domingo, 14 de octubre de 2018

Baztan. Hasmenta : 3 - Mende luze ilun haiek...


MENDE LUZE ILUN HAIEK...

V.mendea (400/500)

Abenduak 31, Urtezahar egunean, 406. urtean, alanoek, vandaloek eta suebiarrek Rhin ibai hormatua zeharkatu zuten ... eta Pax Romana puskatu zen.






Nomenklatura: Akitania erraten dugularik erran nahi dugu lehenago Akitania Secunda (Loira ibaitik Garona ibairaino, Bordele/Tolosa) eta Novempopulana (Garona ibaitik Pirinio mendietaraino, Bidasoa eta Oiartzun ibaiak barne) zirenak.










Visigodoak, wisigodoak(wesi/mendebaldeko-goths/ godoak), godoak, gothak, hitz bera dira. Germaniar kastako jendea, erromatarren maixterrak, aliatuak baita etsaiak ere sasoiaren arabera. Kristauak ziren baina herexeak , arrianoak, ez zuten sinesten Aita, Semea eta Espiritu Saindua bat direla. Fedea behar da hau onartzeko!
Inperialak ere ikusiko ditugu, hau da , Erromako soldaduak, zeren Erromak saiatu zuen irauten...

Erromako inperioa usteltzen ari zen. Nahaste borraste batean zagoen. Ekonomikoki zuten sistema esklabistak porrot egin zuen, jendeak abandonatzen ditu hiriak zeren han bizitzea karioa baitzen, zerga aunitz, aberatsak beraien villae-etara lekutu eta jendea, herrixketara. Sozialki langabezia nonahi eta langabetuak matxinatuak, bagaudak erraten zieten, eta finitzeko, militarki erromatarrak ala elkar zanpaka edo ezin barbaroekin.




Orosio batek eskribituko zuen V. mendean “Hiri haundien hondakinetan, bakarrik miserableen multzo batzuk bizi dira...”.




Zerbait mantentzen bada, Eliza.

Barbaroen etorrerak ez du erran nahi erromatarrak lekutu direla. Ez, hemen geldituko dira erromatarrak, euskaldunak baita euskal-erromatarrak ere.
Desagertuko dena “gaineko” autoritatea da, Enperadorea edo Tribunoak edo Magisterrak baina tokian tokiko eta lekuan lekuko boteredunek , hemen iraunen dute : seniores/jaunak, possesores/jabeak, milites/militarrak, rustici/nekazariak, ... esklaboak, maixterrak... apezak, episcopi/apezpikuak eta dela delako beraien lekuetan geldituko dira beraiena zena defenditzen eta nolabait etorri-berriekin harremanetan jartzen eta sortuko ziren afera berriak konpontzen.

Eta egoera honetan, 406. urtean erran dugunez, Vandaloak, Alanoak eta Suebiarrak , Atilak eta bere Hunoek bulkatuak, Rhin ibaia iragan, Galia korritu, Akitania eta Novempopulana zeharkatu (eta arpilatu, naski) eta 409. urtean Hispanian sartu ziren gure gainetik pasa ondoren.





Hispanian leinu bakoitzak puska bat hartu, alanoak eta vandaloak hegoaldean eta Galizian suebiarrak. Bakarrik Tarraconensis Probintzia , hau da, Ebro Harana, erromatar inperialen eskuetan geratu zen.



Erromako enperadoreak, Honorius, egoera kontrolatzeko paktu/itun bat, latinez foedus, adosten du wisigodoen erregearekin, Walia, 418. urtean .
Wisigodoek, itun horretan, hasiko dira borrokatzen bertze “barbaroen” kontra, lehenik Akitanian eta gero Hispanian, gisa honetan fundatzen/garatzen erresuma bat, hiriburua Tolosan/Galia, “Regnum Tolosarum” .
Hasieran ongi moldatu ziren okupatu zuten tokiko erromatarrekin eta bakea haiekin ekarri zuten. Kronista batek zioenez... “inork ez du dudetan jartzen akitaniarrek eta Novempopulanakoek berreskuratu dituztela aberastasuna eta prosperitatea...





Zenbat ziren? Espezialistek diote 50.000 eta 100.000 tarte horretan izanen zirela, familiak barne eta dirudienez ongi moldatuko zirela Akitaniako aristokraziarekin. “Tolosako Erresuma” jarraitu zuten hedatzen iparralderat, Loira ibaieraino eta iduzki aldera Septimania/Narbona eta Probentza konkistatzen .


443. urtean gaude, Arakil ondoan, bagaudak. Bagauda? Bai, lehenago erran dugunez Erromako inperio krisi sakonean zagoen eta gehien krisi hori jasan zutenak antolatu ziren: bagaudak, lapurrak, gaizkileak, desertoreak, maixterrak eta “rustici/nekazariak”, langabetuen bandak . Non? Ebro erdiko zonaldean, Erriberan eta Tarazonan. Zertan ari dira? Ebasten, kizkaltzen eta “garbitzen” inguruko villae edo hiriak ere.
Inperialek igortzen dute dux bat Aracellitanorum insolentiam Bacaudarum/Arakeliko (Arakil ? Araceli ?) bagaudaen intsolentzia zigortzeko eta lortu ere. Holako mugimenduak Galian gertatu ziren ere.

Sei urte beranduago, 443. urtean, Rechiarius-ek, momentuko suebiarren erregea, dirudienez Galiziatik Ebro aldera hedatu nahi zuen bere erresuma eta Vasconias depraedatur eta historiarekin segitzeko 454. urtean bagaudekin (vaskonekin ere?) aliatzen da eta Tarraconensis Probintzia arpilatzen du, Zaragoza konkistatzen baita Lleida atakatzen.
Bidenabar, lehen aldiz Vasconia hitza agertzen dela historian erran gabe zer zen Vasconia hori.
Gauzak honela, Erromak berriz eskatzen die godoei afera xuritzea eta bi urte beranduago godoen laguntzarekin Ebro Harana berriz inperialen eskuetan dago.

Hala ere, 472. urtean, godoen erregeak , momentu honetan Euricus/Aiwareiks, ... “segidoan igorri zuen armada bat Pampilona eta Caesar Augusta (Zaragoza) hartzera eta bere boterea hedatu zuen goitiko Hispanian”.
Gisa honetan (wisi)godoak Hispanian serio sartu ziren, Iruñea nolabait kontrolatzen eta Ebro Harana menpean atxikitzen.
Orain erraten ahal da Baztan godoez inguratua zagoela.

Gure inguruan badakigu Baiona/Lapurdo hirian V. mendean bazela goarnizione bat fortifikazione haundi batean gaur egun katedrala dagoen orubean. Badakigu bere otarrainek fama zutela , Lapurdensium lucustarum. Baina badakigu ere, urte haietan Baiona ibai-portua zela, hau da, Aturri ibaia ez zela itsasora gaten gaur egun egiten duen bezala, Cap-Bretonen-en baizik, 40 kilometrotara iparralderat.
Zer kontrolatzen zuen ez dakigu seguru baino dirudienez bazen jendea, seniores?, interesatuak Pirineoetako pasabideak  kontrolpean izatea.



Badakigu ere Honorius enperadoreak igorri zuela karta bat Iruñeko soldaduei, “De laude Pampilona epistola”, Pampilona hiria deskribatzen, hiria kristaua zela dio, 67 dorre zituela harresiarekin, inter inimicas et barbaras gentes,... Pampilona presidium (gaztelu) bonis zela erraten.

Eta bi hiri hauen artean, Baztan. Ez gara kroniketan agertzen baino seguru baztandarrek ikusi ikusi egin zutela Lapurdo edo Iruñekoek ikusi zutena, sufritu haiek sufritu zutena eta protagonistak izan haiek izan ziren bezala. Ikusiko zuten alanoen bandak pasatzen , suebiarren familiak dena jaten, godoen zalditeria haien ezpata luzeekin; baztandarrek beraien aziendarekin ihes eginen zuten, norat?, Baztango jaunak hemendik harat, ikusten norekin aliatu eta nori xurikatu, seguru zerbait pagatzen baino ez dugu daturik hau dena ziurtatzeko, pena.

476. urtean Odroakok, herulosen erregea, Romulo, Erromako azken enperadorea, kanporatu zuen Erromatik eta inperioko “ikurrak” Constantinoplara igorri zituen.
Ako Erromako inperioa !

VI. mendea (500/600)

Nomenklatura pixkat:
Vasconia/Waskonia eta Akitania mende hauetan maiz agertuko dira elkar. Bertze aldetatik, Novempopulana eta Iruñearen ordez Vasconia = Waskonia = Gaskonia izena agertuko da bakarrik. Zein dira bere mugak ez da inoiz zehazten.
Gorriz Vasconia / Wasconia


Eta bere jendea, vascones = waskones.
Erromako inperio erori bezain fite gure dermioetan , fenomeno kurioso gertatuko da, izenak. Erromatarren denboretan gure inguruetan erabili ziren izenak, tarbelli, bardulli, ausci, caristi, vellati... desagertu ziren eta izen bat eta bakarra erabiliko da: vascones/wascones.
Denak kasta berekoak eta Baztandarrak tarbeliar izatetik waskon izatera pasa ginen.

Latinez v = u = w baita b ere, hortaz vascon = uaskon = wascon = baskon = waskon = gascon = kaskoin (he,he, oroitzen naiz ttikiak ginelarik insultatzeko “kaskoin” hitza erabiltzen zela Erratzun), printzipioz hitz bera.
Afera Vascones-ekin eta Vasconiarekin da beraien mugak non dira eta dirudienez, batez ere frankoen ikuspuntutik, Garoñatik Ebrorainoko lurraldea Vasconia zela, baino betikoa, datuen falta.
Guk vascon/wascon/vascones/wascones hitzak erabiliko ditugu. Bertze formaren bat erabiltzen badugu, barkatu.

Espainia aldean “(wisi) godo” eta “franco” hitzak erabiltzen dira, Frantzia aldean “goth” eta “franc”. Euskara batuaz, “godoa” eta “frankoa”. Bertze gisaz erraten badugu, barkatu.



Zaldun franko imajinarioa


Bi herri hauek, “godoa” eta “frankoa”, Europako iparraldekoak ziren, germaniarrak mintzairaz eta berez, leinuen aliantzak /federazioneak ziren. Inposatu ziren militarki gehiago zirelakotz, ez kopuruarengatik, inbaditzen zituzten tokiko bizitanleak baino aise gutiago ziren-ta. Hortaz fite galdu zuten beraien mintzaira eta berehala erromantzatu ziren.



GERTAERAK

Godoek etsai aunitz zituzten : Constantinoplako Enperadorea, burgundiarrak (germaniarrak ) eta batez ere frankoak.
Mende honetan frankoak hasiko dira mugitzen Alemaniatik hegoalderat, lehenbizi lan egiteko erromatarrendako Galiako Iparraldean .
Holaxen ailegatuko gara 507. urtera. Beraien erregea, Chlod (Koldo euskara modernoan) edo Chlodovecus latinez, katolikoa bataiatuko da. Bitartean Wisigodoak arrianoak, herexeak, izaten segitzen ziren.
Galiako galo-erromatarrak katolikoak ziren baita Akitaniakoak ere eta hortaz beraien sinpatia frankoen aldekoa zen. Clodoveok egin zuena izan zen bere “herria” katolizismoan sartu eta gisa honetan Elizaren, Paparen, laguntza instituzionala lortu zuen, ai erlijioaren indarra, konlusionea, Vouillé-n godoak eta frankoak topatu , borrokan lotu eta Frankoak garaileak. Kronikek diote...“frankoek hil zuten Alaric, godoen erregea, eta Tolosako erresuma funditu”.
Chlod/Koldok bere hiriburua Parisen jarri, godoak Tolosa/Toulouse-tik kanporatu ondoren.



Bisigodoen erresuma


(Wisi)godoek Akitania utzi behar, Septimania/Narbona mantendu oraindik eta Hispaniara lekutu eta hola sortuko da “Regnum Toledanum” , Toledo/Hispania, beraien hiriburua.



Eta honek guzi honek erran nahi du Baztango vasconek iparraldean frankoak dituztela eta hegoaldean (wisi)godoak.

Hurrengo urteetan (Wisi)godoek Akitanian utzitako espazioa frankoak saiatu ziren betetzen/kontrolatzen. Honek ekarri zuen aldieroko liskarrak wasconen kontra.
Eta orain agertuko gara beraien kroniketan, hala zion Chilperikok.. “waskon galduak, bildur izan diezaietela gure armadei...”.

581. urtean, iparraldean, Bladaste Dukea,frankoa, “Vasconiara gan zen eta bere armadaren parte haundiena galdu zuen...” . To!

Hegoaldean antzekoa, 581. urtean Leovigildok, godoa, “Vasconiako zati bat okupatu zuen eta Victoriacum (Vitoria? ) civitas/hiria eraiki zuen”. Doikebe Gazteiztik edo hor nonbaitetik iparralderat , ezin pasa.



Recadero kontzilio bat konbokatzen


586. urtean berriz Recadero, godoa, ... “mugitu zen contra irruptores vasconum..” . Hara! Vascones-ak atakatzen.






Eta 587. urtean Gregorio-de-Tours frankoaren kroniketan ..vascones-ak mendietatik jautsi ziren ordokietara mahastiak eta landak kasatzen , etxeak kizkaltzen eta jendea eta haien azienda bahitzen... Austrovaldo dukeak haien kontra gana zen behin baino gehienetan mendeku eskas bat lortzeko bakarrik.”.
Berriz vascones-ak atakatzen.
Erranaldi hau “Vasconak mendietatik jautsi ziren..” dogma da Frantziako historian, hau da , euskaldunak/vasconak “etorri” ziren Frantziara, ez dira bertakoak.

Buruan bueltak emateko:

Gerra: Ematen du mende honetan, VI.ean, hasi dela bizkortzen eta garatzen jerarkia militar bat, baita ekonomikoa ere, euskaldunen artean.
Nor dira buruzagi horiek? Dirudienez aitzineko boteredunak. Espezialistek diote lehenengo lur-jabeak izanen zirela gero gerra-gizonak bihurtuko zirenak han non erromatarren denboretan nekazaritza garatu zen lekuetan, hau da Arabako lautadan edo Iruñea inguruko dermioetan, baita Akitzeko, Aurcheko edo Bordeleko dermioetan. 

Mendialdeko kasuan buruzagi horiek leinuko buruak izanen zirela, Ahaide Nagusiak edo Cabos de Armería  bezala deituak izanen direnak, Pirineo mendietako haranetan baita Gipuzkoan eta Bizkaian. Baino hau dena ez zen egun batetik bertzera pasa, urteak eta mendeak behar zituen prozesuak. Guk denei “jaunak” deituko diegu, gaur eguneko “jauntxoak”.

Aldi berean Eliza ondoan dute jaun hauek, Iruñeko edo Akizeko apezpikuak errateko. Eta hiri horietan apezpikuak eta seniores/guda-jaunak elkar daude.
Eta jende arrunta? Zakur lana egiten. Maixterrak bezala ? Morroi erdi-esklabuak ? Jende libre? Denetarik? Ez dakigu.

Eliza: Mende kaotiko (itxuraz) honetan bakarrik mantentzen duen kontrol zentralizatua/organizatua ELIZA katolikoa da, Erromatik gidatua, Papa han dago, eta are gehiago, erromatarren antolakuntza  territorial-tributariaren arabera organizatuko da.
Civitas/hiria” erromatar bakoitza zegokion inguruko eremuarekin elizbarruti bat bihurtuko da, gure kasuan Akize lehenik eta gero Akizen azpian ziren “distritoak”, Lapurdo/Baiona adibidez.
Elizaren prestijioak harengana erakartzen ditu ondoko “jaunak”. Baita hamarrena pagatzea Eliza/elizak mantentzeko. Honek, hamarrarena, suposatzen zuen Elizak lejitimatzen zuela emailearen ondasuna. Hau da, Elizarendako % 10 ematen baduzu, hamarrena, gaineko % 90 zurea da eta bere oniritzia (Elizarena) duzu. Naski baietz, apezpikuaren ondoan ziren seniores/jaun horiek hamarrena (%10) , kintoa (%20) eta batek daki zer ere eskatuko zituzten beraiendako: pagatzailea azpikoa beti.


Akizeko katedral modernoa


Honekin lotua,datu kuriosoa: 506. urtean Galia aldeko apezpiku batzuk Agde /Arles hirian bildu ziren Alaric/Alariko II-ren baimenarekin kontzilio bat ospatzeko. Han ziren Akitaniako apezpikuak: Bazas, Ausch, Lectorales, Convenae eta Akizekoa.
Herexe bat, Alaric, konbokatzen bere menpean ziren apezpiku katolikoak, justu Clodoveusen kontra borrokatu baino lehen? Alta politique...

Baino gainera, horrek erran nahi du hiri horien inguruko jendea kristau zela neurri batean eta ez ahaztu Baztan Akizeren altzoan zagoela.
Historialariek diote paganismoak/erlijio zaharrak Euskal herrian VI. mendera artio iraun zuela eta ez zuela jerarkiarik, antolakuntzarik edo onarpen ofizialik. Hortaz hirietan batez ere instalatu zen erlijio berria eta urrunago ziren herrixketan beranduago desagertuko zen erlijio zaharra.


Anbotoko MARI imajinarioa


Nolakoa ziren sinismen zahar, jentil horiek? Gure mitologiakoak? Mari, basajaunak eta naturaren indarrak? Pena, ez dakigu.






Eliazarekin jarraitzen, Baiona/Lapurdiko apezpikua dirudienez 587. urtean agertzen da, gero desagertzeko eta berriz X. mendean hasi baino lehen agertzeko.

Iruñeko apezpikua lehen aldiz 589. urtean Toledon agertzen da hango kontzilio batean.
Naski pentsatzekoa da, apezpiku horien azpian herriko apezak eta elizak bazirela.


Eta galdera: nork agintzen zuen historia honetan? Argi dago gure historia honetan kanpotarrek, arrotzek aginte makila dutela, manu militari, bortxaz. Konparazionez, Iruñea godoen kontrolpean dagoelarik Iruñeko apezpikuak Toledoko Kontzilioetan agertuko direla; ez badute kontrolatzen, Iruñekoa ez da agertzen. Frankoak etorriko dira eta Kondeak eta Dukeak paratuko dituzte baino kasuetan jakin gabe norendako ari dira lanean. Hau da , agintea haiena, godoena, musulmanena edo frankoena baino kontrola , neurri batean, lehenago erran dugun euskal buruzagiena. Eta hola izan zen mende luzeetan.
Hala ere, ez mitifikatu “buruzagi” hauek; bakarrik beraien interes partikularrak defenditzen zituzten.

Vascones: Nola izan da posible orain arte vascones jendea, Iruñeko inguruan bakarrik bizi zirenak erromatarren denboretan, hainbertze dermio zabala okupatzea ehun urtetan? Hemen komediak.

A : Korrente batek, oso bortitza eta interesatua gure ustez, defenditzen du baskoak/euskaldunak ia existentzia minimo batetik, Iruñeko inguruko lurraldea, hedatu zirela eta Baskongadas eta Frantziako hegoaldea Garonaraino kolonizatu zituztela, justu defenditzen zutenak lurralde horiek zeltak zirela eta ez euskaldunak.


Horien arabera baskonek Baztan inbaditu zuten, baita Gipuzkoa, Bizkaia , Lapurdi, Zuberoa, Landak, Biarno eta Gaskuina ere!
Korrente honek defentsore aunitz du eta batek daki egia baldin baduten, betiko datu falta, baina zaila egiten zaigu 500 urte Erromaren menpean ondoren, erromatarrez josiak, ia lurralde gabe gelditzen ziren “vascones”, eta politikoki esistitzen ez zirenak, gauza izatea Iparraldeko herriak frankoek, godoek, bisigodoek, sueboek eta abar kiskaltzen ari zirelarik , Novempopulanean eta Baskongadetan sartzeko eta bereganatzeko, armadarik gabe zeren armadaren bat izatekotan hau erromatarra izanen zen.

B : Bada bertze korrentea, lojikoena gure ustez, euskaldunak, puska haundia erromanizatua, han ginela (naski, euskaldun-berriekin, erdi erromatar edo erdi-zeltekin) eta ez genuen deus inbaditu, aurpegia eman bakarrik zeren ordura artio armak zituztenak erromatarrak ziren bakarrik, hori zen Pax Romana famatua, eta gainera, zinez, ia bortz ehun urte eman zituzten gure arbasoek bakean, gerra zer zen jakin gabe.

C : Bada bertze teoria berria. Aldaietan (Araba) edo Buruzagan (Nafarroa) arkeologoek harpatu dituzte
VI. mendeko aztarnak non badira gorpuzkinak lurperatuak beraien armekin. Arma hauek akitaniarrak dira. 




Teoria honek defenditzen du Akitaniako jendeak, han non topatu zituzten euskal eiteko hitzak (Saint Bertrand de Commenges) inbaditu zutela edo hobekio inposatu zirela gaurko Euskal Herrian eta beraien mintzaira eta estruktura politikoa ekarri zutela. Bertze hitzekin, akitaniarrak garela. Batek daki.

D: Onartzen dira teoria gehio.

VII.mendea (600/700)


Aitzineko mendean frankoen aristokrazia ez zen elkar konpontzen eta 587. urtean Andelot ituna sinatu zuten haien artean Galia baita Galiako kostalde osoa kontrolatzeko eta itun horretan agertzen da “Lapurdo/Baiona” zegokiola frankoen errege familia batendako eta hori zihurtatzeko 602. urtean frankoak “contra vascones dirigerunt”, honat etorri, irabazi, zerga kobratu baita ere duke bat eseri vascones-ak kontrolatzeko. Bere izena? Genial, Vasconiako Dukea /Dux Wasconiæ




Momentuko Baztango jauna?


Dukea? Denbora honetan “dukeak” erran nahi zuen “buruzagi militarra” eta nolabaiteko erregearen funtzionario nagusia. Vasconiaco Dukearen lana? Vascones behatu, zergak bildu eta justizia eman, hala ere, autonomia izigarri batekin.
Eta doikebe 20 urtez hori egin zuen Genialek.
Baino 629. urtean, orduko errege frankoa hil zen eta vascones berriz borrokan lotuak eta berriz frankoak honat etorri “Hispaniako mugetaraino Vaskoniako dermioetan..”.

638. urtean berriz kronistek diote ... “ vasconak jeiki ziren bortizki eta frankoen erresumean kalte haundiak sortu, Dagobertok, frankoen erregea, burgundiarrekin (Galiako ekialdekoak) armada bat prestatu zuen... Vasconia osoa okupatua izan zen... waskonak atera ziren beraien mendietatik eta borrokan lotu ziren frankoekin. Guda hasi bezain fite bizkarra eman zuten ohituraz duten bezala galtzekotan direlarik eta babestu ziren Pirineoetako mendi eta ibarretan... frankoen armada haien gibeletik gan zen, aunitz atzeman eta atzemanak akabatu, haien etxeak eta ondasunak kizkaltzen... Gisa honetan garaituak izan ziren vasconak... Armada burgundiarra ongi itzuliko izanen zen etxerat ez baitzioten vasconek sarraski bat egin Subola (Zuberoa) ibarrean...”

Frankoen eta euskaldunen arteko harremanak guztiz zailak izan ziren luzaroan. Klovis I-ak Tolosa/Okzitania hartu zuen eta Bordeleko hiria ere izan zuen mendeko, baina ez zen Garona ibaiaren hegoaldeko lurretan sartu, ez zen euskaldunen lurretan barneratu.
Bidenabar erran behar da datuen faltarengatik ez da ulertzen Vasconia ala Akitaniaz ari diren kronistak.


Eta Hegoaldean? Gure godoak?
612. urtean Sisebutok, godoen erregea, “ bere erreinuaren hasieran contra incursus vasconum zeinek Tarraco probintzia arpilatzen ari baitziren. Hortaz, mendiko herriak (vascones) iziarazi zituen... Hauek onartu zuten erregearen autoritatea, beraien lantzak eta geziak utzi zituzten eta urrikaltzen haren aitzinean, belaunikatu ziren, bermeak eskaintzen. ..
Herriberri/Olite

Eraiki zuten Oligicus hiri godoa beraien zergekin eta lanarekin...” Oligicus? Olite/Hiriberri.





Bidenabar, Eliza. 650/675 .Vita Amandi: Sanctus Amandus Vasconiara bizitzera etorri zen mendiko (baztandarrak ???) euskaldunak ebanjelizatzeko eta halakoa dio bere kronistak...” Ia vascones guziek dituzte sinismen nazkagarriak. Beraien aztiei galdegiten diete baita idoloak gurtzen Jaungoikoaren ordez”...
Ikusten ez zuela deus lortzen Galiara lekutu zen.
Dirudienez frankoen estereotipo bat dela. Baten bat naski “jentila” izanen zela baina indarra izanen zuena Eliza Katolikoa zen. Hala ere , datuen falta.


653. urtea. Orain Recesvintok, godoen erregea jasan behar zuen vascones-en atakea. Eta hemen detailea. Froya kondea, Toledoko gobernadorea, godoa naski, Recesvintoren kontra konjuratu zen eta eskapatu behar. Kronista dioenez ... “eta hola, krimen honengatik, vascon jende basa atera zen Pirineo mendietatik (Froyaren alde borrokatzeko) eta aberastu ziren Iberiako lurra arpilatu ondoren”. Bon, pasa zena izan zen Froya bere erregearen kontra jeiki, baskonekin aliatu eta Zaragoza setiatu. Baskonek arpilatu zutenarekin etxera baino Froyak burua galdu zuen.


660. urtean musulmanak Afrikako iparraldea konkistatzen ari dira.

672. urtean, berriz. Orain Wamba, godoen erregea. Kronistak ...”Wamba sartu zen bere armadarekin baskonen lurraldean eta zazpi egunez eta zazpi gauez landak desegin zituen, gazteluak kasatu, etxeak kizkaldu eta dena adorez, gustoz. Ikusten gaindituak izanak zirela, baskonek eskaini zizkioten bermeak, barkamena eskatu eta presenteak eman Wambari. Eta erregeak bermeak hartu ondoren, zergak bildu eta bakea egin.” Eta hortik Galiara gan zen, Septimania defenditzera, oraindik godoen eskuetan zagoena.


Eta urte berean, 672, edo pixka lehenago, Akitanian agertzen da duke berri bat, Lupus edo Otsoa . Eta zer bururatu zitzaion? Septimaniako jendeari lagundu Wambaren kontra. Hemen hasten zaigu Akitaniako printzen saga bat: Eudon, Hunaldo, Waifre eta haiendako lan egiten , mertzenarioak?, wascones-ak.


Eta Baztan eta bere baztandarrak? Erdi erdian eta lojikaz, saltsa guzietan, seguru, baino...

Buruan bueltak emateko:

Historia hauek guzi hauek zer adierazten dute? Gauza aunitz. Alde batetik godoek eta frankoek diote ondoan duten Vasconiako zatia haiena dela baina argi eta garbi ez dituzte euskal dermioak kontrolatzen. Bertze aldetik , kontra iduritu arren, erraten ari dira vascon-herria esistitzen dela, Vasconia, antolatua dagoela, EZ forma zentralizatuaz, hau argi izan, baino buruzagiak (seniores/jaunak, possesores/lur-sail jabeak) dituztela, dituztela hiriak (Iruñea, Lapurdo, Akize...), baita apezpikuak ere kontzilioetara gaten direnak, badituzte castra/gazteluak, dorreak, herriak, azienda, ondasunak, jendea lan egiten, eta estruktura militar bat. Are gehiago, mintzaira. Susmatzen da linguisten artean gaurko euskara mende hauetan bateratu zela. Baino betikoa, datuen falta.
Eta bidenabar, waskon guziek ez zuten doikebe euskaraz mintzatzen, nolabait errateko Vaskoniako iparraldean, Akizetik gora?, erromantze bat garatzen ari da, gaskon mintzaira, okzitano eta euskararen influentziekin.

Ditugun kronikak “bertzeek” eskribitu zituzten, godoek edo frankoek eta haiendako vascones-ak basak, maltzurrak, zikinak, krudelak, faltsuak, gaixtoak, zernahi txarra ginen. Vascones-ek ez zuten bere historia/errelatoa kontatu, ezta izena asmatu: nola deitzen zioten vascones-ek bere buruari? Euskaldunak? Euskalduna = euskara-duna, mintzaira izaten beraien elementu emankomun bakarra edo wasko kastakoa izatea? Batek daki, datuen falta.


Ikusten da ere politikoki tratuak egiten dituztela, galtzekotan “bermeak” ematen dituztela, bertze herrien politikan nahasten direla, gauza dira frankoekin adostu godoen kontra edo konspiratu godoekin “kolpea” emateko.
Bai, lehenago erran dugunez, vascones-ak ez daude “zentralizatuak”, dirudienez “buru” aunitz bazirela eta bakoitzak berea.
Garatzen ari da aristokrazia edo botere bat eta botere honek ikusten Elizaren indarra, saiatzen da Elizako postu garaienak eskuratzen, bertze hitzekin, apezpikuak garatzen ari den aristokrazia horren aliatuak dira. Bi haurride? Bata dukea eta bertzea apezpikua. Galiako kontzilioetan urte hauetan Vasconiako apezpikuak edo ez dira agertzen (frankoekin ados ez zirelakotz) edo exiliora igorriak (euskal “errebelden” aliatuak zirelakotz).

VIII. mendea (700/800)

Godoen artean, baita frankoen artean ere, arrunta zen familia haundiak elkar borrokatzea boterea lortzeko eta horretarako nornahirekin aliatzen ziren helburua lortzeko. Urtea 711.a zen eta orduan Toledoko erregea zena, Rodric/Rodericus, Iruñea setiatzen ari zen han babestu zirelakoz Witiza erregeren familiakoak, baskonen jaunen laguntzarekin, naski.
Urte famatua zeren Hispanian agertu baitziren musulmanak lehen aldiz. Zer ba? Rodric-en kontrako oposizioak lagunduak, ez izan zuten problemarik Hispanian sartzeko. Di-da batean penintsula guzia korritu eta konkistatu zuten, bon, Rodric-en kontrako noble godo franko beraien aldeko kooperazioari esker.

Nomenklatura: Musulmanak. Momentu honetan , gehienak arabiarrak, ez mairuak, hala ere holaxen deituko diegu. Daramate mende bat hedatzen Arabiatik Afrikako Iparralderat. 


Kultura potentea zeren alde batetik “alfabetazea” promozionatzen zuen (doikebe Koraneko lehen hitza “Leitu !” da ) eta hedatzen ari diren neurrian bereganatzen ari ziren orduko munduko jakinduri guzia. Erlijioak izigarriko inportantzia zuen haiengan, bere hedapena justifikatzeko “yihad” edo Gerra Saindua praktikatzen dute eta hortaz halako “militantzia” erakusten dute.

714. urtean musulmanak Iruñeko atean ziren, Nafarroako Erribera eta ondoko lurraldeak hartuak: Errioxa Behera, Tarazona, Ejea eta Borja. Lehenago erran duguna, hemen lagundu ziena bertako konde godo bat, Casius izenez, musulman bihurtu eta Ebro zonalde horretako jauna bezala ezagutua izanen dena: kumis Qasi/konde Kasius eta bere leinua Banu Qasi/Kasioren Semeak izanen da.

Pausa: Merezi du “Casius”-en historia aztertzeak. Izenarengatik, Cassius, erromatarra da eta denborarekin agertzen da Konde moduan godoen artean. Horrek erran nahi du gure ustez, erromatar aberats bat zela, godoak agertzekotan haiekin aliatu eta “mejoratu”. Kontrolatzen zuen lurraldea Tuterako ingurua, hau da Ebro Erdia Arnedotik Tarazonaraino, zen. Musulmanak agertu eta erligioaz aldatu, holaxen bere ondasun guzia mantendu baita musulmanen artean “mejoratu”, izena pixkat aldatu, Cassi-us = Cassi = Qasi, eta bere leinukoak Banu Qasi/ Kasi-ren Semeak bezala ezagutuak historian.

Erraten dena: “ Klaseak badira beti”, eta noski, berak bandoz eta erlijioz aldatu zuen baina klasez ez. Nor dira bere “lagunak”? Inguruko aberatsak, historia ber bera izan behar zutenak, errateko, Iruñeko Jaunak, vasconesen buruzagiak, erromatarren denboretakoak, eta haien artean ezkontzen ziren, familia haundia ziren gure jaunak edo kondeak. Nola posible? Naski, klase berekoa ziren. Aldea? Iruñeko jaunak godoak eta musulmanak urrutiago zituzten eta beraien “interesak” hobekio zaintzen zituzten ahalik eta autonomia gehien zutelarik, hortaz ahal zutelarik, jo, ezinean, etsaiarekin batu eta naski, beren klasekoekin ongi portatu.

Eta hori egin zuten 718. urtean Iruñeko Jaunek ( gaur egun “jauntxoak” dizkiegu) : musulmanen agintea onartu eta dirudienez paktu/itun bat sinatu musulmanekin, ahd ituna: hau da, oro , dena, mantentzen zen zagoen bezala, buruzagiak, legeak, ondasunak, propietateak, erlijioa, onartzen bazen kalifaren obedientzia eta zerga bat.

Hegoaldean musulmanek dena hartzen ari direlarik, iparraldean baditugu bi pertsonai: Bata, Eudon (Odon,Udon), “Princeps Aquitanorum” , Akitania ia independente batean eta bertzea Carolus Martel (Martel = Mailuka), frankoen erregea bihurtuko dena haurreko dinastia suntsitu ondoren, bere familia inposatzen eta frankoen indarra musulmanen kontra jartzen.

Musulmanak Galian ere sartu ziren, han non godoak oraindik gobernatzen ari ziren lekuetan: Proventza eta Septimania/Narbona. Eta harat gateko Katalunian barna 719. urtean.

Bizkitartean musulmanak Iruñea kontrolatzen dute.
732. urtean Abd al-Rahman ibn Abd Allah al-Ghafiqi-k bildu zituen bere tropak eta “per Pampelonam et montes Pyrinaeos transiens” gan zen Bordelera. 


Poitiers/Martirien Kaltzadako guda
Bordele parean Eudon atera zitzaion baino Al Ghafiki garaile eta Eudon erretiratu behar , aliatzen bere etsai nagusienarekin, Carlos Martel, eta Poitiers-en, Martirien Kaltzada-n musulmanendako, frankoek eta akitaniarrek batera musulmanak xehatu zituzten, Al Gahafiqi eta bere soldaduak martiriak bihurtzen; ez ahaztu, Gerra Saindua.

Bi urte beranduago,744, Ubka ibn Al-Hadch-ek ...”eta handik pasa zen Iruñera eta hiria hartu zuen eta gan zen Nafarroara, eta dena irabazi zuen...”

Iruñea musulmanen menpean dago. Urte horietan Asturias aldean hango jaunek , Pelagius buru, hasi dira kontra egiten.

Musulmanak oraindik Septimanian/Galian geldituko ziren  759. urtera artio zeinean Pipinus Motzak kanporatuko baitzituen Hispaniara.
Eta holaxen bi potentzi hauek, frankoak (Akisgran) iparraldean eta musulmanak (Kordoba) hegoaldean buruz buru egonen dira eta erdian Iruñea eta Waskonia. Eta aprobetxatzen bi potentzia horiek mokoka dabilela, Iruñea eta Waskonia garatuko dira.

Carlos Martelen semea, Pipinus Motza, 742. urtean ...”waskonak Hunaldorekin, Odonen semea, konjuratuak , errebelatu zirelarik Akitanian Pipinus Motzak eta Carlman-ek armada antolatu eta Loira zeharkatu... “ hau da Akitanian sartu ziren.

Hurrengo urteetan 760/768 hasi zen gerra sistematikoa Akitaniako “printzen” kontra, eta kuriosoa, akitaniarren armadan waskonak gehienak. Presoak hartu zituztenak, Frantziara deportatuak, esklaboak?
Hala diote kronikek: 761. urtean Pipinus “in Wasconia” hasi zen izigarrizko kanpaina baskonen kontra, Akitania zeharkatu ondoren, hola zortzi urtez !


