jueves, 21 de febrero de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 3.Kapitulua

Baztan 1792…1795
3.Kapitulua.  Eta karrikan? Aiei aiei
Erratzuko karrika bat
Orain arte lehen lerroan/frontean gertatzen ari zena ikusi dugu baina haren gibelean? Erretagoardian, Baztango karriketan? Gure Alkatea kexu dago. Haranaren/Ballearen ekonomia sufritzen ari da, aunitz, “… bere biztanleek kalte haundiak izan dituztelakoz … zeren ( frantsek) edozein motako azienda bahitzen edo ebasten  baitizkiete… eta bere dermiotan jarrera txarreneko (de pexima conducta) jendea sartu baita … Euskal Herriko ondoko herrikokoak … berexiki baigorriarrak  Hasieran   hau dena ..gerra ekintzak kontsideratzen ziren… baina beren probetxurako zen… orduan hasi ginen … haien azienda bahitzen eta ebasten ere..(mendeku zila/justa venganza)… .

      
Nork eginak?
                                                                                                     
Baino kalte horiek ez ziren bakarrik mugan suertatu… gure tropa propioa … eta Erriberatik etorria zen jendea baita Erreinuko (Nafarroako) beste lekuetatik etorriak ere… gutaz aprobetxatzen ziren… gure azienda eta zituak hartzen… eta batez ere  Zalditeriakoak/los de Caballeria, belarra mozten beren zaldiendako … gisa honetan Erregek ematen zien bazka aurrezten, zeina publikoki partikularrei saltzen baitzieten…” belaietan zaldiak sartzen, belarra zapatzen, dena galarazten, eta zelaien jabeak kexatzera ausartzen baldin baziren, “zaldunak” haiekin koleratu, intsultatu eta gaizki tratatu. Gure baztandarrak ez ziren ezta ausartzen kexa egitera, gaizoak!
Caballeria de Linea
Bertze afera suertatu zena garraioarenaizan zen. Armadak bere materiala higitzeko (bolbora, balak, janaria, dendak…) zamariak, hau da, zaldiak, behorrak edo mandoak behar zituen baita zamaldunak zamariak gobernatzeko ere. Serbizio hori Baztanek hornitu behar zion eta horren arduraduna gure Alkate jauna, Don Juan Bautista Echeverria y Latadi. Nondik norat mugitu behar ziren gure zamariak eta zamaldunak? Fronte guzia korritu behar: Orbaitzetatik (Real Fabrica de Armas), Orreaga ondoan, alde batean Iruneraino bertze aldean. Eta armada erasora mugitzen balime zen , haren gibeletik gan behar ere.
 
Zein zen afera zamariekin? Militarrak profitatzen zirela bere probetxu pertsonalendako eta gainera serbizioaren epeak errespetatu gabe. Horrek behartzen zituen abereak eta haien gidariak: abereak lehertzen eta gizonak ezin lan egin beren etxeetan. Honekin lotua dagoen erreferra: Lan hori andreek eta zaharrek egin behar. Eta honi gehitu behar badiogu. Ez dugu ahaztu behar Baztango gizonek, multzo haundi batek, aldi berean soldadu lana egin behar zutela ( lau eguneko txandetan ) mendian eta gauza hauek guziak etxaldeko lanetan nabaritu behar zen, kalterako naski.
Baina segi dezagun bagages ”-ekin.


Bakarrik armadako gauzak garraiatzen zituzten? Alkateari eskapatzen zaio kexen artean: andreak, ez emazteak, profesionalak,  ere daramatzatela : “infinidad de mujeres” errejimenduen gibeletik gaten direnak, “prefiriéndolas a lo más preciso”, zernahi baino gehiago estimatzen dutela”  dio gure Alkate Jaunak.
Erratzuko zimitorioa
Hau zen dena? Zoritxarrez, ez. Heriotza. Heriotzak Baztan laket izan zuen egun horietan. Orain artio kontatua , umekeri galanta. Gerra honetako Baztango batailak eta borrokak, berez Frantziarendako eta Espainiarendako anekdota hutsak dira, alboko kalteak/daños colaterales/dommages collatérals. Beren historiografian ia ez da agertzen ere, baina Baztango Herriarendako, bere jendearendako, guretako : hondamendia eta akabaila.
Zertaz? Baztango paperetan ia ez da agertzen baino Erratzuko “Libro de Defunciones-en”, bai. Urte horietan mila biztanle izanen zituen Erratzuk. Aitzineko urteetan hamabortzen bat hilko zen urtero baina gerra hau hasi zenetik, 1793. urtean,      60 erratzuar baino gehiago zendu ziren.  1794. urtean, Urtarrilean 15 hil ziren, Otsailean 10, Martxoan 21, Apirilean 37, Maiatzean 20… Ehun baino gehiago uda ailegatu zeneko. Eta hori “Libro de Defunciones a” hortxen mozten delakoz zeren Erratzuko bikario jauna, Don Juan Luis de Endaraz, eskapatu baitzen Iruñea aldera. Erran gabe doa kausa bakar batengatik ez zela izan. Tiroz, armaz, bortxaz Erratzun hil bakarra Tomas de Baquedano izan zen : Gaizoa, jakin izan balu bere hiru haur apirilaren bederatzi eguneko tarte batean hilko zirela hurrengo urtean…. Zerk hil zuen bere familia? Izurritea, eritasun kutsakor bat. Zerk /Nork ekarria? Armada espainiarrak.  Ez espainiarra zelakoz, armada baizik zelakoz. Gero frantsak sartuko direnean, gauza bera. 
Arizkungo konbentua
              
Armada espainiarra kutsatua dago: bortz ospitale antolatuko ditu Baztanen. Arizkunen bida: bata herriaren barnean ,  Franciscanas Recoletas en komentuan (250 ohatze), bertzea La Maria Rita-n” /Lamiarrita (70 ohatze), Elizondon bertze bida: bata Casa de Misericordian(300 ohatze) , bertzea Askoko jauregian (konbalezientendako) eta hondarra, Iruritan, elizaren eta zimitorioaren ondoan (95 ohatze) Oro har 715 ohatze eta denak betetzen ziren! Elizondokoan  baita lurrean ere jartzen zituzten eriak. Baina norendako ziren ospitale hauek? Militarrendako. 

La Maria-Rita / Lamiarrita

Zein eritasuna zen? Mediku militarrek diote sukar kutsakorrak, tirriteriak, goitikak, bularreko minaketa sasoiaren arabera, gero eta hotzago, gero eta kasu gehiago. Zenbat soldadu eritzen zen? Aunitz, sobera, 30.129 soldadu eri 11 hilabetetan fronte guzian. Hilkortasuna? Zenbat eri hiltzen zen? Denborako, apala.                                           Uda aldera % 5, eta neguan % 10.   
                                                                                                                         Baina herriko jendea? Lehenago errana, alboko kaltea armadarendako. Armada espainiarra Baztangoizan agertu zenetik, 1793.aren hasieran, ihes egin zuen artio, 1794.aren Uztailean, 180 erratzuar hil ziren. Urte akitzekotan, 220 izanen dira! Eta gure alkate Jaunak ez du ja erraten! Bon, bai, frantsak sartuko direnean, orduan bai, orduan, erranen du frantsek haiekin izurritea ekarri zutela. Baina ez dezagun gauzak aitzinatu.  Uda ailegatu baino lehen Erratzuk nigar batean egon behar zuen, batez ere Apirilean eta Maiatzean, ikusten zelarik familiaka hiltzen zirela: hiru Baquedano, lau Otondo, bi Igoldi, lau  Yracelay… batzuetan epe motz batean, 9 egunetan, 6 egunetan, hilabete batean…  Heren bat , ± 50, haurrak, hamar urtetik behitira. ± 40, berrogeita hamar urte  baina zaharragoak. Hau da, gehienak zaharrak eta gazte gazteak. 

Zimitorioko hilarria : Merkatenea

                                 
Zertaz? Mediku militarrek (mediku zibilen iritzia ez dakigu) zioten epidemia kutsakor bat zela, airez kutsatzen zuela baina gaur egun ematen du ura izan zela benetako transmisorea. Bazkariari ere errua botatzen diote, guti eta txarra. Konparazionez, sobera arbi jaten zutelakoz, baina arbiak aziendarendako bazka prestatzeko zen…  Zer ari ziren jaten gure erratzuarrak? Eskax ? Gosea? Zertaz jende arruntaren hilkortasuna hain altua (%25) eta soldaduena (%7) hain apala? Batzuek (armada) jaten zutelakoz eta zibilek ez? Bertze zerbait? Dena nahasia? Hori bai, bortxaz ez ziren hil, gerra izan arren: hau kontra-errana.
Arizkungo karrika bat
Baztango bertze herrietan? Arizkunen, konparazionez, Baztango herri haundiena zen orduko denboretan. 1.400 biztanle? Urtero hogeitamarren bat hiltzen ziren. 1.794.aren ekainerako 90 arizkundar zendu ziren.Pentsatzekoa da Baztangoizan gertatzen ari zena, Baztango bertze kuarteletan antza berekoa izanen zela. Elizako liburuen arabera jendea ez da ezkontzen, haurrak ia ez dira sortzen. Baztanen bizitza gelditzen ari da, moteltzen. Ekainean gaude: zitu sasoia. Nork bilduko du zitu hori?
Ondorengo atala : 4. Kapitulua. 1794 : Hondar guda.

No hay comentarios:

Publicar un comentario