Orok dute bere historia,
Baztanek ere.
Historia baten anekdotak eta ixtorioak,
ideiaren bat izateko.
Baztan 1792 ... 1795
Baztan eta Convention-en
kontrako gerra.
1. Kapitulua: Prestaketa. 1792
Frantzian hasi zen. Iraultza deitu zioten eta
Europako oinarriak inarrosi zituen : Herriak Erregeri agintzen !!! eta baita preso hartu ere. Horrekin frantsek Europako monarkia guziak haserrazi zituzten (1792) eta azkenean eta ondarrean, beren
Luis V Roi de Navarre /Louis XVI roi de France |
Errege propiori, Luis V, hau da Nafarroako Erregeari edo, Frantziakoari Louis XVI , lepoa moztu.
Oharra: Orduko euskaran Errege erraten zen errege propioari, ez ErregeA .
Hori bakarrik? Bai to! Apostolikoak zirenez, nahi zuten beren Iraultza Europan barna hedatu eta kristo guzien kontra hasi ziren borrokan: Espainia,Austria, Prusia, Saboia, Belgika, Napoles, Holanda,Ingalaterra...
Europa : 1792-1796 |
Baina gauzak ez dira bat-batean hasten.
Nafarroa erresuma bat zen orduan eta Sistema Zaharreko estruktura zuen : Nafarroako Korteak hiru estatuetan banatzen ziren ; lehena :Eliza,bigarrena: Noblezia, eta hirugarrena: Hiri Onak eta Unibertsitateak. Denen "mahai-burua" erregearen
(Carlos VII Nafarroan, Carlos IV Espainian) ordezkoa,biserregea, Conde de Colomera.
Eta naski bere armada edo OSTEA/HOST/ HUESTE zeukan, baina armada hau ez zen iraunkorra; bakarrik arazoak zirenean biltzen zen : Apellido deitzen zioten horri (pena ez jakitea nola deitzen zitzaion euskaraz, OSTE-DEIADARRA? ) : Nafarroako 18 (kasuetan gazteagoak) eta 55 urte tarteko gizonak, beren Udal Etxeen atarietan, beren eskopeta edo fusilarekin aurkeztu behar ziren. Ofizialak edo nagusiak, herriko alkateak. Konparazionez, Baztanen gure alkatea, berez, "Capitan a armas" zen. Eta armadaren helburua argi eta garbi :
Nafarroa defenditzea; nafarrek Nafarroatik kanpo ez zuten borrokatzen. Bake denboretan, denak etxera.
Baztango Udal Etxea/Balleko Etxea |
Hori bai, espiritu martziala mantentzeko, hiru urtero alardea. Gure kontua hasten den urtean, 1792, eta Maiatzak 30 egun zituenean, Baztango 14 herrietako barrideak ,etxeko-jaunak edo etxaldekoak, maizterrak ez, Udal Etxearen parean, atsaldeko ordu bietan present egon behar ziren Alardea egiteko (ez du ematen desfilerik bazela), armak erakusteko eta hauek errebisatzeko. Bakoitzak bere eskopeta, 1/2 libera bolbora eta 12 bala ekarri behar zituen eta nola arma guziak errebisatzeak afera luzea izan behar zuen, bi mahai antolatu zituzten lana arintzeko.
Jakin badakigu urte horretan 768 eskopeta badirela Baztanen, baita ere 1.478 gizon kapable armak erabiltzeko. Azpian agertzen den fotoan ikus daiteke nolako gizartea zen orduko Baztan. Bi datu falta dira : apezak, zenbat? eta gizon kapable horien artean, zenbat ziren maizter. Baztan erdia? 1.478 gizon ken 768 eskopeta, 710 gizon armarik gabe. Maizterrak? Sobera ematen du. Baina orain ez da momentua afera hau tratatzeko.
Baztango Armada
Segi gaitezen gure kontu tristearekin. Bai, tristea izan zen, arront. Frantzia aldetik etortzen ziren ideia berriak, haundikiek eta apezek, eta nola ez, herriaren parte haundienak ez zuten batere maite. (Bon, disidenteren bat beti izanen zen... seguro, edo aunitz?).
Alarma. Erlijioa, arriskuan. Errege, arriskuan. Espainiako osotasuna, arriskuan. Udala bildu eta 1792.eko Azaroaren 4an, alkate jaunak, Juan Bautista Echeverria y Latadi, eta kargudunek, batera, erabakitzen dute Baztanek batailon bat presta zezan 8 konpainiarekin, 95 soldadu bana. Baita ere, konpainia bakotxak Kapitain, Teniente, Su-teniente eta danborrero bana izan behar zituela. Oro-har, 760 soldadu, 24 ofizial eta 8 ttunttunero. Konklusionez, denboretako armada ttipi bat.
Ofizialak, DON ziren, erdara jakin behar zuten, Espainiako armadarekin elkar ulertzeko eta beren herriko konpainian aritu behar ziren beren menpeko soldaduak ezagutzeko.
Kondizionamendu gehiago baziren. Ahal zen neurrian konpainietan herri berekoak izan behar ziren, bertzenaz bertze herrikoekin batu. Holako zen Baztango Armada.
Koronela : Alkate jauna : Don Juan Bautista Echeverria y Latadi
Teniente Koronela : Don Martin Josef de Echenique
Sarjentu Nagusia : Don Josef Juaquin Gaston
1. Konpainia : Erratzu
Kapitaina Don Juan Anselmo Landabere
Tenientea Don Juan Martin de Arozarena
Su-tenientea Don Juan Thomas Echenique
Danbolina Ez du izena ematen. Gauza bera bertze konpainietan.
2. Konpainia : Arizkun
Kapitaina Don Miguel Gamio Yrigoyen
Tenientea Don Andres de Cordova
Su-tenientea Don Juan Martin Echenique
3. Konpainia : Irurita + Aniz
Kapitaina Don Juan Pedro de Dolagaray
Tenientea Don Fermin de Archeberroa
Su-tenientea Don Francisco Almandoz
4. Konpainia : Almandoz + Oronoz + Elbete
Kapitaina Don Juan Bautista Echeverria Jauregui
Tenientea Don Josef Leandro Barberena
Su-tenientea Don Juan Antonio Echenique
5. Konpainia : Azpilkueta + Lekaroz
Kapitaina Don Juan Bautista Mayora Guillena
Tenientea Don Jaime de Larrachea
Su-tenientea Don Francisco Naz. Migueltorena
6. Konpainia : Ziga + Gartzain
Kapitaina Don Juan Bautista Mayora Iturralde
Tenientea Don Nicolas de Landa
Su-tenientea Don Juan Fermin de Gamio
7. Konpainia : Berroeta + Arraioz
Kapitaina Don Martin Miguel Echeverria
Tenientea Don Juan Francisco Barberena
Su Tenientea Don Juan de Dolagaray
8. Konpainia : Elizondo
Kapitaina Don Juan Jose de Aldecoa
Tenientea Don Serafin Santesteban
Su-tenientea Don Juan Bautista Arrayago
Soldaduak? Baztandar gizon guziak, etxeko-jaunak eta maizterrak, 18 eta 55 urte tartekoak. Etxe batek ez bazuen jenderik, lagundu (pagatu) behar zuen eta bizitzeko ez zutenei, maizterrei, Baztango Udal Etxeak pagatzen zien. Zenbat? Ez dakigu oraindik.
Armak, nondik? Iruñean eskatu, utziak, erreziboren kontra : 760 fusil, bere baionetarekin, gehi 1.500 libera bolbora, gehi balak, gehi 1.000 sukarri (pintarrak egiteko harriak) eta 760 ezpata. Eskaera Azaroaren 17an egina eta bortz egun beranduago, Azaroaren 22an, erantzuten dute : 528 fusil bere baionetarekin, 570 libera bolbora, 18.240 bala eta 1.000 sukarri. Ezpatarik ez. Naski, erreziboarekin.
Kontuak egin ondoren, konpainia bakotxari 67 fusil eman eta nola 28 fusil falta ziren, herriko jendearen artean eskopeta hoberenak hartu.
Armatu ondoren, instrukzioa : gauero bildu behar, soldadu bezala mugitzen ikasteko eta besta egunetan, tiro praktika : sei kartutxo bana. Norbait faltatzen balime zen, pezta bat multa, bigarren aldian, 3 pezta eta hirugarrenean, 8 egun kartzelan. Eta biltzen zen sosekin? Xorta bat troparendako.
Uniformea? Naski baietz: eguneroko arropa, baina ezkondugabekoena, hau da, txaketa eta txaleko gorrixka, boneta azula, galtzak motzak eta beltzak, eta oinetan espartinak edo abarkak, haien gustura. Norbaitek ez badaki, ile luzea zeramaten, zinta beltz batekin bildua.
Neguan? Kapusaia.
Orduko ezkonduek zapel zabal bat jaunzten zuten.
Konpainia bakoitzak danborreroa behar zuen, baino gero historia guzi honetan ez dira agertzen. Suposatzekoa da, herriaren barnean pasoa edo urratsa markatzeko izanen zela edo nesken paretik gure mutilak galanki desfilatzeko, batek daki.
Konpainia bakoitzak erabakitzen zuen non eta zein seinaleekin bildu, normalki herriko plazan eta ezkila jotzen. Argi dago disziplina izan behar zela nagusia eta norbait ez bazen behar zen bezala portatzen, kartzelara igortzen ahal zuten ofizialek.
Nafarroako Armada
Sistema Zaharrean gaude eta Nafarroak bere eskubide/eskumena zuen bere armada propioa prestatzeko. Alde batetik, mugako haranek (Baztan, Aezkoa, Erronkari...) Baztango kasuan ikusi dugun bezala, bazuten eskumena beren konpainiak antolatzeko eta hori egin zuten. Bizkitartean, Nafarroako Korteek (Hiru Estatuek) bi batailon : 1º Batallon de Voluntarios de Navarra, bere kapitaina Don Luiz de Gainza, eta 2º Batallon de Voluntarios de Navarra, bere kapitaina Don Beremundo Ramirez de Arellano, antolatu zituzten. Aldi berean eta noizenbehinka bertze herrietako nafar konpainiak igorriko dituzte ere : Urroz, Etxauri, Galar, Artaxona, Bertizarana, Anue, Puente La Reyna/Gares, Olite, Biana... daude zerrenda horretan.
Hiztegia : Orduan Konpainiak multzo ttipia erran nahi zuen, ehun soldadu inguru ( 70, 80, 90, ...) eta
Batailonak 8 konpainia ( 500, 700, 800... soldadu konpainaren arabera)
Konpainia hauetakoek lau kuarto/cuatro cuartos (prest-a ?) eta ogi bat kobratzen zuten egunero, eta espainiar armadaren fusilekin (baztandarrak bezala) ornitzen ziren.
Espainiako Armada. Gerra honetan, hiru armada espainiar baziren, hiruak Pirineoetan : bata Katalunian, bertzea Aragoen eta hirugarrena gure aldean, Gipuzkoan eta Nafarroan. Hemengo armadaren burua Ilustrisimo Señor General en Gefe Don Ventura Caro izanen da eta Baztandik pasa ziren tropek, zerrenda luze bat betetzen dute:
Regimiento Provincial de Burgos
Regimiento de Infanteria de Africa
Regimiento de America
Compañia de Cazadores de Galicia
Granaderos del Regimiento Provincial de Avila
Voluntarios de Aragon
Granaderos de Leon y Toledo
3º Cazadores de Toledo
Granaderos Provinciales de Castilla
Granaderos del Regimiento de Asturias
Regimiento de Ubeda (bitxia, Andaluziako bandoleroak!)
Regimiento de Toledo
Regimiento de Infanteria de Leon
Granaderos y Cazadores de Ciudad Rodrigo
Legion Real (frantsak, emigrés)
Caballeria (Farnesio-Dragones de la Reyna-Linea del Rey)
Argi dago denak eta denbora berean ez zirela egon, baino horien izenak Baztango paperetan agertzen dira.
Amaiur Villa de Maya zen orduan eta Baztandik bereizia. Horrek behartzen zion haien dermiotan ziren tropa espainiarrrak, haiek mantendu behar. Apezak kexatzen da jasanezina zela herriarendako. Zeinek ziren tropa horiek?
Regimiento de Ultonia (irlandarrak?)
Regimiento de Irlanda (irlandarrak?)
Regimiento de Ybernia (irlandarrak?)
Regimiento de Milan
Guardias Walonas (belgiarrak?)
Zenbat ziren armada espainiarran? Gure alkate jaunak dio 9.000 soldadu baino gehiago bazirela azken momentuetan Baztanen (frantsek erranen dute 4.000 zirela). Pentsatzekoa, Erronkaritik Hondarribirainoko muga soldaduz betea zagoela, teorian 18.000.
Nolako harremanak baziren Baztango, Nafarroako, eta Espainiako armaden artean? Foruek markatzen zituztenak. Espainiako Armada, Espainiako erregeak mantentzen zuen (soldata eta janaria) baino Nafarroak, gure kasuan Baztanek, hornitu behar zion foruek markatzen zituzten gauzekin : ohatze bat bere koltxoiarekin, azpian lastaira eta alkitto bat, manta bat, bi maindire eta "utensilioak", hau da, kazpel bat eta pitxer bat, eta kriseilua argia izateko. Ez dago argi nola aplikatzen zen hori. Printzipioz hola izan behar zen Espainiako armada gure dermiotan zagoelarik, baina gerra honetan dirudienez, bakarrik ofizialei zegokien.
Erran dugunez, Ventura Caro Jeneral espainiarrak agintea zuela Nafarroan eta Gipuzkoan, eta Baztango eta Nafarroako batailonek hari obeditu behar. "Paysanos" edo "paysanage" deituko diete. Nola erranen zioten nafarrek beren buruei? Paisanoak, herritarrrak, herrikoak, Herria, naturalak, boluntarioak, nafar soldaduak? Batek daki, hori bai, aginduak goitik, Ventura Carogandik, etorriko ziren, baina soldadu nafarrengan ofizial nafarrek zuten agintea, ez espainiarrek, eta honek kalapita franko sortuko du alde honetako armaden artean.
Baigorriko Armada. 1792.eko azken hilabeteetan frantsek ikusi zuten nola Espainiako Armada hornitzen ari zen eta bada ez bada, haien armada prestatu zuten ere. 1792.eko abenduaren lehenerako Garazi inguruko herriek lau konpainia zituzten prest : Harispek (baigorriarrekin) 125 gizon zituen, Iriartek 117, Lassallek 115 eta Berindoaguek 110. Hiru hilabete beranduago zortzi konpainia ziren eta urte akabailarendako, 1.800 mutil. Boluntarioak denak, omen. Baztandarrek bezala, kapitainak, tenienteak/liutenienteak eta abar zituzten eta baztandarrek bezala ttunttuneroak, lau!, eta turutak ere konpainia bakoitzak. Doikebe asotsa maite zuten gure baigorriarrek. Paperek diote instrukzio eskasa zutela, aski elkar martxak egiteko, gero borrokatzeko, bakanduak.
Diferentziaren bat baztandarrekin? Uniformea, ez, doike. Baztango Alkateak holako batean dio, "arroparengatik" ez zirela bereizten baztandarrak eta beren barride "frantsak", eta haien kronistek diote harridura sortzen zutela beren arropa bitxia (gorria) eta uniformitateren falta, baita ere haien garraxi basengatik (irrintziak) eraso egitekotan.
Diferentzia bakarra, printzipioz, nork hautatzen zuen konpainiako kapitaina : soldaduek. Haien artean, fama izanen zuela, Jean Harispe, (Joanes Harizpe adixkideendako) gure Baigorriko barridea. Eta konpainien izenak? Chasseurs Basques (1.2...9.), hau da,Euskal Ihintzilariak edo Eskualdun Xasurrak ( Chasseur = Xasur).
Dena den, denborarekin gure Chausseurs Basques txaketaz/jiponaz aldatu zuten, baita historia luzea izan ere.
Frantziako Armada. Iraultza ondoren, Frantziak Armada berri bat jarri zuen martxan. Bitxikeria: Komisarioak (comisaires politiques) zituzten, eta hauek ez bazuten jeneral edo ofizialen bat gustukoa, kargotik kentzen zuten, ez bazuten gillotinara igortzen. Gerra hasten denean, Cavaignac eta Pinet Zaharra dira gure zonaldeko komisarioak eta Servan jenerala, Jeneral Nagusia.
Gerrako lehenbiziko hilabeteetan frantsen armadak 9.000 gizon zituen Hendaiatik Luzaideraino, eta horietarik 3.600, 6 batailon, Baztanen parean ziren, Baigorrin, Bankan, Alduden eta Garazin. Haien burua, La Genetiére. Haiekin batera, Eskualdun Xasurren bederatzi konpainia, eta bertze bat Paristik etorria/jina.
Kapitulu guzietan erabilitako materiala:
Baztango Udal Artxibategia, kutxak 245 eta 246.
Batez ere, bere transkripzioa : Baztan.El relato: Guerra contra la Convención.(Internet)
Batez ere, bere transkripzioa : Baztan.El relato: Guerra contra la Convención.(Internet)
BNE."Mercurio de España"(1792...1795) (Internet)
"Memoires sur la dernière guerre..." Citoyen*** (1901) (Internet)
"L'armée de Pyrénées Occidentales" M.Ducéré (Internet)
"Sucesos memorables de la guerra de España con la Francia..." (1795) (Internet)
Archivo General de Navarra - Legajos 9,10,11.
"Epidemias, hospitales y guerra en Navarra... 1793/1795" Rojo/Riera (Internet)
"Le Chef de Brigade Harispe..." Cpt.Labouche (Internet)
"Guerra contra la Convención"(nº 106) Florencio Idoate
"Sombras en el patrimonio artistico navarro: la guerra contra la Convención en el Baztan" Tirapu/Azanza
"Sombras en el patrimonio artistico navarro: la guerra contra la Convención en el Baztan" Tirapu/Azanza
Argazkiak, gehienak, Internetetik hartuak.
Jakin badakigu badela tesi bat honi buruz “Memoria de Guerra del Valle de Baztan.1792-1796” Angela Arvizuk egina baina ezin izan dugu inon aurkitu .
Itzulpenak : Eneak, libreak eta laxoak !!!
Ondorengo atala : 2. kapitulua : Gerra.1793
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario