viernes, 22 de marzo de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 4.Kapitulua

4.Kapitulua : 1794.Baztandarren hondar gudak.

 





1794 . Ekainak 3 zituen. Goizeko ordu txikietan frantsen armada mugitzen. Zer pasa da? Frantsek bere Armada berritu eta berratu dute: La levée en masse ”, 800.000 soldadu zutik jarri, barneko aferak xuritu edo hobekio gorritu (Frantzia barnean aferak zituzten ere) eta fronte guzietara, gurera ere, batailonak igorri. Gure kasuan, betiko taktika : 4.000 soldaduekin itxura eman Orreagan jo behar zutela baina helburua Baztan zen, ohartxo batekin “Chasseurs Basques”-endako,” faborez , jaunzten dituzue txaleko gorri horiek, ken itzazue !!” edo holako zerbait.
Eguna argitu gabe La Victoire jenerala eta Harizpe jauna 2.300 soldaduekin Berderiz atakatzen. Lefranc jenerala 2.000 lagunekin Izpegi jomuga. Castelvert jenerala 1.500 mutilekin Otsondo aldera. Denak ordu berean. Zein motako erlojuak zeuzkaten?

Fortinaren planoa

Lehen fortinaren honddarrak. Mugarri 119

Berderiz: La Victoire jenerala ( hori duk izena!) bere tropen aitzinean, heriotz zigorra agindu diote ez badu irabazten ”, ausartena… lehenbiziko tiroen artean bat beretako, hil ondoren Harispek agintea hartu eta bere Chasseurs  Basques -ekin Berderizko lehen fortinaren ( bi kainon, sumendi bat zirudien sua goitika egiten ” ) kontra egin. Baigorriarrak lurrean etzanda, esperoan, eta txiripaz momentua berehala ailegatu zen : ustekabean fortineko bolbora kupel batzu lehertu eta Chasseurs Basques -Eskualdun Xaserrak  “Baigorri, hil edo bizi !!!!” gainera erasoka. Espainiarrak, Regimiento de Zamora, ihes ondoko bigarren fortinera, 450 metrotara, Casa Fuerte”-ra, bere fosoarekin, hori bai lehenik kainonak hondatzen saiatu ondoren hauek lurrean finkatzen. Harispe? Lehenengo fortin berean “Adjudant General Chef de Brigade” izendatu zuten. 


"Casa Fuerte". Mugarri 118

      
Bigarren fortina , hartu ezina. Baina frantsek kainon espainiar bat martxan jarri lortu zuten eta Casa Fuerte aldera jarri. Han eta orduan akitu zen borroka : Coronel bat, 27 oficial eta 281 soldadu , Regimiento de Zamorakoak, preso.





G = barracon para el Comandante de Yzpegui
N = barracones para oficiales y tropas            
P = Cuerpo de Guardia                                     
R = retrincheramiento en el collado              
S = 1ª avanzada (gaurko Kuarteleko Kaskoa)   

 Izpegi: Gaztelu bat zirudien, harrizko paretekin; ez zuen kainonik baina ongi hornitua zegoen. Frantsek betiko taktika: Elortatik (Elorrieta zioten orduan) puska bat, bertze bat Buztanzelaitik eta geratzen direnak, zuzen. 2.000 frants ziren. Espainiarrak ziztuz Erratzura. Bon, 2 hil, 20 zauritu, 70 preso (Cazadores de Galicia eta Granaderos de Castilla) han gelditu ziren eta hori bai zaldi bat hila eta bertze bat larri kolpatua /un caballo muerto y otro herido gravemente .
Gure ezker aldera (Erratzutik begiratua) geratzen ziren Gartzabaleko fortinekoak eta Arietako lepokoak ohartu zirenean zer gertatzen ari zen Izpegin, ospa ere herrirat tirorik bota gabe.

Alkurruntz eta Otsondo
 Otsondo : Col de Maya zioten. Hemen ez zen Izpegin bezain errexa suertatu inbasoreendako baina lortu, lortu zuten ere. Alde hau ez zuten baztandarrek zaintzen.Hortaz izanen zen? Amaiur orduan Villa de Mayazen eta bere dermioa , amaiurtarrek defenditu behar.
Ekainak 3 zituen eta atsean Baztango lepo guziak (Argintzu ezik) gehi Otsondoko gainak frantsen eskuetan.
Alta politica” : Ventura Caro Kapitain Jeneralak frantsen eskuetan Baztan uztea proposatzen du, Iruñea aldera erretiratzeko, baino Madrilgo gobernu berriak , Godoy faboritoak, ez du hori onartzen. Caroren dimisioa onartu eta Conde de Colomera, Nafarroako Biserreia/erregeordea, kapitain jenerala izanen da. Baztanen Juan Gil jenerala eritu eta bere ordez, Joseph Urrutia jenerala. Eta zer dio Urrutiak egoera honetaz? Jende guti duela kontra eraso egiteko. Gainera, hori da frantsek nahi dutena: bera Izpegi aldera erakarri eta bere gainean erortzeko, Elortan, Ubedon, Gorramendin, Itzulegin , Otsondon eta Larron (Azpilkueta gainean) dira etsaiak prest. Lehen lerroa (Baztango lepoak) desegina, bigarren lerroa , Amaiur, Erratzu eta Arizkungo herrietan, karriketan, jartzen dute. Orduan Urrutia lo egitera Erratzura erretiratzen da.
 
         Manuel Godoy          Ventura Caro       Conde de Colomera      Josef Urrutia      

Ekainak 5, arratsaldeko lauetan Conventionekoak  hasten dira Erratzu aldean zirikatzen. Italatzea aldean agertzen dira. Gaur egun leku horretan ez da ezta honddarrik geratzen baina denbora hartan dirudi Erratzutik Izpegira gaten zen errege-bidea  Iñarbilen barna (Yarbil orduan) Italatzeara, hortik jausten zela Araneara eta handik Izpegira. Gaurko San Gregorio ermitako gainekaldean bada muino bat, gaur egun larraska bat dena,  eta hortxen fortin bat bazen (assez forte diote frantsek aski gorra ”) errege-bidea zaintzeko. Urrutiaren indarrek eta 1. eta 2. konpainiakoek kontraeraso egin zuten baina argi zuten ez zirela urrundu behar. Xikanaren beldur. Hondarrean ez zen deus pasa. Amaiurreko aldean gauza bera. Inguruko mendi guziak etsaiez beteak: Larro, Alkurruntz, Gorramendi. Joseph Echenique kapitainak Elizondo, Elbete eta Azpilkuetako konpainiekin, Granaderos de Castillak, Provinciales de Galiciak… lortu zuten iraultzaileek Amaiurreko gaztelua ez zezatela inguratu.  


Hondoan , Gorramendi eta Erratzuko Azkarate auzoa
                                                                                           
Erratzuko Azkarate aldean ere agertu ziren, harat gure J.J.Gaston, Iriarteko semea, erratzuarrekin borrokara. Urrutia jeneralak kontatzen du nola, atsaldean, Gorramendiko kaskotik Izpegiko leporaino, kasko guziak bete zituzten frantsek,me han hecho una parada portentosa / alarde erakusgarria egin didate… 16 mila gizon baino gehiago…”  Baztangoizako zeru muga soldadu frantsez betea ! Bista ikaragarria izan behar zen, denak kakina, seguru. Bada ez bada, Urrutiak berak Erratzu eta Arizkun artean, errepidearen gaineko aldean (Zilaieta, Pertalats ???) bere tropak biltzen ditu.
 



Ekainak 16. Leienda bat gerra honetarako maiz erran den historiako liburuetan: nafarrek ez dutela borrokatu nahi. Konparazione bat. Lehenago aipatu dugun bezala, Nafarroako Erresuma (Reyno), hau da, bere Hiru Beso/Estado, Nafarroako edozein lekutik bildutako “paysano-ak” Baztanera igortzen ari zen. “Paisanage-ren” jenerala D. Manuel La Peña da eta karta batean Gendulaingo Konteari komentatzen dio nola 2.000 “paisano” bazirela Iruritan, bi mila!, eta horietarik 300 bakarrik gelditu direla , bertzeak haiei kontrakoa eskatu arren, etxera joan direla, are gehiago, haien ofizialez bulkatuak! Zertaz ez dio, baina dirudienez “paisano” gehiago ailegatzen ari dira. Lau mila, 4.000, baino gehiago ekarri dituzte, denak nafarrak. Hori bai, arazoak kazpelekin, ez dira kazpel franko denendako. Arazoak instruzionearekin ( nekazariak, artzainak, maizterrak … dira), arazoak armekin,ez dauzkate fulsilak denendako,  arazoak lo egiteko lekuekin, arazoak profesionalekin, Espainiako armadarekin. Hau Nafarroako armada, kexa hutsa!
 




Frentea pixkat baretu zen. Hala ere, Baztango lepo bat eta bakarra oraindik espainiarren eskuetan zegoen: Argintzu.     
Uztailak 10. Argintzuk (eta Loiluzeko Munoa, gaur egun Loilurzeko  Harria) estrategikoki Iruritako bidea eta batez ere Eugikoa zaintzen zituen. Eugik “Fabrica Real ” bat zuen non espainiarrek muniziona fabrikatzen zuten. Hortik aparte, bereizia zen frantsendako, zeren bere defentsoreak La Légion Royale des Pyrénees ” baitziren. Zer/Nor zen “La Légion Royale” hori? “Emigrés”, hau da, Frantziako Conventionen kontrako frantsak. Haien burua, Marquis de St-Simon : San Simon Markesa. Multzo ederra:1.613 “combatants . Haiekin Regimiento de Zamora -ko hondarrak. Frantsak, 4.000 soldadu, hiru zutabetan goizeko ordu bietan jarri  ziren martxan. Bi zutabe xuxen joan ziren, pintza modukoan, eta hirugarrenak, buelta haundi bat emana, gibeleko aldetik jo behar zuen. Borrokan lotu ziren baina hirugarren zutabea, La Tour D’Auvergne burua, berandua ailegatu zen, ordu laurden bat, hamabortz minutu !!! aski “emigrés”endako xikanaz ohartzeko eta ziztuz eskapatzeko Iruritaraino. Regimiento de Zamorakoak 93 gizon utzi zituzten kolpatuen, hilen eta presoen artean.    




Emigrés (xuriz) borrokan (Quimberon/Bretaina)
Emigrés-ek 100 hil eta 49 preso. Azken hauek, kronista frantsak dionez pour être executés révolutionnairement ”: gillotina. Hori bai, “emigrés”-ek borrokatu zuten   kuraiaz / avec courage frantsak zirenez.. . St-Simon Markesa, bala bat bularrean, erortzekotan egon zen, eta harrapatzekotan zirenean hala erran zion bere etsaiari: Oñik ez, zatoz nire bile, ausartzen bazara ! “ Hala kontatzen dute historia frantsek…  Eta gure alkateak, zer dio? Frantsek aprobetxatu zutela bizkitartean behorrak, ardiak, ahuntzak eta zerriak ebasteko.










Gatazka honekin, Baztango lepo guziak iraultzaileen eskuetan ziren. Uztailan gara eta ogi/gari zitua biltzeko tenorea hurbiltzen ari da,zeren Santiagorako hasten baitziren beren urte guzieko ogia biltzen...

Don Joseph Urrutia jeneralak bere egoitzatik, Arizkungo Casa-Rectoralan, ikusten ahal ditu Otsondoko gainak: Nola Bague/Bagoi frantsen dendez betea dago, nola Libertateko Arbola landatu dute bigarrenez Baztango  lurretan, nola bide bat Itzulegiraino edo haratago, Nahastegiraino egiten ari direla, nola bide hortarik kainonak garraiatzen dituzte , eta nola Uztailaren 23ean, kainon horiek Amaiurko gazteluaren gainetik tiraldi bat botatzen dute seinale moduan: “Hemen gaituzue!”


1794.07.23           Hemen Amaiurko parrokoak eskribitu zuena:
Dia 23 de Julio de 1794, frantsek atakatu zuten Amaiur Gorramendiko maldatik, kolumna formatzen, 12ko kainon batekin baita obus bat ere leku batetik deitzen diotela Naasko gañeco lepoa, nondik atakatzen zuten en partidas de guerrillas, las tropas ligeras en mucho numero a las murallas (Amaiurko gazteluarenak) , gure tropek (harresiak) mantenduak txiki zituzten egun guzia ilundu artio eta etsaiek kainona eta obusa erabili arren ezin pauso bat aitzinetu... gau hartan etsaiak gelditu ziren goizean ziren egoera ber berean.

24an, goizeko ordu bietan abandonatu zuten hiri hau Regimiento de Africa-k eta El Pilarreko ermitan Nafar Boluntarioen kapitan bat gizon guti batzuekin, honek egun honetako goizeko bortzetan edo pixkat lehenxago abisatu zidan baita herriko jendeari ere etsaiak bazatoztela herria hartzera eta ez zela erresistentziarik, horrekin berehala elizara gan nintzen, forma sakratuak jan, ontzi sakratuak bildu eta nere feligreseekin neri segika, gau hartan Arraiz herrian (Ultzama) ginen, jakitean frantsek hartuak zituztela Amaiurko Hiria, Erratzu herria eta handik Iruritaraino egun berean y para que conste, firmo yo el Rector, Don Francisco Gregorio de Gorosurreta”.

Eta holako zerbait eginen zuten bertze herrietako jendeak eta apezek.
 Combats de la vallée de Bastan.( Thermidor 9)  27 juillet 1794 (Mussée de Bayonne)
 Uztailak 24. (Thermidor 6 ) 1794



Gaua. Moncey jeneralak 13 batailon (batailon bakoitzak 1.000 soldadu inguru),  800 zaldi/zaldun eta Baztango lepo guzien nagusia.

Izpegin, Digonet burua, 3 batailon, 300 zaldi eta bi kainon (laukoak) : Arietan, Harizpe burua, 2 batailon; Berderizen, Lefranc jenerala, 3 batailon: Otsondon eta Itzulegin, Moncey bera eta “commisaire” Dubreton, 5 batailon, 500 zaldi eta 6 kainon. Betiko taktika: Mauco jeneral frantsa, 4.000 soldaduekin Orreaga aldera Espainiako Armada harat erakartzeko, bizkitartean Baztanen eta Bidasoa osoan kolpea jotzeko.
Izpegitik jausten dira goizeko lauetan, besoetan kainonak eramaten bidea zakarra zelakoz eta Erratzura ailegatu baino lehen zegoen fortinari, Italatzea, kainokada batzuk bota ondoren, defentsoreak gibelatu herrira, Sumusuko zubia pasata, eta lehenengo etxeetan,gotortuak /crenelées, defentsa berriz saiatu, tiro gehiago eta Erratzu utzi goitiko bidetik (orduko bide bakarra) Arizkungo aldera . Han berriz  gain batean erresistentzia saiatu. Goizeko seietarako Arizkun frantsen eskuetan. Botina: 1.200 fusil, 300 kanpainako denda eta muniziona.

Erretirada.Ihesa. Urrutia jenerala ohartzen ari da Arizkun galdua, Amaiurko gaztelua utzi behar duela bertzenaz erretirada mozten ahal diotela zeren aldi berean Berderiztik frantsak behera badatozte.     Goizeko zortzietarako Amaiur, Azpilkueta, Elbete eta Elizondo frantsen eskuetan. Amaiurko botina: 4 kainon, 200 preso eta 6.000 fusil.  Espainiako armada, 9.000 soldadu dio gure alkate jaunak, erretiradan. Frantsek diote 4.000 zirela. D.Fr.Antonio Filangiery, Erratzutik, 3.000 direla. Gure jendea, ihes, etxeak uzten, Alkateak, gure Capitan a Armas, ez du konprenitzen, ez du ulertzen nola ez diote kontra egiten, nola 9.000 bazkari egunero jaten zituen armada batek  (gehi Baztango batailonak, 800 gizon) ez zen gauza Meakan, Bergarako gainean, Armada frantsa geldiarazteko, edo Iruritako Santa Barbaran (gaurko kanpusainduan) edo Zuraurren.

Gartzain
Paperek diotenez se hace mofa y escarnio del exercito español”. Gartzain hartu dute. Han frantsak gelditu. Irurita parean.



Irurita. Jauregia
Bazkalaitzin… (Iruritan)… tiroketa batzuk… ikusten zuten… landetan, batzuk Gartzainlandak erraten dioten lekuan ziren… eta bertzeak errege-bidean eta Loizu landetan… eta sinistuak ziren lehenak espainiarrak zirela eta bertzeak frantsak.  Izitu ziren… eta etxeak utzi… quadrilla de soldados herrira uihukatzen “¡Que viene la Asamblea!/ Asanblada datorrela!”… baino gero ikusi zuten haien gaixtokeria… izan zen jendea etxeetatik aterarazteko eta lortu zuten… eta dena harpilatzen/ebasten ibili ziren...eta haien gisara … (herrian) gelditu ziren herriko aunitz (baztandarrak) ere ebasten…” kontatzen du gure kronistak.

Atsalderako dena baretu. Baretu? Tropa espainiarrak, gehiengoa Doneztebera eta handik Gipuzkoako aldera eta guti batzu Almandoza eta hortik Lantza. Frantsak Iruritan eta les Chasseurs Basques /Eskual Xasurrak kantatzen:

                                                         Eskualdun Xasurretarik
                                      baginen hiru batallun
                                      hartu behar gintuela
                                      ............................
                                      Irun eta Oiartzun

Nafar herrikideak? Etxera eta Baztango mutilak (Baztango armada propioa) beren familiekin ihes, Belate pasa eta ondoko haranetan eta ibarretan, Iruñerako bidean, galduak.
 Gure Alkate Jauna eta 2º Batallon de Voluntarios de Navarra Almandozen, beha.

Zigaurre, Ziga, Aniz eta Berroeta, tartean, "inoren lurra".

Eta inbasorak, bertsotan :      Otsondoko mendian:
                                              "Nor bizi? Nor bizi?"
                                               Ustez Asanblearen
                                               joan ziren ihesi,
                                              mutuie izan eta
                                              hitz bat ez bihurtu
                                              Urdazubi aldeko
                                              behorrak izitu. 

Ondorengo atala : 5. Kapitulua: Ihesaldia.