziren 300 soldadu gehiagorekin. Zugarramurdik (Don Ramonek), destakamentuaren burua, kalkulatzen etsaiek egin behar zutena, lortu zuen gauaz handik gatea eta bere tropa ttikiarekin atzo Irunen , goizean , sartu zen (erran gabe Frantzian barna gana zirela).
Don Ramonek kontatuko du … Urtarrilaren 14an defenditu zela “ bizarramente en el Monasterio de Urdax de fuerza seisduplicada de rebeldes” (pixket papartza gure Don Ramon).




Aranache/Aranarache

Urtarrilak 15 Berri txarrak Almandozen jakin zutelarik el dia 15 de Enero de 1834 Juan Antonio Echandi, herriko mutila, 18 urtekoa, eta 5º Batallon de Navarrako boluntarioa. Asartan hartu zituen zauriez Aranatxen (Lizarra aldera) hil egin zela... No testó por no tener que disponer. Han lurperatu zuten.





Zugarramurdi jauna bere liberalekin gana, karlistak Baztanen laketu ziren, Junta-de-Navarra ekarri eta bertze batailon bat gehitu, Iturraldearena.

Urtarrilak 18                          Jorge Mª Mayora jaunak, karta batez Erratzuko herriari adierazten dio nola “para continuar el suministro de pan (ez dio nori, baino karlistendako izanen zen) Erratzuri tokatzen zaiola 32 erregu 13 gaitzeru hilabete honetan Balleko Etxean entregatzeko.

Hamabi eguneko pausa, zeren 26an Valdes jeneral liberala agertu zen Baztanen errejimiento batekin.

Urtarrilak 26.                        Aldudeko korrespontsalak dio nola “Erreginaren aldeko hiru mile gizoneko tropa bat, Valdesen aginpean, Baztanen sartu da atzo (1834.01.26) hortaz Sagastibelza lekutu da Ultzamara. Iturralde , Baztanera heldu zena bere 4. Batailonarekin , mila soldadukoa eta Junta-de-Navarra eskoltatzen ari dena, gan omen da Aezkoa aldera 1. eta 2. Batailonekin elkartzeko….
Mugako espainiarrak ari dira igortzen commune honetara (Aldudera) gauzak eta azienda zernahi gisako soldaduen eskuetatik babesteko.

                 Otsaila




Hilabete honetan hasiko da gerra honetako betikokeri bat , behin eta berriz gauza bera: Zugarramurdi jauna gotortzen/altxatzen da orduko Miserikordian. ( Orduko Miserikordia gaur egun Kaurtelekozelaia deitzen den lekuan zagoen, ikastolako patioko lekuan, eta animeleko etxe haundi bat zen.) Segidoan karlistek inguratuko, setiatuko, blokatuko, tirokatuko zuten Miserikordia liberalen errefortzuak (normalki erregimiento bat,± 3.000 soldadu) ailegatu artio eta orduan, aire, errefuertzo horiek gan artio. Gan ondoren, karlistak berriz ere Miserikordia inguratzera, setiatzera, blokeatzera, tirokatzera... Horrek zer erran nahi du? Elizondo, karrika, gerrako frentea bihurtu dela.




Otsailak 01                              Aldudetik diote nola … Zugarramurdi jauna Elizondon dagoela azken larunbatetik (1834.02.01) non sartu baita bere 200 gizonekin “L’hôspital de la Misericordie”-an, berak gotortua. Suposatzen da bere helburua da han (Miserikordian) egotea Eugin Sagastibelza bere 800 soldaduekin egon arren.


Eta egun berean Udaletxeko kontuetan holako mandatua agertzen da: Baztango Tesoreroak 8.000 erreal de vellón Jorge Mª Maiorari eman dizkiola Zugarramurdi koronelaren eskaera betetzeko, hori bai con obligación de reintegro” . Itzuliko zuten diru hori?

Otsailak 02                             Prentsak … Otsailak 2, Sagastibelzak agintzen duen     5. Batailonak Zugarramurdi blokeatua du dagoenekoz bi egunez Elizondoko ospitalean. Ospital honek baditu 15 egunetako janaria eta setiatuak direnak orain artio kuraia haundiarekin defenditzen ari dira.


