jueves, 21 de febrero de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 3.Kapitulua

Baztan 1792…1795
3.Kapitulua.  Eta karrikan? Aiei aiei
Erratzuko karrika bat
Orain arte lehen lerroan/frontean gertatzen ari zena ikusi dugu baina haren gibelean? Erretagoardian, Baztango karriketan? Gure Alkatea kexu dago. Haranaren/Ballearen ekonomia sufritzen ari da, aunitz, “… bere biztanleek kalte haundiak izan dituztelakoz … zeren ( frantsek) edozein motako azienda bahitzen edo ebasten  baitizkiete… eta bere dermiotan jarrera txarreneko (de pexima conducta) jendea sartu baita … Euskal Herriko ondoko herrikokoak … berexiki baigorriarrak  Hasieran   hau dena ..gerra ekintzak kontsideratzen ziren… baina beren probetxurako zen… orduan hasi ginen … haien azienda bahitzen eta ebasten ere..(mendeku zila/justa venganza)… .

      
Nork eginak?
                                                                                                     
Baino kalte horiek ez ziren bakarrik mugan suertatu… gure tropa propioa … eta Erriberatik etorria zen jendea baita Erreinuko (Nafarroako) beste lekuetatik etorriak ere… gutaz aprobetxatzen ziren… gure azienda eta zituak hartzen… eta batez ere  Zalditeriakoak/los de Caballeria, belarra mozten beren zaldiendako … gisa honetan Erregek ematen zien bazka aurrezten, zeina publikoki partikularrei saltzen baitzieten…” belaietan zaldiak sartzen, belarra zapatzen, dena galarazten, eta zelaien jabeak kexatzera ausartzen baldin baziren, “zaldunak” haiekin koleratu, intsultatu eta gaizki tratatu. Gure baztandarrak ez ziren ezta ausartzen kexa egitera, gaizoak!
Caballeria de Linea
Bertze afera suertatu zena garraioarenaizan zen. Armadak bere materiala higitzeko (bolbora, balak, janaria, dendak…) zamariak, hau da, zaldiak, behorrak edo mandoak behar zituen baita zamaldunak zamariak gobernatzeko ere. Serbizio hori Baztanek hornitu behar zion eta horren arduraduna gure Alkate jauna, Don Juan Bautista Echeverria y Latadi. Nondik norat mugitu behar ziren gure zamariak eta zamaldunak? Fronte guzia korritu behar: Orbaitzetatik (Real Fabrica de Armas), Orreaga ondoan, alde batean Iruneraino bertze aldean. Eta armada erasora mugitzen balime zen , haren gibeletik gan behar ere.
 
Zein zen afera zamariekin? Militarrak profitatzen zirela bere probetxu pertsonalendako eta gainera serbizioaren epeak errespetatu gabe. Horrek behartzen zituen abereak eta haien gidariak: abereak lehertzen eta gizonak ezin lan egin beren etxeetan. Honekin lotua dagoen erreferra: Lan hori andreek eta zaharrek egin behar. Eta honi gehitu behar badiogu. Ez dugu ahaztu behar Baztango gizonek, multzo haundi batek, aldi berean soldadu lana egin behar zutela ( lau eguneko txandetan ) mendian eta gauza hauek guziak etxaldeko lanetan nabaritu behar zen, kalterako naski.
Baina segi dezagun bagages ”-ekin.


