viernes, 28 de febrero de 2014

Baztan eta Frantzestea. 2.Kapitulua: 1809

Baztan eta Frantzestea

2.Kapitulua: 1809

1809 : Europako egoera


Gerra Baztanen inguruetan dago. Alde batetik Penintsula aldean, batez ere Espainia aldean, armadak (espainiarra, frantsa eta aliatuak = ingelesak eta portugaldarrak) elkar zanpaka ari dira. Geihenetan frantsak garaile (Zaragoza, Medellin, Ocaña…) baina espainiarrak (Alcañizen) eta aliatuak (Oporton) noizenbehinka ere. Aliatuak Portugal aldean aritzen dira, Espainia aldean Armada Espiniarra eta “guerrilleros”,  eta  Nafarroan, “boluntarioak” ( Espainiako historiografian “guerrilleros”erraten dena): Marcalain, Ochotorena (Baraxuri), Gurrea, Sarasa (Txolin), Villanueva (Juanito el de la Rochapea), Zabaleta (Beltza), Lizarraga (Tachuela), Carrasco, Paul Echeverria (El carnicero de Corella), Garces de los Fayos, apeza, Mina… Urte honetan, 1809an,  boluntarioen indarra finkatuko eta hedatuko da. Hala ere, ez du ematen Baztanen estruktura finkorik zutela. Horrek ez du erran nahi haien “bisitak” ez direla nabaritzen. Kontra. Gauza bera frantsekin, dirudienez oraindik ez dira Baztanen “jarri” baina baztandarren kostura baietz bizi.




Wagram guda: hilak eta kolpatuak, 50.000

Europa aldean, 5. Koalizioa (Ingalaterra eta Austria) eta sarraski ederrak: Borrokak non nahi, Sacile, Radzyn, Abensberg, Essling          ( hemen Napoleonek galdu zuen),  Wagram…













Chuquisaca.25 Mayo.Primer Grito Libertario de América


Eta Ameriketan? Baita han ere ! Mexikon, Uruguayen, Bolivian edo Ecuadorren hasi dira antolatzen beren Independentzi(a) Gerra Espainiaren kontra. Benetan, gerra hau mundiala izan zen.












Dena den, gure historia honen protagosnistak Baztan, Nafarroako boluntarioak eta frantsak izanen dira eta maiz nahaste koropiletsu batean agertuko dira.


1809.05.14           Batzar Nagusia. Afera batzuk tratatu zituzten. 

Lehena, Casa de Misericordiarena. Jendea ez dago konforme nola dabilen eta komisione bat prestatu behar afera xuritzeko. 

Bigarrena. Baimena eska diezaiola Biserregeari armak erabiltzeko…”para la persecución de los ladrones y malechores que infestan Caminos y Puertos de este Valle…”  Nor dira ladrones/lapur horiek? Boluntarioak? Hala benetazko ebastaleak?                                                                       

Hirugarrena. Ogiaren prezioa. Plazetan saltzeko libera batekoa 8 marabedietan eta ostatuetan 9 marabedietan.  
                



( 1 real de vellon = 38 marabedi)

Laugarrena. Iruñean Baztanek duen prokuradoreak mugi ditzala errekursoak Baztanek pagatu/paratu/patu behar zituenak gutiago izan zitezen: 160 rv (real de vellon) egunero Esteribarri pagatu behar, 20 idi pare eta 50 mando zamalana egiteko Iruñeraino, 750 rv egunero Amaiur, Urdazubi eta Zugarramurdirekin batera  Maiatzeko zerga (hiru epetan) pagatzeko. 
   



Eta hondarrean eta azkenean,  “finalmente se observe inbiolablemente…” Erresumaren sentzentzia bat non azaltzen  da zenbat ahuntz izaten ahal du bakoitzak , y las dos (bida!) que se les concede hayan de andar con su custodia..” eta ez bada hola egiten, igurain / herriko mutil / baile = balle /costiero-ek ekar ditzatela eta tengan la pena correspondiente”.



1809.05.30                    Batzar Nagusia.Don Juan Luis de Mutuberriak, Udaletxeko idazkariak, dandoles a entender en el ydioma bulgar bascongado…” azaltzen dizkie ”Casa de Misericordia”-ren funtzioak ordu artio izan zituenak zein izan ziren eta gehitzen du nola,  ordu artio egon den Juntak,  haren dirua con toda escrupulosidad” erabili duela . 


                          
Hala ere, onartzen baita atrasos/gibelapenak izan direla eta botaketa baten bitartez erabakitzen dute Miserikordiako aitzineko Juntak dimiti dezala berri bat jartzeko, nota batekin: ocurren muchos gastos de andar juntandose a menudo todos los individuos de esta Junta”. Hortaz, aldi berean erabakitzen dute lehenago bazkariarendako ematen zizkien bi pezta (pezta bat= 4 erreal), orain hiru erreal izan behar zirela.




Ez zen bakarrik diru kontuak xuritu zirenak Batzar Nagusi/Junta General honetan. Elizondon pilota zale batzuk, trinkete bat montatua zuten Udaletxeko arkupeetan (pasaka jokatzeko ), baita jarlekuekin deskantsoarendako ere, “jugando sobre cuerda” eta erosoago jokatzeko eta ikusteko, arku baten pareta botarazten dute botaketa baten ondoren.  









1809.06.06                   Balleko Etxean. Batzar Nagusia. Eskribauak etorri diren errege zedulak leitzen dizkie han bilduetakoei: Josef Napoleon “…rey de la Españas y de las Yndias…” agintzen tranquilidad”, jendea ez daiela mugi eta funtzio publikoan lan egiten edo eginen zutenek zin egin behar “…juramento de cumplir las obligaziones de su cargo...”.  Biserrege jaunak, Duque de Mahon, Udalari eskatzen dio milizia bat presta dezan para la persecución de los Ladrones, Homicidas, Salteadores y Asesinos de las Quadrillas de Hombres que con el nombre de Voluntarios infestan en Reyno ”. Espainiako historiografian “guerrilleros” hitza erabiliko dute baina Nafarroan, beti,Voluntarios,  (nola orduko euskaraz?) eta  hola eginen dugu guk.Diferentziaren bat bazen?  

Batzarra ez zen akitu komisione bat eratu gabe erabakitzeko nola konpontzen ahal zuten “zamariak /bagages”-en  afera.

1809.08.07                   Javier de Mina “El Estudiante. Zaragozako setioan omen egona, Nafarroara itzuli zen eta lagun batzuekin (Sarasa, Elordi,Azcarate eta Gorriz) erabakitzen dute ekintza armatura pasatzea frantsen kontra aritzeko eta nolabait “legalak” izateko, Lerida aldera joanen da eta hango Juntak “Cabo del Corso Terrestre de Navarra” izendatuko du. Abuztuak 7 zituen eta bere lagunekin Iruñea utzi ondoren bere karrera militarra hasiko zuen. Horrek ez du erran nahi lehenago ez zirela izan “guerrilleroak” Nafarroan aitzineko informazioan ikusi dugunez, baino Javier Minarekin estruktura finko, organizatua, baita uniformatua hartzen dute eta ez dira lapur oportunista batzuk baizik “boluntarioak”. Hasieran bere ekintzak Nafarroako erdi aldean  burutuko dira ( Zangotza, Ilunberri, Monreal,Tafalla, Lizarra…)  baina inguruko dermioetara lekutzeko ez dute arazorik izanen.                                                                   
Baztanen agertzen diren boluntarioak Minaren menean daude.


Minaren nafar boluntarioak

Uniformea?  Ahal zutenak, zamarra nabar kolorekoa, galtzak kolore berekoak, botoi xuriak, lepokoa gorria eta zapel (ez boneta!) kopaluzekoa edo zapel kaskaluzea. Zapel kaskaluzean, kokorda (kukulin ) gorri bat. Ilea luzea, naski.








1809.08.08.             Elizondon, Batzar Nagusian, eskribauak les lehi en alta e inteligente voz dando a entender su contesto en el ydioma bulgar bascongado… por ser el que todos comprenden..” Iruñeko gobernuak igorritako zedula batzu: Lehenean, nola gai batzuek ez dituztela pagatu behar zergak edo arbitrioak Nafarroatik Kastilara sartzekotan edo ateratzekotan, zeren soldadu frants aunitz handik baitabiltzala eta are tropa gehiago esperatzen baitute Frantziatik                                             
Orduko sosak
     
Bertze zedulan erraten die nola Baztanek 163.454 rv (real de   vellón) 4 mr (marabedi) pagatu behar ditu. Hemen eztabaida izan zen eta galdegiten dute ia kopuru horretarik lehenago frantsen ospital militarrei eta tropei 92.325 rv 18 mr pagatu zituztena aitzineko zifratik deskontatzen ahal zen.                                                        
Bertze gauza bat: Biserregeak, Duque de Mahonek, dekretu batean (1809.07.17) eskatzen du herrietatik falta diren mutilen zerrenda, eta gehitzen du boluntarioren bat preso hartzen badute eta zerrenda horretan ez bada agertzen, herri horrek 4.000 errealeko isuna pagatuko duela “… no dándose cuenta y se aprendiese algún Vandido o de los llamados Voluntarios… cuyo pueblo pagará la multa de quatro mil reales de vellón”. Eta akitzeko, Udaletxean, en la Casa del Valle”, utzi behar dituztela zituzten suzko armak. Honendako, Udaletxeak erantzuten dio gobernuari, hori egitekotan, desarmatuak geldituko zirela eta “…Vecinos y Moradores yndefensos para qualesquiera ymbasion de los que andan con el nombre de Voluntarios..”   .                    

Eta momentuko fotoa osatu da: Frantsak alde batetik eta Boluntarioak bertze aldetik, erdian, Baztan, pagatzailea.

1809.10.00               Urrian gara. Boluntarioen ekintza armatuak Nafarroaren erdi aldean eta Erriberan nabaritzen ziren eta afera kontrolatzeko frantsek ekarraraziko dute Harizpe jenerala, gure baigorriarra, 10.000 soldaduekin, Minaren gibeletik joateko. Bon, Mina, El Marquesito, El Cuevillas eta abarren gibeletik. Hauetarik bakoitzak bere dermioa kontrolatzen zuen baina ez dirudi Baztan zela haiendako, momentuz, babesteko leku egokia.

Elizondoko eliz zaharra, boluntarioek ikusi zutena.
1809.10.27                   Alkate jaunak, Juan Ignacio de Borda, Diputazioneri : Erenegunean enteratu zela nola 140 mutileko kuadrila bat Voluntarios o Corsarios Terrestres” izenarekin Malaerreka aldean ari zirela bulen (elizetan saltzen/erosten ziren bulak) dirua berendako biltzen eta holakoetan pentsatzen ari zelarik zer egin Baztanen agertzen baldin baziren, hara non atsaldeko zazpiretan 80 gizon armatu, beren buruzagia Juan Bauptista Barandiaran, Elizondon agertu ziren eta Baztango eta Elizondoko alkatei kuadrila guziarendako jatekoa eta etxe bat kapablea talde guzia bere barnean lo egiteko agintzen dizkiete. 





Alkateak (biak, Baztango eta Elizondokoa) saiatu ziren kontra egiten, baina bortxaz bete zituzten  haien eskariak zeren alkateak komentatzen baitu nola Elizondon bakarrik badirela 8 pertsona armak eramateko baimenarekin eta Baztan osoan hogeiren bat. Komentatzen du ere nola “Boluntarioak /Kortsarioak” saiatu direla gazteren bat erakartzen beren kausara baina (alkateak dio) bat ere ez omen zen apuntatu.



Goiz goizean  Basaburuara joan nahi zutela eta ora que son las 11 de la mañana”  oñik Elizondoko sarrerak kontrolatzen zituzten.



1809.10.31                    Erratzuk pagatu ditu 19.656 r.v., hiru epeko errepartoan tokatu zitzaiona eta libre egon behar armada frantsaren bisitaz.


1809.12.06                   Elizondon, Udaletxean, Batzar Nagusia. 


Oronoz

Denak bildu? Oronoz eta Arraiozkoak falta. Zer ba? Udaletxeak herri hauei Elizondon biltzeko mandatuarekin igorri zuen mutila los del Corso Terrestre”-k, hau da Boluntarioek (Minaren itzalak), preso hartu zuten eta mandatua eman gabe gelditu zen.







1809.12.27                    Elizondon, Balleko Etxean, Batzar Nagusia. Gure eskribauak …” dio a entender en el Ydioma vulgar bascongado despues de haberlo hecho en Castellano…” Madriletik etorritako berriak, edo nola momentuko Biserregeak, Duque de Mahon, herriei baimena ematen die, beren apezekin adostua, naski, para que puedan echar Mano a toda la Plata y Alajas de las Parroquias, dejando las necesarias para el culto divino..” Zertarako? Ordaindu behar zuten kontribuzionea arintzeko!



Baina biziak darrai aitzinat eta nola Baztango ikazkinak tranpetan dabiltza, neurriak kontrolatzeko Batzarrak erabakitzen du, zurezko neurri bat, konporta, egin behar dela, non ikatz zaku bateko kapazitatea izan behar baitu, eta Udaletxean berean atxikiko dute. Ez dute erraten “ikatz zaku” batek zenbat pisatzen zuen. Horren zumezko erreplikak eginen dituzte     ( zaretoak? buruzareak?) eta ikazkin guziek beren negozioetako erabiliko.       
Ikaztegian, txondorra prestatzen
                                

Nafarroa gerran dago.Baztan ere, gerra ixilan, baina gerran.
Holaxen akitu zen Frantzestearen bigarren urtea: 1809   

Dena den,  biziak darrai: Erratzun, 39 sortu, 18 ohatzean hil eta 4 ezkontza urte honetan.


jueves, 13 de febrero de 2014

Baztan eta Frantzestea. 1.Kapitulua: 1808

Baztan eta Frantzestea
1.Kapitulua : 1801 … 1808


Europa 1808

Hemeretzigarren mendea (1.800…) hasi da eta mundua biraka dabil. Europan zoritxarrez eta tamalez gerra sasoia da. Frantzia aldean Napoleon Bonaparte jaunak bere burua Enperadorea izendatu du Notre Dame de Parisen eta momentu horretan etsai argiena denaren kontra, Ingalaterra, mugituko da.



Napoleon, Enperadorea



Gerra/odol sasoi honek 15 urte iraun zituen (1.800-1814), eta naski ez zuela leku guzietan gisa berean jo, ezta denbora bera iraun edo egun berean hasi. Izenak dauzka : orokorki batzuendako “Napoleonic Wars ”,  “Guerra de las Coaliciones ”   (7 izan ziren) , edo  “Les guerres Napoléoniennes”. Azken tartea, 1808-14,  “The Peninsular War “ Ingalaterran, “Guerra de la Independencia ” edo “Francesada ” Espainia aldean eta “Independentzi(a) Gerra ” liburuetan eta “Frantzestea” bertsoetan Hego Euskal Herrian.




Beti bi antagonista berak: Frantzia, momentu honetan Europako estatu bortitzena eta akaso aberatsena, eta Bretainia Haundia, mundu zabaleko jabe berria, bere itsas armadari (eta merkatariei) esker.Hauen inguruan Europako estatu zaharrak: Espainia, Portugal, Prusia, Errusia, Austria, Sizilia, Napoles,… eta haien barnean entitate txikiagoak: Nafarroa, Probintzia, Bizkaia, Württenberg…, bakoitza bere kapazitatearekin. Eta hauen azpian, entitate xume eta ttikiak, konparazionez, gu, Baztan. 



Baztan.1808
Dena den, beti bezala, mundua sailkatua dago eta zagoen, baina mail batean gertatzen denak ez du erran nahi bere azpian edo gaineko mailan gauza bera gertatzen ari dela eta hori Baztanen kasuan argi ikusten da. Benetan gerra gure dermioetara 1808an hurbilduko zen eta 1813en artio ez zen Baztango herrietan, zuzen zuzenean,  ikusi eta nabaritu. Tarteko urte horietan guzietan Baztanek bizi (biziraun) egin zuen. Horren testigantza saiatuko gara kontatzen.



1801    1801   1801    1801


Marengo guda

Gerraren azantzak, urrun. 2. Koalizioa : Ingalaterra, Austria, Errusia, Portugal, Napoles, … Frantziaren kontra. Marengo guda, Ipar Italian, Ekainean, Baztandik 1.100 kilometrotara: Frantziak “a gagné”. Hohenlinden guda, Alemanian, Abenduan, Baztandik 1.500 kilometrotara, Frantziak “a gagné”.
Eta sarraski hauek gertatzen ari ziren bitartean, zeren sarraskiak izan baitziren, Baztanen, zer?


1801.11.02                   Erratzu. Egun seinalatua izan zen Baztanen, jende guti enteratuko zen baina ondorioa ona izan zuen. Baztango alkateak, Joseph Joaquin Gaston, Erratzuko semea, Iriartea etxeko jauna eta jabea, bere zazpi semek, bere biloba batek, etxeko hiru mutilek eta Erratzuko zazpi barridek “bakuna antibariolika” hartu zuten. Non eta Erratzun.



Kalitsak = Bakuna
Zeren kontra zen “antibariolika” (kontra-viruela) hori? Euskal Herrian “nafarreria” deitzen zioten, Nafarroan “baztanga eta Baztanen “agoteria”. (Bon, hala dio Baztango Haigegoak bere bloggean, bertzeak beti hobedunak, euskaldunendako nafarrak, nafarrendako baztandarrak eta hondarrean, baztandarrendako agoteak). Berriaren interesa datza lehenbiziko aldiz hori Baztanen egiten zela. Txertoa Donibane Garazitik Dr. Iribarren Ayzin medikuak ekarri zuen. Non zagoen txertoa? Hemetzortzi urtetako neska batek eritasunaren granoak/kalitsak besoan zituen, eta bera zen bakuna. Nola ongi funtzionatu baitzen, Baztan guzian (naski, kontrarioak izanen zituen) hedatu zen. Pena gure alkateak ez zekiela bakuna hori Iruñean bi hilabete lehenago erabiltzen ari zirela, baino hori bai, aintzindaria izan zela txertaketa unibertsala izaten (unibertsala diogu zeren Baztan unibertsitatea baita!).


1802…1803…1804…

1803.                               Gerraren azantzak, oñik urrun.                           3. Koalizioa : Ingalaterra, Austria, Errusia, Napoles, Suedia... Bertze aldean, Espainia Frantziarekin.
Eta Europa guzia ezpatak zorrozten ari zelarik, Baztanen zer?

1804.08.12                   Aldudeak. Frantsek hamar behor bahitu dituzte baztandar bati (Almandoz deituraz) Aldudeko dermioetan eta bi parteek, Baigorri eta Baztan, elkarri eskribitzen diote afera xuritzeko eskuaraz! 

                  
Gure alkatearen errespuesta laburtua (grafia pixket eguneratua):

“Arizcun 12 de Agosto de 1804
Iracurri dut zuc eskribitu datazun carta Almandozen eta bere lagunaren hamar behorren bahicuntzaren gainean. Zuc (i)norc ere baino hobeki badakizu egina dela Justiziaren eta tratadu guzien contra, nic nere cartan paratzen (di)tudan arrazoinen arabera, eta ez dezagula Aldudeko aduaneroac d(e)retxo edo fundamenturic presentatu bere condu(k)taren defenditzeko ocasione honetan.  … Deseatzen nuen … jakiteagatic zer motiboz egin duen behorren bahicuntza, eta baldin badakizu, otoizten zaitut egin diezadazun ohorea errateaz. Gelditzen naiz zure zerbitzari                                              J.M. Mayora”

Nola akituko zen afera?

(Testu osoa irakurtzeko : Internet ≥ = Klasikoen gordailua  ≥ =Testu zaharrak ≥=  XIX. Mendea ≥=  Baigorri eta Baztan arteko korrespondentzia fazeria erlazioez)


1805…

Trafalgar guda
Gerraren azantzak, poliki poliki hurbiltzen. Cabo Finisterre itsas guda. Uztailean, Ingalaterra Espainia eta Frantziaren kontra, Baztandik 800 kilometrotara. Rules Britannia …. Trafalgar itsas guda, Urrian, gure mendietatik 1.100 kilometrora, Ingalaterra Frantzia eta Espainiaren kontra. Rules Britannia, Britannia rules the world…



1806…


Jena guda

4. Koalizioa: Ingalaterra, Prusia, Errusia, Saxonia, Suedia….     Jena guda (Alemanian),  hemendik 1.600 kilometrotara. Frantziak “a gagné.”







1807      1807       1807      1807


Gerraren azantzak: Errusia aldean, Eylau eta Friedland gudak, Baztandik 2.500 kilometrotara. Lehenean “ados”, bigarrenean , Frantziak “a gagné.”
Eta Europako zimitorioak hilez betetzen ari zirelarik, Baztanen zer?


Itsasu
1807.07.22                   Itsasu/Lapurdi . Itsasuko azienda Baztango dermiotan sartzen ari da eta hala nola ez dute fazeria antolatu sasoi edo urte honetan, baztandarrek Itsasuko alkateari/auzapezari abisoa pasa diote ez dezatela haien azienda Baztango dermiotan sar. Itsasuko alkatearen karta (edo letra) laburtua eskuaraz : (grafia eguneratua. Hatxeak aldatu gabe)





“ Ixasun egina Eraieroraren 22an 1807an  
                                                   
Ixasuko auzapezac  
                                                                        
Baztango Bailleko alcate jaunari   

      Errezibitu dut alkate jauna, halabethe hune 15an iscribatu dautazun letra, ikusten dut Bailleac hartu duien determinazionea erre(s)petarazteko bere lurrac, defendio eginez Frantziako aziender zuen mendietan bazkatzea eta sesituz ( hartuz) hetan harrapatuko diren guziac… Badakizu herri huntako habitanteac desideratu dutela zuekin adiskide gisa eta bakian bizitzea, eta oraiko okasione huntan ere, ez ginuke bertzela desideratzen … Herri huntako habitant batzu interesatuac direnac edo hauien artzainac presentatuko dira zure etxera, zoinec desideratzen baitute zurekin antolamendu egitea, eta baldin hala behar bada ere konbenitzea zer pagatu behar duten zuen bazka saritzat.    Esperantza dut ungi errezibituko dituzula, eta eginen maneraz guziac bizi gaitezin unione onean.     
                                     
Gelditzen niz konsiderazione Parfetenarekin eta errespetagarrienarekin. Zure zerbitzari,        

Luis David /Maire”                                                                                                                                       
(Testu osoa irakurtzeko : Internet ≥ = Klasikoen gordailua  ≥ =Testu zaharrak ≥=  XIX. Mendea ≥=  Itsasu eta Baztan arteko korrespondentzia fazeria erlazioez)

Mail garaienetan, top politics /alta politica, Espainiak eta Frantziak Itun bat sinatu dute, Fontainebleau-koa, Portugalen (Ingalaterrako aliatua) kontra gateko eta baimentzen soldadu frantsak Portugalen aldera pasatzen Espainian barna . Gerra Penintsulara etorriko da..


Holakoa izanen zen alardea?
1807.10.08                   
Eta Baztanen? Bere betiko bizimoduan. Konparazionez, Batzar Nagusiak erabakitzen du egun honetan  “vecino”-ek, hau da, etxeko jaun bakoitzak,  erakutsi beharko dituela bere suzko arma, 12 bala eta libera erdi bolbora, Elizondon , Udaletxearen parean: Alardea.




1808   1808   1808   1808  1808


Iruñeko Ziudadela

1808.02.06      

D’Armagnac jeneral frantsa, Orreagan barna, 2.500 soldaduekin, Otsailaren seian , Espainiaren aliatua bezala, Iruñera doa, 9an Ziudadelaren parean dago eta 16an elurra ari zuelarik, elurrezko pilotak botatzen, frantsek Ziudadelako gaztelua eskuratuko dute, tiro bat bota gabe.




1808.05.02                   Frantzestea hasi da. Espainiako historiografian bada data seinalatua: 1808.ko “ DOS DE MAYO”, Madrilen. 



Madrileko afusilamientoak




Goya pintoreak sublimizatu zuen gertakizuna, poetek afera glorifikatu eta Espainiako haur guziek han gertatu zena ikasi behar.








Gure bertsionea ez dago historiako testu liburuetan. Protagonistak? Alde batean, frantsak, naski. Haien artean gure barride baigorriarra, Joanes Harizpe, bertze izenez Jean Isidore Harispe jenerala eta bere mutilak: Hirurehun euskaldun doike, jaka gorri.

          Maiatzeko hilaren bigarrenian
         errebolta izan dugu Madrileko hirian
         hiritikan kasatu nahi ginituzteian
         ederki tronpaturik bazauden ordian (orduan)

Bertze aldean, espainiarrak, Madrilgo herria eta hara nor, instigatzaile/zirikatzaile/provocateur bat, Damian, Erratzuko monagiloa. Bai, monagiloa eta Erratzukoa. Historia ezaguna da, Palacio Realetik soldadu frantsak Espainiako printzeak ateratzen ari zirenean Baionara eramateko, (eta hau da gure bertsionea) gure Damianek, hango inguruetan izaki, Madrilgo jendea axatu zuen frantsen kontra lehenik, beranduxago Puerta del Solen berak bere ondoan zituen bi lagunekin 




bakarrik, frants armadari kontra egin zion …
eta eguna akituko du jartzen Madril osoa frantsen eta Harizperen kontra.






Honetaraino erratzuarrak egin zuena.Egia izanen zen?


 Hala kontatzen du Jose Mª de Goizuetak bere nobelan Aventuras de Damián el Monaguillo” (1857).





Joanes Harizpe/Jean Isidore Harispe


Eta Harizpe? Damianek hasi zuena Palacio Realaren parean, Espainaiko gobernuko bi kideekin eta Moncey mariskalarekin, jende artean sartu eta errebolta baretu. Hori Harizpek egin zuen.






“Deux membres de la Junte gouvernementale se rendirent (aritu ziren) courageusement au milieu   ( erdian ) des combattants pour essayer de rétablir le calme. Leur  nobles efforts furent secondés par le maréchal Moncey et le général Harispe. Ces hommes généreux eurent la satisfaction de sauver ( salbatzea)  la vie à bien de victimes. Ils parvinrent  ( lortu zuten) à la fin à calmer la multitude et à faire (egin) cesser les hostilities”, hala kontatzen du Jourdan Mariskalak bere“Memoires Militares –ean”. Dena den, sarraskia galanta izan zen. 400 madrildar hilak eta berrehun afusilatuak. Frantsek,  91,  hilen eta kolpatuen artean. Harizperen bertsolariak hala dio:

      Bederatzi ehun ginen kasernatik partitu,
         bi plazetara ginutezten errepartitu,
         españolaren kontra armetan paratu,
         bistara jinak (etorriak) oro baikintuen garbitu.

Harizperen biografoak dio nola andre galant batek lore ontzi bat bota ziola eta ia hiltzen zuen. Harispek? Zapela kendu eta erreberentzia egin zion andreari, “… une belle Espagnole… saisit (hartu zuen) sur son balcon un pot de fleurs et le lui jeta a la tête (eta bota zion burura)… Harispe se contenta de saluer gracieusement…

Eta ez zen lore ontzi bakarra nahita hegan arazi izan zena. Hala dio bere tropako bertsolariak:

Madrileko emakumeak egin dute balentria
beren eltze eta pitxarrak aurtiki (bota) karrikarat
lur baxera egilendako hori ezta malur (sorte txarra) bat
aitzineko bien prezioan, saltzen dute orain bat.



1808.06.00              Nafarroa. Ekaina. Espainia aldean dena asaldatzen da, Nafarroan ere. Ekainaren 3an, Lizarrak bere boluntarioak konbokatzen ditu, 4an Tuterak konpainiak antolatzen, 6an Zangotzak arma nahi ditu. Hilabete honetan, Luzaideko apezak, Andres Galduroz, partida bat antolatzen du, eta Lizarra aldean, Eguaguirrek “Batallon de Escopeteros Voluntarios de Navarra” prestatuko du, 400 mutilekin. Denak frantsen kontra. Eta Baztanen? Elean.




Carlos VII Nafarroan, IV Espainian

Fernando II  Nafarroan, VII Espainian
Napoleon I
Jose I

        










1808.06.06                    Baiona/Lapurdi .                 Alta politica, Espainiako erregeak, Fernando VII, bere aitarengan abdikatzen du (irrigarria,  elkarren kontra makinatzen ari) eta Napoleonen “laguntzarekin”, honek, Carlos IV, Jose I-ari, Napoleonen anaiari, Espainiako koroa pasatuko dio. Dena legala. Eta Madrilen gure gezurrezko Damian erratzuarrak hasi zuena eta Harizpe  baigorriarrak baretzen saiatu zuena, gerra       bihurtu zen.





1808.06.07                   Batzar Nagusia. Gaineko mailetan, Espainian, Nafarroan, eguneroko bizimodua nahasia dago, Frantzestea, eta bada ez bada, Batzar Nagusiak Baztango herrietako “mezetak” debekatzen ditu. Zer ziren “mezetak”? Bestak (hainbertze meza nola baitziren Patronoen egunetan):





Bizkitartean espainiarrak antolatzen dira frantsen kontra. Ekainaren 15ean Zaragozako setioa hasiko da eta bi hilabete iraunen du: frantsek ez zuten hiria hartu.



Bailen guda
1808.07.19                    

Bailenen (Jaen) ,Baztandik 800 kilometrotara,  Castaños jeneral espainiarrak frantsei egurra ematen die. Honek ekarriko du frantsen erretirada partziala Penintsulako Iparralderat.
Bizkitartean, Baztanen, zer? Bere baitan.







1808.08.29    San Migel eguna. Auteskundeak Baztanen, alkate berria aukeratzeko helduko ziren hiru urteendako. Erabiltzen zen sistema ordu artio tradizionala:

a) Hirukote bat aurkezten zen, kasu honetan, Don Juan Ignacio de Borda y Echalar, Elbetekoa, Don Fermin Gamio, Iruritakoa eta Don Juan Pedro de Meoqui, Elizondokoa.




b) Lehena botoa emateko alkate jauna, Don Josef Manuel Yrigoyen, izan zen eta goitiko ordena berean : Borda, Gamio Meoqui. Segidan herri guzietako juraduak ( herri bakoitzak bana: 14) eta haien diputatuak (herri handiek: Erratzu /Arizkun/ Elizondo/ Irurita, launa eta ttipiek, bidana : 20 + 16).       Denek (50) alkatearen ordena jarraitu zuten Oronozek ezik. Hauek Gamio,Borda, Meoqui ordena aukeratu zuten. Hala ere, alkateak proposatu zuena atera zen.

c) Botaketaren ondoren, hiru izen horiek Iruñera, Biserregeari (Leopoldo de Gregorio y Paternó, Marqués de Vallesantoro) igorri zizkioten, berak (berorrek) aukera zezala nahi zuena. Eta berak nor aukeratu? Borda.


1808.10.05                    Elizondo. Baztango Batzar Nagusia.  Azaroan gara. Baztan bere baitan. Juan de Sarasibarrek, Gartzaingoa, ikazkina, ikatza egiteko Landatxetatik Zelaietaraino baimena eskatzen du. Udalak dio Santiago Elizaldek, Iruritakoa, eta Antonio de Urrutiak, Gartzaingoa , beha dezatela ia hori egokia baden.



1808.11.03                    Napoleon , in person, 200.000 soldaduekin Irunen barna Espainian sartzen da eta Madrileko bidea hartuko du. Hala ere hilabete berean, Azaroan, Nafarroako Diputazioak “Apellido” deitu 


nahi du, baino hogei egun beranduago (1808.11.27) nafarrak eta Espainiako armada Tuteraren parean frantsekin borrokan lotzen dira. Tuterako guda. Frantsek irabazi eta Nafarroa osoa haien eskuetan geldituko da. Dagoeneko gerra Nafarroan dago.






Napoleon Madrilen dago Eguberria pasatzeko eta enteratzen denean Austriak Ingalaterrarekin koalizoa sinatu duela, Penintsula utzi eta Europako iparralderat joko du.

Holaxen akitu zen Frantzestearen lehen urtea: 1808.

Baztanen biziak darrai: Tiro bat ere ez eta Erratzun,  40 sortuberri, 9 hil eta 8 ezkontza urte honetan.



Erratzu, neguan




Erabili dudan materiala  lantxo hau eta hurrengoak burutzeko:
* Baztango Udal Artxiboa: Kutxak 19,20, 181, 249 eta 274.
* Erratzuko herriko paperak.
* "Navarra en la Guerra de la Independencia" H. de Oloriz. Internetez
* "Espoz y Mina. El guerrillero/ El liberal" J.M.Iribarren
*"Memorias del Gral.D.Fco Espoz y Mina" Fco Espoz y Mina. Internetez
* "Campagnes, triomphes... et guerres ...des Français de 1792 à.." L.Moreau. Internetez
* "Campagnes de 1813 et de 1814" E.Lepene . Internetez
* "Financiación de la guerra de la Independencia..." Fco Miranda. Internetez
* "Le Marechal de France Comte Harispe" Gral.Derrecagaix. Internetez
* "A history of the Peninsular War" Ch.Oman. Internetez
* "History of the war in the Peninsula" W.Napier.Internetez
* "Frantzesteko bertsoak" Bilduma Antonio Zavala. Internetez
* Artikulu solteak, gehienak  interneten ikusiak.
* Foto gehienak, internetez
* Itzulpenak: nereak, libre eta laxoak!