Otsailak 03/07             Rafael Bataller-ek, biserreiaren sekretarioa, eskribituko du Zugarramurdiren kontrako prozesuan bi urte beranduago :“Certifico asimismo que circundado (inguratua) Zugarramurdi en Elizondo por 800 facciosos eta bera bakarrik betiko 130 soldaduekin (bertze berrian 200 ziren!), defenditu zuen bere burua contra fuerzas 6 veces mayores en una casa sin fortificación del 3 al 7 eta dio ere nola a pesar de haber de guardar cinco puertas , zaindu behar zituen ere ondoko etxeak ebitatzeko el incendio que intentaban los rebeldes.”

Fitiegi leitzen baduzue ez nahasi: ZUGARRAMURDI (liberala) eta           
                          ZUMALAKARREGI (karlista).

Otsailak 08                 La Sentinellek… Zumalakarregui 2.000 soldaduekin Baztanera heldu da non La-Junte-de-Navarre baitzagoen. Sagastibelzak oraindik Zugarramurdi blokeatua du L’hôpital d’Elissondon.

Setio hau hasi zenetik mileka tiro bota dituzte elkar eta bakarrik suposatu du Elizondoko paisano zahar baten heriotza.

Badakigu bere izena: balazo batez hila karrika zeharkatzekotan durante la lucha de los partidos beligerantes sobre la sucesión, 65 urtetakoa, Juan Jose Arraiz, Betelukoa baino Elizondon bizi. Norbait urrikalduko zen...

Omen, Jauregui jeneral liberala badator Zugarramurdi laguntzera…

P.S. Sagastibelza behartua izan da L’hôpital de la Misericordie-ko setioa uztera eta Baztanen ziren errebeldeak Ultzamara gan dira jakitean Valdes jenerala Baztanera ailegatzekotan zagoela.

Otsailak 09                 On nous écrit des Aldudes, 9 fevrier… Bayona jauna (Orbaitzetatik Orreagan barna Aldudean sartua) atera da herenegunean (Otsaiak 7) herri honetarik (Aldudetik) Elizondorat 20 karabinero eta 68 tiradorekin. Itunaren arabera, soldaduak izan ziren desarmatuak (Alduden sartzean) armatuak berriz izateko (Aldudetik ateratzekotan)

Valdés jeneral liberala Iruñetik bere errejimientoarekin ailegatu zen Elizondora Miserikordia libratzera.

Atzo (Otsailak 8) Valdés, Nafarroako biserreia, Zugarramurdi Koronela eta Bayona jauna Elizondotik Iruñera gan dira beren tropa guziekin.

Ikusten denez La Sentinelle-k paratzen ditu Zumalakarregi, Nafarroako Junta eta Valdes leku berean egun berean: ezinezkoa, baino idea da Valdes agertu, karlistak erretiratu, Valdes gana, karlistak bueltatu.

Egun hauetan Auritz, Eugi eta Urdazubiko aduanak karlisten eskuetan dira, baita Baztan ere.

Orain bai, orain liberalak Baztan utzi eta karlistak jaun-ta-jabeak 20 egunez edo hola.



Aldudeak
Otsailak 21               On nous écrit des Aldudes, le 21 fevrier
hamabortz egun ondoren errebelden multzoa murrizten ari da: 5. Batailona, Sagastibelzaren aginpean, commune (Aldude) horren inguruan ia beti dagoena, galdu ditu 300 mutil “par la desertion”.
Nahaste borraste hau konpontzeko, Junta-de-Navarrak prestatu du dekretu bat heriotz zigorrarekin desertorendako eta bere dermioetan egoera hori onartzen duten alkateendako.

Alde batetik berri honek interesatua da, adierazten karlisten kausa eta armada desastre ustel bat dela, nahasten egiak eta gezurrak. Hala ere, egia bat azaltzen dute: desertzioa, armak uztea. Bi armadek gazteak behartzen dituzte beren armadetan erroldatzen eta fenomeno hau biek dute baino dirudienez karlistek aise gehio.

