domingo, 14 de abril de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 2. Kapitulua

2. Kapitulua :Gerra – Frontea.1793
Baztan eta bere inguruak : 1793
Denak prest gatazka hasteko. 1793.eko Martxoan gara, eguna hirua eta Alkateak, Juan Bautista Echeverria y Latadi, jakin du Belaun/Beladun/Beladon aldean soldadu frantsak (nazionalak) agertu direla, bi artalde ebatsi eta Aldudera ihes egin. Baita ere, Elizondoko plazan hiru nazional (soldadu frantsak) agertu zirela. Ezkila jo, baztandar armada elkartu, 600 mutil, eta gauez martxa ixilaz Belaungo lepora. Ailegatu zirenean topagunera, goizeko lauetan, jakin zuten artaldeak itzuliak zituztela frantsek (bederatzi ardi ezik) eta haien kapitan bat, Urrutia jauna, (Urrutia gehio agertuko da!) karta batekin hiru soldaduen buelta eskatzen. Bi egun beranduago bida itzuli ziren, bertzea desertorea. Zertaz ziren Elizondon? Dibertitzera eta trago bat hartzera. Hori bai, ez ziren bueltatu frantsek hondatu zituzten bederatzi ardi pagatu artio.
Hamar egun beranduago enteratu dira gerra hasi dela. Orduko komunikazioak holakoak ziren: ofizialki Martxoaren 7an Frantsek gerra deklaratu zuten; Baionan 17an jakin zuten eta Espainiak 22an bere partez gauza bera egin zuen.
Hemen Baztango geografia pixka bat. Non zanpatuko dira gure protagonistak? Leku aunitzetan , baina guk bakarrik Baztango aldean gertatu zena kontatuko dugu. Erran dugunez, Amaiur ez zagoen Baztanen barnean orduan eta Otsondo eta bere inguruak zaintzea haien afera zen. Baztandarrek Baztango lepoetan borrokatuko zuten : Berderiz izanen da inportantena, gero Izpegi eta ondoren haien inguruetan diren lepoak : Arieta/Harrieta, Buztanzelai, Elorrieta (Elorta), Istauz, Bagazelai, Belaun/Beladun, Azaldegi, Argintzu…



Baztango lepo batzu : gerra honetako "topaguneak


 1793.Apirilaren hasieran, baigorriarrak hasi ziren iseka, trufaka, baztandarrei burla egiten. Arraioak! Gerra ideologika ere baita!
L'Ärbre de la Liberté

Zer, nola? Izpegiko lepoan Libertateko Arbola plantatzen! Horraino jasan behar! Arbola bat eta adarretan zapel errepublikano bat, Conventioneko eskarapelarekin, gorri, xuri eta azula. Eta adar batetik dilinden, karta bat, erregea, burua moztua. Horraino jasan behar gure monarkiko baztandarrek, burugabeko errege bat, bai zera!






Regimiento de Burgoseko bi konpainia, Baztango 1.(erratzuarrak), 2. (arizkundarrak) eta 5.eko erdia erasora! Izpegi hartu eta arbola errekara.

Ziriborroa : Libertateko Arbola eta bere karta

1793.Apirilak 20. Izpegi frantsen eskuetan dago. 50 Chasseurs Basques zaintzen. Espainiarrek , 1.500eko multzoa, eraso, Izpegi hartu eta gotortu: trintxera gorrak eraiki eta lepoko alde bateko kaskoa (eskuin, ezker ? ) fortina bihurtu. Ehun soldadu gelditzen dira pasabidea eta trintxerak zaintzeko.
Erdian Izpegi. Arrizorrotz(Tuturru) eta Elorta eskuinaldean.
1793.Apirilak 26. Hala ere etsaiak ez dira geldi geratzen. Dordogneko Boluntarioak eta 20 baigorriar erasoan. Baigorriarrak  kaskoa eskalatzen, espainiarrak iziarazi eta Izpegiko lepoa frantsen eskuetan berriz.
1793.Apirilak 29. Hau izan zitekeen egun arrunta gure borrokalariendako. Eguna argitzen denean Argibel aldean, 6.Kpnia (Kpt. Mayora) 3.Kpnia (Ten. Archeberroa eta Su-ten. Echandi) Belaun aldetik etortzen diren 100 frantsekin tiroketa batean lotzen dira. Basagar aldean 4. eta 5.Kpnia (buruzagiak Dolagaray eta Barberena) “descubierta” egiten dute (paseo militarra) Berderiz aldera, han frantsek lepoa gotortu eta 400 soldaduekin defenditu, tiroketan lotu. Bizkitartean Alkate jaunak 400 baztandarrekin Argintzu aldera eta han frantsak (aldudarrak?) mendian zebilen azienda ebasten, behorrak kasu honetan.          A la carga ! “ Nola erranen zuten Baztandarrek ”A la carga !” ? Bon, frantsek behorrak utzi eta espakatu!.                                                                           Gauean Alkatearen espiek abisua pasatzen diote 2.000 errepublikano prest direla Erratzu eskuratzeko biharemunean. Ezkila jo, 1. , 2. eta 5.eko konpainia erdia gehi Regimiento de Burgos, prest Erratzun. Biztartean bertze Baztango konpainia  guziak Elizondon adi eta erne. Falsa Alarma. Denak etxera.
Gerra honetako bitxikeri bat: egon dira goiz guzia tiroka eta ez da inor hil. Orduko fusilak hurbildik bakarrik ziren hilgarriak; pixkat urrunagora , ± 40 metrotara, ez zuten asmatzen!         Baino ez beti.
Argibel
1793.Maiatzak 9. Baztandarren artean lehen hila, 4. konpainiakoa, (Almandoz/Oronoz/Elbete), Tomas de Argain, Argibel ondoan.
Oharra: Paperetan beti Berderiz agertzen da, frantsek Berdaritz diote, baino benetan ondoko muinoak, Elokadi, dira. Gaur egun orduko hondarrak han ikusten ahal dira.
Berderiz/Berdaritz Aldudetik Elizondora eramaten duen bide egokiena eta azkarrena da. Orduko denboretan orgak (edo lerak?) pasatzen ahal ziren eta gerra honetan puntu estrategikoa izanen da :  Berderizko jabeak kontrolpean zituen Aldudeak baita Baztan erdia ere.
Berderiz/Berdaritz
1793.Maiatzak 18. Eguna argitzean 1.800 soldadu espainiar prest dira Berderiz eskuratzeko. Parean eta kontra egiten, bi konpainia (± 200) eta Chasseurs Basque batzuk: frantsek gibelerat, trintxeretan babestu eta iraun. Tiroketan lotuak frantsen errefortzuak, 1er Bataillon des Basses-Pyrenees, ailegatu artio eta espainiarrak lekutu behar.

