6.Kapitulua : Hondarra eta honddarrak .
1794.ko Uztaila akitua eta frente militarra Belateko mendietan eta baztandarrak Herri gabe, Baztan gabe (euskaldun erratuak?) egoera bortitza izan behar, mamuak bihurtuak. Urte batez (1794.aren Uztailatik 1795.aren Abuztu artio) baztandarrak bitan bananduak: edo destierroan Iruñerrian edo bertze aldean, Herrian, frantsen menpean.
Hau dena kontutan izanik, oinaze, negar, aiei-aiei eta hil-elizkizunen artean, non zen gure jendea? Multzo bat, ttikia, zaharrak eta eriak, bertze aldean, Baztanen gelditu zen.
Eta destierrora edo ihesari jo zutenen artean bi multzo, bat ondoko haranetan ( Ultzama, Lantz … Anue) eta hondar multzoa, Iruñean eta bere inguruan (Burlata eta Atarrabia) . Suposatzekoa da aziendarekin joanak zirela lehen multzoan zirela baina batek daki.
Bada bertze multzo bat, gure mutilena. Baztandar gehi amaiurtar gazteak batailon bat antolatzeko, Lizason (Ultzama) biltzea eskatzen zaie; ezkongabeak eta 18 eta 45 urte tartekoak izan behar. Alkate jaunak Batallon de los Bascongados/Euskaldunen Batailona (orduan Bascongado-k euskalduna, euskaraz mintzatzen zena, erran nahi zuen) deituko dio, ofizialki, 3º Batallon de Voluntarios de Navarra.
Eta gerra aitzina jarraiki. Frantsek Gipuzkoa aldera jo, Donostia hartu tirorik gabe, Deba ibairaino eta Urriaren 16.an Iruñearen aldera bortizki jo. Lantz, Ultzama eta ondoko haranak konkistatu eta Iruñearen parean plantatu, zeren leku horiek defenditu behar zituzten jeneralek, Mariscal de Campo Gaspar Paternó (Ultzaman) eta Teniente General Don Francisco de Horcasitas (Lantzen) “etsaia ikusi gabe, aski izan … zetozela jakitea, abandonatu baitzuten … eta beren armadekin erretiratu baitziren Iruñerat…”, hola dio gure kronistak. Mugimendu honek gure eskapatuen lehen multzoa bete betean harrapatu zuen eta “etsaien eskuetan erori ziren, beren altzariekin eta aziendarekin, ihes ezina… eta nola arto zitua biltzeko denbora zenez… barride aunitz, jabeak eta maizterrak… itzuli ziren Herrira. Bertze arrazoi bortitza izan zen… frants gutti batzuk han zirela… eta ez zietela jendei… inolako bortxa egiten… baita ere… etxe hustuak… kaltetzen zituztela…” Eta hala dugu nola Baztandar multzo haundi bat etxera , bertze aldera, bueltatu zen.
Naski, arto guti geldituko zen landetan baina hobe beren etxeetan inon baino. Gainera , Azaroan ogia/garia erein behar, ondorengo urtean zerbait jan nahi bazuten.
1794.Azaroaren 24an, frantsak saiatuko dira Iruñearen kontra: gure 3º Batallon de (Bascongados) Voluntarios de Navarra nabaria defentsan. Egia erran, bakarrik Baztango paperetan eta “Libro de Defunciones”-en agertzen da batailon hau; sinetsi beharko dugu zinez izan zela! Bon, izan izan zen baino ekintza guttikoa.
Eta halako batean, frantsak desagertzen dira Iruñeko aldetik. Baztan-Bidasoa-Gipuzkoako aldera erretiratzen dira negua pasatzera “ Maiatzean itzuliko direla Iruñea konkistatzera” erran ondoren . Haiekin ere , erran dugun izurriteak gure zokoetan negua pasa zuen . Gerra hau baretuko da hiru hilabetez. Negua akitua, izurritea ere.