Dekretu hau ez hausteko helburuarekin… alkateak ari dira pasaporte “en-regle”-ak ematen Frantzia aldera gerra akitu artio desertatu nahi dutenei.

Otsailak 28                 On nous écrit des Aldudes, le 28 fevrier…
La-Junte-de-Navarre dago orain Elizondon karlista konpainia batzuekin.

                Martxoa

Hilabete honetako lehen asteetan karlistak goxo goxo Baztanen .Bizkitartean Madrilen erabakitzen dute Valdes jenerala kargutik kentzea eta bere ordez Quesada jenerala jartzea.

Martxoak 27                        On nous écrit des Aldudes, le 27 mars… Ibarrola eta Sagastibelza Eugin dira 23tik aitzinat. Bi buruzagi hauek Elizondoko Balleko Etxea (L’hôtel-de-Ville) lantegi haundi bat bihurtu dute non 150 langile ari dira lanpetuak kartutxoak eta jaunzteko ekipamentuak egiten.

Guti iraun zuen egoera honek. Bizpahiru egun beranduago…


Martxoak 30                      Martxoren azken egunetan doikebe izigerriko atakea izan zela Elizondoren kontra Quesadak aginduz. Eraso honek huts egin zuen presaka egin zutelakotz eta karlistek mendietara ihes egin zuten. Frants langile guziak, Elizondoko lantegian lanean ari zirenak eta Zumalakarregiren familia, Ainhoan errefuxiatu ziren. Facciosoek ez dute munizionerik.

  Apirila

Eta bizkitartean, HERRIA?

Ikusi dugunez gerra honetan guri interesatzen zaigun "jokaldia" Elizondon dago, eta pena baztandarrek ez zuten utzi zer/nola bizi izan zuten/ziren gerra honetan baino argi dago jendeak, jendea arrunta, lanean segitu zuela bizirauteko bertze gerretan bezala eta ditugun testimonio bakarrak (ia norbait animatzen da afera behar den bezala lantzen) gure Balleko Etxearenak, Baztango Udalarenak dira .

Junta Gral 1º de Abl de 1834 tercer dia de Pascua
de Resurreccion.
Elizondon eta Udaletxeko etxean eta salaren barnean… bildu ziren…

Ez dugu alkate bat, lau baizik, Diputados o Alcaldes de cuarteles
              Baztangoiza Juan Pedro Irigoyen
              Basaburua Josef Francisco Michelena
              Elizondo Juan Martin Larrachea
              Erberea Miguel Martin Echenique

Herriko alkateak?

Arizkun Juan Jose Esteberena             Azpilkueta Francisco Barreneche
Erratzu Jose Julian Irigoyen                Elbete Juan Pedro Iriarte
Irurita Juan Cruz Perochena                Gartzain Pedro Indaburu
Lekaroz Juan Martin Apezteguia          Ziga Juan Francisco Maritorena
Arraioz Juan Martin Indart                 Oronoz Francisco Antonio Bertiz
Aniz Juan Francisco Iturralde             Almandoz Juan Jose Echenique
Berroeta Juan Miguel Iturralde           Elizondo Francisco Alcasena

Tratatzeko aferak?

Lendabizi.. dagoeneko 8.000 peso gastatu dituzte eta momentu honetan tesoreroren boltsan ez da sos batere ez, Baztanek izaten ahal du bakarrik haragia para raciones baina behartua dago ardoa eta ogia erostera ekoizten diren herrietan eta handik ekarri behar… hortaz erabakitzen dute eskatu behar dutela 2.000 duro al interés más bajo… hipotekatzen todos los arbitrios y expedientes del valle.

Ytem (baita ere, latinez) jendea ari da azienda aunitz eramaten al Reyno y a Francia eta ez bada kasu egiten , haragia faltako da (Baztanen) eta hori pasa ez dadin 100 libera baino gehiago pisatzen duen buruak 2 erreal fuertetan salduko da eta pisu hori baino gutiago duenak a peseta menos cuartillo libras carniceras (libra carnicera = ± 1,1 kg); larrua jabearendako.

