2013(e)ko apirilaren 14(a), igandea

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 2. Kapitulua

2. Kapitulua :Gerra – Frontea.1793
Baztan eta bere inguruak : 1793
Denak prest gatazka hasteko. 1793.eko Martxoan gara, eguna hirua eta Alkateak, Juan Bautista Echeverria y Latadi, jakin du Belaun/Beladun/Beladon aldean soldadu frantsak (nazionalak) agertu direla, bi artalde ebatsi eta Aldudera ihes egin. Baita ere, Elizondoko plazan hiru nazional (soldadu frantsak) agertu zirela. Ezkila jo, baztandar armada elkartu, 600 mutil, eta gauez martxa ixilaz Belaungo lepora. Ailegatu zirenean topagunera, goizeko lauetan, jakin zuten artaldeak itzuliak zituztela frantsek (bederatzi ardi ezik) eta haien kapitan bat, Urrutia jauna, (Urrutia gehio agertuko da!) karta batekin hiru soldaduen buelta eskatzen. Bi egun beranduago bida itzuli ziren, bertzea desertorea. Zertaz ziren Elizondon? Dibertitzera eta trago bat hartzera. Hori bai, ez ziren bueltatu frantsek hondatu zituzten bederatzi ardi pagatu artio.
Hamar egun beranduago enteratu dira gerra hasi dela. Orduko komunikazioak holakoak ziren: ofizialki Martxoaren 7an Frantsek gerra deklaratu zuten; Baionan 17an jakin zuten eta Espainiak 22an bere partez gauza bera egin zuen.
Hemen Baztango geografia pixka bat. Non zanpatuko dira gure protagonistak? Leku aunitzetan , baina guk bakarrik Baztango aldean gertatu zena kontatuko dugu. Erran dugunez, Amaiur ez zagoen Baztanen barnean orduan eta Otsondo eta bere inguruak zaintzea haien afera zen. Baztandarrek Baztango lepoetan borrokatuko zuten : Berderiz izanen da inportantena, gero Izpegi eta ondoren haien inguruetan diren lepoak : Arieta/Harrieta, Buztanzelai, Elorrieta (Elorta), Istauz, Bagazelai, Belaun/Beladun, Azaldegi, Argintzu…



Baztango lepo batzu : gerra honetako "topaguneak


 1793.Apirilaren hasieran, baigorriarrak hasi ziren iseka, trufaka, baztandarrei burla egiten. Arraioak! Gerra ideologika ere baita!
L'Ärbre de la Liberté

Zer, nola? Izpegiko lepoan Libertateko Arbola plantatzen! Horraino jasan behar! Arbola bat eta adarretan zapel errepublikano bat, Conventioneko eskarapelarekin, gorri, xuri eta azula. Eta adar batetik dilinden, karta bat, erregea, burua moztua. Horraino jasan behar gure monarkiko baztandarrek, burugabeko errege bat, bai zera!






Regimiento de Burgoseko bi konpainia, Baztango 1.(erratzuarrak), 2. (arizkundarrak) eta 5.eko erdia erasora! Izpegi hartu eta arbola errekara.

Ziriborroa : Libertateko Arbola eta bere karta

1793.Apirilak 20. Izpegi frantsen eskuetan dago. 50 Chasseurs Basques zaintzen. Espainiarrek , 1.500eko multzoa, eraso, Izpegi hartu eta gotortu: trintxera gorrak eraiki eta lepoko alde bateko kaskoa (eskuin, ezker ? ) fortina bihurtu. Ehun soldadu gelditzen dira pasabidea eta trintxerak zaintzeko.
Erdian Izpegi. Arrizorrotz(Tuturru) eta Elorta eskuinaldean.
1793.Apirilak 26. Hala ere etsaiak ez dira geldi geratzen. Dordogneko Boluntarioak eta 20 baigorriar erasoan. Baigorriarrak  kaskoa eskalatzen, espainiarrak iziarazi eta Izpegiko lepoa frantsen eskuetan berriz.
1793.Apirilak 29. Hau izan zitekeen egun arrunta gure borrokalariendako. Eguna argitzen denean Argibel aldean, 6.Kpnia (Kpt. Mayora) 3.Kpnia (Ten. Archeberroa eta Su-ten. Echandi) Belaun aldetik etortzen diren 100 frantsekin tiroketa batean lotzen dira. Basagar aldean 4. eta 5.Kpnia (buruzagiak Dolagaray eta Barberena) “descubierta” egiten dute (paseo militarra) Berderiz aldera, han frantsek lepoa gotortu eta 400 soldaduekin defenditu, tiroketan lotu. Bizkitartean Alkate jaunak 400 baztandarrekin Argintzu aldera eta han frantsak (aldudarrak?) mendian zebilen azienda ebasten, behorrak kasu honetan.          “A la carga ! “ Nola erranen zuten Baztandarrek ”A la carga !” ? Bon, frantsek behorrak utzi eta espakatu!.                                                                           Gauean Alkatearen espiek abisua pasatzen diote 2.000 errepublikano prest direla Erratzu eskuratzeko biharemunean. Ezkila jo, 1. , 2. eta 5.eko konpainia erdia gehi Regimiento de Burgos, prest Erratzun. Biztartean bertze Baztango konpainia  guziak Elizondon adi eta erne. Falsa Alarma. Denak etxera.
Gerra honetako bitxikeri bat: egon dira goiz guzia tiroka eta ez da inor hil. Orduko fusilak hurbildik bakarrik ziren hilgarriak; pixkat urrunagora , ± 40 metrotara, ez zuten asmatzen!         Baino ez beti.
Argibel
1793.Maiatzak 9. Baztandarren artean lehen hila, 4. konpainiakoa, (Almandoz/Oronoz/Elbete), Tomas de Argain, Argibel ondoan.
Oharra: Paperetan beti Berderiz agertzen da, frantsek Berdaritz diote, baino benetan ondoko muinoak, Elokadi, dira. Gaur egun orduko hondarrak han ikusten ahal dira.
Berderiz/Berdaritz Aldudetik Elizondora eramaten duen bide egokiena eta azkarrena da. Orduko denboretan orgak (edo lerak?) pasatzen ahal ziren eta gerra honetan puntu estrategikoa izanen da :  Berderizko jabeak kontrolpean zituen Aldudeak baita Baztan erdia ere.
Berderiz/Berdaritz
1793.Maiatzak 18. Eguna argitzean 1.800 soldadu espainiar prest dira Berderiz eskuratzeko. Parean eta kontra egiten, bi konpainia (± 200) eta Chasseurs Basque batzuk: frantsek gibelerat, trintxeretan babestu eta iraun. Tiroketan lotuak frantsen errefortzuak, 1er Bataillon des Basses-Pyrenees, ailegatu artio eta espainiarrak lekutu behar.

1793.Maiatzak 20. Goizean, Berderiz aldean lainoa. Basagarretik  2. konpainiakoak (arizkundarrak)   beren su-tenientearekin Juan Martin Echenique, ohiko paseo militarra Berdiza. Laino itsua. Isiltasuna. Hurbiltzen dira frantsen trintxeretara eta deus. Han ez dago inor. Aitzina jarraitzen, malda behitira, Aldudeko herriraino, ordu erdiz, eta herriko lehenbiziko etxeetan galdegin. Aitzineko gauan, Convention-eko armadak Aldudeak utzi ditu. “Alduides por España!.”  edo holako zerbait sinatu zuten aldudarrek. Espainiar Imperium-eko azken konkista.

Aldudeak
Inbaditu ondoren, hau da, biharemunean, Maiatzak 21,  Capitan Jeneral Ventura Carok Auritzetik karta igortzen dio gure alkate jaunari erraten Aldudarrak kexu direla zeren baztandarrek 400 ardi , 10 behi eta 2 behor ebatsi baitizkiete Conventioneko soldaduak Aldudeak utzi ondoren.  Gure alkatearen erantzuna (gizon zintzoa ala zozoa?) : Baztandarrek hartu ditugun azienda 1.555 ardi, 221 bildots, 19 ahuntz, 36 behi, 9 aratze, 5 mando, zaldi bat, 5 behor, pottoko bat, 5 zerriaharkala, eta 17 zerrikume izan dela, udaleko eskribanoa lekukoa.
Afera gehiago nahasteko, hasiak ziren Aldudeko azienda “bahitzen” egun bat lehenago, 19an! Argudioa, aitzineko hilabeteetan Aldudarrek Baztango azienda ebasten ibiliak zirelakoz . Ez dute argitzen zenbat itzuli zuten baino ematen du momentuz kitto gelditu zirela.

1793.Ekainak 4 . Gerra honetan taktika tipikoa: egun eta ordu berean leku aunitzetarik eraso egin etsaiaren tropak bakantzeko eta orduan toki hautatuan, kolpe bortitza jo. Espainiarren helburua Château Pignon/Castelpiñon zen. Gaztelu honek Donibane Garazitik Orreagara bortuen barna joaten den bidea (eta gaur egun Done Jakue Bidea dena) zaintzen zuen. Gaztelua zuenak, Donibane eskura zuen. Xake partida dirudi. Erasoak Baigorriren kontra itxura hartzen du. Arrola Harria , Baigorri eta Luzaide artean dagoen mendixka erasotzen, aldi berean Aldudetik Bankako Labeak eta meatzak/minak erretzera joan eta Istauz eta Arrigorri aldean, Banka gainean, tropen alardea. Denek gloria edo besta puska bat lortu eta baztandarrek haien bestondoa. Arrola Harrian hiru aldiz saiatu ziren 3.000 espainiar eta ja. Parean Harispe eta bere Eskualdun Xasurrak zituzten. Hondarrean espainiarrak lekutu behar, 500 lagun utziak: presoak defendatzaileak baino gehiago ziren!!! (Bon, hala diote frantsek, naski).
Bankako La Fonderie de La Tour
Bizkitartean , Juan Gil Teniente Jenerala Aldudetik Bankara ailegatu eta hango lantegiari “La Fonderie de La Tour” (300 langile baino gehiago izan omen zituen denboretan), sua eman zion.