Bakarrik armadako gauzak garraiatzen zituzten? Alkateari eskapatzen zaio kexen artean: andreak, ez emazteak, profesionalak,  ere daramatzatela : “infinidad de mujeres” errejimenduen gibeletik gaten direnak, “prefiriéndolas a lo más preciso”, zernahi baino gehiago estimatzen dutela”  dio gure Alkate Jaunak.
Erratzuko zimitorioa
Hau zen dena? Zoritxarrez, ez. Heriotza. Heriotzak Baztan laket izan zuen egun horietan. Orain artio kontatua , umekeri galanta. Gerra honetako Baztango batailak eta borrokak, berez Frantziarendako eta Espainiarendako anekdota hutsak dira, alboko kalteak/daños colaterales/dommages collatérals. Beren historiografian ia ez da agertzen ere, baina Baztango Herriarendako, bere jendearendako, guretako : hondamendia eta akabaila.
Zertaz? Baztango paperetan ia ez da agertzen baino Erratzuko “Libro de Defunciones-en”, bai. Urte horietan mila biztanle izanen zituen Erratzuk. Aitzineko urteetan hamabortzen bat hilko zen urtero baina gerra hau hasi zenetik, 1793. urtean,      60 erratzuar baino gehiago zendu ziren.  1794. urtean, Urtarrilean 15 hil ziren, Otsailean 10, Martxoan 21, Apirilean 37, Maiatzean 20… Ehun baino gehiago uda ailegatu zeneko. Eta hori “Libro de Defunciones a” hortxen mozten delakoz zeren Erratzuko bikario jauna, Don Juan Luis de Endaraz, eskapatu baitzen Iruñea aldera. Erran gabe doa kausa bakar batengatik ez zela izan. Tiroz, armaz, bortxaz Erratzun hil bakarra Tomas de Baquedano izan zen : Gaizoa, jakin izan balu bere hiru haur apirilaren bederatzi eguneko tarte batean hilko zirela hurrengo urtean…. Zerk hil zuen bere familia? Izurritea, eritasun kutsakor bat. Zerk /Nork ekarria? Armada espainiarrak.  Ez espainiarra zelakoz, armada baizik zelakoz. Gero frantsak sartuko direnean, gauza bera. 
Arizkungo konbentua
              
Armada espainiarra kutsatua dago: bortz ospitale antolatuko ditu Baztanen. Arizkunen bida: bata herriaren barnean ,  Franciscanas Recoletas en komentuan (250 ohatze), bertzea La Maria Rita-n” /Lamiarrita (70 ohatze), Elizondon bertze bida: bata Casa de Misericordian(300 ohatze) , bertzea Askoko jauregian (konbalezientendako) eta hondarra, Iruritan, elizaren eta zimitorioaren ondoan (95 ohatze) Oro har 715 ohatze eta denak betetzen ziren! Elizondokoan  baita lurrean ere jartzen zituzten eriak. Baina norendako ziren ospitale hauek? Militarrendako. 

La Maria-Rita / Lamiarrita

Zein eritasuna zen? Mediku militarrek diote sukar kutsakorrak, tirriteriak, goitikak, bularreko minaketa sasoiaren arabera, gero eta hotzago, gero eta kasu gehiago. Zenbat soldadu eritzen zen? Aunitz, sobera, 30.129 soldadu eri 11 hilabetetan fronte guzian. Hilkortasuna? Zenbat eri hiltzen zen? Denborako, apala.                                           Uda aldera % 5, eta neguan % 10.   
                                                                                                                         Baina herriko jendea? Lehenago errana, alboko kaltea armadarendako. Armada espainiarra Baztangoizan agertu zenetik, 1793.aren hasieran, ihes egin zuen artio, 1794.aren Uztailean, 180 erratzuar hil ziren. Urte akitzekotan, 220 izanen dira! Eta gure alkate Jaunak ez du ja erraten! Bon, bai, frantsak sartuko direnean, orduan bai, orduan, erranen du frantsek haiekin izurritea ekarri zutela. Baina ez dezagun gauzak aitzinatu.  Uda ailegatu baino lehen Erratzuk nigar batean egon behar zuen, batez ere Apirilean eta Maiatzean, ikusten zelarik familiaka hiltzen zirela: hiru Baquedano, lau Otondo, bi Igoldi, lau  Yracelay… batzuetan epe motz batean, 9 egunetan, 6 egunetan, hilabete batean…  Heren bat , ± 50, haurrak, hamar urtetik behitira. ± 40, berrogeita hamar urte  baina zaharragoak. Hau da, gehienak zaharrak eta gazte gazteak. 

Zimitorioko hilarria : Merkatenea

                                 
Zertaz? Mediku militarrek (mediku zibilen iritzia ez dakigu) zioten epidemia kutsakor bat zela, airez kutsatzen zuela baina gaur egun ematen du ura izan zela benetako transmisorea. Bazkariari ere errua botatzen diote, guti eta txarra. Konparazionez, sobera arbi jaten zutelakoz, baina arbiak aziendarendako bazka prestatzeko zen…  Zer ari ziren jaten gure erratzuarrak? Eskax ? Gosea? Zertaz jende arruntaren hilkortasuna hain altua (%25) eta soldaduena (%7) hain apala? Batzuek (armada) jaten zutelakoz eta zibilek ez? Bertze zerbait? Dena nahasia? Hori bai, bortxaz ez ziren hil, gerra izan arren: hau kontra-errana.
Arizkungo karrika bat
Baztango bertze herrietan? Arizkunen, konparazionez, Baztango herri haundiena zen orduko denboretan. 1.400 biztanle? Urtero hogeitamarren bat hiltzen ziren. 1.794.aren ekainerako 90 arizkundar zendu ziren.Pentsatzekoa da Baztangoizan gertatzen ari zena, Baztango bertze kuarteletan antza berekoa izanen zela. Elizako liburuen arabera jendea ez da ezkontzen, haurrak ia ez dira sortzen. Baztanen bizitza gelditzen ari da, moteltzen. Ekainean gaude: zitu sasoia. Nork bilduko du zitu hori?
Ondorengo atala : 4. Kapitulua. 1794 : Hondar guda.

martes, 19 de febrero de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 1. Kapitulua

Orok dute bere historia,
Baztanek ere.
Historia baten anekdotak eta ixtorioak, 
ideiaren bat izateko.


Baztan 1792 ... 1795

Baztan eta Convention-en
kontrako gerra.

1. Kapitulua: Prestaketa. 1792

Frantzian hasi zen. Iraultza deitu zioten eta 
Europako oinarriak inarrosi zituen : Herriak Erregeri agintzen !!! eta baita preso hartu ere. Horrekin frantsek Europako monarkia guziak haserrazi zituzten (1792) eta azkenean eta ondarrean, beren

Luis V Roi de Navarre /Louis XVI roi de France


















Errege propiori, Luis V, hau da Nafarroako Erregeari edo, Frantziakoari Louis XVI  , lepoa moztu.

Oharra: Orduko euskaran Errege erraten zen errege propioari, ez ErregeA .


Hori bakarrik? Bai to! Apostolikoak zirenez, nahi zuten beren Iraultza Europan barna hedatu eta kristo guzien kontra hasi ziren borrokan: Espainia,Austria, Prusia, Saboia, Belgika, Napoles, Holanda,
Ingalaterra...

Europa : 1792-1796

Baina gauzak ez dira bat-batean hasten.

Nafarroa erresuma bat zen orduan eta Sistema Zaharreko estruktura zuen : Nafarroako Korteak  hiru estatuetan banatzen ziren ; lehena :Eliza,bigarrena: Noblezia, eta hirugarrena: Hiri Onak eta Unibertsitateak. Denen "mahai-burua" erregearen
(Carlos VII Nafarroan, Carlos IV Espainian) ordezkoa,biserregea, Conde de Colomera.



Eta  naski bere armada edo OSTEA/HOST/ HUESTE zeukan, baina armada hau ez zen iraunkorra; bakarrik arazoak zirenean biltzen zen : Apellido deitzen zioten horri (pena ez jakitea nola deitzen zitzaion euskaraz, OSTE-DEIADARRA? ) : Nafarroako 18 (kasuetan gazteagoak) eta 55 urte tarteko gizonak, beren Udal Etxeen atarietan, beren eskopeta edo fusilarekin aurkeztu behar ziren. Ofizialak edo nagusiak, herriko alkateak. Konparazionez, Baztanen gure alkatea, berez, "Capitan a armas" zen. Eta armadaren helburua argi eta garbi :
Nafarroa defenditzea; nafarrek Nafarroatik kanpo ez zuten borrokatzen. Bake denboretan, denak etxera.
Baztango Udal Etxea/Balleko Etxea

Hori bai, espiritu martziala mantentzeko, hiru urtero  alardea. Gure kontua hasten den urtean, 1792, eta Maiatzak 30 egun zituenean, Baztango 14 herrietako barrideak ,etxeko-jaunak edo etxaldekoak, maizterrak ez, Udal  Etxearen parean, atsaldeko ordu bietan present egon behar ziren Alardea egiteko (ez du ematen desfilerik bazela), armak erakusteko eta hauek errebisatzeko. Bakoitzak bere eskopeta, 1/2 libera bolbora eta 12 bala ekarri behar zituen eta nola arma guziak errebisatzeak afera luzea izan behar zuen, bi mahai antolatu zituzten lana arintzeko.

