viernes, 25 de septiembre de 2020

Pedro Inda, apeza eta bertsolaria.1863/1929

Pedro Inda, apeza eta bertsolaria.



Erratzun denek dakite 1913. urtean urak ia herria desagerrazi zuela , etxe batzuk eraman zituela eta elizari kolpe gorra eman ziola, haren absidea, erretabloa, sakristia, aldarea baita nolabait organoa urarekin betirako desegiten.











Momentuko heroia orduko parrokoa, Pedro Inda.


Pedro Inda Elizalde

Honek, ikusten nola ura elizaren barnean jotzen ari zela, sagrarioa indarrez atera zuen bere lekutik hondamendia justo gertatu baino lehen eta zimiterioko lehen arkupe azpian utzi zuen , han non gaur egun ikusten ahal da monumentu bat momentua oroitarazten.

 


Datu guti dugu. Pedro Inda Elizalde, Iruritan sortua 1863. urtean. (1863.07.26) 1887.ean apeza izan, Abaurregainan (1887/88) ekonomoa, Luzaiden (1888/91) ekonomoa ere, Azpilkuetako parrokoa gero (1891/1904) Granadako Dukeak izendatua, eta hondarrean Erratzuko parrokoa 1904. urtetik hil artio, 1929. urtean (1929.05.03). Erratzun zendu zen.



Gontxea / Iñarbil

Dakigu bere arreba Clara Erratzura esposatu zela, Gontxeara (Gontxea/Goihenetxea) Iñarbilen, eta berarekin bizitzera gana zela ere.

Utzi zuen errastroaren arabera, euskalzalea.





Ez dakigu zein motako harremana zuen Javier Ciga pintorearekin, baina honek eguneko gertakaria kuadro batean pintatu zuen apez etxeko kaperan jartzeko eliza konpontzen ari ziren bitartean eta irudien esplikazioneak eskuaraz, Pedro Indarenak, naski.

Dirudienez momentuko euskal “garbizaleen” moda nolabait jarraitzen zuela hala ere, baztaneraz eskribitu zuen.

Koadroan (kopia bat Erratzuko elizako ezker paretan dago) gure Pedro Inda ikusten ahal da, bere balentria baita nola geratu zen eliza ere. Eta bertsoka dio :

Cigaren koadroa




1913’gn urtean, Erearuaren 2’nean.erri untan. Erratzu’n

gertatu zen ubar ikaragarriaren oroitzapena

PEDRO INDA – Erretora

1913. urtean, erearoaren 2.an. Herri huntan Erratzun

gertatu zen ubar ikaragarriaren oroitzapena.


Ekaizti beltzak beren bidetan     Ekaizti beltzak beren bidetan

ibil azten ditu Jaunak:                ibilarazten ditu Jaunak:

nai duenean ekin (?) zenzatu      nahi duenean ezin (?) zentzatu

lurrean bizi garenak:                  lurrean bizi garenak:

ori ala dela adiazten dute          hori hala dela adiarazten dute

emen gertatu zirenak:               hemen gertatu zirenak:

ez bada antzi, Erratzuarrak,     ez bada ahantzi, Erratzuarrak,

zueri Jaunak emanak.                zuei Jaunak emanak.


Egun itzusi lazgarri artan         Egun itsusi lazgarri hartan

Jesus ementche gelditu:          Jesus hementxe gelditu:

Ari eskerrak ugalde artan        Hari eskerrak uhalde hartan

bizia niork ez galdu:                 bizia inork ez galdu:

Jaunaren onaz izandu zela       Jaunaren onaz izandu zela

dezagun denek sinistu:            dezagun denek sinestu:

bai eta Bera biotzetikan         bai eta Bera bihotzetikan

beti ta beti maitatu.               beti eta beti maitatu.


Erratzu’n bizi zaten guziok    Erratzun bizi zareten guziok

Jesus’i eman eskerrak:          Jesusi eman eskerrak:

Arek salbatu zintuztelakotz, Harek salbatu zintuztelakotz,

garbitu zuen biotzak:            garbitu zuen bihotzak:

eta aldarean dagon Bildotsa eta aldarean dagon Bildotsa

maiz artu nere umeak:          maiz hartu nere umeak:

egun eskatzen datzue ori     egun eskatzen datzue hori

zuen arimako artzañak.        zuen arimako artzainak.


Eliza berehala berreraiki zuten eta hornitu ere. Etxenike jauregiko etxekoandreak, Micaela Iturralde Alzueta (1868/1953), eskuzabaltasunez lagundu zuen hala izan zedila eta bere eskua ikusi zen organoaren lanak pagatu zituelarik. Eskerrak emateko, gure Pedro Indak eskaini zizkion bertso batzuk omenalditto batean Micaelaren erresidentzian, Iñarbilgo Etxenikean, edo Erratzun erraten den bezala ere, Zozaian. Dirudienez haurrak lagundu zioten omenaldi horretan zeren bertsoak agertzen baitiren paperean paratzen du “Escuela de niños”. Hala dio paper horrek, ortografia eguneratua:


Etxenikea /Aitzinekoaldea


Etxenikeko Jauregian beren egileak irakurriak

1923ko Abenduaren 4an.


I


Jaunak eta andreak

Hemen zakustenak,

Entzun bizpahiru bertso

Nahiz ez hoberenak;

Andre bat hemen dugu

Merezi dituenak,

Erratzuar guzien

Esker mamitsuenak.



(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Etxenikeko etxekoandrea.

(Denak) Gora...a...a


II


Iturraldetar Mikela

Zozaiaren alargunak,

Egin dazkigun hemen

Lan haundi ederrak,

Egun ilun hartako

Ondamen gogorrak

Zugatik izan dire

Kanporat emanak.


(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Zozaiaren alarguna.

(Denak) Gora...a...a


III


Aldare bat ederra

Badugu Elizan,

Goraki erraten baitu

Andre hori nor dan,

Bihotz on bat duela

Dirua’ere boltsan,

Zutaz ez da ahantziko

Erratzu sekulan.


(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Buztinaga etxe izen haundiko alaba.

(Denak) Gora...a...a


IV


Organo bat ez txarra

Zen hemen denboraz,

Elizan mintzo zena

Zure aita-arrebaz,

Urteak pasaturik

Zen zahartu arras,

Berri bat behar zela

Berak zion, beraz.


(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Migel Mari ta Pilarren ama ona.

(Denak) Gora...a...a


V


Begiak bihurtu-ta

Zozaiaren etxerat,

Galde bat egin zaitzu

Zure bihotzerat,

Zuk laxter entzunikan

Gure eskariok,

Behar zena ekarri

Gure elizarat.


(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Herriaren ongi egile haundia.

(Denak) Gora...a...a


VI


Aunitz urtez dizula

Jainkoak grazia,

Entzuteko gozoki

Organoaren hotsa,

Hortan alaitu bedi

Hemen zure bihotza,

Edekik txikiaraziriz

Beti zure boltsa.


(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Elizaren ongi egile haundia.

(Denak) Gora...a...a


VII


Organoain orroa

Entzun bakoitzean,

Oroit gaitezen bada

Bizitza guzian,

Baita ere eskatu

Geren otoitzetan

Beraren egilea

Izan bedi zeruan.


&&&&&&&&&&&


Erran dut.


(Egileak) Gora Iturraldetar Mikela,

Herriko alaba maitena.

(Denak) Goraaa Goraaa Goraaa


Agur, Iturraldetar Mikela,

Milaka eskerrak eta aunitz urtez.


Apez Aita.

Indatar Pedro.




Bertso hauetan erakusten digu nor zen Mikaela Iturralde: erratzuarra, Buztinagako alaba, Baztango aberats haundi batekin ezkondua, Zozaia, bi seme-alabekin , Migel Mari eta Pilar, eta andre bat eskuzabala.


Eta ez bakarrik bertsoak. Organoren aitzinaldean, euskaraz eskribitua, holako leienda paratu zuen:


1923g URTEA.ELIZ ONETAKO APEZBURU INDA’TAR PEDRO J.ZALA,TXAUNESKIN AU EMAN ZUEN ETXENIKEA’KO E.ITURRALDE’TAR MIKAELA A’K. ERRATZU.



    

                                      1923g URTEA. ELIZ ONETAKO


                             

                          APEZBURU INDA’TAR PEDRO J. ZALA,




                             TXAUNESKIN AU EMAN ZUEN




              ETXENIKEA’KO E. ITURRALDE’TAR MIKAELA A’K. ERRATZU.


Gaurko euskaraz:

1923. urtea. Eliz honetako apezburu Indatar Pedro J. zela, organo (txauneskin) hau eman zuen Etxenikeako E. Iturraldetar Mikaelak. Erratzu.”




Kartelak dioenez, 1923. urtean J. Roqués eta semeek instalatu zuten gaur egun elizan dagoen organoa: bi teklado, 17 joko eta 56 notekin baita 30 nota pedalean ere, frants organo erromantikoen gisakoa.



Kotilleo: Nere amak erraten zuen Etxenikeko nagusiek, Zozaia, Baztango neskekin ezkontzen zirela eta horregatik mantentzen zuten halako harremana Herriarekin. Hori moztu zelarik ez dira Zozaia gehio ikusi Baztenen eta haien Erratzuko ondasunak dagoeneko denak salduak.



Zertaz aberatsak? Batez ere hasieran Kuban zituzten ondasunengatik eta naski, abilak zirelakotz.


Bidenabar: sinetsi edo ez sinetsi, Mikaelak Erratzuko eliza arras ongi ornitu zuen: aldarea, argia, erretabloa, organoa... eta Eliza bai edo eliza ez, Erratzuko patrimonio artistikoa goratu zuen.

Agur eta ohore Mikaela Iturraldeari, Buztinagako alaba.



DOKUMENTA: "Irakurleak" ordez, bertze kopia batean "egileak" dio.







No hay comentarios:

Publicar un comentario