Eta hemen gure historia nahasten da.Non dira baztandarrak?
Armada hornitzeko soldaduek zamak garraiatzeko edo eramateko behar zuten abereak, zamariak, Baztanek paratu behar zituen baita zamariak gobernatzeko zamaldunak  ere . Erdaraz “bagages” diete. Banka atakatzen ari direnean, zamariek muniziona eramaten zuten eta hemen hiru bertsio:

Zamariak
Lehena – Zamaldun baztandarrek ohartzen dira (Bankan daude) ”Kondesaren aroztegian baino aitzinxago “, Baigorrirat xuxen gaten ari direla eta eskoltaren ofizialari (Teniente Diego) abisatu, “salduak “zirelakoz . Honek, ofizial espainiarrak, nonbait nahastua “bortxaz ” aitzinat segitzeko agindu zien zeren uste baitzuen aitzinean tropa espainiarrak zituztela, frantsen eskuetan erortzeko.
Bigarrena – Eskoltaren ofizial espainiarrak dio andre (espia falsa) bat agertu zela eta engainatu zituela erraten bide bat erakutsiko ziela handik ateratzeko, frantsen eskuetan erortzeko.
Hirugarrena – Frantsek diote, Baigorriko herria, hau da, zaharrak, andreak eta haurrak, denak batera enteratu zirelarik espainiarrak Banka erretzen ari zirela eta haiengana zihoaztela, zituzten armekin, ihintzeko eskopetak eta segak, batera atera zirela, espainiarrak, baztandarrak barne, inguratu eta garaitu. Baita ere hartu zuten gure jendea garraiatzen ari zen muniziona, Arrola aldera, Harisperendako gan zuten. Konklusionez, Baztani borrokaldi honetan 23 zamari eta 13 zamaldun bahitu zizkiotela: 12 preso eta bat hila. Badakigu presoen izenak:
Jabeak:
Lekaroz       Jayme de Larrechea           Etxea: Larretxea                                                       
Lekaroz       Juan Bautista Barreneche               Xaarrea                  
Lekaroz       Juan de Plaza                                  Bordegia
Lekaroz       Juan J. de Elizalde                         Etxeberria 
Lekaroz       Josef de Yrungaray                        Ugaldea 
Arraioz       Juan Fco. Yturralde                        Mikeleberroa
Maizterrak:
Lekaroz     Juan Fermin Urdaniz                     Istilartea
Lekaroz     Juan Miguel Mortalena                  Berekotxea
Elizondo    Francisco Elizondo                         Margaritarena
Elizondo    Antonio Goñi                                  Arretxeberronea
Gartzain   Juan Bautista Michelena                Oihar
Elbete       Ramon de Elorga                             Gazteluzarrea
Baita hilarena ere , baztandarren artean bigarrena : Isidro Aldalurra, Agerrea bere etxea, Zuastoien  eta Azpilkuetan ehortzirik.
Afera honekin Baztango Etxeak hasi zen kontentzioso bat Espainiako Armadarekin. Alde batetik “presoen trukatzeta” lortzeko, Donibane Garaziko Commune-arekin harremanetan jartzen dira. Frantsek presoak Donibanera eramaten zituzten eta Espainiarrek Iruñera. Uztailerako gure zamaldunak etxean ziren baino bahitutako zamariak ez, eta hori kalte eta galera ederra zen zamaldunendako. Alkateak saiatuko da Armada Espainiarretik kobratu baina hurrengo urteko urtarrilean oraindik erreklamatzen ari dira: pagatzaile txarra Espainiako Armada. Baina hau dena bertze historia da. Jarrai dezagun gure kronikarekin.
1793.Ekainak 4. Eguna ez da akitu oraindik. Holaxen ginen: Espainiarrak (3.000 + Ventura Caro Jenerala) Orreagan barna Château Pignon gainean dira , haren gainera erortzeko, laino itsua, denak geldi, esperoan. Bizkitartean Juan Gil Jenerala Aldudetik Banka erretzen eta Baigorrira bulkatzen. Frantziako boluntarioak ( Harispe eta bere ihintzilariak) hor erdian dagoen muinoan, Arrolako Harria, defenditzen.Baztandarrak ( 500) Istauz eta Arrigorri aldean, Banka gainean                                        eta to !   Arrizorroz-etik  (hola deitzen diote paperetan Izpegiko eskuin aldera dagoen mendixkari, Tuturru, (Erratzutik ikusia, naski) frantsak malda behera Elorrietatik Erratzura xuxen. Baztandarrak kontra erasoa.  250 baztandar (haien buruak Gamio, Mayora, Aldecoa, Archeberroa, Santesteban, Larrechea – soldadu arrunten izenak ez dakizkigu). Bi orduko tiroketa.Inor hil. Bon, bertzeek, frantsek, sei omen. Erretirada.
Aldi berean , Erratzuko ezkerretik, Izpegirat begiratzen badugu, Mindurain aldean (gaur egun Mendduin, Meaka ondoan) erratzuarren konpainia (buruak Gaston, Yrigoyen, Dutari eta Landabere) Arieta aldetik (Harrieta diote bertze aldekoek) datozen frantsekin borrokan lotzen dira. Hiru ordu. Erratzuarrak gibelerat. Gizon bat galtzen dute, hura bakarrik aitzinatu zelakoz. Ixtent bat beranduago erratzuarrak berriz erasora eta Espainiako armadaren laguntzarekin lortu zuten frantsak gibelarazi.
1793.Ekainak 6. Otaba eguna eta frantsak Izpegiko jabeak. Hemen bi bertsione ditugu. Frantsek diote espainiarrek atakatu zutela Izpegi. Despistatzeko. Zertaz? Zeren benetako atakea Château Pignonen zegoen. Aitzin eguneko lainoa goititu zen eta Ventura Carok erasoa agindu zuen. Kosta baina garaipena totala, gaztelua, presoak, armak, azienda, dena espainiarrendako. Donibane Garazi ikaraka. Ventura Caro ate parean dute.
Château Pignon/ Castelpiñon : Orreaga eta Garaziren artean
Gure alkatearen  bertsionea arras diferentea. Eguerdian 3.000 frants, hiru zutabetan Erratzu atakatzen. Eskuinetik, hau da Elorrietatik, erditik, Izpegitik eta ezkerretik, Ubedotik. Parean Baztango 1. (erratzuarrak), 2. (arizkundarrak) eta 5.aren erdia (azpilkuetarrak)  konpainiak gehi Regimiento Provincial de Burgos.Lau ordu borrokan lotuak. Ezin jasan. Erretirada. Bakarrik ezkerraldean, Landabere 40 erratzuarrekin 300 frantsen kontra, lekua atxikitzen. Hiru ordu beranduago, gibelerat.


