domingo, 17 de octubre de 2021

Erratzuko kontuak - 5 : Begoña

 

Begoña Aguerrebere


Begoña Aguerreberek, Iraborroa etxeko alaba eta gaur egun Posantzeneako etxeko-andrea, bere momentuan (2005) Maite Lakar & Ana Telleria inbestigatzaileek eginiko grabaketa batean kontatzen duena:


Eskola


Guk ez dugu gauza haundirik ikasi, sei urtetan hasi eskola eta hamabietako jada gelditzen ginen.

Orduan ( ± 1949....) eskolara gaten ginelarik lehenbiziko egiten zen otoiza eta gero ikasten genuen pixka bat.

Liburuak, liburak ez genituen. Bagenuen dikzionario bat, gu bortz/sei ginen eta uste dut balime zen liburu bat denendako-ta , entziklopedia erraten genion, entziklopedia denendako, hura pasatzen genuen batetik bertzera eta gero pizarra, koaderno bat, ez genuen bertzerik: lapitza eta kitaborrona. Koadernoan egiten genituen lapitzekin problemak eta sumak eta horiek.


Gure etxea nekazal-etxea zen eta lan batzuetan laguntzen genuen ttaiak ginenetik: belarrak, artoa, arbia, iratzeak... Lan horiek egin behar zirelarik ez ginen eskolara gaten. Orduan ez zen inportantea ez gatea ere, bazekien maestrak dena.


Ikasten genuen leitzen, gero tablas de mutiplicar, de dividir eta sumak, problemak, horiek ez zitzaizkidan sobera gustatzen, problema nahiko bada, bai. Nere denboran ez dugu bertzerik ikasi. Nere ondokoek ikasi zuten gehiago.

Gero atsaldeetan laboreak egiten genituen. Atsaldean egiten genuen edo bordatzea ikasi, galtzerdiak egiten, puntuan-ta hola, kañamazoak ere, bai egiten genituen abezedarioa koadroetan sartzeko nahi balime zen eta hola pazten genuen atsaldea,

labores egiten: “punto de cruz”, “bainica” eta “gantxiloa”. Hori atsaldez, ez zen klaserik. Denbora ona bazen patioan eta denbora txarra bazen barnean.

Soka-saltoan ere bai, kantatzen “Al cocherito leré”, edo “La barca le dijo al barquero”.





Neskak eta mutikoak elkarrekin Eskola Ttarrean egoten ginen. Gu Eskola Ttarrera ganen ginen komunionea egin artio, zazpi/zortzi urtera artio eta gero Eskola Haundia erraten genion baino neskak bakarrik, hau da, mutikoak eskola batean eta neskak bertze batean, beheitiko eskolan mutikoak eta gaineko eskolan ginen gu, neskak.


Bordetan, segun zein tokitan, hemen Iñarbegin-ta sorik izaten zen maestra, hola, erdi-maestra bat, Xole Bernal. Borda batean biltzen ziren haurrek, Otondoko bordan uste dut eta han izaten zen eskola, bertzenaz Iñarbilgoak eta Untxide eta Azkarate eta horiek jausten ginen herrira.

Maestrak erraten zakun erdaraz, dena erdaraz. Guk eskolan hasi ginelarik ez genekien erdararik bainan gero eskolan debekatzen zela maestra arras maja izan arren, eskuararen aldekoa zen, bildurrez egiten genuen erdaraz.

Cara-al-Sol ez genuen kantatzen, baino Viva-España eta holakorik bai, baino bueno, por-obligazion, debozionez ez dut uste maestrak ere.


Señorita Carmen

Maestra bakarra Maritxu, beti, eta Eskola Ttarrean zen señorita Carmen. Señorita Maritxu eta Señorita Carmen erraten genuen orduan. Claro erdaraz, ez baitzen libre eskuaraz. Maestra zen euskaldun, euskara aldekoa: fundadora de la 1ª ikastola , Iruñean. “Mujeres valientes” liburuan agertzen da eta han dago Maritxu, Maritxu Biscarret. Etorri zen Erratzura 1943an, eta egin zituen 40 ez dakit zenbat urte hemen, eta aitzinean ibilia zen bertze nonbait eta gero ere egon zen esiliatua Frantzian, euskararengatik, idea politikoengatik.

Señorita Maritxu

Ez zuen kastigatzen eskuaraz aritzeagatik, baino eskolan ezin genuen , baino aritzen baginen erraten zakun inspektorea etortzen baitzen, ez, orduan erdaraz solasteko. Orduan inspektorea etortzen zen noizen behinka.






Aduana/Iriartea

Militar aunitz bazen eta guardia zibilak ere bai. Guardia Zibilak ere baziren hemen 5, 6 etxeetan eta Aduanean, etxeak hola alkilatzen zituzten, eta Aduanan bizi ziren familiak, gero Aduanako beheitian izaten zen ofizina, poliziak eta inspektoreak. Honekin erran nahi dut erdaldun aunitz bazela herrian eta eskolan.


Noiz izan zen eskola eskuaraz Erratzun ? Hemen nere seme Pello eskolan ibiltzen zelarik eskuara sartu zen, modelo D.

Baino izan genuen sekulako lutxa herrian, batzuekin hemen ere. Egin zituzten bilkurak, egiten zuten Modelo D nahi zuenak eta nahi ez zuenak eta gan behar ginen denetara, bi bilkuretara klaro, orduan izan genuen bai hola lutxa, pixkat, herrian, ez ginen haserretu bat bertzearekin, ez, baino pixkat hola atrabesatuak bai gelditu ginela. Eta nagusitu zen Modelo D.

Elizondon protestatzen genuen baita Elizondoko Kontzentrazionean ere. Bildu ziguten konbentzitu nahian Modelo D-en ez sartzeko, baino lortu genuen.


Iraborroa


Noiz hasi lanean? Konozimiento dutanetik egiten genuen lan.

Etxean, Iraborroan, etxekolanetan baino prezeski arto denboran hasten ginen lurra iraultzen-ta hola, behien aitzinean eta brabana gibeletik, behiak ongi gaten eta dena egiten zen brabanarekin, hortan pasatzen genuen etxekoak eta auzoan bizi zen mutilzahar bat ere eta hari , Iputzeneko Jose-Antonio, laguntzen genion.

Behien aitzinean erraten genion lehenago, brabanarekin-ta behiak lotuak-ta gizona gibelean eta andre bat edo haur bat behi aitzinean ibiltzen ginen , artoa ereiteko denboran-ta, lur lantzen denboran, hantxen ibiltzen ginen behi aitzinean.

Hainbertze denbora pazten zen zeren-ta lehenik egin behar zenuen azpiko lurra goiti ekarri, beheitian zagoen lurra. Maldan diren landetan pixkat beheitira gaten da lurra, orduan azpiko lurra goratu dena. Hori saskinoetan egiten zen eta gero iraultzen zen beti beheitiko aldera, gero xehatu holako katxarro batekin, gero arrasta leuntzeko.

Baziren sekulako historiak artoa ereiteko, eta pazten genuen aunitz denbora hortan eta haurrek behien aitzinean eta arrasta gainean ere. Arrasta zen holako tabla bat, haundia, eta tablak bazituen hortzak azpian eta gu tabla gainean zeren behar zen pisua tabla gainean. Hura ibiltzen genuen, hori zen gure jugetea. Tablan gainean arrastan. Eta arto ereitean igual iguala ere, botatzen zen artoa aitzineko aldean eta gibelekoaldetik eskuekin tapatzeko eta hola ibiltzen ginen jostetan, tabla gainetik, hola ibiltzen zen artoa orduan. Normalean ereitea parrastan egiten zen, gero bakantzan, lan gehio, bere planta bakarra egoteko.


Artoa bildu ondoren egiten zen arbi erein, eta arbia atera behar genuen eskola ondoan. Igual zen elurra izan-ta ere, elurra kendu eta garbitu , eskuak hormatuak, ur beroa gaten genuen harat eskuak sartzeko, berotzeko eta gero sumindu eta dena nospelez beteak, eta buah, miseria zen bai, arbia atera eskola ondoan.

Eskolako arropa bat bagenuen bakarrik, gero arropa hori aldatu, merendatu pixka bat, txokolate pastil bat ogi artean eta arbia ateratzera, arbi denboran, edo baboxa bildu eta hola egiten ziren lan batzu.

Artoa ateratzen zelarik egiten zen arbia. Arbia jorratu behar duzu, bakarka bakarka, arbia jorratu eta gero klaro arbia atera. Orain egiten dute hola makinarekin-ta erein eta botatzen da pikorra normal. Ez duzu kasi bakandu behar baino hura bakandu egin behar zen.



maitreak

Belarrak. Dena segaz mozten zen orduan, segarekin, eta belaia haundixkoa balime zen ekartzen ziren peonak, peon aunitz ibiltzen zen. Orduan bazen jende aunitz etxeetan peontzan ibiltzen zena. Segarekin moztu, gibeletik andreak arrasteluekin hedatu, gero eguerdi aitzinean buelta eman, eguerdi ondoan berriz higitu egin eta atsaldean dena bildu mukuluetan, bueno maitreak egiten eta gero altzarrasteluarekin mukuluak egin eta dena arrastelatu honddarrak biltzeko. Hori belarrarekin. Gero etortzen zen soroa, eta hola.


kakola

Belar zamaketa sartzen zen , dena kakoletan sartzen genuen. Belarra idortzen zelarik bildu, kakoletan paratu eta bizkarrean sabaira, bai, nere aizpa aritzen zen belarra sartzen, gure ama ez, baino hola zen, bai, lan aunitz.

Orain makinekin egiten dute dena. Arrastelua ez dakite zen den gaur egun .




Eguraldia ? Orduan beti ari zen zerura begira gure aite, igual bazkaldu, ixtant bat siesta, eta “mugi zaitezte, lainoak heldu dira” eta hala. Jeiki eta belar biltzen, eta gero igual belarra bildu-ta iduzkia atera. Bai, eguraldiaren menpe.

Orduan belar zaharra aunitz izaten zen, harpatzen batzaizun denbora txarrak-ta. Orduan aunitz belar hondatzen zen . Orain dena aprobetxatzen dute.


Artoxuritzea. Artoxuritzen egiten genuen gehoiek, bakotxak berena. Gure etxean denak, egoten ahal ginen guziak, aite, ama eta famili guzia. Artoa hartu eta xuritu, eta pikor hoberenak bereixi pila batera eta txarrak bertze batera. Xokorrak ziren txarrenak, ematen genuen aratxeendako eta aziendarendako eta hoberenak irina egiteko, taloak-ta egiteko, errotara gateko.

Eskuz bi kozkoiloekin xuritzen zen edo burdin batekin erauzi ere.

Kozkoiloa sua pizteko altxatzen genituen-ta. Ostoak, xuritondoak, behiendako, behiek gustora jaten zituzten.

Lastairak egiteko? Ohatze batean bagenuen lastaira xuritondoekin egina baino guk ez dugu behin ere egin. Lastairak irauten du bizi guzia.


Eguneko lehenbiziko lana? Lehenik sua piztu, normalean aitek pizten zuen sua. Aite goizik jeikitzen zen, behien lanak egin behar zituen, sua piztu, ogia xigortzen zuen, eta ogi xigorrarekin anis kopa bat edaten zuen, eta ez zen edalea, hori garbi, baino hori egiten zuen , eta gero kafea, eta behien lana egitera, sua piztua.


Ama? Nere ama , Patricia, jeiki eta bere lehenbiziko lana mezara, argi-mezara gaten zen orduan, sei t'erdietan goizean, jeiki etxetik egunero. Gu elizatik hurbil bizi ginen. Hamar minutu honat, herrira, egunero mezara, ongi balime zen. Gainera komulgatzeko eta konfesatu ilabetero sorik edo igual, ez dakit zer erranen zion gaizoak apezari. Apezak aterako zizkion denak.

Eta gero etxera han gosalduko zuen eta gero bazkari kontu eta gaten ahal bazen senarra laguntzera, belaira edo lo-ke-sea harat gan edo bertzenaz ganen ginen gu norbait. Nere aizpa zaharrenak izanen ziren kastigatuak, erran nahi dut gu baino gehio ari zirela lanean, bai, bigarrena eskapatu zen goizik Frantziara, baino zaharrena bai responditu zen eta nere ondokoak ere bai.


Emakumeen lana? Emakumeek lan egiten zuten etxean eta kanpoan. Etxekolanak egin behar zuzten, bazkaria, salda egunero, egunero, egunero. Salda lurreko suan , eltzean, prestatzen zuen egunero amak, eta gero ematen zion patata, ilerra. Ilarra jaten genuen aunitz, berdura ez zen kostunbrea jateko, beti ilarra eta patata. Salda goxoa egiten zuen, olio frixitua, olio ez aunitz eta xingar urina, olioa frixitzen zuen horrekin, baraxuriarekin eta gero xingar urina eta salda goxoa zen, gosea bazen...


Bazkaria. Bai gu jateko izan dugu beti baino beti igual, beti berdin, tomatea bazelarik baratzean tomatea, kontserbak egiten genituen: tomatea eta piperra, xingarra, ilarra patatekin, eta gero litxu denboran fuente osoak jaten genuen, litxua purruski, hal-hala litxua, bueno hal-hala ez, olio, ozpin eta gatza baino ez orain bezala entsalada mista, fuente osoak, eta oraindino maite dut nik hori, ez dakit sikologikoa, igual da.

Bazen olio, bai, oliba olioa, erabiltzen genuen eltzekoa, eltzeko beti olioa eta gero xingar erre horrek beti botatzen zuen urina eta xingar urinean egiten ziren patata frixituak , urin aunitz, eta orain denak kolesterola eta orduan ez genuen niork. Gure aite Juan Joxe, “Juan” erraten zioten, hil zen 94 urtetan, ez zuen jaus, zahartua-ta, zaharreriez hil zen, baino beti xingar eta patata jaten zuen gaizoak, eta tomatea eta bakailua. Bakailua orduan zen merkea, orain lujua.


Ni sardin zaharren begiak maite nituen. Gaten nituelarik tiendatik erosi-ta eta etxera ailegatu orduko, begi guziak janak ! Gustukoak nituen.





Lixua. Egiten genuen lixua, astean behin. Guk ez genuen txorrotarik baino aunitzek bazuten. Guk lixua egiten genuen beheitian, atean. Paratzen zen lixu-harria , azpian, gero haren gainean paratzen zen zesto haundi bat, zaretoa-ta bezala, hesia, eta hesian paratzen zen oihal bat, eta gero botatzen zen arropa zikina.

Lixua egiten genuen bakarrik maindireak eta arropa xuria eta horiendako. Bertzenaz egunerokoa garbitzen genuen hola, egunero ez , baina astean behin bertze arropa . Lixua egiten zen arropa xuriarekin.

Gero paratzen genuen trapu gainean hautsa eta ur beroa bota eta ateratzen zen azpitik ur fin fina, guri guria, goxoa zen hura. Hautsak egiten du hori. Eta gero azkenean ateratzen zen ur bero hura eta egiten zuen lixueria. Harekin garbitzen genituen zangoak eta fin fina uzten zitzaizkun.


(Baztandarra ez dena jakin dezala Baztanen hautsa errautsa dela eta errautsa hautsa)


Hautsa leienda da. Hautsak arrotzen du dena. Pintetu behar duzu lehioa eta gero nahi duzu pintura kendu, egin masa hola hautsekin, morteroa, paratzen duzu gainean eta gaten da pintura. Garbitzen du zura xarmanki. Utzi behar duzu 24 ordu edo geihago. Ez bada arras pintura difizil, arras ona da hautsa. Nik hemengo leioak-eta garbitu ditut, atea ere bai hautsekin.


Ekonomika garbitzeko. Bazen harri xuri klase bat. Xehatzen genuen hura, legar-harria erraten genion , ongi xehatua legarra bihurtzen zen eta legar horrekin ongi garbitu . Baino guk Iraborroan ez genuen ibiltzen ekonomika, kanpoan egon naizen lekuetan edo hola, bai.


Etxeko baliabideak: Nik nere etxean ezagutu dut argi eta urik gabe egotea , eta komunik ere ez.

Argia?Argia sartu zuten ura baino lehenago. Argia gure aitak-eta egin zuten. Bortz etxeen artean paratu zuten turbina bat eta deposito bat gure etxetik goitixago. Gure etxetik ematen zen argia, Argia ematen genuen bakarrik atseetan eta biharemunean goizean, argitzen zelarik, kendu. Ez zen plantxarik ez frigorifikorik, ez deusik : bakarrik argia. Argitzen zuen franko polliki. Usetuak argi gabe, argia bazenuen, ez orain bezala, baino bai pollite zen hura, gu ginen pribilejiatuak kasi.

Gure aita zen artista bat, hola mañosoa eta abile zen.

Etxe bakotxean izanen zituzten bonbilak, sukaldean eta kuartoetan. Gure etxean leku bakoitzak bazuen bere bonbila. Bagenuen flesiblea, engantxatua eta jausten genuen leitzeko, gure amak-ta.

Gure denboretako nere amak-ta eskola bazuten, bai, leitzen baitzuten eta eskribitu-ta dena. Aitek, ez. Aitek ez zuen firma baizik. Ez zekien erdararik, deus.

Hola tokatu zen. Nere amak bazekien leitzen, bordakoa zen, urrunekoa baino harek ere bazekien aspaldiko denboretakoa, amatxi ere izigar maite zuen leitzen. Hura intelijentea zen, bai, denboretako.


Ni egon nintzen bordan, Zinpunt (Zubipunta), ez zagoen ez urik ez argirik ez deus, petrolioarekin egiten zuten argia eta su-zilo beltz batean hantxen ginen.


Ura? Lehenago genuen iturria, etxe ondoan eta xabonada han egiten genuen eta ura ekarri pozaletan etxeko kontsumoko, hori haurrek, klaro, haurrek eta amak ere bai . Menditik etortzen zen ura eta aitek zementuzko aska bat egin zuen.

Gero-ta sartu zuten ura handik, sukaldean bakarrik.


Abarrak, Ostatuko labearen ondoan

Sua? Abarrak bildu, errekia, biharemunean sua egiteko lurreko-suan. Beti egin behar genuen errekia beheiti goiti ekarri, egurra eta errekia, sua ez zen eginen bakarrik, he. Ekonomika bagenuen baino ez genuen ibiltzen , hondatu zen ibili gabe.

Ornilo/hornilloa bagenuen, orniloa da lehioan, paratzen duzu han,

zilo batean bezala, harat brasak bota eta gainean parrila moduko zerbait kazpela jartzeko eta bazen espresa haustegia azpian. Han egiten genuen dena, lehioan.


Komuna: Guk ez dugu ezagutu ez komunik eta deus etxean, kuadrara, azienda baizen, eta artoa haundia zelarik, artoetara. Eta iratzekin garbitu behar, edo arto berarekin, artoa bazelarik ; behien artean eta behien beroarekin, goxo goxo,...

Denak harat, hala ere, puf, aldatu dira gauzak, orain etxean kuartoetan bañoak, ze aldaketa.


Gorputza garbitzeko? A-plazos, garbitu pixkat ahal zen bezala barreño batekin-ta, es-ke orain ezin da konparatu, orain egunero dutxatzen ahal zara, orduan berriz ez zenuen sekulan ikusi ez bainurik ez deus. Iturrira gaten ginen garbitzera, bai, udan.


Azpiko arropa? Baziren kuleroak eta sujetadoreak, bai, beti. Nere aizpa zaharrak eta hola, gazte ziren denboran, hasi ziren con-medias-de-cristal, galtzerdi fin horietarik. Oroitzen naiz nola batzuetan, sos bat izaten, erosten zituzten galtzerdi-kristal, medias-de-cristal erraten genuen.


Ileroa? Moldatzen ginen. Bagenekien etorriko zaigula eta egun batez etorri zen eta izaten ziren , orain konpresak dira, orduan telazkoak, trapuzkoak. Paratzen gintuen, garbitu eta altxatu, eta berriz hura paratu, dena tela. Gu ginen bortz aizpa eta aizpa artean guk ez genuen erreparorik. Amak ez zakun sekulan deus erran gauza horietarik, ez zakun erakutsi baino...

Mina? Aguantatu, pastil bat hartzen genuen, hola min haundia genuelarik baino bertzenaz, aguantatu. Esplikatu? Ez, ez, arras sekretua bezala, pentsa, iduritzen zaien bekatua zela. Nik ez nuen susto , nik aizpa zaharragoak banituen. Zaharrarenarekin ez dakit zer paztu zen baina ni hirugarrena nintzen-ta nik ez dut horren oroitzapenerik.


Aspaldiko merkatua

Bertze lanak.Igandeetan izaten zen merkatua Elizondon, eta hemendik , Erratzutik, gaten zen jendea zareekin, oilaskoak-ta saltzeko, zerbait sobratzen zena astean.

Ni hamar urtetan eta aizpa zaharrenarekin gaten genituen Elizondora igual oilaskoak eta arroltzeak. Guk ez genuen bertzerik saltzeko, arroltzeak eta oilaskoak bakarrik. Ez genuen bildotsik ezta ardirik ere. Han izaten ziren bildotsak-ta saltzeko, eta gero fruta eta etxeko gauzak ere gaten zituzten zenbaitzuek.

Permiso? Ez, Plaza de Abastos bazen Elizondon, orain Biblioteka da eta han banku batzu baziren, han jartzen ginen denak, bakotxa bere gauzekin eta gero pasatzen ziren erostunak, Elizondokoak edo restaurantekoak. Ibiltzen ziren aunitz eta denak prezioaz galdeka “zenbat nahi-zu, zenbat nahi-zu” eta gero denak jakiten zutelarik, interesatzen bazaien zurea...., azkenean saldu behar zenuen merkeago por-ke ez zinen gibelera etorri behar arroltzekin edo oilaskoekin . Baziren han bildotsak prestatuak saltzen zituztenak, oilaskoak-eta.

Pisuak? Izanen ziren, ez naiz oroitzen, restaurantekoek pisatu beharko zuten. Guk oilaskoak bizi gaten genituen... ez genuen pisurik egiten oilaskoekin. Oilasko biziak, karrakaka, saltoka eta eskapatu nahian.


Bidaia? Hemendik gaten ginen baztuek autobusean eta batzuek Martzelino Sumusuakoarekin. Auto koxkorra bazuen-ta, taxi izaten zen, auto beltz bat, lehenengo antiguo horietarik, hola, gorki polita, kargatu jendez eta oilaskoak eta zaretoak eta puskak gainean, parrilan, eta sartzen ginen autoan. Berak holako manibelarekin arrankatzen zuen aitzinetik, ran, ran, ran. Ez baitzen aitzinetik arrankatzen, kapot goititu eta arrankatzen zuen, eta Elizondora. Han zenbat kabituko ginen ? Zazpi, zortzi lagun igual bai, orduan ez zen toperik. Bat lodixko balime zen, leku gutixo...


Eta azkenean saldu eta gero ni oroitzen naiz erosten genuen TBO-a sosekin, sosekin gan behar zen etxera baino kapritxo bat, TBO-a, PULGARCITO-a erosten genuen, nik , eta nere aizpak erosten zituen galtzerdiak, hola kristalezkoak, orduan “medias de cristal” erraten genuen, galtzerdi ilunak, zen koketa eta presumitu behar zuen, zerbait beretako behar zuen eta bertzea etxera, sosak.


Martzelinok uzten gintuen Elizondon. Bueltan bazen etortzen zena, Ollos. Etortzen zen Almazenera (Agerrea) eta herriko dendetara. Ekartzen zituen puskak, nik uste fruta, peskado, denatarik. Bera naski bizi zen Elizondon edo Irunen , eta gero Elizondotik egiten zuen rekorrido hori eta harekin etortzen ginen kargatuak denak, bai, Almazenera. Igual harek ere erosten zituen arroltzeak berriz ekartzeko Almazenera saltzera. Almazenean bazen tienda orduan.

Edo Zugarramurdiarrarekin, hau pazten zen ere. Zugarramurdiarra zen autobus bat Zugarramurditik ateratzen zena eta hartan etortzen ginen Elizondotik Ikatzateraino eta handik oinez.


Etxetik kanpoko lanak


Hamar urte nik bete nituelarik sortu zen lahengusu bat, Antontxo Kordobakoa, Zipunteko bordan , Gostapolotik Iñarbegira ordu t'erdiko bidean bizi zen eta harat gan nintzen haurzain. Hamar eta hamaika urte. Ez zen haur gehio baino ematen nion biberona, aldatzen nuen, jateko gaten nuen iratze denboran-ta, iratzetara gaten ziren egun guziko.

Izoak, Anuntziaxion, ematen zatan gateko zaretoan iratzelekura, han bazkaltzen genuen denek, gero atsaldeetan handik etorri eta biltzen genuen senfitoa, hura xehatua emateko zerriei, eta gaztainak.

Gaztain pila egiten genuen, sekuleko gaztain pila. Bazuten gaztaineri haundi bat eta han egiten genuen gaztainak, pilatzen ziren beren morkotsekin, bertzenaz galtzen baitira, eta gero gaten ginen ilunabarrenetan haitzurrekin, neguan, eta dzanpa dzanpa bereizi gaztainak eta erre supazterrean.

Guk ere lurrekosua bagenuen bakarrik han, eta gaztaina erre eta gero esnea egosten zuten eta artoak egiten genituen.

Ogia egiten ziren han, bordako labean, etxe-ogia, eta etxe-ogia ondotik egiten ziren artoak, taloen irinekin, gasna bezala, borobil batzu, sartzen ziren eta han erretzen ziren eta gero heken ondotik sartzen genituen udareak eta sagarrak, eta goxoak, eh?, hori bai.


Erran datzut nola atsean jaten genuen gaztaina, eta igual goizeko salda sobratua eta gero artoa mozten zen xerraka, gasna bezala. Paratzen ziren tenazak zupazterrean, luxera, eta haien gainean eskalera bezala artoa paratu eta haren beroarekin xigortzen zen eta ona zen, zopatu-ta esne beroan. Hori zen afaria, egunero berdin.


Gure etxean ez zen hola, taloa jaten zen. Guk ez genuen egiten etxe-ogirik Iraborroan baino hori nere izoaren bordan, bai.


Han ibili nintzen bi urte baino igual gaten nintzen erearoan, ekainean, eskola ondoan eta hasten nintzen berriz abenduan eskolara edo urtarrilan. Sei urtetan hasi eta urte erdia eskolara gan gabe.


Zipunt/Zubipuntako Borda

Bordan gustora. Argia ez zagoen, han urik ez zagoen eta goizik iluntzen zen eta goizik ohatzera . Hala ere bertze etxe batean bizitzea, bai ama-ta aita-ta, pena nuen, nintzen nigerrez atseetan, gainera ama eria utzi nuen etxean-ta eta haurrak, azkenean amaren behar duzu, ez duzu konprenitzen, hamahiru urtetan Elizondora eta hamar urtetan harat, bordara. Han bai, han zenbat niger egiten nuen. Ikusten zen belai burutik, borda gainetik nere etxea, urrun, punta punta, Zipuntea da pixkat Auza alderdira eta handik ikusten zen eta beti siesta ondoren etxeari begira. Arras familia, ongi tratatua izan nintzen baino han ere falta egiten nuen doike. Nere izoa pixkat delikatua xamar zen-ta, amak ere nahi zion aizpari lagundu. Nere amak, pentsatzen dut, pena hartuko zuela baino gero hainbertze baginen etxean eta hori, bat gutiago. Lau behi genituen eta zazpi lagun: bortz aizpa baginen. Bat etxean gelditu eta bertzeak ere Frantziara gan ziren. Zaharrenak han gelditu ziren, ezkondu-ta, eta ni berriz...


Etxetik kanpoko lanak


Lehenago ibilia nintzen Elizondon 13 urtetan haurzain, eskolatik gelditu-ta gero han egon nintzen, han 200 pezta irabazten nuen hilabetean. Baina hola zen.


Aspaldiko Bidarrai

Gero hamasei urtetan gan nintzen Bidarraira, Frantzian, haurzain, hamasei urte han bete nituen. Eiheraldea zen etxea, bazuzten lau haur eta heken zain, gurasoak beren lanetan-ta. Egiten nuen bazkaria eta haurrena, dena, hamasei urtekin.

16 eta 17 urtekin egon nintzen han.

Frontera pasatzen genuen de-estranjis. Alde batetik han 18 baino gazteago ez zuzten txikitzen ahal, 18 urte behar dituzu, mayoria de edad, baino guk ere beharra genuen nonbaitere mugitzeko eta hek ere norbait hartzeko, paperik gabe-ta. Soldata, orduan ematen zataten 600 pezta, frankoetan . Bueno ez dakit sosak egiten nuela, jan ongi jaten genuen ere. Jan aldera kasi ibili gara.


Gaten ziren emakume aunitz Frantziara neskato... Hemendik Frantziara denak gaten ginen, zerbitzera, lanera, sasoina egitera, batzu hoteletara. Nik ez nuen hotela sekula maite, etxeko lanak-eta, bai , baino hoteleko follon horrek beti izitzen nau.


Gaten ginen Erratzutik, hasi-ta oinez, Izpegi, pasatzen genuen frontera, bada goitixko mendi bat Izpegitik goiti, handik agertzen ginen patarra goiti, gero patarra beheiti jautsi, karretera gurutzatu eta sartzen ginen Izpegiko errekan, eta Izpegiko errekatik Baigorrira. Eta Baigorrin hartzen genuen autobus bat : San Martin d'Arrosa. Eta han hartzen genuen trena Bidarraira. Holaxen ibiltzen ginen. Egun erdi bat behar genuen etxetik atera-ta. Gaten ginen puskeekin, gero etxeko-andreak erraten zatadan “kartzen badituzu banana eta sardinak”. .Arropa ez genuen gorki baino gero sos pixkat egiten genuen erosteko arropa.

Nik nuen aizpa bat egon zena etxe hartan eta nere ama egin zen eritu, ez aunitz, eta orduan hura etorri zen etxera eta ni gan nintzen haren lekura.


Hango bizimodua? Ez genuen egun librerik ezta deus, jaus ere, urtean hiruetan etxera etortzen ginen, Inauterietan, Sanpedrotan eta Eguberrietan eta egun librerik ez genuen, beti han, igandetan ere bai, egoten nintzen haurrekin.

Bakarrik atseetan uzten zakuten herri batetik bertzera. Izaten ziren bestak eta paratzen zuten autobusa eta orduan disfrutatzen genuen. Neri igual tokatzen zait atsaldean haurrekin paztu eta atsean utzi autobusean gatera bestetara. Hori gustatzen zaidan, libertate hori, nere aite ta amak ez nautan ikusten. Hango oroitzapenak onak ditut, arras, ordukoak. Neri lana ez zait inporta.. hala zen.


Gero Bidarraitik buelta hori dena egin. Behin izan genuen abentura bat Bidarraitik heldu ginelarik. Baigorrira ailegatu-ta auto batean eta gu de-estranjis bazter batetik paztu genuen-ta. Auto horri erran zion jendarmak ez pasatzeko goiti zeren-ta elurra bazela Izpegin eta ezin zela paztu.



Baino guk nahi genuen etorri, berriz autoenak “nahi baduzue itzuli edo nahi baduzue segitu baino elurra bada”. Baino guk ez genuen etorri nahi gibelerat. Ginen bida, Mari-Juana Santesteban eta biek. Eta abiatu ginen eta sartu ginen elurrean, goiti-ta, goiti-ta, goiti. Izpegira ailegatu baino lehenago nere lagunak zituen sandalia planoak, ez ziren lotzen, nereak lotzen ziren, eta harek egiten zuen elurrean pauso aldiero zapata gelditzen zitzaion eta zapata atera-ta paratzen zuen baino pauso aldiero galtzen zuen, hondarrean ortotzik. Ailegatu ginen Izpegiko gainera eta Eguberria baitzen ez zen inor ere, eta han ez zen biderik ezta ja ikusten eta abiatu ginen pixkat lasterbidetik. Baginakigun memoriaz. Handik abiatu ginen beheiti eta ni sartu nintzen zilo batean leporaino elurrean, nere laguna beheitixago , han, neri uhiuka, ni bertzenaz gelditzen nintzen. Gero atera nintzen nolabaitere. Ekartzen nuen pakete bat eskuan-ta, “pastel vasco-gateau basque”, jateko etxean. Eta hura salbatu nuen baino arroparekin nuen paketea ezin, han gelditu zen. Elurra beheiti jautsi ginen lehenbiziko bordara, Xabal. Eta lehenbiziko borda hartan atea joka, harritu ziren, tenore horietan gauez. Atsaldeko bortzetan edo hola Baigorrin ginen eta bagintuen atseko hamarrak edo hamekak bordan.

Han eman zakuten jatera, oinetakoak ere eta nere lagunari sartu zioten zanguak ur beroan por-ke zituen hotzak eta gero egin zaion eritu, sumindu zaizkion zangoak, egon zen hogei egun ohatzean. Egin zaizkion konjelatu. Ni ez, ni oinetakoekin segitu nintzen eta nik ez nuen ondoriorik. Ailegatu ginen gau-erdian Erratzura. Elurrean ez da broma. Konjelatuak gelditzen ahal ginen baino ez ginen. Abentura izan zen, fuerte, abentura txarra. Gauza horiek pazten ditugu gazte denboran neurrian, eta hemen gaude.


Lana


Gero hemeretzi urtetan gan nintzen Donostiara pelukeria ikastera. Egin behar nuen kozina edo pelukeria. Behin erran nion nere Bidarraiko etxeko-andreari “ez dakit, ikasi behar dut pelukera edo kozina” eta harek erran zatan “bai, esku ona duzu”, hari garbitzen nion burua,esku ona duzu pelukerako”, erran zatan-ta.

Hemengo alaba bat zagoen Donostian ezkondua eta haren medioz, Donostian pelukeria batean hartu ninduten.

Pelukeri hartan ikasi nuen, esamena paztu nuen akademia batean, sei hilabetez, dena, orain dela 48/50 urte.


Lehenik Martintxo, gero Begoña eta hondarrean Elena

Eta gero etorri nintzen Erratzura, bajera bat harpatu nuen hemen eta bajeran paratu nuen pelukeria eta beti izan dut lana.

Orduan aitek egin zatan bi mostradore, hola, politak, kajonekin, zurgina baitzen aite, bi izpilu, bi silla sekadorendako, bertze bi silla tokadorendako.

Han Donostian, pelukeroak lagundu zatan aunitz eta ikasi nuenekin pelukero harek lagundu zatan antolatzen . Gero banko bat egin zatan aitek, han jarrita egoteko jendea esperoan, zurezkoa, akoltxatua eta dena, arras polita, eta ya-esta.


Egiten genuen garbitu eta orreztatu eta moztu eta dena 20 pezta. Gero tintea 40 pezta eta permanentea ere, 45/50 pezta.


Herritik atera?

Igande atsaldeetan Elizondora gaten ginen. Lehenik gaten ginen bezperetara, gero bezpera ondoan igual hemen gelditzen ginen bokadillo jan-ta hamarretara artio edo bertzenaz gaten ginen Elizondora, zinea baizen. Norbait gaten bazen , motoan edo hola, gaten ginen harekin. Zinean “gallinero” bazen gainean-ta, han gustora egoten ginen.


Autobusa? Aise, autobusa goizetakoa, etortzen ginen igual mezetara, autobusa hartzen zen goizeko 7etan, orain ere bai. Autobusak bazuen eskalera gibelean eta gibeleko parrilan igan eta belozidade pixkat hartzen zuelarik, saltatu. Gero jada debekatu zuten parrilan ibiltzea eta gero ya autobusean betetzen bazen barna eta ez balime zen lekua, gainean.

Gan izan gara Dantxarineara, Kaperara. Zugarramurdiarra ibiltzen zena Elizondotik Zugarramurdira. Eta hartan, Ikatzateko Bentan gelditzen zen, beti betea, igaten ginen gainera. Gainean ... hantxen nintzen gustora, ez genuen peligroa ikusten, eskalera eta dena betea.


Baztandarren Biltzarra? Elizondon izanen zen, herrietan alkateak-ta, ez dakit, abisua eman. Ni oroitzen naizena da pelukeria paratu nuen ordukoa izan zela eta lehenbiziko urtean (1964) nola beztitua eskualdun-xaharrez, nere rotulo horrekin “Erratzu” eta gero haurrak. Ni nintzen orduko hogeita bat urte ya, nere gibeletik izan ziren haurrak. Falda gorria marra beltzekin, eta hola, eta ni letreroarekin. Gero karrotzan nere aizpa pegarra batekin eta Xorroxingo kaskada. Antolatu zen ongi. Oroitzen naiz nola kaskadak botatzen zuen ura, biltzen zuen gero eta berriz agertzen zen kaskadan eta gero berriz sartzen zen. Norbaitek ongi egina zuen.

Eta nere aizpari erraten zioten “Guapa, te estás meando”. Aizpa guapa zen, orain denak xahartuak gara baino erraten zioten “guapa”. Euskaldun beztitua zuten, falda gorriekin, eta han jarria kaskada ondoan pegarra batekin . Zen hori, oraingo inbentoak ez ziren orduan, hasi-berriak ziren.

Antolatzaileak, ez naiz oroitzen nor ziren, hemen herrikoak gu baino zaharragoak zirenak. Herri guziek ez zuten karrotza aterako, guk bai sorik, Erratzuk sorik bai. Badut erretratu eta dena.

Baztandarren Biltzarra 1973 : 1 - Xuneko Maite 2- Ostatuko Matu 3 - Xubieteko Belen
4 - Sumusuko Felixe 5 - Xubieteko Josetxo 6 - Ostatuko Xabier 7  - Juan "Ttolot"

 

Gero karrotzak egin dira aunitz. Orain dela bi hiru urte egin baitkenuen “rogatibak” eta hola eta urte horretan ni “Señorita Maritxu” bezala, bai bertzenaz etxean ere negozioarekin, gero hemen esposatu Martintxoarekin ( Martin Ospital), Posantzeneara etorri, gero haurrak izan genituen, Pello, Ramontxo eta Xabier...


Posantzenea/Sidrerie

Herri arteko harremanak? Bueno, Erratzu eta Arizkungo oraiko gazteak mugitzen dira, baino denbora batean bazen bai bereizkuntza. Arizkunen, hola, haundixago, beti dute toke bat, elegantia. Hala ere arizkundarrekin ez genuen tratu haundirik. Ni oroitzen naitzena bakarrik, haurrak ginelarik, farmazia bazen han eta hemen ez baitgenuen, pues gaten ginen bizikletan, osabak erregalatu zakun Amerikatik-ta, bizikletan farmaziara-ta. Arizkungo haurrek harrike tiratzen zakuten eta orduan guretako Arizkungo haurrak beti gaixtoak, izituak gaten ginen, izituak eta hola.

Arizkunek bazuen bertze kategoria bat, haundiagoak, bai, haundiagoak ziren, beti ongi beztituak. Orain nik uste dut bezalaxe garen , oraikoak nahiko, hola, gure tartekoak.

Amaiur? Amaiurra gaten ginen bestetan dantzatzera baino han ez zen jota baizik, ez zuten uzten agarrao. Guk haurra bezala , gazte bezala, ez dugu traturik izan haiekin. Es-ke orain gaten dira Elizondora kontzentrazionera haurrak eta denak ezagutzen dute elkar, gu ez ginen holakorik.

Azpilkueta? Gauza bera.

Elizondokoak? Denak Elizondokoak, haundiak, gu beti marjinatuak, Baztango kapitala, ez zakuten baztertzen, iduritzen zaikun guri, konplejo genuen, horiek kapitalekoak bezala. Hala ziren. Neri ez dat inor irri egin, egia erran, guk genuen konplejoa igual.

Bozate? Egon ziren marjinatuak lehenago. ....Bozatarra ez genuen erraten ahal, ez zitzaien gustatzen zeren fama txarra zuten. Baino Bozaten jende ona ezagutu dut nik, bueno, konparatzeko , gu bezala, nik ez dut erran nahi horrekin ona naizela baino jende ona ziren.

Bozaten denbora batean denak obrero, hemen baino hobekio bizi ziren nere oroitean.


Diferentziak herrian? Izaten zen diferentzia bordakoak eta herrikoak. Etxaldeak baziren orduan eta gu ginen pobreak. Nik ez dut sufritu horrengatik. Hala ere, bereizkuntza izigarria , bai. Gure aita sortu zen Aritzakunen, Iturburuko Bordan, eta erraten zuen etortzen zela karrikara ortotzik, eta karrikan sartzean paratzen zituen espartinak, miseria haundia bazen orduan. Eta bereizkuntza nondik ez. Hemen baziren lau etxalde-ta, mutilekin eta neskatoekin eta hola. Hortan zen diferentzia haundia, orain denak gu bezainak. Orain denak berdinak. Gure aitek erraten zuen bazituen lagunak han bertze borda batean, Arraxka, bera gaten zen haiekin jostatzera eta atseetan egin omen zuten, hamar lagun ziren doike, bortz xingar puska erre eta hamar talo, eta bortz xingar puska jaten zutenak, bertzeak urina taloan bustia, batek zuen xingarra eta bertzeak urina, eta gaur jaten zutenak xingarra bihar urina, hola bai, kontatzen zuen gure aitek. Orain diote krisis baino hura zen hura...


Diskordiako etxola

Herriko aserreak ? Nik ez dut ezagutu hola baino erraten ahal dut hemen bazela apez bat egon zena dela 70 urte, hila da. Harek erraten zuen bai, Erretore-etxeak eta Apeztegiak izan zuten zerbait ere, eta burletako Apeztegiak egin zion aitzineko aldean dagoen etxola hori zeren eta apezaren etxeak badu larrain eder bat eta aitzineko aldean egitea mukulu bat zen burla bat. Hori nik aditu apezari.

Eta orain hor dago, burla egin zioten. Orain pentsatzen dut bakarrik botatzea behin egin-ta gero..., eta hor gelditu zen etxola hori, Apeztegikoa.

Orain ados dira horiekin, Apeztegikoek erran dute botatzen ahal dela nahi balime du baino apezak ere, lau egun pasatzen ditu hemen eta bortz herrietan ibiltzen da. Ez zaio importa etxola orain. Eta gelditu dira egiteko arreglo bat, hor hueco bat kontenedorendako.


Ostatua/Herriko Etxea zen 110, 115 sozio edo gehio, sozioena-ta zen, gero egin ziren bilkurak “edo konpontzen da edo saltzeko”. Adostu ziren saltzeko baino ez baita saltzen orain eta prezio gutian emateko, pena da-ta. Orain egin dena sozioek zeditu dugu herriari, herri guziarendako eta herri guziak parte hartuz egin behar du konpondu. Egin dute hustu orain barna eta teilatua enpresa batek egin beharra du eta gero auzelanka eta etxe bakoitzak egin behar duela konpondu.

Dirudi eginen dutela Kultur-etxea, jendea egoteko, hortako bezala dago orain. Erdi gelditua dago.

Lehenago restaurantea zen, Posada, Ostatua, aski ongi ematen zuten jatera, banabar gorriak eta txuleta onak eta merluze. Hemen edonoiz etortzen da jendea galdeka. Ematen zuten arras ongi, es-ki-to, haundiko etxea izan da, ez zuten segitu.


Kartzela? Bai, Ostatuan lurreko sorailuan dago. Eta elizak ere badu kartzela sakristiaren azpian. Hor, Ostatuan, sartzen zuten kartzelean harpatzen zuzten kontrabandoarekin, sospetxosoak edo erraten zena malechores-ak. Nik ez dut ezagutu inor hor barnean baino, bai, bi kartzel Erratzun.

Sakristiakoa tapa goititzen duzu, xoko batean eta han ikusten duzu dena, harrizko pareta eta han dira burdin batzu eskalera jausteko eta azpian dena ura da, animeleko putzua. Hori haurrak ginelarik por-ke gaten ginen doktrinara eta apezak erraten zakun “portatu ongi, portatu ongi, ikasi egin behar duzue bertzenaz..” tapa goititzen erakusten zakun.


Zitu meza. Maiatzean . Zitua da kanpoak produzitzen duena, hartarik bizi da jendea, harendako meza bat egiten da. Izaten da ermitetan, Iñarbilen egiten da Sangregorioko ermitan, Gostapolon egiten da Doloretako Amako ermitan eta Azkaraten egiten da Sanpredoxarren, hiru auzoetan egiten da meza, zitu-meza. Herrian ez da zitu-mezarik egiten.


Kontrabandoa? Normalean zen herritik frontera aldera. Hemen gazteek bai, egiten zuten kontrabandoa diruengatik. Gazteak egiten zuten sakelako sosa izateko. Horiek geihenak Ameriketara gan ziren gero.

Etxea berritzeko kontrabandoarekin? Hemen ez dakit. Nausiek kontuak eginen zuten , hori bai, baino bertze peon-ta gosari on batzu egiteko edo hola, bai.


Oroitzen naiz nere amaren sortetxean, Bernateneko Borda, orduan hek bai, ibiltzen ziren fuerte kontrabandoan. Orduan Gaurdia Zibilak gaten ziren harat, baino saltzen ziren Guardia Zibilak . Denboretan saltzen ziren guardia zibilak diruaren alde eta bertzeak ederki pazten zuten kontrabandoa baino badakit nola erraten zuten amaren bordan Guardia Zibilak harat gan eta supazterrean ederki han, ematen zieten salda eta hola jatera eta erraten zuten biztarte horretan pasatzen zuten kontrabandoa eta gure amak erraten zuen gaten ziren guardiak arroltzeak ekartzen zituzten doike edo han bordan ematen zieten eta eltze salda nola bazen beti supazterrean, sartzen zuzten arroltzeak eltze saldan egosteko eta horrek nere amari ematen zion goitigalea arroltzeak egosten han, eltze saldan. Ez zen atrebitzen erratera guardiei ez egiteko.


Guardia aunitz? Bai, buh, kontrabando aunitz bazen. Nere osaba ere, Beñat, amaren anaia, kontrabandista haundixkoa izan zen, pasatzailea. Puntila ekartzen zuten aunitz.

Gure etxean gure aita ez zen kontrabandoan izan.



Uholdea :1913 izan zen, eriaroan bian izan zen , orduan gan zituen hemendik etxeak. Izenez ez naiz oroitzen. Lau etxe izan behar ziren, bat gan zuena Zubipunta, gure ostatuko leku hortan, etxe haundi bat eta urak gan zuen eta gero kargadorea eta bertze etxe bat eraman zuen eta gero bertze bi etxe koxkorrak gan zituen, ez naiz oroitzen, ni ez nintzen sortua, aditzea gauza horiek, bai. Auzan bota zuen tronba bat izigarria, dena , bideak eta Urrainen ere bazuten karrua, orduan autorik ez baitzen, karrua tiratzen zen behorrarekin-ta, hura ikusten da erretratoetan eta sillak, eta hola. Elizan ere gan zuen aldarea. Apezak ikusi zuen atakatzen eliza, santisimoa atera zuen zimitoriora baino urak gan zion elizari zati gorra. Ez, hilik ez zen izan, norbait atera zuten Zubipuntatik, etxe hortarik gure etxera, Posantzeneara, paratu leihotik leihora tabla bat eta hola paztu zen, apez bat, Don Jose, doike salbatu zen eta gero bazituzten bi behi, beheiti alde horretan eta bat gan zuen urak eta bertzea laxatu zen doike baino hor mendian harpatu zuten. Orduan makurra aunitz izan zen. Beheitian (Elizondon) egin zuen kalte , bai, Elizondon markatzen noraino ailegatu zen ura-ta, han dago, beheitiko karrikan-ta. Hemen bazagoen markatua etxe zahar batean baino gero hura bota dute, bai, bazen marka, paratzen zuen 1913koa, letrak-eta bazituen . Orain botaia dute.


Etxeko farmazia / erremedioak:


Balsamoa gure amak egiten zuen: olioa, olioa paratzen zen berotzen, ematen zion baraxuria, kamamila pikor batzu, xabon pastila “Lagarto”, hortarik pixkat, argizeria bertze pixkat, eta hori irakinarazi bil, bil, bil, bil eta gero paratzen zen untzi batean trapua filtratzeko eta filtratzen zen eta gero utzi hozten. Hura gelditzen zen krema goxo-goxo bat.

Hura zen gure remedioa denetako: balime zenuen haunditsuak, haunditsuak izaten genuen orduan aunitz por-ke klaro garbitasuna ere.. haunditsuak belaunan-ta, izterrean-ta ateratzen ziren eta gero hauntzen zelarik zornetan. Paratzen genuen hartarik zerbaitekin lotua.

Paratzen zen pomada hartarik denendako. Ebakitzen bazinen, hura, balime zen sakaila edo zakarra, ezpainean ateratzen baziren hainbertze hetarik, haunditsua balime zen, hura. Denetako erremedio batean genuen bakarrik.


Orraxa

Argizeria? Erleak izaten genituen eta gero eztia egiten zuten eta eztia egin eta gelditzen zen sarea, sare hori izaten da orraxa, urtzen zuten . Nola egiten zuten argizeria ez naiz oroitzen. Argizeria izaten zen pastil bat, pastil haundi bat hartarik puska eman eta a-partes-iguales hola egiten zen.


Eta gero enplastua zintzurreko minendako edo hola, edo soinburuan mina balime zen. Egiten zen esnea irakinekin, eta ogia bota, eta lodi lodia, ogia juntu juntua, pañuelo hura doblatu eta paratu lepoan edo... berotasuna horrekin. Hura zen zintzurreko minekin.


Haunditsuendako? Haunditsuendako enplastoak ere. Erran dudana, gure amak egiten zuen zagia/zahia berotu, edo ogia, esnean bustia, lodi lodia eta hura bero beroa paratu, aguantatzen ahal zena , pañuelo batekin lotu-ta hura eta gero hauntu egiten zen, gero zornea-ta lehertu, eta gero baltsamoa doike.


Zizareak? Zizare aunitz izaten genuen, eta zizeriendako goizetan lehenik ematen zakuten “Lombripur!”, erremedio arront txarra, eta gero hari gustoa kentzeko anisa. Anisa erraten zuten ona zela horretarako, zizeriendako, bai.

Baraxuriak ere bai, lepoari lotu-ta, pañueloarekin, iziarazteko. Itotzen ziren gero zizeriekin jendea. Haurrak itotzen ziren zizeriekin, goitira ateratzen ziren eta ito. Badira hemen haurrak itoak zizeriekin.

Nik badut aizpa bat ere zizeri izigarri ateratzen zaion eta botatzen zuen ahotik eta sudurretik. Egoten zen kriston sukarrekin eta eri. Eta baginakigun zer zen eta erremedio eman-ta botatzen zuen zizeri ikaragarrikeria.

Lehenago, es-ke edaten genuen igual esne gordina-ta , behia deitzi-ta igual hal-hala edaten genuen hartarik eta klaro mikrobioak eta...


Begarriko (beharriko/balarriko) minendako bazen halako belar-planta bat, berez ez da belarra, alkatxofa klase baita zerbaitere, osto xabal xabala, alkatxofa burua baino xabalagoa baino osto berdinak, iduria, lodiak, dena gizenak. Orain aloe-bera izaten baita, hola zen, haragitsua. Baratzean bagenuen guk. Osto hura begarrian zapatu, sartzen zen likido barnean eta hura zen beharriko minendako erremedioa.


Tipula. Bai tipula erabiltzen genuen ere, igual izaten behatzean mina, zingirioa, eta haunditsuendako ere bai, tiratzeko zornea kanpora. Tipula paratzen genuen hola, ostoa, eta ostoan olio tanta eta hura frixitu pixkat zartaginan, hol-hola eta hura paratu. Tipula ona da mina ontzeko, grano bat edo haunditsu bat edo, arras ona da tipula eta balime duzu mina eta zerbaitere nahi duzu tiratu kanpora, tipulak tiratzen du.

Eta gero balsamoa. Hola manejatzen ginen.


Anka bihurtzekotan? Orain franko bihurtzen dut, baina orduan ez. Erraten dute arroltze xuringoa batitua, eta bendatua eta hura ber-bero jartzen da, harek gortzen du ieltsoa bezala. Gu ortotzik ibiltzen ginen aunitz. Nik ez dut zangoa bihurtu, otean sartzen bazinen, ateratzen eta ya-esta, etxean aunitz eta belaian-ta ortotzik, eta hori ama aserre. Guri egiten zakuten eskalapuinak eta bagenituen oinetakoak baina maite genuen ortotzik ibili.

Eta baginen bortz aizpa eta ez dugu izan problemarik de-pies-planos ez deus holakorik, ortotzik.


Zorriak: Zorriak kentzeko “Cuchol”. Bazen likidoa, erosten genuen. Etxeko erremedioa ozpina zen, ez lotzeko. Ozpinak ez du zorriak kentzen, ez. Hiltzeko “ Cuchol”, Cuchol likidoa: erretzen zuen burua. Pañuelo batekin inguratu eta ya-esta.

Eta gero partza baitzen. Partza ez zen hiltzen. Hiltzen dira baino kostatzen du aunitz. Partza (bartza) izaten dira ilari lotua arroltzeak eta kostatzen zen kentzea.

Gero ozpina eman ez lotzeko. Ozpinak iziarazten ditu zorriak.


iodo-belarra

Kalitza? Kalitzendako bada belar bat, iodobelarra, halako “urin bat” ematen duena , kanpoan betea dena da. Guk ez genuen izaten kalitzarik. Belar horrek esnea du, horia, ematen da hola , ttanttaka, gainean. Kanpoko belarra da, zerbait.


Erredurendako? Olio pixkat eta pomada balime genuen, txikitzen zen, orduan paratzen genuen baltsamoa berriz, min guziendako egiten genuen, erran dudana egiten genuen eta erretzen baginen, ur freskoa eta ez dakit, baltsamo edo hola emanen genuen. Ez ginen erretzen. Ez genuen txaparik, ez deus ere, olio zartada hola igual, baino eskerrak ez gara erre.


Odola sudurretik gelditzeko? Ez dugu problemarik izan baina erraten zuten zigarro papera, zigarro papera paratu sudurrean , barnean, behatzekin lagundua. Normalean izaten da sudurrean zain bat, eta hori zigarro paperarekin.

Ere bai, burua goiti paratu eta behatzarekin tapatu.


Zauriak? Pixa ona omen da, orain ere, heridendako, desinfektantea da.


Zopinendako? Orduan susto bat. Hatsik gabe ahal bezain luze egon zopinendako hala erraten dute eta gero ura edan ere bai erraten dute.

Zopina izaten genuen aunitz, egia da, han ibiltzen ginen, ti, ti, ti pasatu artio.

Erremedioendako, ene iduriko, fedeak egiten du , zuk balime duzu fedea hortan, konfiantza hortan sendatzen zara.


Bizkarreko mina? Aguantatu. Baziren partxeak “Sor-Virginia”, partxeak , kozkor haundiak, dena ziloak ziren-ta. Paratzen ziren saietsetan. Gure aitak bazuen bizkarrean, han izaten zuen bizkarreko mina ta “Sor-Virginia”.


Zintzurreko minendako? Bero dagoen edozein gauza. Guk ez dugu hautsa paratu. Gatza ere erraten dute bai, igual gatza paratu izan dugu, bai, zartaginan berotu-ta, pañueloan bai.


Hortzako mina? Aguantatu, aspirina. Erraten dute ahoa garbitu behar dela koñakarekin baino mina bezain txarra da koñaka.


Eta Erratzuko sendagai unibertsala


Haur bat minak hartzen duelarik, kontsolatu nahi duzularik erraten zaio

        Xenda xenda mine

        asto putzurrine

        plax, plax, plax


Lehenik eskuarekin ferekatzen minak hartu duen lekuan eta plax-plax gozo batzuekin han jotzen.


Otoiz egin ? Goizean jaikitzen ginelarik, gero etxetik ateratzean, gero jaten hasterako ere bai, beti, bai, bazkarian, afarian, Anjelus ere beti hamabietan, eta gero erraten zakuten ere bai orduak jotzen zuztelarik, errezatu behar zen Abe-Maria, buah, sinisten genuen. Gero izaten zen atsean ilun-ezkila eta gero ere bai izaten zen keda, hamarrak eta koartotan, izaten zen purgatorioaren arimengatik, Aita-Gurea hori ere beti, egunero errezatzen genuen, aditzen baitzen ezkila gure etxean, hurbil baitzen.

Bedeinkatu jan behar duguna-ta” eta hola erraten zakuten, “Bedeinketu dezala Jaungoikoak guk jan behar dugun alimentoak” eta hola. Erdaraz ere, eskolan. Ohatzera ere bai , Aita-Gurea eta Jesus eta Maria. Arrosarioa errezatzen genuen egunero , Bortz misterio. Eta gero Aita Gurea, gero Salbe eta buah. Arrosarioa, arrosario bat artoxuritzean, ere bai.

                Elizako kantak



(Interneten : youtube.com bizidedila.begoña)

Amabirjinari Urrian kantatzen genion:

                        Bizi dedila arrosarioa

                        Amatxi maitearen orazioa

                        Errezatzen egunero arrosarioa

                        eta izango zara zorionekoa

                        Abe Maria da Aingeru hitza

                        Arrosarioa da zeruko giltza.

Gehiago ez naiz oroitzen.


Hainbertze urteetan ibili naiz ni aingeru, izaten ziren lau aingeru eta hori bezperetan, Maiatzean.




(Interneten: youtube.com goazengoazen.begoña)

Jauntzi? Xuriz, aingeru bezala, hegalekin-ta, buruan korona ttar bat, korona xuri bat, gero xareto batean loreak eta petaloak eta kantatzen zen

                        Goazen goazen guziok

                        Birjina amarengana

                        eskaintzera bihotzez

                        loretxo eder bana

                        eskaintzera bihotzez

                        loretxo eder bana.

                        Lore bota guziak

                        lurraren gainean-ta

                        zure antzeko dira

                        edertasunea.






(Interneten : youtube.com loreguziek.begoña)

Hori ere bai kantatzen genuen:


                        Lore guziek dute

                        edertasun berena

                        baina zu zara lore

                        benetan ederrena.

                        Eguzki baino ere

                        zara ederrago

                        zuri begira

                        ezin asperturikan

                        nago.

                        Birjina guziz ona

                        zeruko erregina

                        hartu zaiguzu guk

                        koroi lorez egina.


Guk, aingeruek, eta jende guziak kantatzen genuen . Guk aldi hortan botatzen genuen loreak eta kantatu eta dena. Elizako kantuak ziren.


                    Haur kantak



(Interneten: youtube.com talotxin.begoña)

Haurren eskuak hartzen eta talo-txin egiten.

                        Talo txin, talo txin

                        gure haurre ortotzik

                        amatxi zato

                        opil haundi batekin

                        denak ase gaitezin

                        txin, txin, txin.

Eta hori hamar aldiz, loak hartu artio, ixilik artio.



(Interneten : youtube.com arriarrimandoko.begoña)

Haurra hartu belaunen gainean eta

                        Arri, arri mandoko

                        biher Iruñerako

                        etzi Tolosarako

                        handik zer ekarriko?

                        Mandoa betea kukuso

                        Eta norendako?

                        .................endako !!!

Eta gutti maite genuen harendako kukusuak.



              (Interneten : youtube.com hirutxito.begoña)

          Hiru txito izan eta lau galdu

                        txitaren ama, nork eraman du

                        axeriak eraman dio lepoa

eta (gero bertze bat ondokoa : horrek ) gan dio gainerakoa

                        ai ai, aiai oiloa

                        axeriak eraman dio lepoa.

Igual kuadrilan kantatzen genuelarik “axeriak eraman dio lepoa” eta batek/bere izenarekin “gan dio gainerakoa”. Hola graziosoak dira.



(Interneten: youtube.com  binbili.begoña)

Binbili bonbolo” kantatzen genuen eskolan.

                        Bin bili bon bolo

                        sendolo

                        akerra Frantzian balego

                        akerra kanta

                        idia dantza

                        ahuntza danbolina jo.

Hori eskolan, Maritxurekin kantatzen genuen eskuaraz, bai.



(Interneten: youtube.com aldapeko.begoña)

                        Aldapeko sagarraren

                        adarraren puntan

                        puntaren puntan

                        xoria zegoen kantari

                        tirurirura tiruriruri

                        nork dantzatuko ote du

                        soinotxu eder hori (bis)


Hori ere kantatzen genuen eskolan.


                        Bat, bide, hiru , lau ...

Hogeira  eta hortik gibelera

                        ... lau, hiru, bide, bat.


Kaska buruan jakiteko zer jan izan genuen. Hori egiten zakuten. Hori apezak, Don German, egiten zakun guri, eta doktrina atsaldeetan izaten genuen. Es-ke genuen doktrina eskolan, bazkalondoan doktrina eta egiten zakun hola , eskuko behatz-koxkorrekin kopetan jotzen eta haiek usaintzen. “Zer jan duzu? Xistorra jan duzu?” Eta guk, “Ez, xingerra.!” Hori apezarekin.

Holaxen bazekien zer jan izan genuen denek. Maestrak ez, bakarrik apezak.


Haur joku bat. Hola paratu , makurtua, lurrera begiratzen eta bizakarra ematen, orduan bertze batek eskuarekin bizkarrean

                        Decodin, decodan

                        dena dena dena dan

                        en el palacio de tu cocina

                        cuantos dedos hay encima.

Orduan zuk behar zintuen paratu hiru, lau edo bortz behatz eta zenbat ziren azertatzen bazuen, orduan buelta.


Bertze izenekin

Haur jokoa: Eskolan ibiltzen ginen tabetan, ttabak, mutikoak ere bai. Kuadrileka aritzen ginen, pentsatzen dut baietz, mutikoak izanen ziren. Tabak ziren “cara” “cruz·, “carne” eta “hueso”. Botatzen genuen pelota goitira airera eta hola egiten genuen, pelota heldu zelarik, “cara”, bota pilota, ematen bazen buelta “hueso”, han aritzen ginen. Lau izaten ginen.

Irabazten zenuen bertzen ttabak, klaro.

Pelota botatzen zen goiti eta ttabak manipulatzen zenuen, eta behar zenuen kasu egin pelotari eta tabari ere, “cara”, cruz”... hola aritzen ginen, errekreoan, denbora pixkat.


Kromoekin ere bai, hol-hola. Kromoak irabazten genituen eta galdu. Kromoak izaten ziren aingeruak eta hola, hainbertze figura-ta, hola jo eta buelta eman , eskuaren ahurrarekin, pixkat bildua jotzen zen . Hortan aritzen ginen. Buelta bazenuen ematen, zuretako.



Sacamanatecas

Sorginak? Bai sorginendako pixkat aditu dut baino guk makurrago genuen “saca-mantecas” , hola erraten zaion orduan.

Bazela jendea haurrak hartzen zuztenak odola kentzeko, horri bai izaten genion beldurra, “saca-mantecas”. Haren beldurra bai.

Sorginak-ta? Aditu bai, baino ez dut aditu etxean. Erraten zuten tximinitik edo hola, bai, baino gure aita eta amak gauza horiek ez zituzten kontatzen, Eta gero gure artean ere ez.


Ipuinak? Bakarrik erosten genuenak Elizondon.


      Eskar mile aunitz, Begoña





No hay comentarios:

Publicar un comentario