Alarde konbokatoriaren puska bat

Jakin badakigu urte horretan 768 eskopeta badirela Baztanen, baita ere 1.478 gizon kapable armak erabiltzeko. Azpian agertzen den fotoan ikus daiteke nolako gizartea zen orduko Baztan. Bi datu falta dira : apezak, zenbat? eta gizon kapable horien artean, zenbat ziren maizter. Baztan erdia? 1.478 gizon ken 768 eskopeta, 710 gizon armarik gabe. Maizterrak? Sobera ematen du. Baina orain ez da momentua afera hau tratatzeko.


Baztango Armada

Segi gaitezen gure kontu tristearekin. Bai, tristea izan zen, arront. Frantzia aldetik etortzen ziren ideia berriak, haundikiek eta apezek, eta nola ez, herriaren parte haundienak ez zuten batere maite. (Bon, disidenteren bat beti izanen zen... seguro,  edo aunitz?).          
Alarma. Erlijioa, arriskuan. Errege, arriskuan. Espainiako osotasuna, arriskuan. Udala bildu eta 1792.eko Azaroaren 4an, alkate jaunak, Juan Bautista Echeverria y Latadi, eta kargudunek, batera, erabakitzen dute Baztanek batailon bat presta zezan  8 konpainiarekin, 95 soldadu bana. Baita ere, konpainia bakotxak Kapitain, Teniente, Su-teniente eta danborrero bana izan behar zituela. Oro-har, 760 soldadu, 24 ofizial eta 8 ttunttunero. Konklusionez, denboretako armada ttipi bat.

Ofizialak, DON ziren, erdara jakin behar zuten, Espainiako armadarekin elkar ulertzeko eta beren herriko konpainian aritu behar ziren beren menpeko soldaduak ezagutzeko.

Kondizionamendu gehiago baziren. Ahal zen neurrian konpainietan herri berekoak izan behar ziren, bertzenaz bertze herrikoekin batu. Holako zen Baztango Armada.

     Koronela :    Alkate jauna : Don Juan Bautista Echeverria y Latadi
                    Teniente Koronela         : Don Martin Josef de Echenique
                    Sarjentu Nagusia          : Don Josef Juaquin Gaston

1. Konpainia             : Erratzu
    Kapitaina                 Don Juan Anselmo Landabere
    Tenientea                Don Juan Martin de Arozarena
    Su-tenientea            Don Juan Thomas Echenique
    Danbolina                Ez du izena ematen. Gauza bera bertze konpainietan.

2. Konpainia               : Arizkun
   Kapitaina                 Don Miguel Gamio Yrigoyen
   Tenientea                Don Andres de Cordova
   Su-tenientea            Don Juan Martin Echenique

3. Konpainia              : Irurita + Aniz
    Kapitaina                Don Juan Pedro de Dolagaray
    Tenientea               Don Fermin de Archeberroa
    Su-tenientea          Don Francisco Almandoz

4. Konpainia             : Almandoz + Oronoz + Elbete
    Kapitaina                 Don Juan Bautista Echeverria Jauregui
   Tenientea                 Don Josef Leandro Barberena
   Su-tenientea            Don Juan Antonio Echenique

5. Konpainia              : Azpilkueta + Lekaroz
    Kapitaina                Don Juan Bautista Mayora Guillena
   Tenientea                Don Jaime de Larrachea
    Su-tenientea          Don Francisco Naz. Migueltorena

6. Konpainia              : Ziga + Gartzain
   Kapitaina                Don Juan Bautista Mayora Iturralde
   Tenientea               Don Nicolas de Landa
   Su-tenientea           Don Juan Fermin de Gamio

7. Konpainia               : Berroeta + Arraioz
   Kapitaina                Don Martin Miguel Echeverria
  Tenientea                Don Juan Francisco Barberena
   Su Tenientea          Don Juan de Dolagaray

8. Konpainia               : Elizondo
   Kapitaina                 Don Juan Jose de Aldecoa
  Tenientea                Don Serafin Santesteban
  Su-tenientea            Don Juan Bautista Arrayago

Soldaduak? Baztandar gizon guziak, etxeko-jaunak eta maizterrak, 18 eta 55 urte tartekoak. Etxe batek ez bazuen jenderik, lagundu (pagatu) behar zuen eta bizitzeko ez zutenei, maizterrei, Baztango Udal Etxeak pagatzen zien. Zenbat? Ez dakigu oraindik.

Armak, nondik? Iruñean eskatu, utziak, erreziboren kontra : 760 fusil, bere baionetarekin, gehi 1.500 libera bolbora, gehi balak, gehi 1.000 sukarri (pintarrak egiteko harriak) eta 760 ezpata. Eskaera Azaroaren 17an egina eta bortz egun beranduago, Azaroaren 22an, erantzuten dute : 528 fusil bere baionetarekin, 570 libera bolbora, 18.240 bala eta 1.000 sukarri. Ezpatarik ez. Naski, erreziboarekin.

Kontuak egin ondoren, konpainia bakotxari 67 fusil eman eta nola 28 fusil falta ziren, herriko jendearen artean eskopeta hoberenak hartu.

Armatu ondoren, instrukzioa : gauero bildu behar, soldadu bezala mugitzen ikasteko eta besta egunetan, tiro praktika : sei kartutxo bana. Norbait faltatzen balime zen, pezta bat multa, bigarren aldian, 3 pezta eta hirugarrenean, 8 egun kartzelan. Eta biltzen zen sosekin? Xorta bat troparendako.

Uniformea? Naski baietz: eguneroko arropa, baina ezkondugabekoena, hau da, txaketa eta txaleko gorrixka, boneta azula, galtzak motzak eta beltzak, eta oinetan espartinak edo abarkak, haien gustura. Norbaitek ez badaki, ile luzea zeramaten, zinta beltz batekin bildua. 
Soldadu baztandarrak : Iduri hau kopia bat da. Orijinala gero ikusiko dugu 



Kapusaiak



Neguan? Kapusaia. 

 Orduko ezkonduek zapel zabal bat jaunzten zuten.

Konpainia bakoitzak danborreroa behar zuen, baino gero historia guzi honetan ez dira agertzen. Suposatzekoa da, herriaren barnean pasoa edo urratsa markatzeko izanen zela edo nesken paretik gure mutilak galanki desfilatzeko, batek daki.

Konpainia bakoitzak erabakitzen zuen non eta zein seinaleekin bildu, normalki herriko plazan eta ezkila jotzen. Argi dago disziplina izan behar zela nagusia eta norbait ez bazen behar zen bezala portatzen, kartzelara igortzen ahal zuten ofizialek.

Nafarroako Armada

Sistema Zaharrean gaude eta Nafarroak bere eskubide/eskumena zuen bere armada propioa prestatzeko. Alde batetik, mugako haranek (Baztan, Aezkoa, Erronkari...) Baztango kasuan ikusi dugun bezala, bazuten eskumena beren konpainiak antolatzeko eta hori egin zuten. Bizkitartean, Nafarroako Korteek (Hiru Estatuek) bi batailon : Batallon de Voluntarios de Navarra, bere kapitaina Don Luiz de Gainza, eta 2º Batallon de Voluntarios de Navarra, bere kapitaina Don Beremundo Ramirez de Arellano, antolatu zituzten. Aldi berean eta noizenbehinka bertze herrietako nafar konpainiak igorriko dituzte ere : Urroz, Etxauri, Galar, Artaxona, Bertizarana, Anue, Puente La Reyna/Gares, Olite, Biana... daude zerrenda horretan.

Hiztegia : Orduan Konpainiak multzo ttipia erran nahi zuen, ehun soldadu inguru ( 70, 80, 90, ...) eta 
Batailonak  8 konpainia ( 500, 700, 800... soldadu konpainaren arabera)

Konpainia hauetakoek lau kuarto/cuatro cuartos (prest-a ?) eta ogi bat kobratzen zuten egunero, eta espainiar armadaren fusilekin (baztandarrak bezala) ornitzen ziren.
Voluntarios de Navarraren bandera

Espainiako Armada. Gerra honetan, hiru armada espainiar baziren, hiruak Pirineoetan : bata Katalunian, bertzea Aragoen eta hirugarrena gure aldean, Gipuzkoan eta Nafarroan. Hemengo armadaren burua Ilustrisimo Señor General en Gefe Don Ventura Caro izanen da eta Baztandik pasa ziren tropek, zerrenda luze bat betetzen dute:

Soldadu espainiarrak, 18. mendekoak
Regimiento Provincial de Burgos
Regimiento de Infanteria de Africa
Regimiento de America
Compañia de Cazadores de Galicia
Granaderos del Regimiento Provincial de Avila
Voluntarios de Aragon
Granaderos de Leon y Toledo
3º Cazadores de Toledo
Granaderos Provinciales de Castilla
Granaderos del Regimiento de Asturias
Regimiento de Ubeda (bitxia, Andaluziako bandoleroak!)
Regimiento de Toledo
Regimiento de Infanteria de Leon
Granaderos y Cazadores de Ciudad Rodrigo
Legion Real (frantsak, emigrés)
                                                      Caballeria (Farnesio-Dragones de la Reyna-Linea del Rey)


Argi dago denak eta denbora berean ez zirela egon, baino horien izenak Baztango paperetan agertzen dira.

Amaiur Villa de Maya zen orduan eta Baztandik bereizia. Horrek behartzen zion haien dermiotan ziren tropa espainiarrrak, haiek mantendu behar. Apezak kexatzen da jasanezina zela herriarendako. Zeinek ziren tropa horiek?


Ultoniako soldadua

Regimiento de Ultonia (irlandarrak?)
Regimiento de Irlanda (irlandarrak?)
Regimiento de Ybernia (irlandarrak?)
Regimiento de Milan
Guardias Walonas (belgiarrak?)

Zenbat ziren armada espainiarran? Gure alkate jaunak dio 9.000 soldadu baino gehiago bazirela azken momentuetan Baztanen (frantsek erranen dute 4.000 zirela). Pentsatzekoa, Erronkaritik Hondarribirainoko muga soldaduz betea zagoela, teorian 18.000.

Nolako harremanak baziren Baztango, Nafarroako, eta Espainiako armaden artean? Foruek markatzen zituztenak. Espainiako Armada, Espainiako erregeak mantentzen zuen (soldata eta janaria) baino Nafarroak, gure kasuan Baztanek, hornitu behar zion foruek markatzen zituzten gauzekin : ohatze bat bere koltxoiarekin, azpian lastaira eta alkitto bat, manta bat, bi maindire eta "utensilioak", hau da, kazpel bat eta pitxer bat, eta kriseilua argia izateko. Ez dago argi nola aplikatzen zen hori. Printzipioz hola izan behar zen Espainiako armada gure dermiotan zagoelarik, baina gerra honetan dirudienez, bakarrik ofizialei zegokien.

Nafarroako Korteen oharra

Erran dugunez, Ventura Caro Jeneral espainiarrak agintea zuela Nafarroan eta Gipuzkoan, eta Baztango eta Nafarroako batailonek hari obeditu behar. "Paysanos" edo "paysanage" deituko diete. Nola erranen zioten nafarrek beren buruei? Paisanoak, herritarrrak, herrikoak, Herria, naturalak, boluntarioak, nafar soldaduak? Batek daki, hori bai, aginduak goitik, Ventura Carogandik, etorriko ziren, baina soldadu nafarrengan ofizial nafarrek zuten agintea, ez espainiarrek, eta honek kalapita franko sortuko du alde honetako armaden artean.