Escribaua: Josef Antonio Echeberz

Zer gehio? Eskaerak egun honetan, Apirilak 1.
  • Nicolas Ariztia jaunak, Azpilkuetakoa, bere etxea Azkarbea, eskatzen du ordenantza berriaren arabera diez pies de roble Orobidean, Negusaroi aldean. Zertarako? Borda bat egiteko azienda han babesteko. Udala ados baino saroietatik kanpo eta behar duena pagatzen.
  • Manuel Irigoyen jaunak, Erratzukoa, bere etxea Aldakotxea, dio nola borda bat bizitegirekin Aritzakunen egin nahi duela eta han duena hobetzeko bi gaztainondo eskatzen ditu. Udala ados.
  • Juan Bautista Irigoyen jaunak, Erratzukoa, bere etxea Bikondoa, dio nola ardiborda berri bat nahi zuen Aldaburuazpia lekuan eraiki, negurako ( para..ynbierno y tiempo de Nives ???) eta capitula 25.aren arabera….neurtzeko…. Udala ados.
  • Martin Jose Goyeneche jaunak, Azpilkuetakoa, bere etxea Gasinenea/Gaxinenea konpontzeko bi haritzondo behar ditu Orobidean … Udala ados.
  • Juan Latsaga jaunak, Bankakoa, bere etxea Bideberea (Bankan naski) eskatzen dio Udalari ia saltzen dioten muga berean (Tornain deitzen den lekuan) han diren arbol batzu (montazgo/egurra) ikatza egiteko.Udalak dio lo probehido, baietz.
  • Almandozeko Bartolome Echandi jaunak dio Zurgaietan borda bat konpontzeko zura behar duela eta han diren arbol batzu…Jaureberriko borda ondoan… Udala ados.
  • Pedro Jose Echartea jaunak, Erratzukoa, bere etxea Senperenea, ardiborda bat Iñarbegin, Lapiñar ondoan nahi duela eta capitula 25.aren arabera…. Udala ados.
  • Nola Bikondok eta Senperrek ( biak Gorostapoloko barrideak: Bikondoa eta Senperenea) nahi zuten leku bera ardiborda egiteko, udalak erabaki zuen, kandela piztea eta postura haundienak lekua beretako!

Udalak dirua lortzeko harakindegiak alokatzen zituen. Errateko, Elizondokoa. Zenbat behi hil zuten Elizondoko harakindegian urteko lehenbiziko hiru hilabetetan?
18 buru. Honek suposatu zituen 2.554 libera haragi, 596 erreal pagatu zuten zisaz (zisa: sisa diote erdaraz, arbitrio/zerga bat zen). Horri gehitu behar zitzaion tripakien salmenta (144 erreal) baino kendu harakinen lana (156 erreal). Azkenean eta hondarrean 584 erreal Udaletxerendako.

Jakinarazteko: Dirua real fuerte-a da normalki. Zilarrezkoa zen. Baino moneta  gehiago erabiltzen zuten:


Urrezko ontza = 320 real de vellón

                                   1 real de vellón = 38 maravedis
                       1 real fuerte = 2 reales de vellón
                                   1 peseta = 4 reales de vellón
                                   1 peso fuerte = 8 reales fuertes
                                        1 peso sencillo = 7 ½ reales fuertes
                                        1 ducado = 10 reales fuertes 13 ½ marabedis
                                        1 onza de oro = 160 reales fuertes= 320 r.de.vellón

Hilabete honetako ekintza militarrak betiko betikokerian, liberalak agertu (Oráa Brigadierra edo Don R. Zugarramurdi) eta karlistak iheska, Oráa itzuli Iruñera eta karlistak Baztanera beren Junta-de-Navarrarekin.

Apirilak 22                  La Sentinellek dio ... Zumalacarregui Elizondon egon da non La-Junte-de-Navarrek Marechal-de-Camp izendatu baitio.



Boluntario karlista imaginarioa
On nous écrit des Aldudes le 27 d’avril
Le Marechal de Camp Zumalacarreguik bere Elizondoko egonaldian… uniformeak banatu zituen bere tropen artean. Hemen jeneralak onartu zuen uniformea: euskal boneta, kolore urdinezkoa, txamarra kolore berekoa, artilezko telako pantaloia eta espartinak eta kapusaia.
Zumalacarregui eta Eraso jeneralen aparte, buruzagiek arropa bera daramate diferentziarekin oficial nagusiek berokiak dituztela eta Juntako eskoltak boneta zuria.








       Maiatza


Maiatzak 04                Aldudetik diote… 
“…. Sagastibelza bere 5. Batailonarekin Baztanen eta ondoko haranetan dabil. Poliki polikitto bere soldaduen bi heren (2/3) galdu ditu par la désertion . Gazte guti sartzen ari da bertze batailonetan. Desertatzen dutenen kopurua arront haundia/considerable da.
Junta-de-Navarra eta bere inprenta Urdazubin dira. Han langile multzo haundi batek lan egiten du … arropa eta kartutxoak egiten.”

Eta Herria bere baitan, bizirauten, nork agintzen duen ez jakin arren!

Junta General del dia de Pascua de Espiritu
Santo 20 de Mayo de 1834.
Elizondon eta Udaletxeko etxean eta salaren barnean… bildu ziren…

Burua Don Miguel Marcos de Zelaieta theniente de alcalde, jurados y junteros. Bi gauza tratatu zituzten.



Lehenbizi, Baztanek dituen mediku eta zirujano kontratatuak kexatzen dira zeren kasu batzuetan sendatu behar baituzte delinquentes y heridos de mano airada. Eta hemen afera, hauek ez diete pagatzen. Eskatzen dute Udalak ordain diezaiela bere recetan ” baina honek, Udalak, ezetz.




Eta bigarren afera, Gorostapoloko Xenper eta Bikondo. Nola biek leku berean nahi zuten beren ardiborda eraiki , Udalak erran zien kasu horretan kandela piztu eta postura haundienak  hartuko zuela lekua, eta nola uste baitzuten kasu hori errepikatzen ahal zela, deliberatu zuten kasu guzietan gauza bera eginen zela, kandela piztu eta cada tanto (postura berria) dos reales fuertes, naski kandela itzali artio.



Maiatzak 27                Ramon Zugarramurdi jaunak, liberala, berriz Elizondon, Erratzuko alkateari burlairez “no sé a qué atribuir la demora...” Dirudienez, gure Don Ramonek nahi zuen bulen bidez Baztango herrietan biltzen zen dirua beretako hartu eta Erratzu sorrarena. Hortaz dio nola Baztango bertze 13 herriek ekarri baitiotela dirua eta no dará lugar a que heche mano de la fuerza armada... eta biharko egunean diru hori ekarri beharko duzue Elizondora.


Jakinarazteko:Baten batek galdetuko du bula zer den/zen. Bula, berez agiri bat zen, paper bat, dokumentu bat non Elizak baimen berezi edo induljenziaren bat ematen baitzion paper horren erosleari. Bulen salmentak dirua suposatzen zuen. Printzipioz Elizak biltzen zuen diru hori baina baigorriarrek ziotenez, ORO SORI, denek (liberalek eta karlistek) diru hori berendako nahi zuten.




Maiatzak 30                 Eco del Comercio, Madrilgo egunkari liberalak dio: Maiatzaren 30ean, D. Juan Bautista Vidaurretak Irungo lau “celador”ekin, paisanoz jauntziak eta kanabita arruntekin , Urdazubi ondoan facciosoei atzeman zizkioten zamari batzuk Frantziatik pasatzen . Bi errebelde armatuak ustegabean harrapatu zituzten ere eta “Viva Isabel II” uihukatzen eskapatu ziren. Afera honek iziarazi zuen Urdazubiko herria eta facciosoek herri utzi, haien artean 50 sastre! Zumalakarregiren emaztea Elizondo aldera atera zen, non “La Junta” baitzagoen eta bera ailegatu orduko mendira lasterka gana ziren.

Hau denak zer erran nahi du? Baztanen karlistek kontrola zutela, hala ere, liberalek problemarik gabe inkurtsioak egiten zituztela jartzen karlista guziak ikara batean. Dena den, eta momentuz, gerra, gerra zakarra ez da Baztanera ailegatu, baina berehala gauzak okertuko dira.

    Ekaina


Ekainaren 3ean Baztango “bakea” hautsiko zela bertze abisu bat. Quesada jenerala, sorpresaz, Baztanera etorriko da Elizondon zagoen “Junta de Facciosos” harrapatzera, baina hauek, juntakoek eta beren funtzionarioek hiru ordu lehenago enteratu ziren zetorrela eta ihes egitea lortu zuten . Imprenta bat utzi zuten eta prentsa libelararen arabera, apez bat ere, Zumalakarregiren tesoreroa omen zena, hau atzeman eta berehala Quesadaren agianduak betetzen “fue pasado por las armas” . Egia ? Elizondoko Libro de Defunciones-en ez da holakorik agertzen.

Urdazubiraino ailegatu ziren liberalak eta karlistak kontrabandoz pasatzen ari ziren kargamentu bat atzeman: 4 kutxa kartutxoekin, zaku bat andreen zapatekin, kupel bat ardo, zortzi pakete kakao eta kafeekin. Hau dena prentsa liberalaren arabera.
Hala ere, Amezkoako Otsoa jakinaren gainenan zagoenez, Belaten jarri zen esperoan eta barrandan ez uzteko Quesada Baztandik ateratzen. Quesada ohartzekotan, Berako bidea hartu zuen eta Gipuzkoara gan zen, izigarriko buelta ematen Iruñera berriz ailegatzeko.

Ekainak 04                 Eta hemen gertaera triste bat, …habiéndose metido en el rio de este pueblo (Elizondo) inerika egitera, itoak harpatu zituzten Gral Quesadaren bi soldadu: Melchor Moriones y del otro no me dieron razón… dio apezak.



D.Carlos iheska itsasuntzi ingeles batean
Ekainak 26.                            Quesada kargotik kendu eta kargua Rodil-i pasa. Nor da Rodil? Jeneral bat, ausarta eta kementsua zen , D.Carlosen gibeletik (lehenago erran dugunez D.Carlos Portugalen zagoela bere anaiak harat desterratu zuelakotz) Portugal erdia korritu zuena eta harpatzekotan zagoelarik itsasontzi ingeles bat agertu eta Don Karlos Ingalaterrara eskapatu. Han, Ingalaterran, errana zioten Don Carlosi onartzen zutela bera han egotea baina kietoparao egoteko.



Hemen argitu behar da gerra honetako bertze konponente bat, politika internatzionala. Espainiaren inguruko estatuak gobernu liberalaren alde ziren eta haien artean “La Cuadruple Alianza” antolatuko zuten: Espainia, Frantzia, Portugal eta Ingalaterra. Helburua? Karlistek ez zezatela inolako laguntzarik har. Bertze alde batetik Austria, Prusia eta Errusiak holako “La Santa Alianza ” mantentzen zuten eta absolutistak izanez karlistei laguntzen zieten baina modu eskas batean, moralki.
Cuadruple Alianza/Santa Alianza


Printzipioz D. Carlosek onartu zuen Ingalaterrako gobernuak proposatu zion tratua, Portsmouth-en gelditu zen, eta galdegin ziotelarik nola tratatua izan nahi zuen, berak Duque de Elizondo bezala agurtua izan nahi zuela. Holaxen bi hilabete eta Portsmouth-tik (hego kostaldean dago) Londresa gan zen.Han, simulatzen arront eri zagoela eta bere koartotik ezin zela atera, gau batez ixilka laguntzaile batekin ihes egin zuen, lehenik Frantziara , Frantzia korritu, eta Baionan pausatu.

Ekainak 29                             Alta política Europan eta hil ezkilak Lekarozen. Gulina aldeko landetan balaz kolpatua, 26 urteko herriko semea Martin Francisco Lafarga , sargento en el batallón 5º de Navarra… betirako pausa.

Baztanen? Rodil gana, karlistak jaunak.

       Uztaila


Zugarramurdi


Uztailak 09 Asteazkena      “Serían las seis de la tarde …. atsaldeko seiak (gaurko ordutegian , zortziak) izanen ziren Zugarramurdin, Nafarroako lehen herria Frantzia aldetik lau pertsona zaldiz sartuko zirela, handik Urdazubira. Eran el Rey (Don Carlos), el Baron de los Valles ... aitzinat segitu zuten... Al entrar (gauez) en la villa de Maya donde durmieron en la mejor casa (Borda ?) .. “



Maiorenea, parean Konbentua
Uztailak 10 OrtzegunaZortzietan martxan jarri ziren eta 9etan Arizkuna ailegatu ziren. Han Don Jorge Mayoraren etxea ( Maiorenea, doikebe) eskaini zioten … eta bazkaria prestatzen ari ziren bizkitartean … pasó S.M. a la Iglesia del Convento de Religiosas non otoiz pixkat egin baitzuen. Gero Mayoraren etxera itzuli zen... (etxekojauna bertze aldean zagoenez eskapatua, emaztea anfitriona izan zen) bazkaldu ondoren Elizondora gan ziren … donde estaba la Junta eta S.M. con el Baron... sartu ziren Casa de los Gobernadores-ko (Arizkunenea) etxean. Berehala Zumalakarregiri eskribitu zion...”






      PROCLAMA DE CARLOS V Á SU EJÉRCITO

                  Soldados!
                  Se han cumplido mis deseo: estoy entre vosotros! …
                  Generales, Gefes y Oficiales, Voluntarios y Soldados, estoy 
                  agradecido.. y no dudeis que sabrá premiarlos vuestro Rey.

           Carlos

       En mi residencia real de Elizondo à 10 de Junio de 1834


Uztailak 11 Ortzilarea       Zumalakarregi Eulaten zagoen Rodilen barrandan, handik pasatuko zela esperantzarekin non D. Migel Antonio Legarra, Ilunberriko abatea, agertu baitzitaion karta batekin. “Para Zumalacarregui”. Honek karta irakurri: “Tomas, Espainiatik hurbil nauzu, eta bihar Jaungoikoak nahi badu Urdazubin egonen naizela espero dut: toma tus medidas y te mando que nadie lo sepa absolutamente sino tú, Carlos” . Kalkulatzen noiz eskribitua izan zen karta hori, dagoeneko Urdazubin baino honetago egon behar zuen, karlistek kontrolatzen zuten dermioetan eta Junta-de-Navarrarekin.

Uztailak 12 Larunbata        Biharemunean, 12an, Eulatetik atera eta Elizondora gaueko hamaiketan Arizkuneneko atean zagoen. Pretendientea, Don Carlos, ohatzean zagoen , hala ere harengana hurbildu eta elkar agurtu .

     REAL DECRETO DE INDULTO OFRECIDO POR CARLOS V

       Restituido felizmente a los brazos de mis fieles Españoles..... y 
       compadecido mi paternal corazón de los que por seducción,.... debilidad 
       o ignorancia … han tomado armas contra los valientes defensores 
       de mis legítimos derechos...
         ArT.I Quedan indultados... todos los Generales... soldados... que en 15 dias...
         Art.II ...
         Art.III ...
        Art.IV ...
        Art.V Hago estensible el articulo 1º a... tiradores de Isabel II,… 
            urbanos, peceteros ….

     Dado en Elizondo, à 12 de Julio de 1834.1834
               
                                Yo el Rey.