PIPI NUS-en denarioa


768. urtean kronista Fredegarius-ek dio...” Pipinus erregea Garonaraino hurbildu zen. Han waskonak Garonaren bertze aldean bizi direnak, bere aitzinera etorri ziren, zin egin fidelak izanen zirela, bermeak eman zizkioten eta beti leialak erregeari eta bere semei, Karlos eta Karloman, izanen zirela...
Urte berean Pipinus Motza hil zen. Kronistak berriz, “wascones rebelles/errebelatu”.
Bere semea, Carloman/Karolus Magnus/Carlomagno, erregea bihurtu zen.

Eta bizkitartean, Iruñean zer? 755. urtean Iruñeko jaunek errebelatzen dira, bon, ez zieten zerga mairuei pagatu, doikebe. Eta hola eman zituzten urteak. Eta bizkitartean ere, 777. urtean Zaragozako musulmanek bakea egin nahi zuten Carolus Magnusekin eta hau , Carolus, Hispaniara gan zen bake hori zihurtatzera.

Hurrengo urtean, 778, urte sonatua euskaldunendako, Karolus Magnus Zaragozan agertu, mairuek ez zuten bete prometitu zutena eta handik bueltan Pampilona destructa... subiugatos Wascones et Navarros... in Frantzian revertitur.” Hau kronista batek, baino ez zuen historia guzia kontatu.

Pausa: Lehen aldiz “navarros” hitza agertzen dela historian bereizten iparraldeko eta hegoaldeko euskaldunak. Momentu batzuetan frankoen kronistek bereizten dute ere “navarri” eta “Pampilona”, dirudienez markatzen “navarri” , herriak, nekazariak, jende arrunta, baita Lizarraldeko dermiokoak ere eta “Pampilona”, hiria, jaunak.
Kronista asturiarrek edo musulmanek ez dute oraindik bereiziko baino frankoendako “vascones” erromatarren denboretan “Novempopuli” zirenak dira.
Eta baztandarrak , norekin? Ematen du oraindik vascones-ekin.

Orreagako imajinarioa

Baztandik 25 kilometrotara Orreaga dugu. 778. urtean, Abuztuak 15. Eginhardi frankoen kronistak dio...” Karolus Magnus-ek ikasi zuen wasconicam perfidiam. Bere armada zebilen lerro luzean bidea estua zelakotz. Waskonek segada bat prestatu zioten zeren lekua oihan etxia baitzen eta mendietako gainekaldetik jautsi ziren gibeleko tropa eta inpedimentaren kontra... hondar soldaduraino hil zuten, dena hartu eta noctis beneficio/gaua aprobetxatzen barraiatu ziren... hilen artean Hruodland..” Errolan, gure harri botatzailea, Pirinio mendietako mitoa bihurtzen.
Orreagako saltsan baztandarrak? “Wascones” erran du kronistak, ez “navarri”. Ia seguru gure “otsoak”, Baztango jaunak, han zirela. Zertaz ez?

Anekdota bat: 785. urtean, Charlemagne-ren semea, Hlod/Koldo/Louis, bere aitaren nahia segitzen, harengana etorri zen Paderborn-a ( frankoen biltzar gunea/kortea) bere adineko mutiko batzuekin, waskonen arropa eramaten, beroki motza eta zabal batekin, atorraren maukak laxo... eta lantza (azkona) eskuan bere aitaren nahia betetzeko.”
Halaxen jauntziko zen euskaldun gerlari bat VIII. mendean.

Iruñeko jaunek hiria konponduko zuten zeren, hirun urte beranduago, 781. urtean, Abderrahman I-ak berriz Iruñeko kontrola berreskuratu baitzuen baino denbora laburrez.

Iruñeko hirian dirudienez baziren bi alderdi: musulman-zalea bata, franko-zalea bertzea eta alde bakoitzari  laguntzen, Banu Qasi musulmanek Tuteratik eta frankoek iparraldetik.

799. urtean, Iruñeko franko-zaleek, “baskunis/vasconek” edo “Balask–Al-Yalaski/Belasko Akitaniarra”-k” Qasi kastako gobernadorea, Mutarrif ibn Musa, akabatu zuten frankoen kontrola hirian jartzen.

Eta urte berean,799, normandoak Akitaniako kostaldeetan agertzen dira eta gaindituak izan arren ez dira urrunduko zoritxarrez, manduliak.


Falta zirenak gure historian, bikingoak. Bai , bertze izenarekin, nort/ipar-man/gizona = normandak, pirata bikingoak. Ez dago argi zertaz baino mende honetan Eskandinabiako jendea beraien dermioetatik atera ziren piratak bezala, baita kasu batzuetan merkatari bezala ere eta gisa horretan Europako kostalde guziak “bisitatu” zituzten arpilatzen eta kizkaltzen, beraiendako ez bazuten “babeslekuak” bezala hartzen, gure kasuan, Lapurdo/Baiona, bikingoen portua bihurtzen.

Eta hau dena ikusi ondoren, Baztan? Lehenago erran dugunez, erdian eta saltsa guzietan. Ia seguru gure gainetik pasa zirela frankoak, gero musulmanak eta hurrengo mendean normandoak. Seguru gure guda-gizonak , andereren bat?, ibiliak zirela zanpaka edo Udonekin, Carlos Martelekin, Al Gagafiqirekin, Ubkarekin , Carolus Magnusekin, normandoekin.
Kontra ? Alde? Batek daki, zeren dena baitzen posible. Baztan erdian zagoen, ez da ahaztu behar erromatarren bide bat Baztanen erditik pasatzen zela , itsasoa hurbil dago eta Baiona eta Iruñea Baztandik distantzia berean, 55 km. Leku egokia saltsa guzietan egoteko, fotoa falta da bakarrik.

IX.mendea (800/900)

Ikusi dugu nola Iruñean gauzak aldatzen ari dira, gobernadore musulmana akabatzekotan, 806. urtean frankoek Iruñea eta haren ingurua kontrolpean zuten “Hispanian, navarri et pamplonenses aurreko urtetan musulmanen aldekoak izanen zirenak , erabaki zuten itzultzea gurekin fidelak izatera”, dio kronista franko batek.


814.urtean


Eta 812.urtean Ludovicus Pius-ek, Akitaniako erregea bere aitaren aginduaz (Carolus Magnus) “uda hartan batzarrea bildu zuen.... zeren aditu baitzuen wasconen talde bat... sublebatu baitzela... berenganik bereizi nahi zutelakotz... bere tropak bildu eta martxan jarri zen... Akizen erregeak agindu zuen etor ziteztela berengana errebeldeak... nola ez ziren agertu agindu zuen errebelden ondasunak konfiskatuak izatea... hau ikustean... errebeldeak berengana hurbildu ziren eta fidelak izanen zirela zin egin zioten... Pirineoak zeharkatu ondoren Iruñera ailegatu zen eta behar zuen denbora han eman zuen. Iparraldera bueltatu behar zelarik... jakitean nolakoa ziren vaskonak berez eta ohituraz, beti engainatzeko prest, neurriak hartu zituen... bermetako hartzen haien emazteak eta haurrak mendiak zeharkatu artio...” Eta hala izan zen, Orreaga zeharkatu eta ez zitzaion deus pasa berari ezta bere armadari.

Bidenabar, frankoen eta musulmanen arteko trafikoa, negozioa, bazen: urrea, marfila, bitxiak, esklaboak... eta horretarako erromatarrek egin zituzten bideak kontrolatu nahi zituzten, Belasko edo Iruñeko jaunak, errateko.

Historia honek ez du erran nahi gure mundua baretu zela, bai to! 816 eta 819 urtetan frankoak berriz baskonen kontra, nolabait markatzen hauen lurraldea frankoen menpen zagoela.

Urtea 824.a. Frankoek , beraien buruak Eblo eta Aznar kondeak, berriz zeharkatu zituzten gure mendiak Iruñera pasatzeko beraien soberania bizkortzeko Belasko aldekoei laguntzen baino huts egin zuten. Etxerako itzulian, Orreagan, borrokan lotu eta frankoak garaituak berriz.


Baliteke

Eta momentuko “heroia” Enneko, cognomento Aresta, Iruñeko jaun bat. Ezkutu gainean altzatu zuten eta “Errege, errege, errege!” edo erromanzez “Real, real, real” uhiukatzen Iruñeko eta iruindar/pamplonica erregea bihurtu zen, “Pampilonensis rex”, gisa honetan beraien independentzia agerrarazten.

Zein zen bere erresuma? Nafarroa nuklearra erraten dena, Iruñerria, erdaraz La Cuenca, eta harat jotzen dituzten haranak. Baditu apezpiku bat, monastegi batzuk eta inguruko “seniores/jaunak” bere alde. Lurralde bat, Eliza eta botere politiko eta militarra, aski zen.
Ez nahasi, Iruñeko/Iruindarren Erregea zen, ez Nafarroakoa.


Aliatuak? Bere jendaki Musa ibn Musa , Banu Qasi-ren eta Tutera eta haren inguruko dermioen nagusia; bere anaia zen, ama bera zuten!, hortaz frankoak uxatu ondoren holako bakea badago Tutera/musulmanak eta Iruñaren/kristauak artean.

Urte honetan, 824, Iruñerria/Iruñeko erresumak bere aldetik joatean, Vasconia = Wasconia = Gaskuña = Gascogne Garonatik Pirineoetaraino bakarrik izanen da.
Frankoendako iparraldeko euskaldunak “vascones” dira eta hegoaldekoak “navarri”, baita Baskongadetakoak ere.
Kronista asturiarrendako euskaldun guziak “vascones” ziren. Kronista musulmanendako, gauza bera.

Urte batzuetan Iruñeko jaunek eta Banu Qasi-ek 

harreman onak mantendu zituzten baino Enneko Arista hil 

zelarik bere semea Gartzea Ennekoniz hasi zen tratuetan 

Asturiaseko erresumarekin eta mulsulmanekin zagoen 

bakea 858. urtean, Clavijoko guduan , hautsi zen.


Izenak: Historiako momentu honetan izen batzuk maiz agertuko dira, forma aunitzekin eta erran-nahia berarekin. Zein izanen zen benetakoa, etxekoa, ofiziala ? Ez dakigu.

Antso, Santxo, Sancho, Sancio,Sancius, Sance, Sans...,gauza bera dira. Espezialistek diote “Sanctius”-etik, latinetik, datorrela eta hasieran Iruñeko erregen izen arrunta zen. Iruñeko erregen influentzia hazten den neurrian (Antso III Handia) izena hedatuko da Iparraldera, Gaskuñara, baino batez ere Kastilla/Leon aldera eta gaur egun “Sancho/Sanchez” kastelaua kontsideratzen da eta arrunta da mundu latinoan. Gure artean Antsotena edo Santxotena moduan mantendu da.

Gauza bera Gartziarekin: Gartzia, Gartzea, Garcia, Garces, Garses, Garsia,Gartxot... Espezialistek diote “gaztea/gartzea”-tik datorrela, “junior”, eta “Sancho-ren”historia bera du: Iruñeko erresuman sortua , Antso III Kastilara eraman eta gaur egun “Garcia” kastelaua kontsideratzen da, Espainiako deitura arruntena izanez.

Izenekin lotua, deitura, abizena edo apellidoa: Aitaren izena zen. Gartzia Santxo? Bere aita Santxo bat zen. Santxo Gartzia? Bere aita Gartzia bat zen. Semeari bere aitetxi/aitonaren izena paratu eta berriz Gartzia Santxo dugu. Ez da txistea. Nafarraoko erregen zerrenda 860. urtetik 1054. urtera artio Santxo Gartzia I, Gartzia Santxo I, Santxo Gartzia II, Gartzia Santxo II, Santxo Gartzia III, Gartzia Santxo III eta Santxo Gartzia IV, ditugu (Santxo/Santxez edo Gartzia/Gartzes).


Banu Qasi-rekin moztean, Kordobako armadak Iruñeko erresuman agertuko dira... “868. urtean Mohammed kalifak armada igorri zuen Iruñeko lurraldera non nagusia Gartzia baitzen, Ennekoren semea, Ordoñoren aliatua (Ordoño, Asturiaseko erregea). Iruñeko lurraldea kasatu zuen eta itzuli zen Kordobara. Hurrengo urtean Iruñea inbaditu eta bereganatu zuen... preso atzematen Fortun, Gartziaren semea... egon zena kautiboa Kordoban hogei urtez...” Berarekin bere alaba Onneka eraman zuten musulmanek.


Bizkitartean, Carolus Magnus hil ondoren bikingoak hasi ziren berriz Galia/Frantziako kostalde guzia bisitatzen.






844 eta 865. urte bitartean (baita 892.ean) normanden itsasuntzi arin eta azkarrak ( deituak ”langskip/txalupa-luze” edo ”snekkja/sugea”) ematen die kapazitatea nonnahi agertzeko, ez itsasoan bakarrik, baita ibaietan ere ! eta gauza ziren itsasotik urrun zeuden edozein lekutan sorpresa emateko, hirietan edo monastegietan, aski zen ibaia nabigarria izatea haraino gateko,eta hala suertatu zen, vikingoak Galiako Atlantiar kostaldeko ibai guzietarik sartu ziren dena harpilatzen.

Erran dugunez 845. urtean Garona ibaian sartu zirela eta Tolosaraino gan zirela... Aise lehenago Bordele hartu eta gero Perigeux. Pausa bat egin ondoren 864. urtean berriz Tolosaraino sartuko ziren.


Eta gure Waskonian?845. urtean Cap-Breton/Hossegor-etik sartu ziren, Aturri ibaia igan zuten , Baionan ezarri ziren eta hango katedrala edo eliza beraien jinkoei dedikatua izan zen. Harresiak mantendu zituzten eta Baionako hiria bihurtu zen beraien babeslekua eta portua. Eta Baionatik kontrolatzen ahal zuten Aturri ibaiako arro guzia zeren leku gehienetan nabigarria baitzen beraien ontziendako: Baiona zen Akize, Aire, Oloron, Tarbes.. hiri hauetako sarrera eta giltza beraien eskuetan zagoen.


Baztandik 55 kilometrotara ziren bikingoak, Lapurdo-n (Baiona izena ez zen oraindik erabiltzen). Aski zuten gosaldu, trankil ibili Otsondoraino, han gaua pasa (udan, naski) eta hurrengo egun osoa zuten Baztan korritzeko eta arpilatzeko. Eta hola eginen zuten behin baino gehiagotan. Kontutan izan behar da 140 urte inguru eman zituztela Baionan !
Zeren bila? Suposatzeko elizak, beti baliozko zerbait harpatuko zuten han, zilarrezko gurutze bat... esklabuak eta janaria. Traturen bat bertakoekin? Ezkontzak? Negozioren bat, komertzioa ? Baliteke, baino datu falta.



Baztango otsoak.Miltzipenea/Erratzu
Hori bai, taldeka etorriko ziren, talde ederrak, bertzenaz Otsondotik jaustean Baztango otsoak izanen zituzten esperoan , zeren seguru, Baztango jaunak, gure Ahaide Nagusiak edo Cabos de Armeria, otsoak bezala prest egonen baitziren borrokan lotzeko.