1795 1795 1795 1795
1795. Neguan ez da inor mugitu baino udaberriarekin erranairuak dioenez “San Markos (apirilak 25) astea, artoa eriteko astea, aitzinekoa baño ondokoa hobea ”, baztandarren bertze multzo bat Herrira, bertze aldera, itzuliko da, artoa ereitera eta etxean gelditzeko, naski baietz. Lehenxago hasiak ziren etxeratzen, Martxoan, baino militarrei ez zitzaien gustatu eta mugimendua oztopatu nahi izan zuten. Beharrik Nafarroko Erresuma alde zagoela “en favor de la permision… fieles infelices vasallos… gosearen eta miseriaren biktimak… origen del contagio” eta utzi zieten etxera itzultzea.
Eta bizkitartean, zer? Gure kronistaren arabera, betikoa: aldudarrak eta baigorriarrak azienda bahitzen, bon, ebasten “beren probetxurako ”. Eta hemen ohartxo penagarri bat: Aldudeko mutilak “Voluntarios de Alduides”-en konpainian ziren frantsen kontra borrokatzen!
Iruñeko eta bere inguruko multzoa gelditzen zaigu. Gure kronista hemen dago. Alkate Jauna, ere. Seguruan.
Talde honetan apezak sartuko ditugu. Frantziako Iraultza ez zituen apezak ongi tratatu eta bildurrez eta zertaz ez, solidarioak, beren feligresekin eskapatu ziren, baino Iruñera ailegatu bezain fite Apezpikuak ez zien utzi meza ematea ezta konfesionean aditzea. Are gehiago, prozesu bat antolatu zuen jakiteko zertaz ez ziren beren parrokietan gelditu. “Baztango apezak preso eraman dituztela ” zurrumurrua hedatu zen Iruñean. Gezurra. Apezpikuaren “Gobernadoreak” Seminarioan eta komentuetan egotea agindu zien baina gure apezek altxatu ziren lagunen etxeetan eta ez zituzten harrapatu. Azkenean nolabait afera zuritu zen baino Arizkungo eta Erratzuko Elizako liburuak (Libros de Nacimientos/Matrimonios/Defunciones) mutuak geratu ziren baztandarren ihesaren egunetarik.
Iruñeko harresiak |
Eta zer gertatu zen ondorengo udan? Gure emigranteak ikusten ari dira nola Iruñea gotortzen ari direla, frantsen beldur.
Eta dena zurrumurruak : frantsak guti omen zirela, espainiarren erdia… janari eta bertze gauzez omen exkax baino “gure aldetik ez da ikusi holako ez-egite irrigarria… ahalketzeko modukoa nolako kalteak jasan dute lurralde konkistatuak… eta oiloen fama/la nota de collones (grazia hitz horiek, erdaraz nota=fama eta collones=oiloak/bildurtiak) espainiarrei lotu digutena…”
Dena gezurra, Nafarroako Hiru Estatuek (ez da ahaztu behar aparteko Erresuma zela) Biserrei berriari, Principe de Castelfranco-ri, eskatzen diotela frantsei eraso egin diezala, galdu den Nafarroaren puska berreskuratzeko eta denek ikusten dute, Uztailaren 6an, nola Espainiako armada frantsak ikusi gabe Iruñera erretiratzen dela, nola Gipuzkoa abandonatzen dute, gero Bizkaia eta Araba eta hemen erranaldi iluna, misteriotsua : “…de que algun impulso oculto estaba mediando para abandonar dichos Reyno y Probincias / holako bultzada ezkutua ari zen tartean sartzen Erresuma eta Probintziak alde batera uzteko…” Nork nahi zituen Nafarroa eta Probintziak abandonatu? Madrilek edo Nafarroak eta Probintziek beren kasa? Edo inork ez ?
Eta hortik ateratzeko, “Apellido”-ra deitu zuten, 15 eta 60 urte tarteko gizonak prest egon behar Nafarroa defenditzeko. Eguna : Abuztuaren 8an. Nafarroa osoa azkenean gerrara zihoazen. Eta hola da historia. Lau egun lehenago, lau, Herrian ziren baztandarrek kanoinen asotsa aditu zuten Donibane Garaziko aldetik eta gero Berderizko lepoan. Gerra akitua zegoen. Basilean (Suitzan) bakea sinatua zuten Espainiak eta Frantziak Uztailaren 22an , bai, data ongi dago, Baztanen 13 egun beranduago enteratu ziren eta Iruñean …
Eta bertze aldean? Frantsek urte bat eman zuten Baztanen. Nolakoa izan zen bere egonaldia? Informazio guti dugu. Inbasioaren hasieran Baztan pasabidea izan zen zeren alde batetik Conventioneko tropak Gipuzkoa aldera jo zuten eta bertze aldetik Iruñea aldera. Gure kronistak dio zertaz lehenbiziko “exiliatuak” itzuli diren ;” frants guti bazirela eta ez zuten jendeari inongo bortxa egiten…”. Hala ere, hori uda akitu zenean izan zen zeren neguan, gerra baretu baitzen erran dugun bezala eta frantsak gure dermiotara etorri baitziren negua Baztan-Bidasoan pasatzera: 18 batailon ( 18.000 soldadu) gehi Dibision bat Berderizen aldean.Soldaduz lepo.
Oro har, ez zen bat ere egoera idilikoa. Frantsak Baztanen sartu zirenean janari beharra zuten eta beren lehenbiziko erabakietarik bat garia eta artoa errekisatzea izan zen: 1.500 kintal gari/ogi eta 1.800 kintal arto. Galdera da kintala zenbat zen zeren kintal “zaharra” 100 libera baita (1 libera = ½ kilo) eta kintal “berria” 100 kilo baita. Zenbatekoa zen Baztango urte arrunteko zitua? 8.000 kintal gari/ogi eta 15.000 kintal arto. Bosten (1/5) baten inguruan errekisatu zuten. Dena den, frantsak sartu ziren momentuan zitua bildu gabe zagoen.
Gerra akitzekotan udaletxeak kalteen errolda eginen du eta honi esker bertze aldean gertatu izan zenaren ideia bat izaten ahal dugu .
Baztango apezen prokuradoreak, Vicente de la Torre, holako zerbait idatziko du “ … Herria okupatu ondoren haien gorrotoa… implacable infernal odio… elizen kontra izan zen, sagrarioak hausten… zilarra ebasten… sainduen buruak mozten… plazetan herrestaka iduriak eramaten… errekera botatzen … elizak eta apezen etxeak hondatzen … elizak kartzelak, biltokiak/almazenak baita zalditeriarendako kasernak bihurtzen… nekazarien etxeekin ez bezala, hauetan ez dituzte ez ebatsi, ez hautsi… argi izan direla apezen eta haundikien kontra… “
Kutsu politiko izugarria.
Baztango eliz guziak profanatuak izan ziren, hau da, beren “sainduek” jasan zituzten barrabaskeri guziak: moztuak, pusketuak, erre, botaiak, herrestaka karriken barna… baino haien egoera erabilpenari lotua zagoen.
Anizeko eliza |
Konparazionez, Anizekoa kaserna izan zen. Bere zurezko gauza guziak (eskalerak, aldareak, ateak, bankuak, korua, erretabloak) erre egin zituzten. Erratzukoa ez zuten erabili, sainduak “ukituak” bakarrik, eta zilarra naski ebatsi. Holaxen izan zen , jeneralean, bertze elizetan. Berroetakoa kartzela izan zen. Zura guzia egurra bihurtu. Zigakoa kartzela, zura egurra.
Elizondokoa kartzela eta zalditegia. Elbeteko apezaren etxea, zalditeriaren kaserna. Arizkungoa, biltokia eta larraina. Lekarozekoa kaserna, biltokia eta larraina.
Bordak noiz erre zituzten, suposatzekoa da gerrako lehenengo partean (Apirila 1793 – Uztaila 1794) izanen zirela baina etxeak, bai, Asanbleistak, Conventionekoak sartu ondoren, eta hemen intentzio politiko batekin: Baztango “nobleziaren ” kontra.
Iriartea / Erratzu |
|
|
Datuak ez ditugu baina ,doike , gure oihanek ere kalte haundia sufritu zuten hiru urte hauetan hainbertze jende “berotzeko”.
Datuak ere faltatzen zaizkigu jakiteko nolako antolakuntza zuten baztandarrek Baztanen. Nork zuen agintea?”Commissaire”-ren batek?
Baina hau guzi hau zozokeri galanta. Heriotza. Heriotza Baztanen adixkide gorra izan baitzen Baztanek deus ikusi ez behar zuen gerra honetan : Gure kronista baztandarrak kontatzen du nola ihes egin bezain fite, jendea hasi zela eritzen, izialduraz, nekeaz, “umoren iraultzaz/rebolucion de humores ” eta bertze lanetaz, eta txarrena, gehienak hiltzen egiten ziren (dena den, harrigarria ez zela konturatu urte bat zeramala jendea hiltzen). Honetaz, gure kronista 1794.eko udan ohartu zen eta 1795.eko apirilaren oraindik jendea hiltzen ari zen: “… jendearen herenaren eta erdiaren tartea falta da/ faltan mas que una tercera parte y cerca de la mitad de la gente…” Egia da etxe haundikoak ez direla hilen zerrendetan agertzen , horrek erran nahi du pobreek ( maizterrek?) bazeuzkaten arazoak eta aferak elikatzeko, jateko eta babesteko, ohatzerik gabe, aterpe edo legorra deserosoak eta hondar neguko mospelak eta hotz haundiak jasaten. Zenbat hil ziren?
Momentuko erroldek diote 1786.ean Baztanek 8.876 biztanle zituela eta hamar urte beranduago, juxtu gerra urte bat akitu ondoren, 5.627, % 36 gutiago , hau da 3.249 biztanle desagertuak. Argi dago baten batek bertze leku batera lekutuko zela bizitzera, baino erranik gabe doa, lehenago adierazi dugun bezala, tiroz, hau da, bortxaz ez zirela hil. Gure jendea eritasunez (eta gosez ) hil zen, lehenik, bederen Baztangoizako kasuan, Espainiako armadak ekarri zuen izurriteaz (disenteria ? ), gero egoera kaxkarrarengatik ihes egin behar zutelarik eta 1794.eko neguan, Frantziako armadak ekarria zuen izurriteaz, tifus exantematikoaz eta hil zirenak, aunitz, zinez, sobera izan zirela.
Tiers = Herena = 1/3 |
Egia da , Frantziako armadari, haietxek errana, negu horretan tifusengatik 30.000 soldadu hil zitzaien, Gipuzkoa-Bidasoa-Baztan aldean, hiru hilabetetan ! Frantsek diote negua eta gaizki jatea izan zirela sorburuak. Baina hori baztandarrendako ez da kontsolamentua.
Poeta edo bertsolaria izan behar Baztango trajedia honi behar zaizkion eta merexi dituen “letra eta soinua” emateko. Eta ni, ez bata ez bertzea.
Gerra akitu, herrira apezak itzuli, kasu honetan Erratzura, eta liburuak (Nacimientos eta Matrimonios) edeki. 1795aren akabaila: 101 bataio, bai, 101. Bon, gehienak , 70, Baigorri, Banka, Orzaize, Bidarrai, Bustintze…, bertzeak baztandarrak, Erratzu, Arizkun, Azpilkueta …
Erratzuko eliza |
Eta ezkontzak? 92, bai 92 (eztai?). Naski, jende beroa bertze aldekoak: Zein herritakoak ? Isturitze, Makaia, Irisarri, Iholdi, Irulegi, Mendibe, Behorlegi, Heleta, Banka, Zaro, Bidarrai, Baigorri, Orzaize, Aldude, Azparren, Garazi... Ikusten denez mundua ez zen gelditu, eta gaur artio.
Eta historia hau guzi hau ikusi ondoren, nire ustez ustelean hortaz Urte Berriko Egunean holaxen kantatzen dute Baztango haurrek :
Urte Berri berri zer dakarzu berri?
Uraren gainean
BAKEA eta OSASUNA
· Zuzenketak eta azalpenak onartzen dira !!!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario