lunes, 11 de junio de 2018

Baztan. Hasmenta : 1 - Prehistoria


Baztan. Hasmenta : 1- Prehistoria

 
Baztan Gorramenditik
Baztan beti egon da dagoen lekuan eta hasi zen izaten mundua hasi zelarik, hain sinple. Nolabait errateko untzi bat da Baztan eta bere barnean bizi direnak baztandarrak bihurtzen ditu. Eta hau erran ondoren, nere atrebentzia barkatuko duzue zen hain data guti eta eskasekin ausartzen naizela zernahi kontatzera gure Baztan eta baztandarrei buruz. Hala ere, hemen edo han arpatu ditugun anekdotekin saiatuko gara gure “ixtorioak” jartzen, eta zinez,”ixtorioak”, zeren historiako momentu honetan ez dago ia ia daturik.




Adamek eta Yavhek tit egiten
Mundua hasi zen hasi zelarik, Jaungoikoak egina ez dakigu noiz ala Big Bangekin orain dela 13.800 miloi urte edo judutarrek diotenez Yhavhek egina orain dela 5.778 urte. Dena den, gehienek onartzen dute eboluzione bat izan zela eta gaurko gizakia orain dela ± 200.000 urte (urteak diskutitzen ahal dira) Afrika aldean garatua zagoela eta Europan orain dela 100.000 urte zagoela eta gizaki hau gu gaur egun garen bezalakoa zen. Diferentzia? Teknologia, hortik aparte gu bezalakoak ziren. Eta teknologia hori garatzeko urteak eta mendeak behar izan zituen gizakiak.
Horrekin lotua klima dugu. Jakin badakigu orain dela 12.000 urtera artio Europa, gure Europa, hormatua zagoela, bon, hotz haundia, ± 12º gutiago, ia urte erdia zeropean, eta jendea lezeetan bizi zela, kanpoan ezina.

Lehenbiziko baztandarrak?
Baztango lurrek ez dute lezerik, hortaz erraten ahal dugu Paleolitikoan ez zela inor Baztanen bizi baina gure bazterretan bai: Zugarramurdin eta Urdazubin , dermio baztandarrak fraile premonstratenseak etorri artio .  Argi dago leze horietako biztanleak, denak ihizilari porrokatuak, gure lurralde korrituko zutela ihiza bila, naski baietz baina ez dugu bideoa (he,he) eta ez dakigu noraino egiaztatzen ahal dugun hori (hau errepikatuko dugu aldiero). Sasoin horri “Paleolitikoa” deitzen zaio zeren orduko lanabesak “harrizkoak”(lito) baitziren modu baldar/zahar (paleo) batean.
Zenbat bizi ziren leze batean? Guti eta gosez janak. Kalkulatzen da 0,3 pertsona kilometro karratuz bizi zela. Batek daki zenbat ziren.

Alkerdiko irudiak : bisontea eta basahuntza
Hori bai, lezeetan bizi behar: Urdazubi aldean Alkerdi, Berroberria, Zelaieta eta Ikaburuko lezeak ditugu, orduko bizitegiak orain dela 13.000 urte . Eta ez da txistea, lehenbiziko “Pintores de Baztan” han ziren zeren Alkerdi lezeko paretetan artista baztandar batek utzi baitzizkigun bisontea, basahuntza eta batek dakien zer animalariaren irudiak. Arpoiak ere harpatu dituzte han. Ihintzilari baten ametsak!

Zelaieta : hartzaren marka
Eta borobiltzeko, Zelaietako paretetan hartz baten atzaparren markak ! Gure iñauteriko hartza!








Urteak pasa ziren eta klima aldatu zen gaur egun duguna bihurtu artio. Orain ± 12.000 urte hasi omen zen klimaren aldaketa. Europa desormatu zen edo hobekio errana, berotu zen 11º inguru. Horrek jendearen bizimodua aldatu zuen. Lezeak ez ziren beharrezkoak, jendea kanpoan egoten ahal zen, hau da gure kasuan, Baztan “bizigarria” bihurtu zen eta jendea agertuko zen gure dermioetan. Suposatzekoa ondoko lezeetako jendea hemen lehenak izanen zirela, oraindik ihizilari porrokatuak.

Herrixka neolitiko imajinarioa: etxeak, abereak, laboreak eta zeramika
Sasoin honi “Neolitikoa” deitzen diote. Zertaz? Harria (lito) forma berri (Neo) batez lantzen delako, igurzten , zorrozten, lanabesa hobeagoak egiten. Eta ez bakarrik hori, Neolitiko Iraultza ari da garatzen: jendeak ikasi du animaliak (zakurrak,behiak, ardiak, zerriak...) hezten, laboreak ereiten (garia, zekalea, garagarra...) ogia lortzeko eta hau dena altxatzeko zeramika asmatzen dute. Momentu honetan ez da zertaz ihizean ibili behar hemendik harat nomadak bezala ; herriak, bon herrixkak, sortzen dira ere. Jakina, hau dena mileka urteetan, poliki polikitto garatu zen eta leku bakoitzean beren gisara. Eurasian ( Europa + Asia) Irak aldean hasi zen aldaketa eta handik hedatu zen Europako kostaldetaraino. Nola hedatu zen ? Erran dugunez poliki poliki, mileka urtetan, kasu batzuetan batzuek bertzei kopiatzen (eta ebasten) eta bertze kasuetan “zekien jende berria” lekuetan agertzen bakean edo bortxaz, batek daki. Eta holako zerbait Baztanen pasatuko zen.

Mantso mantso mundua garatzen ari zen teknologikoki. Nonbait norbait ohartu zen metalak moldatzen ahal zirela eta kobrezko gauzak (armak, lanabesak, bitxiak ) hasi ziren egiten. Eta Harrizko Arotik Metal Arora pasa zen humanitatea eta erabili zuten lehen metala, Kobrea.

Kobrezko Aroa Kobrezko Aroa Kobrezko Aroa
( 2.500 – 1.000 urte K.a. = Kristo aitzin)

Noiz? Gure aldean bi mila, hiru mila urte Kristo baino lehen, orain dela 4.500 edo 5.000 urte. (Zifra guziak disputagarriak dira)


Elorta/Elorrieta: oihanak eta larreak
Nolakoa izanen zen Baztan denbora haietan? Susmoa da, zeren fotoak ez baititugu (he,he), beheitiko parteetan dena oihana izanen zela, sarri sarria, etxi etxia, eta orain ikusten den bezala altura batetik goitira, larrea.








Erratzu: Sarioi imajinarioak
Oihanean saroiak bezala eginen zituzten, borobilak, erre edo ebaki arbolak eta han zerbait erein eta zegokion sasoinean larreetara azienda alatzera eraman. Bizitegiak? Zurezko txabolak eta erdian lurreko-sua.
Nor izanen ziren orduko baztandarrak? Inork ez du diskutitzen gaurko euskaldunak zirela, lezeetako jendea baita etorritako nekazariak hemen mileka urteetan ibiliak zirenak ere, baino batek daki.





Zerbait utziko ziguten gure arbasoek, gure ahaide zaharrek, gure aspaldiko amatxi eta aitetxik? Bai, beraien hilobiak, pausalekuak edo sepulturak: dolmenak (edo triku-harriak/mairu-etxeak). Baztango mendiak beteak ditugu dolmenez, 100 baino gehio.



Iñarbegiko mairu-etxea/triku-harria/dolmena

Norbaitek ez badaki, dolmenak edo mairu-etxeak sepultura komunalak ziren, iduzkiaren bidea segitzen        ( Ekialde > Mendebalde), errektangularrak , lau harri-luze/lauze ( bat faltatzekotan iduzkialdera ) bertze lauze batekin boneta moduan dena estaltzen eta haien neurriak taldearen araberakoak. Hau da, haundia izanen zen jende aunitz baldin baziren; ttikia, jende guti izatekotan. Baztangoak ttikiak dira, horrek adierazten du Baztanen jende guti bizi zela.
Gure ahaideak hemengo “sepulturak” egiten ari zirelarik, Egipton gauza bera ari ziren hangoak eraikitzen, piramideak, beraien faraoien pausalekuak. Diferentzia? Hemen gure mairu-etxeak egiteko dozena erdi bat lanean eta Egipton 10.000 langile kalifikatuak.
Hau irakurtzen ari zaretenei, faborez, lehen lehenik dolmenetan/triku-harrietan gure jendea, gure hilak daude, begirunea, errespetu bat eta bigarrenez, ez da altxorrik! Utzi horko lurra bakean, dolmen guziak profanatuak daude dagoeneko, betiko leienda, hilak beraien altxorrekin (urrea gaizoen esperoan, ha,ha) bidaiatzen omen zutela... ja!




Kontatzen omen zuten Garazi aldean “A(d)itu dut ere, mairu-etxe hortan (Armiaga-Garazi aldean) lehenago atzeman izanik aratxe-larru bat (larruarekin zakuto bat egina) urrez betea”...
Gipuzkoan aratxeen ordez idiak, idi-narruak, urrez beteak mairu-etxe guzietan, eta ez balime zen aratxe-larruak, ezkilak edo kutxak urrez beteak. Denbora haietan urreak ez zuen deusendako balio, ezin ziren labanesik egin urrearekin, sobera biguna baita , hortaz ez da agertzen dolmenetan !!!

Leiendetan sartuak, gaixtoren batek kontatzen omen zuen Aranoko mendian harri batek letrak omen zituen ” Ni iraultzen nauena, sekula ongi jarriko duk”. Itzul omen zuten, ustez urrea agertuko zela. Azpialdetik bertze letra batzuek omen zituen “Oraintxen ongi negok!

Eta ele-zaharrekin segitzen, hor dugu Errolan, bai, gure Errolan, anakronismo bat, jakina, zeren bera 3.000 urte beranduago sortuko baita, Auzatik harriak botatzen, eta ez nolanahikoak. Behin animeleko harri bat hartu zuen Erratzuko kristauak (bertze anakronismoa) zanpatzeko eta to! harria irriztelatu ziztzaion eskutik eta Beartzunen, Argibel ondoan erori zitzaion, eta han geratu zen harria bertze baten gainean eta haizea ari duelarik, zehar haizea, zaharrek omen, harri mugitzen da, kulunkatzen. Izena eta dena du harri horrek: Harri Kulunka.

Harrikulunka

Ikusia Errolanek egin zuen hutsa, berriz bertze harri bat hartu eta Erratzura apuntatzen, indarrak hartu eta to! behikaka bat zapatu , irriztelatu eta harria ondoan erori zen, Basagar ondoan. Harri honek izena du ere: Errolanen Harria.

Erratzuko Errolanen Harriak 


Eta ele-zaharrekin akitzeko, Auzan, Baztango Auza, bada leze bat urrea duena bere barnean. Urrearen aldean suge haundi bat eta aker bat ditu. Aldudeko Martiene etxekoa zen apeza maiz egon zen han eta ikusten zituen urrea, sugetzarra eta akerra. Apezak bere liburuko otoitzak erraten zituen sugetzarra eta akerra iziarazteko. 
Auza
Apezaren otoitzekin suge flakatzen zen hari bat bezain fine bihurtu artio baina ez zuen ihes egiten.
Orduan apeza lezean sartu zen bere bularrean hostia sakratua eramaten. Baino hasten zelarik urrea ukitzen, sugea hazten zen eta apezak ezin izan zuen urrea har eta handik lekutu behar esku hutsik , bizkitartean hitz hauek aditzen lezearen barnetik: “Beharrik daramatzula hori bularrean, bertzenaz hemen barne hontan geldituko beharko zenuen betiko”. Ordutik erraten omen da : “Auza, han duk gauza, baina nehork ezin har !”.


Espezialistek diote mairu-etxe, trikuharri edo dolmen gehienak mendi aldean, altuera batean, direla artzainen “pasabideetan” eta Baztango kasuan, halako tendentzia dutela kobrezko mina/meatzeen inguruetan egotera. Berez, Kobrezko Aroan eginak dira.
Hilak ehortzeko sistema hau Europa guzian hedatua zagoen, Portugaletik Errusiaraino.
Mairu-etxe hauek ere erakusten dute zein zen Baztango momentuko ekonomiaren ardatza: azienda.

(Norbaitek gehio jakin nahi badu, Catálogo Megalítico del Valle de Baztan Baztango edesti aurreko oroitarriak .Josu Cabodevilla / Itziar Zabalza , Interten)



Burdin Aroa Burdin Aroa Burdin Aroa
( 1.000 - 100 urte K.a. = Kristo aitzin)

Eta denborak aitzinat jo zuen. Noiz fijo ez dakigu baino mila/zazpi ehun urte Kristo baino lehen, hor noizpait izanen zen: Burdin Aroa. Jakin badakigu urte/mende horietan kultura bat hedatzen ari zela gure inguru urrunean: Indoeuroparrak.

Europearren hedapena

Ez zen herri/arraza bat, zen kultura bat : teknologikoki aitzinatuenak, burnia lantzen , zirrika kontrolatzen eta zaldia hezten ; hiruak elkartu eta bidaiatzeko karroak zituzten eta hortaz aise hedatu ziren, Indotik (Indo Indiako ibaia da) Europako Mendebaldeko kostaldeetaraino. Hortaz izena : Indo-Europa, indoeuroparrak. Bidenabar, mintzaira bera zuten hasieran.


Hasiko ziren Europa eta Asia korritzen ± 2.000 urte Kristo baino lehen eta gure lurraldeetara ± 1.000 urte beranduago ailegatuko ziren. Gure eremuetara etorri zirenak izena zuten: zeltak/keltak, bon, beranduago enteratuko gara holako izena zutela.(Latinez c = k, erdaraz c = z)



Lehenago aipatu dugunez, ditugun datuak guti eta eskasak dira. Zenbat ziren, noiz agertu, nondik etorri, ez dakigu segur. Logikoa Iparraldetik etortzea izanen zen baina badira historialariak diotenak Ebrotik, Hegoaldetik etorri zirela. Batek daki. Ez du merexi afera diskutitzeak.

Zeren bila? Hori argi eta garbi, lur onak. Nafarroa eta Araba aldean Ebroko bazterretan jarri ziren, Erriberan ere, Penintsula Iberikan Meseta hartu eta dirudienez Iberiako Mendebalde osoa.
Bidenabar,indoeuroparren artean (indiarrak, persiarrak, latinoak, grekoak, zeltak, germaniarrak, eslaviarrak...) zeltak/keltak talde hedatuena zen, gaurko Alemania erdian, Italiako Iparraldean, Britaniako Irletan, gaurko Holandan, Belgikan, Txekian, Eslovakian, Eslovenian, Hungarian eta Frantzian (Akitania ezik) kokatuak zeuden.

Eta hemen komedia, eta politika. Gure gainetik pasatu zirelarik, zeren pasa pasa baitziren, zer egin zuten zeltek? Dena kasatu? Hemen gelditu eta gu zelta bihurtu? Addio erran eta segi Fiterora?
Zertaz diogu hau? Euskaldunen identitatea dudan jartzen delakotz momentu historiko honetan. Gure dermioetan, espezialistek diote euskaldunak izaten segitu ginela baino Probintziakoak ( Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia) zelta hutsak zirela/direla. Gauza bera Lapurdin eta Nafarroa Beherean, izen zeltak nonnahi agertzen direlakotz dermio guzi horietan, baita gurean ere! Afera geroko utziko dugu oraingoz.

Zerbait utzi ziguten keltek baztandarrei? Seguro, teknologikoki aitzinatuagoak ziren eta zerbait erakutsiko ziguten edo guk haiengandik kopiatu. Hala ere, momentu honetan, mila urte Kristo baino lehenago, jendeak uzten dio dolmenak egiteari eta bertze motako ehortzeko sistema hasten da erabiltzen guk jakin gabe zelteen influentziaz dela ala berez hemen sortua zela: gorpuak erre. Indoeuroparren artean hedatua zagoen hilen gorpuak erretzea: gaurko kremazionea. Eta kointzidentzia, zeltak agertu eta gure mendietan hilen errautsak!.

Gorramendiko kanposaindu-zahar/mairu-baratze/cromlech bat
Larreetan, mendiko lepoetan, harri arruntekin (± 30/40 zm, noizpait haundiagoak) zirkulu bat egiten zuten eta erdian hilaren (pertsona bakar batena) errauts eskukada/ahur bat jartzen zuten: cromlech-ak edo mairu-baratzeak/ kanposaindu zaharrak. Gure larreak beteak daude (240 mairu-baratze baino gehio). Nork eginak? Zeltek? Baztandarrek? Horretan ez dira ados jartzen espezialistak zeren zeltek pitxerretan sartzen ziztuzten errautsak eta gainera “cromlech”-ak harri haundiekin eta eremu zabal batean jartzen zituzten, naski, ordokietan/zelaietan, ez mendietan hemengoak bezala.
Moda bat? Zertaz ez, dolmenak bezala Europa osoan ikusten ahal dira eta indoeuroparrak izan edo ez izan igual egiten zituzten.

Mairu-baratze txikiak Pirineoetan
Bitxikeria bezala, neurriz arruntako harrizko borobil horiek bakarrik Pirineoetan ikusten ahal dira, bi aldeetan eta okupatzen justu linguisten arabera proto-euskarak (euskara zaharra) bere hedapen zabalenean zuen eremua. Eta bitxikeria borobiltzeko, Baskongadetan ia ez dira agertzen! Zeltak zirelakotz?
Baztangoak, espezialisten arabera, burni meatzeen ondoan egotera tendentzia dute. Burdin Aroan gaude.
Eta aixtion erran duguna, errauts horiek gure ahaidenak dira, errespetu bat eta bidenabar, ez da urrerik!

Hauekin lotuak, tumuluak edo harri mukuluak utzi zizkiguten ere. Hauek dolmen gisako bat baino sinpleago ziren, hilaren errautsak, parte bat, utzi eta gero harriekin mukulu bat egin haren gainean, kasu bazuetan barneko harriak tente edo kutxa ttiki bat bezala uzten. Gero dena legarrez estali eta denborarekin gainean belarra haziko zen. Hauek ere profanatuak! Ez da altxorrik, faborez, urrea bankuetan dagoela !!!
Zertaz aldatu zuten sistemaz? Indoeuroparren erligio zerutiarraren influentziaz ? Hilak erre eta ekearekin zerura ganen ziren eta ez ziren lehenagoko sinismenean bezala, lurrean, Ama-lurrean pausatuko?

Bertze gauza ere utzi zuten: menhirrak, zutarriak. Dirudienez denbora berekoa direla baina zertarako espezialistek ez dira ados jartzen: Pausalekuak ? Zakil/xixtor erraldoiak ? Errateko “hemen nauzue” ? Mugarriak ? Baztanen bat baino gehiago paratu zuten gure arbasoek ( 80 bederen ) eta denen artean Soalarkoa da famatuena.

Soalarko zutarria
Soalar Iñarbegi eta Beartzun arteko mendi xalo bat da.
Bere ixtorioa ahalkemangarria da, hemendik harat, “balonzestoko kanasta” bere gainean jarri artio, jakinean 3.000 urteko megalito bat zela... Suertez guretako eta historialariendako , orain dela hiru/lau mila urte goratu zutelarik berehala erori zitzaiela eta etzan-ta egon zela ordutik orain artio eta gisa horretan lurrarekin kontaktuan gelditu zena mantentzen da egin zuten bezala. Lau metro alturako harri luze bat da eta lurraren kontra egon zen aldean markatua du irudi bat: gerra gizon bat omen, buruzagi bat?, bere armekin: ezkutua, aizkora, gerrikoa ere. Zerk erran nahi zuen? Ez dakigu.

Bon, bada bat , Stuart Harris, kapable izan dela liburu bat eskribitzeko gure Soalarko zutarriarendako : “Black Eagle of Navarra and Soalar Menhir of Baztan (English Edition) Versión Kindle by Stuart Harris (Author) itzulpena “Arrano Beltza eta Baztango Soalarko zutarria”.

(Norbaitek gehio jakin nahi baduRutas arqueológicas por Navarra: MENHIR – ESTELA DE SOALAR”, Interneten)


Geldituko zen zeltaren bat gurekin? Naski baietz eta agian buruzagi moduan, manatzen seguraski, baina multzoa, gehiengoa, hemengo euskaldun multzoa betiko izanen zen eta hondarrean gurekin gelditu izanen zen zelta hori inor baino baskoagoa bihurtuko zen.

Indoeuropar gehiago etorriko ziren, ikusiko dugunez, Europa guzia beraien mintzairaz estaltzen, punttu bakarra ezik, Euskal Herria. Bai, Europako hizkuntza ia guziak indoeuroparrak dira eta euskara bezain zaharrak dira baina Europan bertan zaharrena euskara da zeren haiek , indo-europearrak, etorri baitziren Europara, ez ziren hemengoak ! (Bon, beraien mintzaira. )



Gure lauburuak, sorte ona ekartzeko
Eta indoeuroparrekin akitzeko, beraien ikurra : swastika.
Pena sinbolo honekin, Hitlerren naziek berendako hartu zuten eta ikusia zer egin zuten Europan azken gerran eta zertako erabili zuten swastika, gaur egun debekatua dago Europako estatu baztuetan. Kasu egin, isunak badira! Bere erran-nahia ? Sorte ona, zoriona, gure lauburua, indoeuroparrei kopiatua, naski baietz.
Eta betiko leloa, datu guti eta eskas.

Hau dena ez zen pasa egun batetik bertzera baina pasa zen. Holaxen ikasi genuen zirrika erabiltzen, burnia lantzen, lanabes eta arma hobeagoak egiten , janari gehio lortzen, gose gutiago eta seguraski hobekio bizitzen , dena poliki poliki.




Urteak/mendeak pasa ziren eta Europako oilarrek, zeltak, lekua utzi zieten Europako arranoei, latinoei.



No hay comentarios:

Publicar un comentario