Honekin lotua Muqtabis-ek kontatzen du bere kroniketan nola... “Hejirako 245. urtean ( gure 859. urtea) madju-ak (bikingoak) segi ziren ibaia igaten Iruñeko bazterretan lehorreratu artio, eta eraso batzuk egin zituztela Baskunis-en (baskonen) kontra, aunitz hiltzen eta preso hartzen haien emirra (burua) Garsiya ibn Wannaqo (Wannako = Enneko) “. Hau bikingoek liberatu zuten bere semeak berme bezala uzten 70.000 urrezko sos bildu eta ordaindu artio.

Hemen komediak: Nondik pasa ziren bikingo horiek Iruñera? Ebrotik, kronikek diotenez?
Hæsting eta Bjorn deitzen ziren bikingoek organitzatu zuten razzia bat urte horietan (858/859) Hispaniako baita Italiako kostaldea arpilatzeko eta testuaren arabera dirudienez Ebro guzia igan zuten ! Posible? Historialari batzuek diote lojikoena Bizkaiko golkotik etorriak zirela, Mundaka-Gernikatik. Eta zertaz ez Baionatik, Baztandik ? Hurbilago zuten eta gainera ziurtatua dago Baionan bikingoak bazirela, Mundakan ez. Berriz, datuen falta.
865. urtean Charante/Arroxela parean Normanden flota

agertuko zen eta kalte haundiak eginen ziezkien Mitarra 

jaunak, atxikitzen bikingoak Waskoniatik urrun, Baionan 

eta Hossegor/Cap-Breton ezik.

Antso /Santxo III, Mitarra deitua ( “Izia” araberaz edo “
Menditarra” euskaraz?) Waskoniako Dukea izan zen 864. 

eta 893. urteen artean. Momentuko Baztango Jauna, 

seguru. Leienda bat omen zela.

Bere aitzinekoak bezala frankoengandik libratu nahian 

ibilia zen. Omen, bikingoak kontrolatu zituen Aturriko 

bokalean, Cap-Breton, eta Baionan ezartzen.



Saint Leon.Kanboko elizan
Eta hemen eliza edo leienda. 891. urtean Saint Leon, Normandiatik etorria bikingoak ebanjelitzatzeko , hauek, bikingoek /normandoek lepoa moztu zioten. Eta leienda, gure Saint Leon-ek bere burua hartu eta eraman han non nahi zuen Eliza bat eraikia izatea, Baionako hiritik kanpo. Bere buruak ukitu omen zuen lekuan iturri bat sortu zen.










Eliza ez dugu ahaztu behar. Hasi dira monastegiak 

agertzen, omen berriz, frankoen influentziagatik.

851. urtean apez mozarabe bat, Sanctus Eulogius, 

Iruñatik pasatzen da Pirineoetako monastegiak bisitatzen 

eta agurtzen hango abateak: “Fortunium Legerensis 

(Leire) monasterii abattem...Odoarium Serasiensis 

(Siresa) monasterii abattem... Scemenum Igalensis (Igal) 

monasterii abattem... Dadilanem Hurdaspalensis 

(Urdaspal) monasterii abattem” .

San Eulogio harritzen da nolako liburutegiak dituzte Leire 

eta Siresako monastegiak. Honek erran nahi du Iruñeko 

erresuma nolabait “blindatzen” ari da Elizaren 

prestijioarekin, haren kapazitatea kulturala 

aprobetxatzen, zeren pentsa behar da momentu honetan 

eliz-gizonak ziren ia bakarrak zekitenak irakurtzen eta 

eskribitzen kristau munduan!



Leireko kripta


Monastegiak baldin

baziren, herriko 

elizak esistitu 

behar. 

Nolakoak izanen 

ziren? Xumeak, 

arront xumeak,lau 

pareta zeren kasu 

bitxiak aparte, ez da inon topatzen haien 


honddarrak. Baztan kristaua izanen zen, seguru, apezak 

biziko ziren eta feligresak hamarrena pagatuko zuten, 

baino horien notiziarik ez dugu.


Eta ez dugu Eliza globala ahaztu behar gure historia honetan.
Done Jakue Bidea: ± 800. urtean, mende honetan, eremita batek ikusi omen zituela izartxoak sepultura baten gainean, Campus Stellae/Izarraren Landa, apezpikua harat gan eta miraria ! Sant Iago/ Done Jakueren gorpuzkina han zagoen, Galizian. Sinetsi edo ez sinetsi ez da gure afera baina zinez eta benetan Europako kristianitate orotik pelegrinak - peregrinak – erromesak (nola erran?) hasi ziren gaur egun Done Jakue Bidea deitzen dena korritzen, Europa guzia zeharkatzen Apostoluaren hilobia bisitatzeko, esperientzia espiritual bereizia izateko eta bidenabar mundua ikusteko (turismoa, he,he).


Santiagoko maskorrak.Apeztegia/Erratzu

Mendearen hondarrean, 899, bazen eliza bat Compostelan, eta 50 urte beranduago Puy-ko apezpikua Akitaniako noble batzuekin bidea egin zuen , 
Bidea fenomeno pan-europarra bihurtzen.
Zertaz ba bide hau? Fededunak Apostoluen hilobietara joaten ziren denbora haietan eta Jerusalem musulmanen eskuetan erori zelarik Europa aldean bakarrik gelditzen ziren bi leku : Erroma eta Santiago. Erromesak, eta horien barnean sartu behar da multzo nahasi haundi bat: sinestunak, fededunak, eskaleak, turistak, merkatariak, lapurrak, fraileak, iheslariak, pekatariak, komisionatuak, prostitutak, abentureroak..., mileka, bai, zinez, mileka gaten ziren Done Jakue/Sant Iago-ren hilobia bisitatzera.
Eta guri interesatzen zaiguna, nondik iragaten ziren Compostelara gateko?
Erromatarren bide zaharretarik.



Kapitulu honetan erabili den materiala:

Kronika guziak: “Guia para la Historia del Pais Vasco hasta el siglo IX”, 

ALBERTO PEREZ DE LABORDA

Aristocracia, poderes y desigualdad social en la primera Edad Media del Pais Vasco” J.AQUIRÓS. Interneten.

El obispado de Bayona y las leyendas de San león” FIDEL FITA, interneten.

Aspectos de la organización social del territorio navarro altomedieval”JULIA PAVON. Interneten.

Vasconia en la Alta Edad Media” ANGEL J. MARTIN DUQUE. Interneten.

Historia General del Pais Vasco- Vol.I” MANEX GOYHENETCHE

"Francos, aquitanos y vascones.Testimonios arqueologicos al sur de los 

primeros." A.AZKARATE.Interneten.


Ducado de Aquitania”, WIKIPEDIA. Interneten.

Apuntes para un manual de Historia de la Iglesia Medieval” J.SANCHEZ HERRERO. Interneten.

"Construir un reino en la periferia de Al Andalus: Pamplona y el Pirineo occidental en los siglos VIII y IX" JUAN J.LARREA.Interneten.

Ponderación bibliográfica... El caso de la vasconización tardia” J.ABAITUA/M.UNZUETA

Baita artikulu motz pila bat nonnahi harpatuak.

Fotoak Internetetik ateraiak


Itzulpenak, eneak, libre eta laxoak.



No hay comentarios:

Publicar un comentario