viernes, 3 de mayo de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 6.Kapitulua

5. Kapitulua . Ihesa

Belateko gainak  ingeles batek irudikatuak
Eta Herria? Iges/ihes/eskapatu, exodoa. Milaka, Belaten barna hegoaldera, Ultzamara, Iruñera. Zazpi mila baztandar, ahal zutenarekin, azienda, zamariak, altzariak ere. Kasu batzuetan “bidesaria/peaje/toll ” pagatzen.


Gure kronista

Frantsek diote ia tirorik gabe lortu zutela Baztan eskuratzea. “Le Combat de la vallée de Bastan ”. Eta horretaz harro zeudenez, beren Pariseko  Arc de Triomphe-n, “Le Bastan” izena jarri zuten trofeoa edo saria bezala munduak, hau da Frantziak eta Nafarroak, jakin zezala eta dezala nola bere Armada Iraultzaileak espantu gutirekin aski izan zituela  bortz ordu Espainiako, Nafarroako eta Baztango armadak kasatzeko eta ia Baztan guzia okupatzeko.


Paris.L'Arc de Triomphe. Pilier Ouest/Mendebaldeko Zutabea 

Alkatea enteratzen denean Erratzu eta Amaiur bakarrik konkistatu nahi zutela… eta gainera frantsak Iruritan eta espainiarrak Almandozen  zazpi egunez… deus egin gabe!


Zer pasa da hau gertatzeko? Bakoitzak bere eskusak ditu. Gure alkateak , errua edo hobena militarrendako dela. Hauek ez zuten jakin Berderiz kontrolpean izan, eta txarragoa, leku hau galdu izan arren, ez zuten deus egin berreskuratzeko. Alkatearendako Bidasoa osoa frantsen eskuetan erortzea Berderizen jokatu zen. Berak dionez “argitasunari argia eskatzea bezala zen ”: Berderiz, Baztan galtzea, frontearen arkuaren giltza  galtzea zen. Jakinaren gainean eta bildurraren azpian ziren Baztangoiza inbadituko zutela eta aitzineko egunetan erratzuarrek, arizkundarrek, Baztangoizakoek… eta militarrek beren ondasuna saiatu zuten Irurita aldera eramaten bada ez bada. Eta hola izan zen halabeharra.
Emazteak ikaran senarrak bilatzen
gizonak emaztea orori galdatzen
"Zer egin zare, ama? Non da ene aita?"
horra urrikagarri den haur gaixoen pleinta (kexa).
(Sarako iheslarien kanta)
Mindua dago gure gizona, ikustean bere Herria, Baztan, “6.000 edo 7.000 ”, Belate aldera mugitzen, ikustekoa izan behar zen, beren zamariekin, fardelak soinean, ilara luzeak, ttuku ttuku zaharrak, ttipi-ttapa haurrak, erratzuarrak ia gauez, arizkundarrak eguna argitzean, Amaiurkoak lasterkan, gibelean zitua uzten, beren urteko janaria, Azpilkuetakoak, Elizondokoak, Elbetekoak, gartzaindarrak gero, Iruritakoak haietaz burla nola egin zieten ikusten… gero Lekaroz, Arraioz, Oronoz ,denak segidoan, haiekin Baztango Basaburuakoak, norat gan? Ondoko haranetara, Lantz, Ultzama, Egues, Iruñea aldera…

Denek ihes egin zuten? "..excepto algunos ancianos, infantes y mujeres debiles ,  armadari segi ezin ziotenak.." Nolakoa izanen zen partitzeko tenorea ? Nor utzi, nor gan? Nor dira "algunos ancianos, infantes y mujeres debiles? Nigar franko, hori seguru.

Erratzuarren ( betiko)  pausalekuak







Hola erakusten du Erratzuko “Libro de Defunciones ”-ek non utzi zituzten beren hezurrak erratzuarrek : Lantz, Iraizoz, Berrioplano, Sorauren… Etxauri, Burlata, Atarrabia aldean eta batez ere Iruñean.



















Eta nolako harrera izan zuten gure iheslariek, gure “emigrés ”? Ahalkemangarria: traidoreak, espiak, kolaborazionistak ginela baztandarrak, Armada frantsaren aitzinean, buruan ibiliak zirela, kausa komuna frantsekin egiten: bon, infiltratu frantsak zirela!  Bazkariarekin baztandarrei pozoina edo artsenikoa eman behar zitzaiela… leku batzuetan ezta ordaindua ere ez zieten aterpea ematen. Bertzetan, sobera pagatu behar, ez bakarrik ostatua, eramaten zuten aziendarendako behar zituzten bazkalekuaren belarrak ere. Eta ospe, fama eta nota hori, nondik? Militarrek hedatua: ”con el malicioso fin de encubrir su cobardia/ beren oilokeria estaltzeko helburu txarrarekin ”. Famatua izan zen Teruelen, Alcañizko kalonje-apezak , Don Juaquin Regales,  Abuztuaren 31ean bota zuen sermoia eta ondoren inprimitua izan zena : “… (frantsek) eskaini zieten (baztandarrei) beren etxeetan geratzea… que podrían holgar bajo  su higuera/ goxo ta bero biziko zirela…  baina …. gazteak eraman dituzte (Europako) iparraldera, borrokatzera gure aliatu alemaniarren  kontra … eta zaharrek eta andreek biltzen dute ogia/garia… Frantziara garraiatzeko… engainatuak izan ziren… eta orain nigar ustela egiten dute… eta libertate eta independentzia hori hainbertze uihukatzen dutena, kimera bat da … gaizoak harrapatzeko”.


Eskualdun Xasurra.Lapurdikoa
Eta hemen bitxikeria, arroparena, zeren “ Y como El Exercito… de baigorrianos y de otros pueblos del Pais Bascongado de la Baja Navarra y de la Provincia de Labort… vienen vestidos con el traje regular…(con) similitud del vestuario de los Baztaneses, levantaron falsedad…/ Eta nola Armadako…baigorriarrek eta Euskal Herriko bertze herrietakoek, Nafarroa Behera eta Lapurdiko probintziakoek… jauzten duten  arropa arrunta… baztandarren arroparen antzekoa da, hasi ziren faltsuki erraten…”  baztandarrek frantsen alde borrokatu zutela.




Eta frantsek? Zer diote gauza hauendako guziendako? Lehenik beren buruak zuritzeko, aitzineko egunean, haien “commisaires ”-ek leitu dietena: Proklama  batez inbitatzen dute jendeari etxean gera daiela eta prometitzen dute armak ez dituztenei babesa eta protekzionea, eta gaineratzen dute beren soldaduren batek arpilatzen, ebasten edo zerbait erretzen balu, hori bai, beren nagusien baimenik gabe, “punis de mort/heriotz zigorra ”. Eta zerbait makur zaharren, andreen eta batez ere haurren kontra egiten duenari, “punis de mort/heriotz zigorra ”.



Eta zertaz hain errexa Baztan konkistatzea? 

Bata, “la plus profonde terreur / izitasun bortitzena”, kuraiaren falta, beldur ikaragarria, lehen deskargan denak, herriko miliziak, lasterkan, ziztuz. Eta gaineratzen dute , hau izan zela propagandarengatik, zeren jendeak bakarrik astakeriak aditzen zituzten (gillotina denendako, herriak erre – Urdazubi/ Zugarramurdi / Luzaide…) eta naski, soldadu aunitz zatoztelakoz.
Bida, Armada espainiarraren “faute de moeurs/ moralitate falta ” : Omen, espainiarren kanpamentuak betea ziren “de femmes impudiques/andre lizunez… soldaduak eta batez ere , ofizialak entretenitzen zituztenak…” Moralista jarri zaigu gure kronista frantsa, hala ere gure Alkateak holako zerbait kontatua zuen.


Eta hirugarrena, gainera, frantsen arabera, Espainiako armadan ez zegoen benetako diziplinarik, morroiak baizik. Eta hiru gauza hauek kontutan izanik, garaipen erreza.

Dena den, poeta da gure  kronista frantsa(le Citoyen B*) :


Hau koadro delizios Baztango Haranarena, agertu zena gure begien aitzinean sartu ginen egunean: Gu, jautsiak mendi basa haietarik , uste genuen eramanak ginela lurralde sorgindu batera… lurralde emankorra… non etxeek irudi zuten zoriontasunaren aterpea… Egia zen… herri hauek… ia hutsik zirela… Dena den… gure bihotzetan sentimendu goxoak.”

Dena den, frantsek guziek ez zuten gisa berean sentitzen. Nor izanen zen hau kantatu zuena ?
                                  Gerlara etorri ginean
                                  gure bizien perillean
                                  gure agintariak frantsez:
                                  "Allons, chasseurs, avancez !"
                                 Guk eskuaraz erantzutea :
                                "Diabriak eraman bazintzez !"

Bon, bueno, bitartean gure baztandarrak ihesian. Nola izan zen ihesaldi hau? Almandozen utzia genuen gure Alkate jauna.Beha.
1794.Uztailak 25. Santiago eguna, batailaren ondorengo eguna. Almandozen ziren tropa espainiarrak Baztan utzi eta Lantz aldera doazi. 2º Batallon de Voluntarios de Navarra gure Alkatearekin, Almandozen bakarrik.

Almandoz
Uztailak 26. Almandoz. Goizeko zortziak. Alkateak eskribitzen du nola oñik baztandarrak ari direla Herria uzten, beren  gauzak eramaten, soingainean, zeren “tropa espainiarrek” bahitu dizkiete haien zamariak. Espektakulo ziragarria, barneak urratzeko modukoa. Eta egoera miserable honen erdian (ene ustez ustelean) gure Alkatea goresten duen gauza batek: zer arduratzen zaio gure gizonari? Geroa / la posteridad : Baztango artxiboa salba dezagun! (bon, hau ez zuen erran baino guti falta zitzaion). “Dokumentuak, gure merituak goresten dituztenak… gure bereizitasuna, errege gloriosoek eman zizkigutenak…” Faborez,urrikal zaitezte “ruego, pido y suplico a Vs I. como Padre y Protector ”. Eta nor da Aita Babesle hori? Nafarroako Erresuma. Eta honek, baietz. Beharrik, zeren Espainiako Armadari eskaera bera, eta honek , sorrarena.

Alkatearen Memoriak. Hasiera


Uztailak 28. Almandoz. Hasi dira Artxiboa garraiatzen, Iruñera, D.Juan Luis de Jauregiren etxera.
Uztailak 29.Almadoz. Atsaldeko lau t’erdietan. Alkateak Nafarroako Erresumari: Hau anarkia ahalkemangarria! Alde batetik eskatu zituen tropak (armada espainiarra) ez dira agertu frantsak Iruritan mantentzeko eta gainera handik dabilen tropek, nafar soldaduek baita baztandarrek ere, ez diote inori kasu egiten eta ebasteari eta arpilatzeari lotu dira, etxeetan sartzen, dena barraiatzen, gauzak hausten, puskatzen eta urratzen. “Utzi izan nahi dut/he pensado en retirarme…” artxibo guzia Almandoztik (?) atera ondoren. Ezin du jasan ikusten ari dena. Ez da autoritaterik eta bakoitzak nahi duena egiten ari da. Baigorriarrek (iparraldeko euskaldunak) omen, Baztanen sartu zirenean halaxen uihukatzen zuten :

                                          Baigorri,
                               hil edo bizi
                              eta ORO SORI

Ematen du hegoaldeko euskaldunek azkena hau ongi eta ontsa ikasi zutela : ORO SORI, gure mintzairan, DENA ZIL (zilegi), hau da, ZERNAHIK BALIO DU.

Baztango "mercadillo"-a.
Zinez, ez zen izan momentu gloriosoa. Zertaz? Ufa!.

Etsaiek Elizondon eta Lekarozen kanpamentuak zeuzkaten eta  egunez Ziga eta Anizeraino ailegatzen ziren baina iluntzean gibelatzen ziren haien kasernetara.

Uztailak 30. Lantz. Dirudienez herri honetan eskapatu diren armadak ( tropak eta nafarrak = paisanos) biltzen ari dira eta haraino ailegatu direla Nafarroa guzian hedatzen ari diren berriak : nafarrek, baztandarrek, desertatu egin dutela, lapurrak bezala portatu eta desastre osoaren erantzuleak direla.
Nafarren (paisanoen) kapitainiak bildu eta Nafarroako Erresumari helarazten diote :
1. Gerra honetan Espainiako tropek arront gaizki tratatu gaituzte ”con la mayor iniquidad ” gu, Nafarroako armada, are gehiago, ez bakarrik jende arrunta, baita gu ofizialak ere .                                    

2. Ematen zizkiguten fusilak, eskas eta hondatuak! Gure esku hutsekin defenditu behar ,”no mas defensa que sus propios brazos.” 

3. Muniziona guti eta kasu batzuetan mospela. 
                                                                                             
4. Gauez, guardiak egitekotan, 60 nafar eta hiruzpalau soldadu.



Sinatzaileak.1
5. Abanzadak (descubiertas ) egitekotan nafarrak beti aitzinaldean. 

6. Berderizko kasuan, erabili zituzten nafarrak bakarrik dendak biltzeko.                                                                                      

7. Erretiradan, 24an, lehenak frontea uzteko tropa espainiarrak izan ziren, bere gibelean nafarrak bakarrik uzten (Erratzuko kasuan argi). Are gehiago, tropek ausartzen ziren erratera haietako batek ehun nafar/paisano baino gehio balio zuela “ mas importa la perdida de un soldado… que cien paisanos ”.                

8. Mendian zirenean, ez zutela ez dendarik ez legorrik, soldaduek zuten bezala.                                                                      

9. Erretiradan, zalditeria/caballeriak, ezpata eskuan, ez zieten uzten “paisanos-ei” ihes egin baino bizkitartean soldaduei, bai.    

10. Arront gaizki elikatuak zirela. Ogia bakarrik, gosez hilak “sin tener rancho cinco y seis dias”…                                                     

11. Nafar herrikideen jeneralari,  D.Manuel de La Peña, eskatzen diote aukera ditzala instruktore onak eta ongi pagatuak, hurrengo konpainiekin afera hauek gerta ez daitezela.                  

12. Eta azkena eta hondarra. Ihesladian, soldaduek paisanoei /nafar herrikidei zituzten fusilak kentzen zizkieten.  
Sinataileak.2
Kontatzen dutena egia bada, bortitza.
Dena den, bi gauza : Bata, nolakoa zen Baztanen egoera militarra ideia aski garbia erakusten du. Bida, dirudienez, joko guzi honen azpian Espainiako Armadak (bere momentuan Ventura Carok proposatu zuenez) Nafarroa (?) eta Baztan utzi nahi zituen bere troparendako kalte ttikienarekin. Eta nafarren galerak, zer ziren haiendako? Alboko kalteak/daños colaterales/domages collaterels/collateral damages.

Egun berean. Uztailak 30. Almandoz. Gure alkatea beha ari da eta espioiak Elizondo eta Iruritara igortzen ditu.
Uztailak, 31. Almandoz. Atsaldeko bi t’erdietan, Alkatea informatzen : Tropak ailegatu dira, 1º Batallon de Voluntarios de Navarra, Rgto de Africa, eta 300 nafar/paisano beren kapitainarekin, Cayetano Iriarte eta horrekin Baztango (Basaburuako ?) desordena baretu zen.

Elizondo
Espioiak itzuli dira: Batek, Elizondon egona, dio han sartu  zenean Rgto Zamorako soldadu batekin, euskalduna (eta desarmatua) , solasten jarri zela, soldadu hau Berderizen preso hartua zuten eta bertze presoekin behartuak zirela tropa frantsen aitzinean joatera bertzenaz… Honek gure espioiari errana ziola nola Elizondon frantsa guti bazela zeren Orreagara eta Irunera igorriak izanak zirela, nola gelditu zirenak zaldunak eta 100 baigorriar zirela, nola ez zuten jendeari bortxa egiten, nola Lekautzen 1.500 zaldun (zaldiekin naski) bazirela…



 
Iruritako plaza

Bigarren espioiak, Iruritan egona, kontatzen dio nola Bankako ezagun batekin topatu zen , Eugiko “fabrica-n”  lanera biak joaten zirelarik denboretakoa, nola honek erran zion tropak Berderizen zirela, nola momentuz, ez zutela gehiago aitzinatu nahi, nola gorrotatzen zituztenak “emigrés” eta Espainiako Monarka zirela, nola kaskoiak txarrenak zirela zeren Elizondoko elizan santuei besoak ebaki zizkieten eta Lekautzeko kanpamentuan, zaldun bat, zaldi gainean, trostan, kanpamentua korritzen kasulla batekin jauntzia eta hostiak banatzen, nola Hondarribia hartu berri zutela, nola erlijio bihotzean zaramaten … Benetan solasturi gure bankarra.
Eta hau dena Erresumari jakinarazi ondoren eta Artxiboa seguruan, gure Alkate jauna Etxaurira lekutu zen pausatzera.
Ondorengo atala : 6. Kapitulua: Hondarra eta honddarrak