Baigorriko Armada. 1792.eko azken hilabeteetan frantsek ikusi zuten nola Espainiako Armada hornitzen ari zen eta bada ez bada, haien armada prestatu zuten ere. 1792.eko abenduaren lehenerako Garazi inguruko herriek lau konpainia zituzten prest : Harispek (baigorriarrekin) 125 gizon zituen, Iriartek 117, Lassallek 115 eta Berindoaguek 110.
Hiru hilabete beranduago zortzi konpainia ziren eta urte akabailarendako, 1.800 mutil. Boluntarioak denak, omen. Baztandarrek bezala, kapitainak, tenienteak/liutenienteak eta abar zituzten eta baztandarrek bezala ttunttuneroak, lau!, eta turutak ere konpainia bakoitzak. Doikebe asotsa maite zuten gure baigorriarrek. Paperek diote instrukzio eskasa zutela, aski elkar martxak egiteko, gero borrokatzeko, bakanduak.
Diferentziaren bat baztandarrekin? Uniformea, ez, doike. Baztango Alkateak holako batean dio, "arroparengatik" ez zirela bereizten baztandarrak eta beren barride "frantsak", eta haien kronistek diote harridura sortzen zutela beren arropa bitxia (gorria) eta uniformitateren falta, baita ere haien garraxi basengatik (irrintziak) eraso egitekotan.
Baigorriko Chasseurs Basques : Orijinala

Diferentzia bakarra, printzipioz, nork hautatzen zuen konpainiako kapitaina : soldaduek.
Haien artean, fama izanen zuela, Jean Harispe, (Joanes Harizpe adixkideendako) gure Baigorriko barridea. Eta konpainien izenak? Chasseurs Basques (1.2...9.), hau da,Euskal Ihintzilariak edo Eskualdun Xasurrak ( Chasseur = Xasur).

Dena den, denborarekin gure Chausseurs Basques txaketaz/jiponaz aldatu zuten, baita historia luzea izan ere. 

Frantziako Armada. Iraultza ondoren, Frantziak Armada berri bat jarri zuen martxan. Bitxikeria: Komisarioak (comisaires politiques) zituzten, eta hauek ez bazuten jeneral edo ofizialen bat gustukoa, kargotik kentzen zuten, ez bazuten gillotinara igortzen. Gerra hasten denean, Cavaignac eta Pinet Zaharra dira gure zonaldeko komisarioak eta Servan jenerala, Jeneral Nagusia.

Soldadu frantsak

Gerrako lehenbiziko hilabeteetan frantsen armadak 9.000 gizon zituen Hendaiatik Luzaideraino, eta horietarik 3.600, 6 batailon, Baztanen parean ziren, Baigorrin, Bankan, Alduden eta Garazin.
Haien burua, La Genetiére. Haiekin batera, Eskualdun Xasurren bederatzi konpainia, eta bertze bat Paristik etorria/jina.

Kapitulu guzietan erabilitako materiala:

Baztango Udal Artxibategia, kutxak 245 eta 246. 
Batez ere, bere    transkripzioa : Baztan.El relato: Guerra contra la Convención.(Internet)
BNE."Mercurio de España"(1792...1795) (Internet)
"Memoires sur la dernière guerre..." Citoyen*** (1901) (Internet)
"L'armée de Pyrénées Occidentales" M.Ducéré (Internet)
"Sucesos memorables de la guerra de España con la Francia..." (1795) (Internet)
Archivo General de Navarra - Legajos 9,10,11.
"Epidemias, hospitales y guerra en Navarra... 1793/1795" Rojo/Riera (Internet)
"Le Chef de Brigade Harispe..." Cpt.Labouche (Internet)
"Guerra contra la Convención"(nº 106) Florencio Idoate
"Sombras en el patrimonio artistico navarro: la guerra contra la Convención en el Baztan" Tirapu/Azanza
Argazkiak, gehienak, Internetetik hartuak.
Jakin badakigu badela tesi bat honi buruz “Memoria de Guerra del Valle de Baztan.1792-1796”              Angela Arvizuk egina baina ezin izan dugu inon aurkitu .
Itzulpenak : Eneak, libreak eta laxoak !!!
Ondorengo atala : 2. kapitulua : Gerra.1793