domingo, 24 de junio de 2018

Baztan. Hasmenta : 2 - Erroma


Erroma Erroma Erroma
( 100 Kristo aitzin – 406 Kristo ondoren)

Urteak eta mendeak pasa ziren eta Europako oilarrek, gallos/zeltak, lekua utzi zieten Europako arranoei, latinoei.


Erroma: Otso-emea eta Romulo & Remo
Gaur egun Italia deitzen dugun lurraldean Erroma hiria sortu zuten latinoek . Indoeuroparrak ziren eta beraien etsai haundienak keltak/galoak ziren, barrideak zituztelakotz. Erroma poliki poliki eta ezarian ezarian hasi zen hedatzen bere “barrideen” kostura potentzia bat bihurtu artio, eta gugandik ± 1.600 kilometrotara egotetik gure ateetaraino hurbildu zen Kristo sortu baino urte batzuk lehenxago. Benetan ez dakigu nola izan zen “kontaktu” hori baina bai erran behar da erromatarrak etorri eta izenak lehen aldiz agertu. Izenak haiek, erromatarrek, emanak/manipulatuak baina eskertzekoak zeren holaxen historian sartu bait ginen/gintuzten.


Erromatar armada, beraien arranoarekin
Urtea ± 75 Kristo aitzin . Salustio batek kontatzen du nola Pompeius-en, erromatarren jenerala, “romanus exercitus in Uascones est”, hau da , “ Pompeioren armada erromatarra “vascones”-en lurraldetara pasa zela”. Bidenabar, Pompeius horrek izena emanen omen zion vascones-en hiriburuari “Pompaelo” (gero Pamplona)/Iruñea.
Bidenabar ere, latinez v = u = w gauza bera.
Honekin batek daki nola erraten zuten: baskones/uaskones/waskones?

Orain artio harriak izan ziren uzten zizkiguten gure aitzinekoek, orain harrien aparte izenak ere eta hortaz dakigu Baztango hegoaldean “wascones”-ak bazeudela.




Julius Caesar-en moneta

Eta Iparraldean?
Julius Caesar-ek, erromatarren buruzagi famatuak dio bere “De bello gallico” liburuan nola Publius Crassus-ek, jeneral erromatarra, 56. urtean K.a. “aquitani”-ak garaitu zituela. Aquitani? Bai, beraien lurraldea Aquitania (Akuitania), eta gure Iparraldean kokatua dagoena da. Aiei aiei, Baztan gaizoa, Erromatarrek inguratu gintuzte!






Pausa. Hemen arkeologia linguistika pittin bat, hau da , harrien ordez hitzak, bon, izenak ikusiko ditugu. XIX. mendean linguistika historika garatu zen. Errateko, indoeuroparren hizkuntza aurkitu zuten Europako hizkuntzak konparatzen. Eta gisa berean, Frantzia aldean ohartu ziren Akitaniako lurraldean erromatarren izenekin nahasiak EUSKAL eiteko hitzak bazirela: nescato, gisson, andere, sembe, ilun...

Julius Caesar-ek bere “De bello gallico”-n dio nola berak Galia deitzen duena hiru zonaldetan bereizten dela : Belgae (Frantziako Iparraldea + Belgika) lingua celtae hitz egiten dutena, bertze zonalde bat nostra Galli (gure galoak) eta bertze bat Aquitania a Garunna flumine (Garona ibaitik) ad Pyrenaeos montes (Pirineo mendietaraino). Hiru zonalde hauek lingua (mintzaira) institutis (antolakuntza) legibus (legeak) inter se (haien artean) differunt (bereizten dira). Bertze hitzekin, aquitani-ak zeltak ez zirela, euskaldunak baizik (aski da ikustea haien artean agertu diren euskal hitzak).
Hala ere linguistek berek diote nola keltek Garona ibaia zeharkatua zuten leku batzuetan, Bordelen eta Tolosan errateko.



Hemen diskutitzen da, eta politika egin ere, noraino euskaldunak ziren gure ingurukoak zeren latinoak ailegatu baino lehen zeltak alde guzietan sartuak baitziren.
Hala ere linguista gehienak ados dira erromatarrak ailegatu zirelarik gure dermioetan gaurko euskararen antzeko mintzaira, PROTO-EUSKARA (proto=aitzinekoa), hitz egiten zela Akitania eta Nafarroako inguruetan eta nolabait kultura berekoa zirela zonalde horretan bizi zirenak. Hau da euskal leinuak/tribuak/klanak/taldeak zirela, horrek ez du erran nahi politikoki elkartuak zirela, inola ere ez, kultura berekoa bakarrik. Naski aliantzaren bat nonbait, noizpait antolatuko zuten baina guti eta eskas.
Pausa akitu da.

Segitzen dugu izenekin. Plinius batek ( 77 K. ondoren) bere “Naturalis Historia”-n izen gehio ematen ditu: vardulli (Gipuzkoa)una gens ad Pyrinaei iugi.. autrigones (Bizkaiko mendebala) ... vascones: cascantenses, andolenses, pompelonenses.... Aquitani: convenae (Saint Bertrand de Comminges), begerri (Bigorre) cocosates, ausci (Ausch), elusates (Eauze), sociates.. sybilatti (Zuberoa?) tarbelli quattorsignani/ lau-seinaleko tarbelliarrak, doikebe lau herriko aliantza/biltzarra zen ...haien hiriburua Aquae Augusta, hau da Akize. Hala erraten da Baztanen, Akize, ez Dax.


Badira izen gehio akitaniarren artean. Horietarik bat kuriosoa: vellates. Non kokatzen ziren ez dakigu baino izenaren “soinua” aprobetxatzen, badira diotenek “Vellates” horrek gure “Belate”-ekin lotura duela, hau da, Vellates = Baztandarrak. Batek daki, fantasi-urrina.

Pixkat serioago, izenen artean guri interesatzen zaizkigunak bida dira: tarbelli eta vascones zeren Baztan leinu/talde bien artean baitago eta galdera, galdera zozoa baina buruan bueltak emateko balio duena : Baztan, tarbelliarra zen edo baskona? Bertze gisara errana, erromatarrendako non hasten zen Hispania, non Galia, Otsondon edo Belaten? Denetarako bada kontu hauetan, afera datuen falta da, zernahi erraten ahal da baino dirudienez, Baztan tarbeliarra zen,Galia Belaten hasten zen eta Belatetik hegoalderat (Ultzamarat) Hispania .



Erromatarrendako tarbelli/Galia eta vascones/Hispania Inperioko menpekoak ziren, probintzi hutsak, eta dena Erroma zen, bat eta bakarra.
Ez zen mugarik bi talde/leinu/tribu/klan artean; orduko erromatarrek edo erromatarrak bihurtuko ziren baskoek ez zuten ikusten diferentziarik haien artean, erromatar hiritarra/cives romanus izatea zen ohore haundiena, ez tarbelli edo vascones izatea, ia gaur bezala. Hala ere, administratzeko Probintzia edo Conventus-etan antolatzen zituzten bere inperioa eta Vascones-ak Pompaelorekin lotuak ziren ( Baztango Udaletxetik ± 50 km), eta hauek Caesar Augustarekin (Zaragoza), hau da Hispania eta bertze aldetik Tarbelli-ak Aquae Augustarekin (Akize/Dax, Baztango Udaletxetik ±75 km), hau da Akitania,eta hauek Burdigalarekin (Bordele), Galiaren barnean.

Eta erromatarrak Baztanera etorri ziren, bai, eta laurehun urtez hemen bizi eta aginte makila izan.
Hau da , erromatar batzuk baztandarrak bihurtuko ziren, baztandar batzuk erromatarrak eta denborarekin denak politikoki Erromako hiritarrak izanen ziren.
Kanpotik etorritakoak, zenbat izanen ziren? Ez dugu daturik, baino kontutan izaten gure inguruko hiriak (Oiasso/Irun, Pompaelo/Iruñea, Lapurdo/Baiona) ttikiak zirela, beraien inguruko herrixketan (vici), etxaldeetan (fundi) edo postuetan (mansiones) ez zen erromatar kastako jende aunitz biziko ere. Uste dugu dela esplikazione bakarra geroko egoera linguistikoa (eta politikoa?) konprenitzeko, hau da, ez bazen euskaldunik, gehiengoa latinoa edo zelta baldin bazen, nola da posible euskaldunak agertzea?
Hala ere, datuen faltagatik, ia dena diskutigarria.


Erromatarren inperioko bideak (marra gorriak)

Erromatarren kulturaren karakteristika bat bideak ziren. Bai, bideak, beraien bazter eta sangiriekin ongi zainduak. Hau diogu zeren beti izan baitira bideak, xendak eta dela delakoak, hala ere, erromatarrek viae/bideak zaintzen zituzten, res publica/auzo afera baitziren.
Zertarako zituzten? Hasteko, helburu militarrez, tropak azkar mugiarazteko beraien inperioan. Eta horren ondoren garraioa, komertzioa eta harremanak errazteko beraien lurraldeetan, errateko, hiriak elkartzeko.



Baztanen inguruan lau hiri ezagutzen ditugu seguro: Pompaelo/Iruñea, Aquae Augusta/Akize, Oiasso/Irun eta Lapurdo/Baiona. Gure ingurutik urrunago Burdigala/Bordele, Caesar Augusta/Zaragoza eta Asturica Augusta/Astorga, eta hola inperio osora, armiarma baten sarea bezala , bideak hedatzen ziren, Erroma bere erdigunea. Eta gaur egun bezala, bide batzuk inportanteagoak ziren eta hobekio eginak eta bertze batzuk arruntagoak, kasuan, Pompaelotik Oiassora edo Akizera gaten zirenak.

Belateko kaltzada.

Espezialistek diote Pompaelotik Lantzeraino bide bat bazen, Baztanen sartzen zena Belaten gainetik. Hemen denak ados daude, berez Belateko Monastegiaren gainean dagoen kaltzada, denek erromatarra dela diote. 





Suposatzen dute, logikoki, bide horrek Baztan zeharkatzen zuela eta hor nonbait, Almandozen, Iruritan?, jotzen zuela alde batetik itsaso aldera, Oiassora (Bidasoa = Bide-Oiassoa?) Bertizen eta Oieregin barna, eta bertze aldetik jotzen zuela iparralderat Urdazubin (Urdaiz paper zaharretan) barna Akizerako eta Bordelerako bidea segitzen. Badira diotenak azken bide hau berriz bitan bereizten zela eta Erratzun barna, Meaka aldeko lepoa pasa, Urritzate korritu eta Bidarraiko bidea hartzen zuela Akizera gateko. Zaila.



Erreparazeako zubia /Bertizarana
Oro har, zer dugu seguro? Belateko kaltzada, Oieregiko Erreparazeako zubia (Bertizarana) eta Oharrizen zagoen zubia (eta dela ehun urte uholdeak eramana) erromatarrak direla/zirela.
(Norbait interesatua baldin badago, interneten: “Por los caminos romanos de Navarra.”AMPARO CASTIELLA. )


Garraioa, komertzioa erran dugu. Eta hemen meatzeak ditugu. “Meatzea” hitza latina da, MENA (“mina” erdaraz) = ME *A(tze). Guk Baztanen MEATZE/TSE edo MINA diogu.


Baigorri haranako meatzeak. A.Beyrie
Baztan eta bere ingurua erromatarren denboretako meatzez betea dago. Sobera. Oiartzunen , Arditurri, Oiasso ondoan 22 galeria baziren zilarra ateratzeko, Lantzen, 10 galeria burnia ateratzeko, Bankan, Auzako mendebaldean, erromatarrek kobrea , bederen zazpi galeria baziren, gainera denbora luzez erabiliak, Arrosan, Larla aldean eta Iparlako hegietan, burnia, 55 labe arpatu dituzte burnia lantzeko, labe ttikiak, haize-olak , Baigorriko Harana, Urepeletik Arrosaraino meatzez betea dago, eta Baztanen begiratu ez dutelakotz bertzenaz..., Itsasu/Ezpeletan urrea eta dena borobiltzeko, Baztanen berean eta erabiltzen Itsasuko sistema bera, Iñarbegin (??) (Ontxilota) eta Aritzakunen (Otsamaieta), urrea ere, ahaztu gabe Minetakozokoa eta Urreputzu.
(Norbait interesatua baldin badago, interneten: “Minería romana en el Cantábrico Oriental”. MERTXE URTEAGA )

Laburbilduz, erromatarrak Baztango dermioak noiznahi zeharkatzen ari ziren, mineralak bilatzen, ateratzen eta minerala hori garraiatzeko naski bazirela bideak, eta ongi zainduak gainera, baina ordutik euri haundia bota du, 1.600 urtez, eta zaila da gaur egun erromatarren onddarrak arpatzea.

Erromatarrak Baztanen? Baietz, eta orain izenak: Linguista gehienek (frantsak eta espainarrak) onartzen dute OZ 
( hemendik kanpo OTZ,OZE, OS, UÉS ) , IZ edo AIN-ez akitzen diren leku-izenak erromatar izenak direla. Erran-nahia, gure “-RENA” (noRENA?) zen . Bertze hitzekin, gure AlmandOZ, LekarOZ, ArraiOZ, OronOZ, AnIZ, edo Urdax/UrdaIZ-ek ( paper zaharretan ) izen erromatar bat altxatzen dute. Gaur egun ia ezinezkoa jakitea nor zen ALMAND-oz, Almandus? Almantus? Armandus? Gauza bera bertze izenekin.





Eta zertaz mantendu dira? Bada teoria batek diona 
denbora haietan izenak propietateko paperaren funtzioa betetzen zuela eta hortaz 
ez zen printzipioz inoiz aldatzen, hau da, Hanni(us)/Anni(us) batek, 
erromatar bat errateko, lur puska lortuko zuen Baztanen eta Annici (Annirenea) deituko zion, eta denborarekin Annici = Annic = Anniç. Zahartu zelarik zahar-partea ez zuenez lur hori, Anniç (Annirenea), saldu zuen eta nola ez zuen paperik erranen zion erosleari “Anniç saltzen datzut” eta bertzeak “Anniç erosten datzut” eta hola gaur artio. Teoria polita, he, he, ez duzue sinetsi behar!
Bidenabar, Nafarroan badira bertze AnIZ bat, abandonaturik, Zirauki aldean eta AnOZ bat, Ollo aldean.

Izenak gainetik kontsideratzen baditugu , ikusten dugu kaltzada erromatarrak pasatzen ziren lekuetatik ondo ondoan direla. AlmandOZ lehenik, AnIZ eta gero OharrIZ/LekarOZ, ArraiOZ, OronOZ eta segidoan BertIZ , sobera kointzidentzia dira.
Hemen lehenengo galdera: zenbat erromatar etorri 
ziren ?. Ez dakigu. Meatzeetan aunitz izan behar ziren, baino denak erromatarrak? Agintariak eta teknikoak naski baietz baino langilegoa, lan gorra egin behar zutenak, bertakoa izanen zen, tarbelli edo waskones. Nekazariak guti, Baztango lurra orduko nekazaritzarendako ez zen batere egokia. Erromatarrek lur hoberenak bilatzen zituzten eta hortaz Erribera aldean kokatu ziren gehienak lehenago zeltek egin zuten bezala.
Dirudienez aberastasun bakarra arpatu zutena mineralena zen, hau errentable ez zelarik, addio, izenak utzi, hori bai, baten bat naski hemen geldituko zela, gainera baliteke nagusia bezala , noizen behinka Baionara/Lapurdo aldera edo Pompaelo/Iruñera bisita egitera lekutuko zen jakiteko inperioa nola zebilen eta “Cives Romanus sum/Erromatar hiritarra nauzu!” erranen zuen gustoz zagoelarik , bazkalondoan, errateko.


Arto-ttikia
Zer gehio dakigu akitaniar-tarbelliarrendako?
Strabon-ek dio bere “Geographia”-n nola “aquitani-ek Iberiako jendearekin antza gehio dutela galoekin baino... Aquitaniako kostak (Les Landes) legarrezkoak dira eta idorrak gehienetan... arto-ttikia (millet/mijo) egiteko onak baino bertze laborendako ez... badituzte urre meatzeak.... putzu ez hain sakonetan.... urrezko pikorrak eskuz hartzen ahal direla...”

Tarbelli-ek badituzte iturri-termalak (Akize),aldizka ur hotza eta beroarekin... oraindik badira urre putzu batzuk Hispania aldean Anibalen (ez-historikoa) denboretakoak non akitanek lan egiten dute ura ateratzen mendi batetik, Baebelo (Cartagena/Murcian dago!) deitzen da eta zilotua dago mila eta bortzehun pausoz. Eta han (ezinezkoa) gauez eta egunez aquitani estantes...”.
Estrabon-en hondar kontu hau lekuz eta denboraz kanpo dago baina, nolabait, deskribitzen du Aritzakungo Minetako Zokoa.
(Norbait interesatua baldin badago, interneten: “Dialnet.Minetako zokoa (Baztán-Navarra)”. VIDAL PEREZ DE VILLARREAL )

Urrearen kontuarekin akitzeko, jakina dugu nola urte honetan , 2018.ko otsailaren 16an , Frantziako Ekonomia Ministerioak desestimatu du eskaera bat urrea ateratzeko Kanbotik Senpere arteko dermioan eta inguruetako bertze hamar herrietan, gehienak Baztango mugan, Sudmine SAS konpaniak eskatua.


Erromatarrek Galia antolatua zuten lau probintzietan: Galia Aquitaniae, Belgicae, Lugdunensis eta Narborenensis. Lehenbiziko hiruei Galia Comata ere deitzen zitzaien eta laugarrenari Galia Braccata . Ez dago garbi zer erran nahi zuen “comata”-k: Dirudienez “ile luzea” baino badira diotenak “oihantsua/arbolez betea”.
Bracatta” bai, “prakaduna”.

Baztandarrak tarbeliarrak izatekotan (diskutigarria naski) Gallia Aquitania (Tertia) probintzian ginen. Historikoki Garona ibairaino ailegatzen zen Aquitania Zaharra baino erromatarren antolakuntzak gehitu zion Loira ibairaino dagoen lurraldea , Aquitania Prima eta Secunda sortzen eta animeleko probintzia bihurtzen. Hiri famatuena, Bordele.

Eta vasconesendako zer? Ia ez da daturik. Strabonek dio nola “azken vasconesen lurraldetaraino ailegatzen da Tarracotik etortzen den bidea, hau itsaso bazterreraino, Oiasona/Irun hiriraino ( vasconesena) eta ... Pompelona, hau da Pompeios hiria.... Eta bide hori Baztandik gaten zen, orduan baztandarrak vascones?

Holako zerbait?




Komentatzen du nola zeltiberien iparraldekoek (vascones ?) jainko bat dutela izengabekoa eta ilargi beteko gauetan etxeetako ateetan familiek , dantza egiten , onratzen dutela... Fantasiosoa?









Plinius Vetulus-ek dio nola ,,,” Zaragoza hiria Tarrako (Tarragona) hiriaren azpian dagoela eta aldi berean nola Zaragozaren azpian stipendari (sistema fiskal) moduan andalonenses (Andion) aracelitani (Arakil?) calagurritani (Calahorra) carenses (Santacara)... pampelonenses (Iruñea) .. daudela, hau da vasconesen hiri nagusiak.

Nola izan zen harreman/konkista erromatarra Kristo aitzineko lehen mendean ?
Caesar-ek dio ( 56 K.a.) “De bello gallico”-n nola berak igorri zuen Publio Crassus 12 cohorte eta zalditeri haundi batekin Akitaniara eragozteko aquitaniek laguntza igortzea Galiara eta galloei ere. Bidenabar dio nola urte batzuk lehenago Lucius Valerius Preconius, jeneral erromatarra, garaitua, zanpatua izan zela baita hila ere Akitanian. Komentatzen du nola “sociates”-en kontra egin zuen lehenik eta hauek garaitu ondoren Akitaniaren barnean sartu zela ikara izugarria sortzen. Orduan aquitaniarrak hasi ziren elkartzen baita Hispaniako jendeari laguntza eskatu zutela ere ( citerioris Hispaniae finitimae Aquitaniae = Hispaniako bertze aldeko mugakoak). 50.000 akitaniar bildu zirela diote erromatarrek, parean Erromako legio bat, ± 7.000 soldadu. Erromatarrek xuxen eraso eta bizkitartean zalditeriak eta kohorte batzuek buelta haundia eman eta etsaien gibelean jarri: sarraski ikeragarria, bakarrik akitaniarren laurden bat salbatu zen. Holaxen erromatarrek Akitania konkistatu zuten: Akitaniako hiri guziak errenditu ziren eta bermeak igorri zizkioten Crassus-i.

51 K.a. Doikebe Julius Caesar ez zen fidatzen eta bi legionekin Akitaniara etorri zen bisita egitera udan, gisa honetan Akitaniako hiri guziek enbasadoreak eta bermeak igorri zizkioten berriz.

Eta konkistarekin akitzeko, 26 K.a. urtean Caesar Augustus-ek, Julius Caesarren iloa, bere menpeko Marcus Valerius Mesalla igorri zuen Aquitaniara han suertatu zen altzamentua zapaltzeko. Mesallaren lagunak, Tibullus, eskribituko du “ eguna zen soldadu ausarta batek (Mesalla)Akitaniako herriak garaitu behar zituela baita Aturri ibaia iziarazi , Tarbella Pyrene testis/ Tarbeliarren Pirineoak (gure mendiak!) lekukoak...”
Bere garaipena saritzeko, “triumphus”( desfile triunfala) ospatu zuen/zuten Erroman erakusten Aquitaniatik ekarri zituen trofeoak.


Urkulu. Orreaga ondoan.Erromatarren dorrea.

Doikebe ez zuen bakarrik akitaniarrak zanpatu, gure jendea batez ere, tarbeliarrak ; astia izan zuen bi kanpamentu/mansio eraikitzeko zonaldea kontrolatzeko bat Lescarren, Somporten ondoan, Beneharnum, eta bertze bat Donazaharren, Imus Pyrenaeus, Garazi ondoan. Eta afera borobiltzeko Urkulun, Orreagatik hurbil, dorre bereizi bat erakusteko Erromaren boterea gure mendietan. Gerra hauetan baztandarrak sartuak?Susmo haundia .

Vascones? Kontu guti dute gure vasconesek. Hasieratik Pompeius alde lerratu ziren, batzuek diote “kolaborazionistak” omen zirela/ginela, bardulli, caristii eta autrigones bezala, Erromaren alde Cantabroren kontra borrokatzen .

Gisa honetan, Kristo Ondorengo Aroa hasi zelarik, erromatarrek Pax Romana inposatu zuten Europako parte honetan: hau da, Erromak bakarrik izaten ahal zituen armak eta haiek erabili.Eta zinez erromatarrek bururaino eramaten zuten printzipio hori, holaxen Bakea ezagutu zuen erromatar mundu horrek mende batzuetan. Eta euskaldunen batek borrokatu nahi baitzuen, Erromako armadan sartzen zen laguntzaile/auxilia bezala eta saria erromatar hiritarra izatea zen.

Akitaniar imajinarioak

Eta erromatarrekin borrokatu genuen beraien inperio babesteko eta zabaltzeko. Baditugu Cohors Aquitaniarum, Cohors Aquitaniarum equitata,(akitaniarrak) Cohors Vasconum, Cohors Vasconum equitata,(baskonak) Cohors Vardullorum,(Barduliarrak/Gipuzkoa) Cohors Carietum (Caristiarrak/Bizkaia)... Handik ibiliko ziren gure jendea.
Non borrokatu? Germanian, Britannian, Italian, inperioko edozein lekuetan, baita Lapurdin ere.
Cohors = Kohorte ? Teorikoki 600 soldadu eta equitata baldin bazen, 100 zaldi/zaldun aparte.



II. mendea (100/200) Historia jarraitzen du aitzinat.Traianus enperadoreak Dacia , gaurko Errumania, konkistatzen du 117. urtean eta hor ematen du topea erromako inperioak. Inperioa gelditzen da , moteldu eta desegiten hasten da. Ezarian ezarian, prisarik gabe.
Mende honetan, Baztango inguruko meatzeak uzten dira baita aldi berean holako geldialdi ekonomikoa inguruko lurraldeetan ere nabaritzen da . Hiriak, Iruña-Veleia, Calahorra... murrizten dute beren dermioak, ttikiagoak bihurtzen, eta kasu batzuetan handik jendea lekutzen.

Bizkitartean, Asiako lautadetan hasi dira herriak mugitzen eta bata bertzeari “bulkatzen”, Erroma alderat: Aldaketa klimatikoa? Gosea? Afera demografikoa? Mundu erromatarraren erakarpena? Dena batera?





III. mendean (200/300) nolabait hasi zen iparraldeko/germaniar jendearen momentua. Alde batetik Asiako herriek bulkatzen dutelakotz, Atila eta bere Hunak, kasu batzuetan aliantzengatik, erromatarrendako lana/gerra egiten, bertzeetan bortxaz, beraien zalditeriarekin, beraien ezpata luzeekin. Bizkitartean Inperioa barne barnetik ari zen erortzen. Zuten sistema esklabistak jende aunitz langabezian uzten zuen, hirietan bizitzea karioa zen zergak haunditu zituztelakotz, landa etxeetara ganak, han “possesor” batendako lanean, zakur lana : erromatar arrunta batendako ez zen diferentziarik norendako ari zen lanean, latino edo barbaro batendako, ez zen diferentziarik maisterren edo esklaboen artean.

Barbaroak? Barbaroen inbasioneak? Bon, politikoki agian ez dira egokia hitz hauek. Europako hegoaldeko jendeak, gu barne, hala diogu baina Iparraldekoak, hau da germaniar kastakoek: ingelesak, frantziarrak, alemaniarrak, daniarrak.., diote “Iparraldeko/ Germaniar migrazioak”. Hitzak alde batera utziak, iparraldeko jende hauek mendeak zeramaten harremanetan erromatar, persiar edo grekoarrekin eta elkar ezagutzen zuten, baita elkarrengandik gauzak ikusi eta ikasi ere. Ez bakarrik hori, denborarekin erlijio bera zuten ere : kristau katolikoak gehienak , kristau arrianoak bertzeak eta baten bat jentila.
Eta denek joera ber-berarekin: “barbaroak/iparraldeko migranteek” erromatarrak izatea nahi zuten.




Segitzen dugu III. mendean (200/300).Mende honetan Galiako erromatarrek bereizi ziren Erromatik, bai, eta Inperio Galiarra/ Imperium Gallicum ezarri zuten: bere barnean Hispania, Britania , Germaniako parte bat gehi Galia zagoen. Erromako antolakuntza bera zuten: Senatua, armada, moneta... baina guti iraun zuen. Zertaz?
Eta hau da bertze sintoma zertaz inperio ondatzen ari den : Erromatarrak ez ziren elkar konpontzen eta beraien armadak/legioneak inperioko mugetan ziren elkarri lepoak mozten, edo Erroman enperadoreak kentzen eta paratzen.


Germaniar imajinarioak
Horretaz aprobetxatuko dira barbaroek. Erromatarrak elkar borrokatzen ari ziren bitartean, frankoek eta alamanak (ez alemanak) , mende honetan bi aldiz zeharkatuko dute inperioko iparraldeko muga.
256. urtean Galian sartuko dira, ahal zuten guzia harpilatu eta Tarracco/ Tarragonaraino, Hispanian, ailegatu eta hiria kizkaldu, gero Afrikaraino gateko!.

Gero 276. urtean berriz frankoek eta alamanek Tarraccoko bidea ordez, Burdigalako bidea hartu zuten eta jarraitzen erromatarren bide sistema, Burdigala kizkaldu, gero Akize, Iruñea, Faltzes, Liedena,Arellano, baita Clunia Burgosen ere , dena harpilatu eta kasatu. Bertze hitzekin, ia seguru Baztanen barna pasatuko zirela eta zerbait erromatarra geldituko bazen gure herrietan, adio.
Honek denak mundu erromatarra inarrosi zuen , ezinegona sortzen. Hemen hasi ziren hiri batzuk fortifikatzen edozein harriekin eta momentu honetan ematen du Baiona/Lapurdo ofizialki agertzen dela.
Kuriosoa, hondar notizia bakarrik arkeologoek defenditzen dute. Betikoa, datuen falta.
(Norbait interesatua baldin badago, interneten: “Las invasiones germanas del siglo III en Hispania.” NARCISO SANTOS )

IV. mendea.(300/400)
Mende honetako hasieran, lortu zuten erromatarrek aurreko mendeko kaosa baretzea baina ikusi zuten inperio sobera haundia zela bakarrik Erromatik gobernatzeko. Diocletianus lehenik eta gero Constantinus enperadoreak saiatuko dira inperio erreformatzen.
324. urtean Constantinus-ek Constantinopla/ Istambul/ Bizancio fundatzen du. Holaxen hasiko dira Erromako inperio bi partetan bereizten.

Inperio Galiarraren ondoren, Erromak berriz kontrola hartu zuen eta dirudienez tenorea izan zen Aquitani historikoendako Erromako enperadoreari (Diocletianus ??) eskatzeko bereiz zezala beraien lurraldea bertze galiarrengandik, eta lortu, lortu egin zuten.
Bederatzi herri ziren, hortaz latinez “Novem (bederatzi) Populi (Herri)” edo “Novem-populona” deitu zioten probintzi horri.

Afera honen froga Hazparne elizako paretan dago. Han dute “ara” bat, harrizko aldare ttiki bat, non irakurtzen ahal da latinez:
Flamine, item dumvir, quaestor
pagique magister
Verus, ad Augustum legatum
numere functus pro
Noven optimit populis
se jungere Gallos.
Urbe redux, genio pagi
hanc dedicat aram.

Izan ziteken itzulpena: Verus, (segidan, zituen karguak) quaestor, flaminis, dumvir,magister, delegatua izan zen bere mandatua bete zezala Augustoren (Erromako enperadorea) aitzinean lortzeko bederatzi herriak galiarrengandik bereiziak izatea. (Erromako) Urbetik itzultzean, dedikatu du “ara/aldare” hau herriko Jinko Partikularrari.”



Zeinek ziren 9 herri hauek? Ausci (Auch) Basates (Bazas) Bigerri (Bigorre) Boiates (Buch) Consoranni (Couserans) Convenae (St Bertrand de Comminges) Elusates (Eauze) Lectorates (Lectoure), Tarusates (Marsan) eta Tarbelli (Akize).
Non agertu zen ara/aldare hori? Hazparnen, Tarbelli lurraldeetan, Baztandik 40 kilometrotara.
Eta hola sortu zen Galian probintzi hau. “In provincia Novempopulana (Notitia Dignitatium) metropolis civitas Ausciorum... civitas Aquensium (Akize)...” .
Praesides kategoria zuen, hau da , Enperadore beraren kontrolpean zagoen.
Gainera Novempopulana babesteko kaserna bat eraiki zuten han bizitzeko kohorteko tribunus/burua, Lapurdo/Baionan .
Lehenago erran dugunez, kohorte batek 600 soldadu goiti beheti zituen eta kasu honetan Lapurdo hirian zagoen kokatua. Lehen aldiz Lapurdo, gaurko Baiona, historian agertzen dela eta bere funtzioa Novempopulana probintzia defendatzea.



Novempopuli-ren mugak Iparraldean Aquitania Secunda (Bordele), iduzkialdean Galia Narborensis (Tolosa) eta hegoaldean Vascones, Varduli eta Ilergetes jendea.
Hasieran bederatzi herri izanen dira baino gero hamabi , hiru hauek gehituak : Illorenses ( Oloron) Benarnenses (Bearne) eta Aturiensi ( Aire-sur-L'Adour).



Hispania bortz probintzietan antolatua zagoen, Baetica, Gallaecia, Lusitania, Carthaginensis eta Tarraconensis.
Vascones, Varduli , Caristi eta Autrigones, hau da euskal kastakoak, Tarraconensis ( Tarraco = Tarragona) probintzian zeuden baino bi “conventus” diferenteetan ziren: Vascones Caesar-Augustan (Zaragoza) eta bertzeak Clunian (Burgos aldean). Probintzi hau, Tarraconensis , praesides zen ere.

Eta historia guzi hauek pasatzen ari ziren bitartean bertze fenomeno bat finkatzen ari zen : ELIZA KRISTAUA hedatzen ari zen Erromako inperioan eta bere inguruetan. Hasiera zaila izan zuen Elizak, kristauak persegituak izan baitziren baino Inperioak elizaren indarra ikusi zuelarik bereganatu zuen azkenean.



Constantinus-i  kristauen Gurutzea agertu zitzaiolarik
Constatinus enperadoreak ordura artio jazarria eta bortxatua izana zen Eliza Kristaua egoera legalean jartzen du, 313. urtean, are gehiago, uzten dio herentziak hartzea, hau da, ondasunak pilatzea eta 70 urte beranduago 380. urtean, Theodosius enperadorearekin erromatar munduaren erlijio ofiziala bihurtzen da. Gisa honetan Eliza Kristauak paganoen tenpluak eta ondasunak bereganatu zituen eta nolabait hasi zen aberasten eta ondasuna biltzen, Inperioaren indar paraleloa bihurtzen. Hau non? Printzipioz, hirietan.

Aurelius Prudentius-ek , Calahorrakoa (orduan vascones-en lurraldea), poema batean ,“Peristephanon”, dio nola Emeterius eta Celedonius martiriak, Calahorrakoak, baskonak, 298. urtean hilak izan zirela kristauak izateagatik “Sinisten dugu vascones-en gizartea, basa bertze denboretan /bruta quondam vasconum gentilitas, zenbat odol sakratua ixuri den huts krudelarengatik / crudelis error ?”.
Baztandik urrun baino poema honek dioena kristautasuna Euskal Herrian zagoela dagoeneko.
Historialariek diote argi dagoela Kristautasuna hedatu zela hirietatik herrixketara, eta naski , poliki poliki, hau da , Tarragonatik Zaragozara, hortik Iruñera, gero inguruko hirietara, Calahorra, Andelos, Eiasso eta gauza bera Iparraldean, Bordeletik Akizera eta handik Baionara eta aldi berean ondoko herrietara, herrixketara, auzoetara...
Espezialistek diote IV. mendean Baionako eta Iruñeko elizbarrutiak antolatuak zeudela, horrek ez du erran nahi inguruko jende guzia kristaua dela ezta apezpikurik dutela edo dena elizez betea zagoela baina bai Eliza antolatua dagoela gure lurraldeetan eta Erromako Inperioaren estrukturen arabera funtzionatzen ari dela .
Bertze hitzekin, erromatarren estruktura politikoan, hiri/civitas bakoitzak bere municipium/lurraldea kontrolatzen zuen. Elizak estruktura hori erabiliko du bere antolakuntzan: hiria/civitas izanen da apezpikuaren egoitza eta handik bere municipium/diocesis/elizbarrutia kontrolatuko du.

Abenduak 31, 406. urtean, alanoek, vandaloek eta suebiarrek Rhin ibaia, gaurko Alemanian, zeharkatu zuten aprobetxatzen hormatua zagoela eta Erromako inperioan sartuko ziren beraien familiekin, Galia korritzen eta Hispanian edo Italian sartzen. Holaxen hasi zen Mendebaldeko Erromatar Inperioaren azken eta hondar kapitulua.

Imajinarioa: Urte Berriko bezperan Suebiarrek Rhin ibai hormatua zeharkatzen