miércoles, 25 de junio de 2014

Baztan eta Frantzestea . 6.Kapitulua 1813: Lehen hilabeteak


Baztan eta Franzestea

6.Kapitulua : 1813, lehen hilabeteak 

Europan 6.Koalizioa (Prusia, Suedia, Austria eta Alemaniako konterri batzuek) antolatzen da Napoleonen kontra. Dena den, Maiatzean,  Lützen eta Bautzen-en elkar zanpatuko dira (250.000 soldadu !!!) eta frantsendako azkenetariko garaipenak izanen dira. 
                                 
The Battle of Vitoria
                                                     

Espainian,  Wellington (ingelesak eta portugesak Espainiako armadekin ) berriz martxan. Ekainaren 21ean Vitoria-Gasteizen parean elkar joko dute bi armadek.Frantsek galdu eta erretirada Frantzia aldera. Peninsular War edo Guerra de Independencia , (Frantzestea  guretako) akitzekotan dago Espainia aldean eta hastekotan Baztangoan.                                       
Urriaren 13an, Leipzig-en, Alemanian, “The Battle of the Nations”, frantsek galdu eta beren dermioetara gibelatzen.  
                 


Uniforme berria





Nafarroan, Espoz y Minaren indarra haunditzen doa, ingelesek armekin , artilleriarekin eta uniformeekin hornitzen diote eta Iruñeko setioa gero eta estuago. Baditu 6 batailon eta bera Mariscal de Campo de la División de Voluntarios de Navarra.












1813.01.00         Baztanen frantsak beren kasernetatik atera gabe bizi zirenez, “ekintza” guti bada. Hala ere, Ilzarbe kapitana Amaiurko eta Urdazubiko parajetan frantsak zirikatzen ari da, fundamentu eskasarekin manduli gisan.

1813.01.16           Boluntarioen proklama: eskatzen dute  Baztango etxe bakoitzak erreal de vellon bana paga dezala. Zertarako? Haien ospitalak mantentzeko. Nor arduratuko da horretaz? …”corresponde a cada República a razón de real de vellon mensual por cada uno de sus fuegos/ Errepublika bakoitzari dagokio hilabetero etxe bakoitzak erreal de vellon paga dezala ” … Nor dira “Republica”? Baztan, konparazionez, zeren batzarretan, hau da, denen artean, gauzak deliberatzen baitziren. Joaquin Ignacio de Yrisarrik sinatzen du, Espoz y Minaren Ministro de Hacienda.  




1813.01.18         “Ene jenerala…. Herri honetan (Lesakan) nintzelarik jakin nuen 15ean (1813.01.15) eskolta batzu ari zirela Urdazubitik Amaiurra egunero pasatzen. Iluntzean harat joan nintzen eta argiastean Otsondora ailegatu nintzen… goizeko hamarretan karta bat atzeman genuen non lehenbiziko herriko komandanteak (Urdazubikoak) bigarrenekoari (Amaiurkoari) jakinarazten zion..”pitxon batzu oparitako” igortzen zizkiola eta bidera ateratzeko. Ez nuen dudarik… “pitxon” horiek eskolta zela… eta hola suertatu zen … eta zelata prestatu nuen… nere tropa lau pusketan banatzen, bat Otsondoko lepoan, bertzea Amaiurreko aldean eta bertze bi puskak errepideko bi aldetan.




Eskolta ailegatzekotan, 120 gizonekoa, … ez zen zelatan sartu… Otsondoko lepoan gelditu zen… ez zen denbora aunitz pasa ikusi nuelarik Amaiurretik bertze hainbertze soldadu etortzen zirela… horrek behartu zidan atakatzera 60 gizonekin… eta Urdazubiraino haien gibeletik joan ginen… Otsondora itzuli ginelarik, etsaiek lepoko lau muinotarik hiru zituzten hartuak eta guk libre zagoena okupatu genuen… orduetatik lauak artio egon ginen tiroka, gizon bat galdu nuen eta hiru kolpatu… eta ikusten nuela ezin zela geiho erdiesten ahal, deitu nion (frantsen) buruari… Amaiurrekoa… eta galdetu nion ia bera komandantea zen eta kasu horretan , atera zedin aitzinerat borrokara  150 gizonekin, nere menean ziren kopuru berarekin… gan zen mezu honekin bere nagusiarengana eta itzuli zen pixkat beranduxago ezezkoarekin eta galdetu niola ze kalteak izan zuten, erantzun zuen 20 baino geiho eta elkarri addio erranez “con toda urbanidad” bertze egunetarako geratu ginen…. Jinkoak lagun zaizula aunitz urtez… Lesaca. 18 de enero de 1813. Matias Ilzarbe = Sr.D.Espoz y Mina”




Lekaroz

1813.01.30           Udala: Miguel Thomas de Jaimerenak, bere etxea Sagardialdea, Lekarozen, eskatzen du haritz abarrak hartzea komunaletik kisua egiteko. Udalak baietz, Lekauzeko alkatea beha izaten, egokia dena pagatu ondoren.





1813.02.06           Batzar Nagusia.                                       
**** Dn Pedro Miguel Salvador, Espoz y Minaren subtenientea izaten, zenbat Baztanek ordaindu behar du “ por los vienes Nacionales”. Horretarako komisionatu behar dute norbait eta norbait hori erabakitzen dute  Dn Fermin Gamio, Iruritakoa, eta Dn Fermin Iñarra, Elizondokoa, izatea, zeren hauek afera ongi ulertzen baitute eta hauek Dn Salvadorrekin tratatuko dute Baztani zenbat tokatzen zaion ordaintzea.                                                                          
**** Baita ere ogiaren prezioa: 16 marabedi, libera bat, hala plazan nola ostatuetan, zeren ohartu baitira badirela “… ostalariek   deus egin gabe plazan erosten dutela eta rebenden en las posadas mas caro/berriz kariago ostatuetan saltzeko… “
1813.02.09           Erratzu: Hamar zamari Elizondoko ospitaleko atean, eri frantsak Ainhoa/Añoara eramateko:baten bat falta baldin bada… “una multa considerable”.
1813.02.12           Erratzu: Oraingoan  frantsek behi bat, 120 liberakoa, nahi dute, gehi 8 oilo Koronelarendako eta lau egun beranduago, bi ohatze sarjentuendako.
1813.02.24           Erratzu: Egun honetan Erratzuk hartzen du karta bat non eskatzen diote zor zaizkioten 24.000 rv bere erreditoekin paga dieziotela. Nork ? Josef Antonio de Arraras. Honek dio 1810.eko Irailaren 27an, diru hori utzi ziola herriari letra batez, eta letra hori onartua izan zela barride batzuengatik. Ez dakigu ordaindu ote zuten.                         Berriz, lau egun beranduago : Bi zamari goizeko lau t’erdietarako jeneralaren ate ondoan, bortzetan Donibane Lohizuna gateko.
1813.03.01         Matias Ilzarbe Espoz y Minarekin Sos del Rey Catolico (Huesca) inguruetan dago hiria setiatzen. Han pausatu zen betirako.
1813.03.04           Erratzu: Goizeko bortzetan Ospitaleko atean 10 zamari, eriak Ainhoara eramateko. Falta den zamari bakoitzarengatik 40 pezta isuna eta 20 egun gartzelan.
1813.03.16           “Ene jenerala … Atzo abisatu zidaten Berroetako kasernako eskolta batek, 76 soldadukoa, Elizondorako korreio militarra lagundu behar zuela. Atakatu egin nahi nuen eta hortaz nere partidarekin atera nintzen alde hartara  ( Ultzaman zagoen ) gaueko hamaika t’erdietan, Belateko lepoa zeharkatzen … Gaur goizeko bortz t’erdietan Zigatik Iruritara gaten den bideraino ailegatu naiz. 



Nere tropa zelatan/barrandan jarri dut. Bederatzi t’erdietan, haien aitzineko aldea, 10 gizon, bideko bazterrak arakatzen… ia gure gainean ziren. Haien txaketa lepoetatik atxikitzen ahal genituen. Suerte izan dugu deskubrituak ez izatea. Hauek eta erdikoak pasako zirelarik, nere idea zen haien gibeleko aldea atakatzea eta hau hurbiltzean, tiro egin nuen eta agindu nien nere tropei ateratzeko. Hola egin zuten eta deskarga batzuen ondoren, baionetaz aitzinerat jo genuen. Holaxen barraiatu ziren baina erdiko eta aitzineko aldekoak batu izan ziren eta nere kontra egin, 37 gizon hilak gelditu ziren eta 35 preso. Eta hortaz eskolta osoaren lau bakarrik salbatu ziren, beharrik Berroetako komandantea haien laguntzera etorri zela hango troparekin … Berroetako komandanateak presoak libratzen saiatu arren, ezin lortu eta porrotaren eta bere haurrideen galera lekukoa izan zen. Presoak zure eskuetan utziko ditut … Jainkoak zuri… Alcoz 19 de Marzo de 1813.  Martin Saldias = Sr General D.Francisco Espoz y Mina.”

1813.04.03           Erratzu: Egun berean , boluntarioak eta frantsak eskatzen.                                                            

**** Boluntarioek (Division de Navarra) 4.000 r zilarrezkoak nahi dituzte  eta Erratzuko herriari 566 r fuerte dagozkio.  



Erreal fuerte (zilarrezkoa) = bi real de vellon (nahasketa:kobrea eta zilarra). 

**** Jeneralaren (Goguet) emazteak oilo batzu nahi ditu eta hortaz, biharko, igandea, eraman behar dituzte 6 oilo,erroile naski. Pagatuko dituztela. Aldi berean, Erratzun duten “mantequilla de Baca que también pagarán.”






1813.04.04          




Voltigeur: Eliteko soldadua, aitzinean gaten zirenak





………. agindu errepikagarriak eman arren … kasernako mugak ez iragateko, gaur atsaldeko bortzen inguruan “voltigeur” bat, 118. konpaniakoa, Elizondon zerbitzen ari zena … Elbeteraino bere komandantearen zaldia paseatzera eramanik, assassiné/hil egin dute herri berean, d’un coup de fusil/tiro batez ondo ondotik/ à bout portant eta hiltzaileek, bida ziren, zaldia ebatsi zuten. Ezin dudarik izan  herriko jendea ez zirela jakinaren gainean … hobedunen bila ari naiz eta harrapatzen baditut …                                          




1813.04.11        Batzar Nagusia :                            
Baztango Alkateak : Pedro Juaquin Echandi  eta …. kargodunek
                       
Azpilkueta : Antonio Echeverria                 Aniz : Juan Miguel Iturralde 

Berroeta : Pedro Martin Maritorena           Arraioz : Juan Bautista Aleman   

Lekaroz : Juan Jose Barrenechea                Irurita : Jaime Iparrea                         

Almandoz : Juan Bautista Arozarena           Ziga : Salvador Indart                                 

Gartzain : Martin Zaldarriaga                    Erratzu: Miguel Pablo Hualde                       

Elizondo : Bernardo Perochena                    Arizkun : Juan Ignacio Iribarren             

Elbete : Jose Santiago Etulain                   Oronoz : Juan Miguel Arrechea

deliberatzen dute kexak direnez, oraingoz suspenditzen direla Bazko Feria eta merkatu egun guziak abisatu/gaztigatu artio.
 
 **** Afera gehio eta hoien artean, karta bat Urdazubiri adierazten nola Baquela (Bakeola?) deitzen den etxe horren kontribuzionea Baztani dagokiola zeren Baztango dermioan baita.

**** Francisco de Yparreak , Elizondokoa, ikazkina, dio hiru urte daramatzala ikatza egiten eta nola hola segi nahi duen, baimena eskatzen du “la llena necesaria / beharrezko karga” Antzabaleko aldean hartzeko, zeren han baitira botaiak, arbol aunitz jendeak aprobetxatzen ezin dituenak eta hortaz, grazia eskatzen du…                                           Udalak dio Irurita, Gartzain eta Elizondoko alkateekin deliberatzeko komeni zaien lekua uzteko, usadioaren 3 pezta ordaindu ondoren.

**** Juan Jose Sarreak, Gartzingoa, 8 gaztainondo eta 4 haritzondo eskatzen ditu borda bat (Domion ??) berregiteko.                                     

Udalak dio Lekaroz aldean hartzeko eta Martin Gortari de Azpilcuetak beha dezala.

1813.04.21         Elizondo: Goguet jeneralak Baztango alkatea aukeratzeko usadioa jarraitzen du: Zein zen usadio hori? Herrietako batzarrek hirukote bat aurkezten zion Biserregeri edo kasu honetan Elizondon dagoen jeneralari , eta honek hiruen arteko bat izendatzen du Baztango alkaterako. Eta nor izan zen hautatua? Dn Luis Iturralde, Lekautzekoa.








1813.04.21     Trajedia ustela.
En el año del Señor de 1813 el dia 21 de Abril fue enterrado en esta Iglesia parroquial de la Villa de Maya Juan Martin Ormart ezkongabea, 71 urtekoa, Juan eta Feliparen seme lejitimoa, Masterreneako etxekojauna. 

Aitzineko gauan herritar guziak behartuak izan ziren Bordako 

baratzean zilo haundi bat edekitzera soldadu frantsen kaka 

lurperatzeko eta nola zilo hori lehenago Irigoieneko landan egon baitzen, 

kuartela han dagoenez, eta gauez lan hau egin behar zenez, hil zena etxetik 

atera zen gaueko hamarreko eta hameketako artean eta gana Irigoieneko 

landara , kuartelaren ondoan dagoena, usten han topatuko zuela horretako 

lana agindua zagoen jendea eta hortaz hila suertatu zen tiro batez guardian 

zagoen zentinelak egina, se le hizo el entierro...


1813.04.24           Erratzu: Frantsak eskatzen, boluntarioak ere.

**** Espozen jendeak : reserva y eficacia. Non? Lantz herrian. Zer? 700 razion haragi, 700 r. ardo, 700 r. ogi eta 68 r. garagar. Norendako? Nafarroako 1. Regimientorendako.

**** Monsieur Goguet jeneralak , bere mahaiaren gastoendako.



1813.06.08           Udala: Eske eguna.                                

**** Nicasio Frias-ek, Baztango farmazilari bakarra, dio nola behar ditu biltzea zor zaizkion 150 peso fuerte alde batetik eta bertze aldetik herri batzuek “apeo”-arengatik (7 ½ Berroetak, 12 ¾ Oronozek eta 7 ¼ Azpilkuetak) zor zaizkiona bere gastoak eta medizina erosketak egiteko.     Udalak dio lehenbiziko zorra (150 peso) betiko moduan eginen dutela baina bigarrena, haren afera dela.

**** “Juan de Berroak , Bastidako Berroa etxeko jauna, errespetu guziarekin eskatzen du eman diezaiotela bagondo bat Ariate deitzen den lekuan, sorailu bat egiteko bere etxe propioan zeren bertze moduz ezin baitu han bizi. Haiengandik esperatzen duen faborea.      Juan de Berroa”                                                                                                     Udalak dio Erratzuko eta Arizkungo alkateek eskatzen dutenez … baietz. Norbaitek ez badaki, Bastida Baigorriko auzo bat da eta Erratzutik harat gateko, hurbilena Ariate (Ahari ate ? = Ariate =Ariete =Arieta) lepoa da.Bertze aldekoek Harrieta deitzen diote.

**** Pedro Joaquin de Echandik, Almandozkoa, alkatea izana pasa den urtean, jakinarazten du nola Berroetan “ … tropa frantsendako izan behar  ziren ator  batzu falta izan zirelakoz, pertsona batzuk preso eramanak izan ziren herri horretara (Berroetara) eta hortaz Jeneralak ( Monsieur Goguet) 125 peso fuerteko isuna jarri zien. Nola momentu horretan Balleko/Haranako boltsan ez zen nahiko diru, oraingo alkateak, Dn Luis Iturralde, diru hori aitzinetu zuen… eta eskatzen dio Udalari, errepartoa egin dezala diru hori gibelerazteko.. “                                                                           
Udalak dio gehitu behar direla 300 pezta Elbetek pagatu dituenak baita Iruritako 20 peso ere.( Hauek isunak izanen ziren ?)





**** Martin Francisco Ariztiak, Iruritakoa, dio nola harpatu ditu zazpi otso-kume Azkorrobietan, eta 4an, alkatearen aitzinean utzi zituela. Usadioko saria eskatzen du.                                                           Udalak dio pagatuko dizkiola otso-kume bakoitzarengatik 20 real fuerte (zilarrezkoak)  eta libratzen dute diru hori. “Asi lo proveió la Junta de Junteros de este Valle y Universidad de Baztan”.






1813.06.13           Erratzu: Honetan Boluntarioek 37 sabana beren burkoekin/almoadekin. Norendako? División de Navarrako ospitaleendako Erronkarin dagoena. (1813.6 001)  Hori bakarrik? Bai to! 180 ladrilu leku berean (Erronkarin ?) . Aldi berean , Ilarregiko herrian(Ultzaman) , 1. Rgto-rendako 6 erregu ogi, 28 razion garagar 198 razion haragi bizirik, eta 180 erreal ardoa erosteko. Hori bakarrik? Ez. Honetan benetan eskatzen ari dira: 18an, 1.470 erreal, Masak agindua, eta horietarik 980 r. Fermin Iñarramendirendako, bere eskribau lanarengatik eta 490 r. botikarioa pagatzeko. Erratzuk lehenbizikoari 143 erreal eta 71 ½  bigarrenari tokatzen zaio pagatzea.

1813.06.21           Boluntarioendako, Erratzuk darama…







Espainarrak, ingelesak  eta portugaldarrak

Egun berean, Vitoria-Gasteiz. Frantsak (eta Espainiako Errege, Jose I) eta Aliatuak (ingelesak/portugesak eta espainiarrak) borroka bortitzan lotzen dira. Frantsek galduko dute eta bizirik gelditzen direnak (± 40.000) erretirada ero batean hasiko dira Nafarroa aldera. Beharrik (frantsendako) ingelesak ta konpainia gibelean gelditu zirela harrapakinak biltzen…









1813.06.22           Etxarri-Aranatz. 40 mila frantsa ikusiko dute Etxarrin barna, Iruñerako bidean. Erretirada lasaitu da pixkat. Hiru armada antolatu dituzte: Midi, Centre eta Portugal. Ingelesak eta aliatuak oraindik Gasteizen, honddarrak biltzen.






1813.06.23           Iruñea. Eguerdian. Zentinela frantsek Erregeren ofizialak eta “les armées du Centre, Midi et Portugal” begi bistan dituzte. Atsaldeko hiruretan, Errege bera, Jose I, Sa Majesté Catholique, les Ministres, toute la Cour ( Korte), errefuxiatuak (frantzestuak/afrancesados: gizonak, andreak eta haurrak) baita soldadu kolpatuak, mila.”    Soldaduak hiritik  kanpo akanpatzen dira.                                             
Haien  gibeletik Gasteiztik atera dira aliatuak, Hill jenerala 30.000 soldaduekin.






Erratzuko Agerrea


1813.06.24            Erratzu: “Egun honetan etxeko mandoa tropa frantsarekin Donezteberaino gan zuten eta mandoa erabili ondoren 29ra artio, ofizial batek mandoa hartu zuen beretako, eta bueltan , mando zahar bat igorri zuen, guziz ondatua eta herrena, eta zortzi egunen buru hil zen eta ordurako basta salbatu zen, maindire erdi bat…. Gero Unandegiko zaldia ofizial frants batek eraman zuen.. denarekin gelditu zen…” izkribituko  du Erratzuko Agerreko nagusiak. 

Egun berean, Iruñea. Errege eta bere “suite” hirian gelditzen dira, pausatzen, tropak harresietatik kanpo. Gauerdian, Jose I, Errege, badoa: “Monsieur le Governeur, je vous previens que le Roi partira a minuit (gauerdian) et que l’ennemi est trés prés (arront hurbil) d’ici”. Erregeren armadak hasi dira mugitzen iparralderat. L’armée du Midi, Orreaga aldera 20.000 soldaduekin.

1813.06.25           Iruñea. Goizeko ordu txikietan, prezeski ordu batean (01:00) : le depart du Roi et de la Cour (Korte) d’Espagne”. Hiruetan (03:00) l’armée du Centre Belaterat. “Le Roi preceda L’armée du Centre (bizkarra zaindua izateko!). Lantzen eginen du lo. L’armée du Portugal-ek, Reille jeneralarekin, Donezteberako bidea hartuko du.






Egun berean eta ordu berean,Erratzun, goizeko orduetan (01:00) (1813.6  004) Frantsendako, luego, luego, luego = larrialdi haundia
Egun berean, Erratzun, biharko, Elizondon, goizeko lauetan frantsek lau behi nahi dituzte zeren “biene bastante tropa”…

1813.06.26          Baztan. Espainiako Erregea, Jose I, Almandozen barna (eta Berroeta, Aniz, Ziga, Irurita) 10.000 soldaduekin (L’armée du Centre) Elizondon pausatuko da, Baztanen lo egiteko.                                                                        
"26 Juin: Goizeko bortzetan Lantzetik atera ginen, zazpi t’erdietan            ( Belateko) lepoa pasa eta atsaldeko hiruretan Elizondon . Ez da etsairik agertu. Denbora txar txarra dugu. Gaur Baztan Harana zeharkatu dugu, atseginetako eta hobekien landatuetako bat. Haran eder hau errepublika gisakoa da bere lege propioekin: horietako batek debekatzen du lurra neurri kopuru batetik baino gehiago izatea.

Elizondo, non lo egin baitugu, Baztango herri printzipala da, haundia, ongi eraikia eta jendeekin. “Centre” armada Elizondon geldituko da eta erretiratu behar badu, Otsondon barna eginen du. Le roi, avec sa garde,   se parte sur Vera…”

Aliatuak , Sir Hill-en aginpean, gibeletik datoz.


1813.06.27           Baztan. Jose I, Espainiako erregea eta Napoleonen anaia, eta bere korte guzia Baztan utzi, eta Bera aldera gan zen (Arraioz eta Oronozen barna) , handik Irunera eta gero Donibane Lohitzunera. Hor akituko zaio bere erregealdia.

1813.06.29           Ingelesak. Villabara ganak, han Byngs jeneralaren brigadarekin elkartu. Ostizen lo.”

1813.06.29           Gastadores de Infanteria Lixera (1813.3 005)

1813.06.30           Ingelesak. “Gu… Lantz herrira ganak, Olaguen barna … Errege Josek bere erretiradan herri honetan, eta ni nagoen etxe berean, gaua pasatu zuen. Herriko bizitanleak mendira ihes egin zuten eta haien etxeak harpilatuak… “ dio Ashworth Captainek.

                       Erratzu. Biharko, goizeko zortzietarako, Udaletxean, 4 manta eta 6 koltxila. Neurriak, 7 X 5 oin.                                            (Oin bat = ± 26,2 zm)




1813.07.01           Ingelesak. Ashworth Cpt-ek dio ”… Belaten barna Almandozeraino.  Berroetaraino frantsak bulkatu genituen…. eta han bi orduz egon ginen. Itzuli ziren indar haundiarekin eta gibelatu ginen Almandoza…”.





Uztaila: uzta, zitu sasoia eta Gerra, gerra zakarra, Baztango ateetan.


jueves, 5 de junio de 2014

Baztan eta Frantzestea. 3.Kapitulua:1810

Baztan eta Frantzestea
3.kapitulua : 1810


Urte honetan, 1810.ean, 300.000 soldadu frantsa Penintsulan daude. Haien kontra Espainiako armadak ez du egitekorik. Aliatuek (ingelesak eta portugaldarrak) Portugaleko iparraldean lortzen dute, Bussaco gudan, frantsak geldiarazi. Arrakasta erdietsiko dutenak gerrilleroak izanen dira eta beren mogimentua Espainia osora hedatuko da.  
                           


Amerika aldean mogimentu independentista hedatzen ari da ere: Junta Suprema de Caracas, de Cartagena, de Buenos Aires… edo Grito de Dolores Mexicon.                                                                        






Europan, Napoleon ezkontzen da Austriako enperadorearen alabarekin eta Frantziako Inperioak erdietsiko du bere hedadura zabalena.

1810.01.10                          Dagoeneko talde armatuak, boluntarioak, gerrileroak edo dela delakoak arazo serioa dira frantsendako. Berez hori da eguneroko afera. Biserregeak, Duque de Mahon, dio que los pueblos … empleen todos los medios posibles para la persecución y prisión de los muchos ladrones y bandidos que esparramados recorren el Reyno…” Etsaia nonnahi dute frantsek.

1810.01.28                     Un papel anónimo Batzar Nagusian. ”… y dando a entender en el ydioma bascongado…” Zer dio izengabeko paper horrek? Proposatzen du Baztango kontabilitatea bertze gisa batez egin behar dela eta kontable berri bat izan behar. Kontable berri honek, kontuetan trebatua izan behar, fiantza bat paratu behar duela eta Baztango boltsan sartzen eta ateratzen den guziaren kontua exacta ”,  baita 14 kopia herriendako egin behar. Gisa honetan herriko Concejos o Bazarres -ek jakinen dute zein den Haranaren/Ballearen egoera. Haranak jartzen dituen arbitrioak ez badira aski zorrak kitatzeko, edo beharrezko derramak egin behar badira, nork, zenbat, zer, noiz pagatzen duen erreziboetan ongi adieraziko du. Erreal bat ere ez…/no puede dar un real a nadieezin du ematen ahal Alkatearen baimenik , libramiento  dio, gabe. Eta hau dena liburu batean Eguberriko Batzar Nagusian ikusteko. Proposamena onartzen da eta lanpostu honendako Fermin de Archeberroa, Zigakoa, onartzen dute.

1810.02.06                    Batzar Nagusia.Iruñetik aginduak: 

**** Estado Eklesiastikoa (apezak, apezpikuak…) ezin dela sartu afera zibil eta kriminaletan, gauza hauek Magistratu Sekularrena dira. 
  
**** Hamar egun dituzte quadrillas de Vandidos que conociendo su error han regresado a sus casas…” partidetan ibili diren mutilen zerrenda Iruñera igortzeko, baita beren etxeetatik falta direnenak ere.  

**** Eta bertze agindu batean ia gauza bera errepikatzen, los mozos que han tomado partido en los Voluntarios-en zerrenda.

Agindu hauek Nafarroa osorako ziren eta honek ez du erran nahi deskribitzen zutena Baztanen gertatzen ari zela.

1810.03.01                    Batzar Nagusia: Gai aunitz dute tratatzeko:  

****Ardoarena, “provisión del vino”, afera serioa, alkateak prezioa markatu behar: ordu artio pinta batek 28 marabedi balio zuen, gaurtik aitzina,  bi karioago, 30 marabedi.                              
   (1 pinta = ±0,7 litro) 
 
**** Baztango Haranak(Balleak) 1500 fanega arto, 750 kintal lasto 1,500 arroba xuritondoko  (lastaireak egiteko) kontribuzionea pagatu behar zeren hola Duque de Mahon-ek agindu baitzuen. Eta 14 herri artean banatu behar eta baimena ematen zaie herriko alkatei apezek bildu duten detxema edo hamarrena”-tik eta primitzietatik behar dutena hartzeko. 

(Detxema/Hamarrena/diezmoa eta primiziak: Herri bakoitzean Elizari (apezari) pagatzen zitzaion zerga: Ehunetik hamar (%10) hondasunaren arabera, hau da, gero eta gehio zuenak gero eta gehio pagatzen zuen )  

**** Dirudienez, ari dira Baztandik ogi egosia” ateratzen Frantzia aldera, legearen kontra, kontrabandoa. Eta kontutan izaten gan den urteko zitua txarra izan zela eta gaztain guti bildu zela, argi dago aurten herriek aunitz sufrituko dutela, batez ere pobreek. Hortaz serio jartzen dira  eta horretan harpatuko dutenei zama eta zamaria konfiskatuko dizkiete baita dagokion isuna paga arazi ere.

**** Arront sobera/muy excesivas kargak ari da Baztan pagatzen frantsei eta boluntarioei, aldizka/alternativamente, eta nola zorretan sartzen ari da, arbitrio/zerga berriak jarri beharko dituzte eta horretarako “ Juntas ó Batzarres” egin behar herrietan.   

**** Gauza gehio tratatu zuten eta akitzeko Sunbillatik etorri zitzaien karta, non sunbillarrek proposatzen baitie elkarte bat eratzea mendiko basa bitxien kontra, otsoak, egiteko eta proposamen horretan 100 pesoko saria eskeintzea otso bakoitzarengatik, pagatzeko elkarte horretan daudenen artean. Aferaz solastu ondoren, erabaki zen.   
                                       
Eta hola akitu zen batzarrea.

1810.03.24                    Batzar Nagusia. Donezteben dagoen frantsen buruzagiak baimena ematen dio Alkate jaunari milizia bat  antolatzeko con el unico objetivo de rechazar a los Brigantes ( Boluntarioak) eta beren etxeak defenditzeko…”.

1810.03.29                    Gerra ixila (Baztanen ez dira tiroak aditzen , oraingoz ).Orain artio Boluntarioak Nafarroa osoan barna ibiliak dira, batez ere errege bideetan, ekintzak egiten. Javier Minaren menean kalkulatzen da momenturako 700 gizon zirela eta Leridako Junta Centraletik aginduak hartzen. Martxoaren 29an Labianon dago, Monrealen ondoan. Frantsek jakin dute  handik dagoela, inguratzen dute eta preso hartuko. Orduko gobernadoreak, Dufour jenerala, bizia barkatu eta Frantziara deportatu. Han pasa zuen gerra guzia. Honek guzi honek Boluntarioen zatiketa ekarri zuen.

1810.04.10               Gobernadoreak, Dufour jenerala, amnistia proposatzen die Boluntarioei, prebosten buru gabe gelditu direla, maiatzaren lehenean baino lehen entregatzen baldin badira.




Francisco Espoz Ilundain = Espoz y Mina


1810.04.23                    Egun honek balioko du afera markatzeko baina dena azkar izan zen. “Corso Terrestre”-arenak barreiatuak ziren, baino Javier Minaren osaba, Francisco Espoz Ilundain, haien burua bihurtu zen, honek Junta Centralaren baimena lortu zuen eta Nafarroako boluntario guzien nagusia edo ugazaba izatea erdietsi zuen: bere aginduak onartu ez zituenari, afusilatua. Euskalduna zen, nekazaria, gauzak antolatzeko arras ona eta abizena edo deitura aldatu zuen: Espoz Ilundain orain Espoz y Mina izanen da. Berarekin biltzen dira gure dermioetan barna ibiliko direnak: Felix Sarasa, Txolin”, Matias Ilzarbe eta Francisco Antonio Zabaleta, “Beltza”.



1810.04.29                    Batzar nagusia. Diru eskax Baztango boltsan. Batzarretara 50 bokal etortzen ziren orain artio, momentu honetarik aitzinat 34 aski izanen dira. Murrizketak orduan ere ! Hala ere, alkateak soldata bat eskatzen du. Zer ba? Doikebe audientzia egunetan, bertzeen bazkariak parte bat pagatu behar eta “baile”-arena (herriko mutilarena) osoa.

1810.05.12              Batzar nagusia. Pobreek eska dezatela beren kuartel propioetan eta bidenabarrekoan daudenei, arrotzak direnei, ez diezatela utzi inon egokitzea.




Baztango kuartelak : Baztangoiza , Elizondo, Erberea eta Basaburua

1810.05.23                    Batzar Nagusia. Gauza bera: pobreak. Gaurko egun “Gizarte Laguntzarekin” bezala, dirudienez, orduan ere bazen asistentziaren bat  eta Batzarrak diskutitzen du nola ez dakiten “egiazko” pobreak nortzuk diren, pobre bakoitzak bakarrik bere kuartelean mugitu ahal izanen da eta gisa honetaz kontrolatu ahal izanen zaie. Bidenabar direnak, laguntza minimoa eta aire.

1810.07.04                    Batzar Nagusia.                                                   
**** Ogi egosiek” 13 marabedi ostatuetan eta 12 plazetan balio izan behar dituzte. Ez dute erraten ogiaren pisua zein den baino libera batekoa izanen zen. Urte batetik bertzera prezioa  4 erral igan da.                                                                                                                                     

**** Baztango mediku conducido”-a Don Jose Mayora da eta herriko batzarretan bere egoeraz solastu behar dute.

**** Baztanek 48.060 rf 10 mr  zor dizkie partikular batzuei eta zor hori kitatzeko erabakitzen dute “vezino”-en(etxeko jaunak) artean eta baita “havitantes”-en (maizterrak eta ofizialak) artean ere, zor hori banatzea eta partekatzea.

1810.07.11               Aste bat beranduago,Batzar nagusian.  Medikuarendako herrietako batzarretan errana: Erratzun diote bazekitela noizenbehinka Baztandik lekutzen zela, baimenik gabe, bere betebeharrak ez dituela betetzen, ez dutela dirurik bere “errenta” pagatzeko, kontutan izanik zenbat kontribuzione pagatu behar duten, eta momentuz zirujanuarekin asistencia del cirujano” aski dutela. Almandozek dio maiz abisatu behar diotela harat joateko, Berroetak pagatzen diotena sobera dela, Zigak deitzekotan ez dela agertzen, Iruritak joaten dela baimenik gabe, Lekarozek dio batzarrera jende gutti agertu zela, Elizondok la condución del Medico” gaizki egina zagoela, Arizkunek dio errenta berberarekin bi mediku pagatzen ahal zirela eta proposatzen dute bat Iruritan egon zedila eta bertzea Arizkunen. Alkateak dio nola bere baimenik gabe medikua Azpeitia aldera gana zela eta Lizasoko medikua bere lana egiteko agertu zela baina azken hau bi egun ondoren Lizasora itzuli zela.
Eta hau dena erran ondoren, erabaki zuten ondorengo Juntara ekarri behar zela ”… la escritura que se le otorgó a Don José Mayora para la actual condución…”.

1810.07.12              Tropa frantsak mantendu behar dira, eta hilabetero? Kontribuzionea pagatu. Dirudienez hor nonbaitetik dirua atera dutela eta zorrak kitatzeko gutiago pagatu beharrean direla. Hala ere, herri bakoitzak , konparazionez Erratzuko kasuan, bilatu behar du nola lortu dagozkion 9.927 erreal de vellon.

1810.07.14               Bandoa.Dufourrek agindua: Hamabortz egunen buruan , Nafarroako herri guziek kanposainduak eraiki behar dituzte, ordu artio izan duten usadioarekin, hau da, hilen gorpuak elizaren barnean lurperatzearekin akitzeko.   



Orduko izanen dira Baztango kanposainduak?

1810.07.21                    Baztanek Martxoko kontribuzionea ez du ordaindu: 41.730 r.v. eta hori tramitatu behar duenak, Juan Miguel de Echeberria, agintzen die paga diezaiotela berari Irunen , edo bertzenaz , Baionan Monsieur Bernardo Marsan e Hijo-ri, bertzenaz frantsen armadaren errepresaliak jasanen dituztela. Baztanen arrapostua: Dirua biltzen hasi zirenean, boluntarioen burua, Zabaleta, enteratu zela eta Baztanen agertu zen diru hori eskuratzeko gogoarekin, eta bera gana ondoren , berriz saiatu zirela diru hori biltzen baina hara non Felix Sarasa bere partidarekin Baztanen sartu zela eta bilketari berriz  utzi izan behar zioten. Dirudienez, Zabaletak (Beltza) Lesaka aldean zuela bere altxalekua eta Sarasak (Txolin) Ultzaman.

1810.08.04                    Gobernadore berriak, Reille jenerala, martxan jartzen du berriz Nafarroako Diputazionea”.

1810.08.08                    Espoz y Minak hiru batailon baditu: bere iloak 700 soldadu zituen, berak 2.000 baino gehiago,1. Batailona berak gidatuko du, 2. Cruchagak eta 3. Lucas Gorrizek.



Erdian, Inperioaren arranoa

1810.08.18              Reillek, gobernadoreak, Dirección de Policía Militar” antolatzen du eta haren burua Mr Jean Pierre Mendiry, euskalduna, nafarra, baina bertze aldekoa. Konbentzioneko gerran gure mendietan ibilia. Nafarroako historiografian , Satanas. Kartzelak martxan jarri zituen: Convento de las Monjas Recoletas eta Carcel Real. Biak Iruñean.










1810.08.28                   Espoz y Mina Ultzaman dago bere tropa guziarekin eta Iruritako bidea hartzen du. Bidean , Cruchagak bere Bigarrenarekin 900 granadero frantsekin topa eta irabazi.To!  Espoz y Mina eta bere soldaduak Iruritan hiru egun pausatzen dira eta Leitza aldera lekutuko dira zeren frantsak hurbiltzen ari baitira. Iruritan dauden bitartean Sarasaren laguntza izan zuten. Boluntarioek dirua lortzeko bideetan “Aduanak” jartzen zituzten eta “arbitrioak” kobratzen zituzten beren kausarendako.Aduanen nagusia, Felix Sarasa , beti Minaren menean.

1810.09.15                    Batzar Nagusia. Baztanen aberastasuna komunalean dago. Bi urte erabiligabeko lurra bertze batek har dezake. Hala zen Baztango legea. Baina momentu honetan Udaletxeak ez du dirurik frantsek eta Boluntarioek eskatzen diotena pagatzeko.Fondoak lortzeko proposamena egiten du komunala, “ etxia/cercado” dutenei, diru baten truke, bi pezta gizalur bakoitzarengatik, lur hori “propiedad absoluta” bihurtzea. Denek ez dira ados. Botaketa: 38etarik, 35 alde. Emaitza ikusia, komisione bat antolatzen da, Iruritako Pedro Josef Hualde eta Elizondoko Juan Luis de Mutuberria, dagokion autoritatearekin (Nafarroako Diputazionea?) afera xuritzeko. Bi hauetarik, baten bat eritzekotan, Erratzuko Jose Juaquin Gaston, suplentea.

1810.10.08                    Sarekada Baztanen. Iruñeko Carcel Real. Juan Antonio Echeverri, apeza, Vicario de Elizondo. Preso.Hamarrean libre. Kartzela berean, Pedro Miguel eta Pedro Joaquin Echandi, Almandozkoak. Preso. Pedro Miguel 14an eta Pedro Joaquin 19an libre.

1810.10.10               Batzar Nagusia. Agintari frantsek diote nola “…Voluntarios armados en quadrillas pequeñas de quatro, seis u ocho dispersos de sus compañias..” ari direla “… causando extorsiones…” agintzen diete herriko alkatei (Justicias) jende hauek preso hartzea, bertzenaz preso izanen direnak alkateak eta herrietako printzipalenak. Batzar Nagusiak erantzuten dio agindu honi adierazten Baztango jendea  “…sakabanatua bizi dela/vive esparramada…”  kasu batzuetan herrietatik arront urrun, eta agindua betetzekotan Haranaren akabaila izanen zela, zeren “…quasi inebitable la Muerte de los Yndividuos que componen las Justicias pues de resultas, por los que se llaman Voluntarios serian afusilados como estan amenazados  por varias veces…” Norbaitek izan nahi zukeen alkatea izan?

1810.10.16               Batzar Nagusia. Irailaren 17etatik 700 soldadu frantsa Elizondon dute erresidentzia  “…fija residencia…”, eguneroko bazkaria eman behar zitzaiela, eta gainera 1.000 ano/razione erreserban . Baztanek ezin duela hornitu hainbertze janari eta Conde de Reille-ri, “.. Gobernador de este Reyno..” eskatzen dio karga hori Amaiur, Etxalar, Igantzi, Arantza, Lesaka eta Bera artean banatzea, zeren herri hauek ez zuten troparik beren baitan.


Convento Monjas Recoletas-Iruñea
1810.10.16               Iruñeko Carcel del Convento de las Recoletas. Josef Maiona (Mayora?Medikua?). Preso. Baztangoa. Urriaren 31n libre utzi zuten.

1810.10.26                    Iruñeko Carcel del Convento de las Recoletas. Martin Josef Echebarren, Iruritako apeza. Preso. Bi egun beranduago Frantziara deportatua.



1810.11.18                    Batzar Nagusia. Urte honetako Baztango herrietako alkateak ?


Baztan :      Don Fermin de Archeberroa                                                                                                             
Erratzu:     Miguel Jose de  Yrigoyen                                          
Arizkun:     Francisco de Yribarren                                                   
Azpilkueta : Francisco Canuto de Migueltorena                                
Elbete:      Tomas de Etulain                                                             
Elizondo:     Juan Jose de Echenique                                               
Gartzain:    Juan Jose de Yriarte                                              
Irurita:      Juan Miguel de Arraztoa                                            
Lekaroz:     Juan Francisco de Anchorena                                           
Oronoz:      Manuel de Gamio                                                       
Arraioz:     Antonio de Gamio                                                 
Ziga:         Jose Antonio de Yndabere
Aniz:         Martin de Urrutia                                           
Berroeta:    Lorenzo de Meoqui                                                           
Almandoz:     Francisco de Echenique

Afera? Ardoa, pattarra.Orain artio ardoaren errenta edo negozioa enkante baten bitartez adjudikatzen zen. Enkantean kandela, argizeri bat, piztua eduki eta irauten zuen bizkitartean, erremateak egiten ahal ziren. Gisa honetan, Udaletxeak diru franko lortzen zuen eta aldi berean ardoaren prezio markatzen ahal zuen. Baina momentuko egoerarengatik, gerra ixila, sistema honek ez du funtzionatzen eta ardorik gabe gelditu dira!!!!! .. hasta  haber faltado enteramente ese genero…”. Horregatik gure alkateek proposatzen dituzte holako arauak:  

**** Nornahik sar dezake ardoa Baztanen                                         

**** baina 10,11, 12 kantaretako karga bakoitzarengatik   “ un  peso duro” pagatuko duela,                                                  
(1 kantara = 16 pinta = ± 12 litro)                                                           
(1 peso duro/fuerte = 8 errealeko zilarrezko sosa)  


Artesiaga


**** eta kontrolatzeko trafiko hori, norbait de confianza”  Almandozen  bat eta bertze bat Artesiagan egonen direla (saria 2 ½ erreal fuerte egunero),                                                     
(1 real fuerte = 2 erreal de vellon)   

**** eta pertsona horiek kuaderno “en quarto”  batean dena apuntatzeko eta “recibo” emateko.                                                  

**** Igandetan apunte horiek Alkateari erakutsi behar dizkiotela.                                                                                       
**** Pattarrarendako “arbitrio/zerga” berriak: Frantziakoak … por ser de calidad superior…” 2 erreal fuerte pagatu behar eta  Espainiakoak 1 ½  erreal.  (Cognac eta orujo?)

**** Frantziako pattarra kontrolatzeko, Erratzun eta Arizkunen egon behar dira gure kontrolatzaileak eta ardoarekin egiten diren tramite berak egin behar.  Ikusten denez Frantziarako trafikoa ez da moztu.                                                         

**** Betetzen  ez dutenak, justiziarekin ikusi behar: isuna ?                 

1/3 bat Udaletxearendako, 1/3 bat Epailearendako eta 1/3 bat salatari/ arrapatzailearendako.

Hau guzi hau proposatu zitzaion“… a la autoridad competente”.


Nafar boluntarioa.1810



1810.12.00               Kuriositate bat. Hilabete honetan uniforme berriez edo garbiez  ornitu aparte, Espoz y Minak bere boluntarioei agintzen die ilea motz dezatela, bai, mozteko, luzea, zikina eta zorriz betea zutelakoz . Napoleonek gauza bera egina zuen, arrazoi berberatarik, bere soldaduekin. Moda berria Europan: gizonak, kalimurritz.











1810.12.27                    Batzar Nagusia. Alkatearen aitzinean Baztango hamalau herriko jurado berriek zin egiten dute “… sobre la señal de la Cruz de su Vara y palabras de los Santos Quatro Ebangelios…”  heldu den urterako.

Eta biziak darrai: Erratzun 38 haur sortu ziren, 7 pertsona hil eta 7 eztai ospatu ziren urte honetan.