Rgmto. Africa.Fusilero

San Gregorio ondoan borrokatzen ari dira. ( Hemen argitu behar da San Gregorioren Ermita  Arginen Borda ondoan zagoela, ez Iñarbilen orain dagoen bezala.) Baina ordurako errefortzuak ailegatu: Granaderos de Castilla eta Batallon de Africa. Kontraerasoa eta frantsen erretirada. Naski, lehenago bordak erre eta azienda ebatsi.Teniente bat preso eta hilak, hiru .





Espainiarren artean, bi hil eta erratzuar bat, Tomas de Baquedano. Ilundu zuenean 1º Batallon de Navarra eta 600 baztandar ailegatu ziren Erratzura. Argi zuten. Ondorengo egunean, Izpegira.
1793.Ekainak 7. Goizean espainiarrak hiru zutabetan, eskuinetik Batallon de Africa  eta 1º de Navarra, erditik Provincial y Granaderos de Castilla eta ezkerretik,baztandarrak, 8 konpainia.  Izpegin ekea . Abandonaturik. Denda kanpainak hutsik eta kainonak ixilik.
Dirudienez frontea pixka bat baretu zela. Espainiarrek utziko zuten Château Pignon, hau funditu ondoren, Berderiz gotortu, “casa-fuerte ” bat eraikitzen, Elorrieta , Izpegi eta Buztanzelai trintxerekin azkartu eta Gartzabalen , Ubedo aldean , fortin bat eraikitzen. Alkateak beti izkribituko du Larzabal eta frantsek Mortal, zeren Mortaleneak ondoan saroi bat baitzuen.
Fortin honek  etxe (bizitegi edo barrakoia) bat zen, haren inguruan harresi bat (± 70 zentimetroko pareta eta ± 22 x 11 metroko errektangulo itxura) eta denaren inguruan fosoa eta kontrafosoa  zituen.Frantsek diote foso honek holako neurriak zituela: 6 oin  (± 2 metro) sakona/xotona, 12 oin zabala (± 3 metro) eta 14 oineko (±  4 metro) altuera. Arietako lepora begiratzen duen aldeak "moko" bat dauka. Gaur egun oraindik ikusten ahal da bere forma.


Fortina gaur egun, zerutik ikusia.



1793.Uztailak 1. Frantsak Izpegirekin tematurik. Dubouquet Jenerala eta Joanes Harizpe 400 gizon aukeratu ( 1er Bataillon des Basses-Pyrenees + Chasseurs Basques ) eta ohiko estrategiarekin, hiru punta. Parean 600 espainiarrak eta beren kainonak.Jende farfaila gure frantsak, hainbertze jende Izpegin! Harizpek  baionetaz, tiro bota gabe eta aintza eta ohore beretako. Izpegi hartu.Hau dena goizean baino eguerdirako 3.000 espainiar kontraerasoan. Frantsek erretiradan 4 ofizial, 81 granadero de Asturias preso, kainon bat, 4 obussier, 150 fusil daramate eta nola ezin zuten bertze kainon bat eraman, errekara bota zuten.
Kainon pedreroa.
Hala ere eguna ez zen hola akitu eta Baigorrira ailegatzekotan, 2. Bataillon des B-P gehi lehenengo troparekin, berriz igan Izpegira, ohiko sisteman, hiru punta, zakarrena, ezkerrekoa, Olate (Odolate?) baigorriarrendako. Lepoa hartu baina surprise ! Gibeleko oihanetan espainiarrak milaka! Frantsak berriz Baigorrira.
1793.Uztailak 2.  Hemen kronistak ez dira ados jartzen. Frantsek diote goizean berriz goitira eta Izpegi hartu dutela. Gure alkateak kontra: Izpegi espainiarren eskuetan dagoela. Ados dira eskuz aldatzen dela Izpegi eta ondoko pasabideak baina urteko azken hilabetetan, lepoak espainiarrenak dira.                                                   
Gerra hau ez da baretzen. Ez badira frantsak Luzaide edo Erratzuko bordak erretzen eta haien azienda ebasten, izanen dira baztandarrak Baigorriko bordak kizkaltzen. Frantsek Aldude erreko dute espainiarrak izateagatik, eta ahal dutenean Urdazubi eta Zugarramurdirekin  gauza bera. Lehenik Urdazubi, bere monasterioarekin, San Salbatore, eta gero Zugarramurdi. Honek hango jenderi behartuko dio Baztan aldera lekutzera. Lehenengo “exiliatuak”.

Urdazubi eta bere Monastegia:San Salbatore
Hemen bitxikeri bat. Maiatzaren 4an, Urdazubiko konpainiako kapitaina, Don Juan Nicolas de Michelena, 12 urdazubitarrekin Ainhoa/Añoara pasa eta Espainiako erregearendako Añoa konkistatu!



Baztandarrendako Baigorri deabrua da eta haren kontra super-razzia prestatuko dute Irailaren 30ean jotzeko. Aitzineko egunean, 29ean, konpainia baztandar guziak gehi 2º Batallon de Navarra gaueko hamabietan Erratzuko plazan baino… euria ari zuen eta nola. Erasoa bertze egun batendako.

Baigorri


1793.Urriak 11. Espainiarrak Elortatik eta Izpegitik Baigorriraino: hiru ordutan 60 borda erre. Holakoa zen gerra hura.








Negua ailegatzekotan baretu zen dena. Bon , den dena, ez.
1794.Eurikorrak 1. Data gaizki? Ez. Frantziako Convention-ek ez zuen gustuko hilabete tradizionalaren nomenklatura eta berea asmatu zuten : Brumaire, Germinal, Pluviôse..eta abar eta hauek euskaratu: Pluviôse Eurikor bihurtu zen. Eta hori Frantziatik kanpo? Urtarrilak 20. Kronistak hala dio :”Eurikorren lehenean…Lefranc nagusiak…Harizperi agintzen dio prestatzeko…Arietako lepoa behatzeko…carabinier konpainia batekin eta berak aukeratutako ihintzilariekin. Zimitorio zahar batean biltzen dira. Gaueko hamarrak dira (gau horretan beherapena hasia zen eta hilargiarekin ikusten ahal zen) soldaduak jakin gabe norat doazi…Arieta/Harrieta ( hala diote Baigorrin) aldera.


Arieta/Harrieta

Juxtu bortzehun urrats lepoa pasatu ondoren, indar bereko patruila espainiar batekin topatzen dira… eta hauek tiro deskarga bat egiten diete.    Gu eskualdunak… gure etsaiak oldartu, baioneta aitzinean eta haiei segika ibili… Mortal deitzen dioten borda batetik urrun ez dagoen fortinaraino. Ordurako Harizpek aski zela usten zuen… baino bere gizonek borrokan nahi zuten segi… hiru multzotan banatzen dira. “Baigorri” da jotzeko seinalea… ihintzilariak fosora ailegatu dira…”Baigorri” garraxia botatzen dute…fosoan sartuak batzuk bertzeen soinburuetan paratzen, lau metro eskaseko kontrafosoa eskalatzeko… hiru aldetatik atakatzen… etsaiak kasernan sartzen dira… eta bere bi ate ongi trankatuak… baino gure ihintzilariek bulkatzen dute barnean sartzeko…lehenek deskarga bat hartzen dute… jarraitzen dutenek kulata eta baionetekin atea defendatzen ari diren zazpi edo zortzi espainiar hiltzen dituzte… etsaiek grazia eskatzen dute eta ematen zaie… kaserna erre…eta 47 preso, 60 fusil hartu… baten bat eskapatzen da… guk ihintzilari bat hila dugu… jautsi ginen Urdoza…eta eguna argitzen ari zelarik…  Baigorrin ginen.”






Orduko mapa batean Gartzabalen
zagoen fortinak,
ikusten denez, fosoa, pareta/harresia eta 
etxe/bizitegia zituen.









Gorostapolo












Preso artean hiru erratzuar, Gorostapolokoak . Zein etxetakoak? Iturraldea, Etxeberria eta       Ma(r)iskoneakoak.









Ondorengo atala : 3.Kapitulua . Eta karrikan? Aiei aiei

2013(e)ko martxoaren 22(a), ostirala

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 4.Kapitulua

4.Kapitulua : 1794.Baztandarren hondar gudak.

 





1794 . Ekainak 3 zituen. Goizeko ordu txikietan frantsen armada mugitzen. Zer pasa da? Frantsek bere Armada berritu eta berratu dute: “La levée en masse ”, 800.000 soldadu zutik jarri, barneko aferak xuritu edo hobekio gorritu (Frantzia barnean aferak zituzten ere) eta fronte guzietara, gurera ere, batailonak igorri. Gure kasuan, betiko taktika : 4.000 soldaduekin itxura eman Orreagan jo behar zutela baina helburua Baztan zen, ohartxo batekin “Chasseurs Basques”-endako,” faborez , jaunzten dituzue txaleko gorri horiek, ken itzazue !!” edo holako zerbait.
Eguna argitu gabe La Victoire jenerala eta Harizpe jauna 2.300 soldaduekin Berderiz atakatzen. Lefranc jenerala 2.000 lagunekin Izpegi jomuga. Castelvert jenerala 1.500 mutilekin Otsondo aldera. Denak ordu berean. Zein motako erlojuak zeuzkaten?

Fortinaren planoa

Lehen fortinaren honddarrak. Mugarri 119

Berderiz: La Victoire jenerala ( hori duk izena!) bere tropen aitzinean, “heriotz zigorra agindu diote ez badu irabazten ”, ausartena… lehenbiziko tiroen artean bat beretako, hil ondoren Harispek agintea hartu eta bere “Chasseurs  Basques ”-ekin Berderizko lehen fortinaren ( bi kainon, “sumendi bat zirudien sua goitika egiten ” ) kontra egin. Baigorriarrak lurrean etzanda, esperoan, eta txiripaz momentua berehala ailegatu zen : ustekabean fortineko bolbora kupel batzu lehertu eta Chasseurs Basques -Eskualdun Xaserrak  “Baigorri, hil edo bizi !!!!” gainera erasoka. Espainiarrak, Regimiento de Zamora, ihes ondoko bigarren fortinera, 450 metrotara, “Casa Fuerte”-ra, bere fosoarekin, hori bai lehenik kainonak hondatzen saiatu ondoren hauek lurrean finkatzen. Harispe? Lehenengo fortin berean “Adjudant General Chef de Brigade” izendatu zuten. 


"Casa Fuerte". Mugarri 118

      
Bigarren fortina , hartu ezina. Baina frantsek kainon espainiar bat martxan jarri lortu zuten eta “Casa Fuerte ” aldera jarri. Han eta orduan akitu zen borroka : Coronel bat, 27 oficial eta 281 soldadu , Regimiento de Zamorakoak, preso.





G = barracon para el Comandante de Yzpegui
N = barracones para oficiales y tropas            
P = Cuerpo de Guardia                                     
R = retrincheramiento en el collado              
S = 1ª avanzada (gaurko Kuarteleko Kaskoa)   

 Izpegi: Gaztelu bat zirudien, harrizko paretekin; ez zuen kainonik baina ongi hornitua zegoen. Frantsek betiko taktika: Elortatik (Elorrieta zioten orduan) puska bat, bertze bat Buztanzelaitik eta geratzen direnak, zuzen. 2.000 frants ziren. Espainiarrak ziztuz Erratzura. Bon, 2 hil, 20 zauritu, 70 preso (Cazadores de Galicia eta Granaderos de Castilla) han gelditu ziren eta hori bai “zaldi bat hila eta bertze bat larri kolpatua /un caballo muerto y otro herido gravemente ”.
Gure ezker aldera (Erratzutik begiratua) geratzen ziren Gartzabaleko fortinekoak eta Arietako lepokoak ohartu zirenean zer gertatzen ari zen Izpegin, ospa ere herrirat tirorik bota gabe.

Alkurruntz eta Otsondo
 Otsondo : Col de Maya zioten. Hemen ez zen Izpegin bezain errexa suertatu inbasoreendako baina lortu, lortu zuten ere. Alde hau ez zuten baztandarrek zaintzen.Hortaz izanen zen? Amaiur orduan “Villa de Maya ” zen eta bere dermioa , amaiurtarrek defenditu behar.
Ekainak 3 zituen eta atsean Baztango lepo guziak (Argintzu ezik) gehi Otsondoko gainak frantsen eskuetan.
“Alta politica” : Ventura Caro Kapitain Jeneralak frantsen eskuetan Baztan uztea proposatzen du, Iruñea aldera erretiratzeko, baino Madrilgo gobernu berriak , Godoy faboritoak, ez du hori onartzen. Caroren dimisioa onartu eta Conde de Colomera, Nafarroako Biserreia/erregeordea, kapitain jenerala izanen da. Baztanen Juan Gil jenerala eritu eta bere ordez, Joseph Urrutia jenerala. Eta zer dio Urrutiak egoera honetaz? Jende guti duela kontra eraso egiteko. Gainera, hori da frantsek nahi dutena: bera Izpegi aldera erakarri eta bere gainean erortzeko, Elortan, Ubedon, Gorramendin, Itzulegin , Otsondon eta Larron (Azpilkueta gainean) dira etsaiak prest. Lehen lerroa (Baztango lepoak) desegina, bigarren lerroa , Amaiur, Erratzu eta Arizkungo herrietan, karriketan, jartzen dute. Orduan Urrutia lo egitera Erratzura erretiratzen da.
 
         Manuel Godoy          Ventura Caro       Conde de Colomera      Josef Urrutia      

Ekainak 5, arratsaldeko lauetan Conventionekoak  hasten dira Erratzu aldean zirikatzen. Italatzea aldean agertzen dira. Gaur egun leku horretan ez da ezta honddarrik geratzen baina denbora hartan dirudi Erratzutik Izpegira gaten zen errege-bidea  Iñarbilen barna (Yarbil orduan) Italatzeara, hortik jausten zela Araneara eta handik Izpegira. Gaurko San Gregorio ermitako gainekaldean bada muino bat, gaur egun larraska bat dena,  eta hortxen fortin bat bazen (“assez forte” diote frantsek “aski gorra ”) errege-bidea zaintzeko. Urrutiaren indarrek eta 1. eta 2. konpainiakoek kontraeraso egin zuten baina argi zuten ez zirela urrundu behar. Xikanaren beldur. Hondarrean ez zen deus pasa. Amaiurreko aldean gauza bera. Inguruko mendi guziak etsaiez beteak: Larro, Alkurruntz, Gorramendi. Joseph Echenique kapitainak Elizondo, Elbete eta Azpilkuetako konpainiekin, Granaderos de Castillak, Provinciales de Galiciak… lortu zuten iraultzaileek Amaiurreko gaztelua ez zezatela inguratu.  


Hondoan , Gorramendi eta Erratzuko Azkarate auzoa
                                                                                           
Erratzuko Azkarate aldean ere agertu ziren, harat gure J.J.Gaston, Iriarteko semea, erratzuarrekin borrokara. Urrutia jeneralak kontatzen du nola, atsaldean, Gorramendiko kaskotik Izpegiko leporaino, kasko guziak bete zituzten frantsek, “me han hecho una parada portentosa / alarde erakusgarria egin didate… 16 mila gizon baino gehiago…”  Baztangoizako zeru muga soldadu frantsez betea ! Bista ikaragarria izan behar zen, denak kakina, seguru. Bada ez bada, Urrutiak berak Erratzu eta Arizkun artean, errepidearen gaineko aldean (Zilaieta, Pertalats ???) bere tropak biltzen ditu.
 



Ekainak 16. Leienda bat gerra honetarako maiz erran den historiako liburuetan: nafarrek ez dutela borrokatu nahi. Konparazione bat. Lehenago aipatu dugun bezala, Nafarroako Erresuma (Reyno), hau da, bere Hiru Beso/Estado, Nafarroako edozein lekutik bildutako “paysano-ak” Baztanera igortzen ari zen. “Paisanage-ren” jenerala D. Manuel La Peña da eta karta batean Gendulaingo Konteari komentatzen dio nola 2.000 “paisano” bazirela Iruritan, bi mila!, eta horietarik 300 bakarrik gelditu direla , bertzeak haiei kontrakoa eskatu arren, etxera joan direla, are gehiago, haien ofizialez bulkatuak! Zertaz ez dio, baina dirudienez “paisano” gehiago ailegatzen ari dira. Lau mila, 4.000, baino gehiago ekarri dituzte, denak nafarrak. Hori bai, arazoak kazpelekin, ez dira kazpel franko denendako. Arazoak instruzionearekin ( nekazariak, artzainak, maizterrak … dira), arazoak armekin,ez dauzkate fulsilak denendako,  arazoak lo egiteko lekuekin, arazoak profesionalekin, Espainiako armadarekin. Hau Nafarroako armada, kexa hutsa!
 




Frentea pixkat baretu zen. Hala ere, Baztango lepo bat eta bakarra oraindik espainiarren eskuetan zegoen: Argintzu.     
Uztailak 10. Argintzuk (eta Loiluzeko Munoa, gaur egun Loilurzeko  Harria) estrategikoki Iruritako bidea eta batez ere Eugikoa zaintzen zituen. Eugik “Fabrica Real ” bat zuen non espainiarrek muniziona fabrikatzen zuten. Hortik aparte, bereizia zen frantsendako, zeren bere defentsoreak “La Légion Royale des Pyrénees ” baitziren. Zer/Nor zen “La Légion Royale” hori? “Emigrés”, hau da, Frantziako Conventionen kontrako frantsak. Haien burua, Marquis de St-Simon : San Simon Markesa. Multzo ederra:1.613 “combatants ”. Haiekin Regimiento de Zamora -ko hondarrak. Frantsak, 4.000 soldadu, hiru zutabetan goizeko ordu bietan jarri  ziren martxan. Bi zutabe xuxen joan ziren, pintza modukoan, eta hirugarrenak, buelta haundi bat emana, gibeleko aldetik jo behar zuen. Borrokan lotu ziren baina hirugarren zutabea, La Tour D’Auvergne burua, berandua ailegatu zen, ordu laurden bat, hamabortz minutu !!! aski “emigrés”endako xikanaz ohartzeko eta ziztuz eskapatzeko Iruritaraino. Regimiento de Zamorakoak 93 gizon utzi zituzten kolpatuen, hilen eta presoen artean.    




Emigrés (xuriz) borrokan (Quimberon/Bretaina)
“Emigrés ”-ek 100 hil eta 49 preso. Azken hauek, kronista frantsak dionez “pour être executés révolutionnairement ”: gillotina. Hori bai, “emigrés”-ek borrokatu zuten   “ kuraiaz / avec courage  ” frantsak zirenez.. . St-Simon Markesa, bala bat bularrean, erortzekotan egon zen, eta harrapatzekotan zirenean hala erran zion bere etsaiari: “Oñik ez, zatoz nire bile, ausartzen bazara ! “ Hala kontatzen dute historia frantsek…  Eta gure alkateak, zer dio? Frantsek aprobetxatu zutela bizkitartean behorrak, ardiak, ahuntzak eta zerriak ebasteko.










Gatazka honekin, Baztango lepo guziak iraultzaileen eskuetan ziren. Uztailan gara eta ogi/gari zitua biltzeko tenorea hurbiltzen ari da,zeren Santiagorako hasten baitziren beren urte guzieko ogia biltzen...

Don Joseph Urrutia jeneralak bere egoitzatik, Arizkungo Casa-Rectoralan, ikusten ahal ditu Otsondoko gainak: Nola Bague/Bagoi frantsen dendez betea dago, nola “Libertateko Arbola ” landatu dute bigarrenez Baztango  lurretan, nola bide bat Itzulegiraino edo haratago, Nahastegiraino egiten ari direla, nola bide hortarik kainonak garraiatzen dituzte , eta nola Uztailaren 23ean, kainon horiek Amaiurko gazteluaren gainetik tiraldi bat botatzen dute seinale moduan: “Hemen gaituzue!”


1794.07.23           Hemen Amaiurko parrokoak eskribitu zuena:
“Dia 23 de Julio de 1794, frantsek atakatu zuten Amaiur Gorramendiko maldatik, kolumna formatzen, 12ko kainon batekin baita obus bat ere leku batetik deitzen diotela Naasko gañeco lepoa, nondik atakatzen zuten en partidas de guerrillas, las tropas ligeras en mucho numero a las murallas (Amaiurko gazteluarenak) , gure tropek (harresiak) mantenduak txiki zituzten egun guzia ilundu artio eta etsaiek kainona eta obusa erabili arren ezin pauso bat aitzinetu... gau hartan etsaiak gelditu ziren goizean ziren egoera ber berean.

24an, goizeko ordu bietan abandonatu zuten hiri hau Regimiento de Africa-k eta El Pilarreko ermitan Nafar Boluntarioen kapitan bat gizon guti batzuekin, honek egun honetako goizeko bortzetan edo pixkat lehenxago abisatu zidan baita herriko jendeari ere etsaiak bazatoztela herria hartzera eta ez zela erresistentziarik, horrekin berehala elizara gan nintzen, forma sakratuak jan, ontzi sakratuak bildu eta nere feligreseekin neri segika, gau hartan Arraiz herrian (Ultzama) ginen, jakitean frantsek hartuak zituztela Amaiurko Hiria, Erratzu herria eta handik Iruritaraino egun berean y para que conste, firmo yo el Rector, Don Francisco Gregorio de Gorosurreta”.

Eta holako zerbait eginen zuten bertze herrietako jendeak eta apezek.
 Combats de la vallée de Bastan.( Thermidor 9)  27 juillet 1794 (Mussée de Bayonne)
 Uztailak 24. (Thermidor 6 ) 1794



Gaua. Moncey jeneralak 13 batailon (batailon bakoitzak 1.000 soldadu inguru),  800 zaldi/zaldun eta Baztango lepo guzien nagusia.

Izpegin, Digonet burua, 3 batailon, 300 zaldi eta bi kainon (laukoak) : Arietan, Harizpe burua, 2 batailon; Berderizen, Lefranc jenerala, 3 batailon: Otsondon eta Itzulegin, Moncey bera eta “commisaire” Dubreton, 5 batailon, 500 zaldi eta 6 kainon. Betiko taktika: Mauco jeneral frantsa, 4.000 soldaduekin Orreaga aldera Espainiako Armada harat erakartzeko, bizkitartean Baztanen eta Bidasoa osoan kolpea jotzeko.
Izpegitik jausten dira goizeko lauetan, “besoetan kainonak eramaten ” bidea zakarra zelakoz eta Erratzura ailegatu baino lehen zegoen fortinari, Italatzea, kainokada batzuk bota ondoren, defentsoreak gibelatu herrira, Sumusuko zubia pasata, eta lehenengo etxeetan,gotortuak /crenelées, defentsa berriz saiatu, tiro gehiago eta Erratzu utzi goitiko bidetik (orduko bide bakarra) Arizkungo aldera . Han berriz  gain batean erresistentzia saiatu. Goizeko seietarako Arizkun frantsen eskuetan. Botina: 1.200 fusil, 300 kanpainako denda eta muniziona.

Erretirada.Ihesa. Urrutia jenerala ohartzen ari da Arizkun galdua, Amaiurko gaztelua utzi behar duela bertzenaz erretirada mozten ahal diotela zeren aldi berean Berderiztik frantsak behera badatozte.     Goizeko zortzietarako Amaiur, Azpilkueta, Elbete eta Elizondo frantsen eskuetan. Amaiurko botina: 4 kainon, 200 preso eta 6.000 fusil.  Espainiako armada, 9.000 soldadu dio gure alkate jaunak, erretiradan. Frantsek diote 4.000 zirela. D.Fr.Antonio Filangiery, Erratzutik, 3.000 direla. Gure jendea, ihes, etxeak uzten, Alkateak, gure Capitan a Armas, ez du konprenitzen, ez du ulertzen nola ez diote kontra egiten, nola 9.000 bazkari egunero jaten zituen armada batek  (gehi Baztango batailonak, 800 gizon) ez zen gauza Meakan, Bergarako gainean, Armada frantsa geldiarazteko, edo Iruritako Santa Barbaran (gaurko kanpusainduan) edo Zuraurren.

Gartzain
Paperek diotenez “se hace mofa y escarnio del exercito español”. Gartzain hartu dute. Han frantsak gelditu. Irurita parean.



Irurita. Jauregia
“Bazkalaitzin… (Iruritan)… tiroketa batzuk… ikusten zuten… landetan, batzuk Gartzainlandak erraten dioten lekuan ziren… eta bertzeak errege-bidean eta Loizu landetan… eta sinistuak ziren lehenak espainiarrak zirela eta bertzeak frantsak.  Izitu ziren… eta etxeak utzi… quadrilla de soldados herrira uihukatzen “¡Que viene la Asamblea!/ Asanblada datorrela!”… baino gero ikusi zuten haien gaixtokeria… izan zen jendea etxeetatik aterarazteko eta lortu zuten… eta dena harpilatzen/ebasten ibili ziren...eta haien gisara … (herrian) gelditu ziren herriko aunitz (baztandarrak) ere ebasten…” kontatzen du gure kronistak.

Atsalderako dena baretu. Baretu? Tropa espainiarrak, gehiengoa Doneztebera eta handik Gipuzkoako aldera eta guti batzu Almandoza eta hortik Lantza. Frantsak Iruritan eta les Chasseurs Basques /Eskual Xasurrak kantatzen:

                                                         Eskualdun Xasurretarik
                                      baginen hiru batallun
                                      hartu behar gintuela
                                      ............................
                                      Irun eta Oiartzun

Nafar herrikideak? Etxera eta Baztango mutilak (Baztango armada propioa) beren familiekin ihes, Belate pasa eta ondoko haranetan eta ibarretan, Iruñerako bidean, galduak.
 Gure Alkate Jauna eta 2º Batallon de Voluntarios de Navarra Almandozen, beha.

Zigaurre, Ziga, Aniz eta Berroeta, tartean, "inoren lurra".

Eta inbasorak, bertsotan :      Otsondoko mendian:
                                              "Nor bizi? Nor bizi?"
                                               Ustez Asanblearen
                                               joan ziren ihesi,
                                              mutuie izan eta
                                              hitz bat ez bihurtu
                                              Urdazubi aldeko
                                              behorrak izitu. 

Ondorengo atala : 5. Kapitulua: Ihesaldia.