Orduko Elizondoko eliza eta plaza


Uztailak 13 Igandea Goizean Don Carlos eta Don Tomas afera politikoak eta administratiboak deliberatu zituzten. Atsaldean Elizondoko ezkilak jo zituzten eta Pretendientea elizara gan zen non Te Deum solemne kantatu zen. Don Carlosekin, Zumalakarregi, Conde de Villemur, Junta-de-Navarra, Baron de Los Valles (Londresetik Elizondoraino lagundu zion pertsona bakarra), Don Domingo Antonio Zabala, ofizialak, Baztango “noble” aunitz ( jakinarazteko: baztandar guziak, maizterrak eta etxaldekoak, nobleak gara!) , baita kanpokoak ere, eta herriko multzo haundi bat bildu ziren. Elizarako karrikako etxe eta jauregietako leiho eta kaleriak maindirez apainduak eta karrikaren solairua belar freskoz estalia, prozesionetan egiten den bezala....









Uztailak 15 Asteartea             Afera gehio zuritu ondoren eta jakitean Rodil eta bere tropak beraiengana zetoztela, 15ean Pretendienteak eta Zumalakarregik Elizondo utzi zuten, Iruritan 5º Batailoneko lerroen aitzinetik pasa, Belate zeharkatu eta Beunza aldera gan ziren.

Uztailak 19                             Zumalakarregiren bandoa:


Debekatua janaria eramatea leku hauetara: Iruñea, Donostia, Gares, Lizarra, Los Arcos, hauek Nafarroan.... Agindua betetzen ez dituztenei pasado por las armas.
Gaurtik aitzinerat edozein herritik janaria eramaten baden etsaiari, herri horretako alkatea eta lan hori egin duten guziak... pasados por las armas.
Hortik dabiltzan partidak.... goitiko artikuluak bete araziko dituzte.
Nornahiri, bortz axola sexua edo klasea, nik edo nere komandante batek sinatutako pase gabe atzematen badute ordu erdirako distantzian lehenago erran digun lekuetatik, pasados por las armas.
Bakarrik libratuko dira leku horien inguruetatik ordu erdirako tartean bizi direnak.
Alkateak erresponsabilizatzen dira beren ondasunekin ez badute orden hau publikatzen.







Lehenago errana: Bandoaren helburua ? Jendea iziarazi. Terrorea edo terrorismoa?

Uztailak 20                          La Sentinellek dio… Bertze egunean ahaztu zaigun kontatzea nola Don Carlos Elizondoko elizara gaten zelarik meza eta Te Deum aditzera, lau apezek eramana sous un dais / palio azpian Elizan sartu zela eta aldi berean bere aitzinean gibelerat ibiltzen lau apez intzensarioekin gaten zirela. Gauza bera elizatik atera zelarik.”

Uztailak 24                  La-Junta-Governacion-de-Navarra-k igorriko dio ofizio bat Udalari eta honek Erratzuko alkateari.... algunos jovenes de este pueblo y valle ihes egin dute Frantziara ez onartzeagatik el gobierno de S.M. el Sr. Dn Carlos 5º por legitimo... hortaz lau egun ematen dizkiete iheslarien gurasoei aurkezteko agintarien aitzinean zeren bertzenaz iheslariak traidoreak deklaratuak izanen baitira eta haien gurasoak arduradunen gisa zigortuak izanen dira.


Sinatzailen artean gure Martin Luis Echeverria
Liberalek eta gure kasuan karlistek, biek ala biek, praktikatzen zuten ikusi dugun azken neurria: ezin bazituzten semeak/mutilak atzeman, familiek paga arazi.

Uztailak 31                              Liberalek oraindik ez dute sinisten Carlos V. Baztanen dagoela. Adibidez, Eco del Comercio-k publikatzen du :”Gaur hemen egon da merkatari bat Baionatik etorria eta erran du Paubeko pelukero bat eta bi sastre ekarriak izana direla Elizondora “por los falsarios”, dirua hiruei eskaintzen eta zinez, pelukeroak Carlos V-ren eite haundia duela eta truko honek sorrarazi du irri eta burla aunitz frantsen artean. Dirudienez pelukeroa erregea bezala jauntzia dagoela eta bertze biak “de gentiles hombres de camara”. Merkatariak dio ere Elizondoko etxe hoberenean ostatua duela...”


Eta hola akitu zen Uztaila Baztanen, ogi zitua bildu ondoren naski.