1793.Maiatzak 20. Goizean, Berderiz aldean lainoa. Basagarretik  2. konpainiakoak (arizkundarrak)   beren su-tenientearekin Juan Martin Echenique, ohiko paseo militarra Berdiza. Laino itsua. Isiltasuna. Hurbiltzen dira frantsen trintxeretara eta deus. Han ez dago inor. Aitzina jarraitzen, malda behitira, Aldudeko herriraino, ordu erdiz, eta herriko lehenbiziko etxeetan galdegin. Aitzineko gauan, Convention-eko armadak Aldudeak utzi ditu. Alduides por España!.”  edo holako zerbait sinatu zuten aldudarrek. Espainiar Imperium-eko azken konkista.

Aldudeak
Inbaditu ondoren, hau da, biharemunean, Maiatzak 21,  Capitan Jeneral Ventura Carok Auritzetik karta igortzen dio gure alkate jaunari erraten Aldudarrak kexu direla zeren baztandarrek 400 ardi , 10 behi eta 2 behor ebatsi baitizkiete Conventioneko soldaduak Aldudeak utzi ondoren.  Gure alkatearen erantzuna (gizon zintzoa ala zozoa?) : Baztandarrek hartu ditugun azienda 1.555 ardi, 221 bildots, 19 ahuntz, 36 behi, 9 aratze, 5 mando, zaldi bat, 5 behor, pottoko bat, 5 zerriaharkala, eta 17 zerrikume izan dela, udaleko eskribanoa lekukoa.
Afera gehiago nahasteko, hasiak ziren Aldudeko azienda “bahitzen” egun bat lehenago, 19an! Argudioa, aitzineko hilabeteetan Aldudarrek Baztango azienda ebasten ibiliak zirelakoz . Ez dute argitzen zenbat itzuli zuten baino ematen du momentuz kitto gelditu zirela.

1793.Ekainak 4 . Gerra honetan taktika tipikoa: egun eta ordu berean leku aunitzetarik eraso egin etsaiaren tropak bakantzeko eta orduan toki hautatuan, kolpe bortitza jo. Espainiarren helburua Château Pignon/Castelpiñon zen. Gaztelu honek Donibane Garazitik Orreagara bortuen barna joaten den bidea (eta gaur egun Done Jakue Bidea dena) zaintzen zuen. Gaztelua zuenak, Donibane eskura zuen. Xake partida dirudi. Erasoak Baigorriren kontra itxura hartzen du. Arrola Harria , Baigorri eta Luzaide artean dagoen mendixka erasotzen, aldi berean Aldudetik Bankako Labeak eta meatzak/minak erretzera joan eta Istauz eta Arrigorri aldean, Banka gainean, tropen alardea. Denek gloria edo besta puska bat lortu eta baztandarrek haien bestondoa. Arrola Harrian hiru aldiz saiatu ziren 3.000 espainiar eta ja. Parean Harispe eta bere Eskualdun Xasurrak zituzten. Hondarrean espainiarrak lekutu behar, 500 lagun utziak: presoak defendatzaileak baino gehiago ziren!!! (Bon, hala diote frantsek, naski).
Bankako La Fonderie de La Tour
Bizkitartean , Juan Gil Teniente Jenerala Aldudetik Bankara ailegatu eta hango lantegiari “La Fonderie de La Tour” (300 langile baino gehiago izan omen zituen denboretan), sua eman zion.












Eta hemen gure historia nahasten da.Non dira baztandarrak?
Armada hornitzeko soldaduek zamak garraiatzeko edo eramateko behar zuten abereak, zamariak, Baztanek paratu behar zituen baita zamariak gobernatzeko zamaldunak  ere . Erdaraz “bagages” diete. Banka atakatzen ari direnean, zamariek muniziona eramaten zuten eta hemen hiru bertsio:

Zamariak
Lehena – Zamaldun baztandarrek ohartzen dira (Bankan daude) Kondesaren aroztegian baino aitzinxago “, Baigorrirat xuxen gaten ari direla eta eskoltaren ofizialari (Teniente Diego) abisatu, salduak “zirelakoz . Honek, ofizial espainiarrak, nonbait nahastua “bortxaz aitzinat segitzeko agindu zien zeren uste baitzuen aitzinean tropa espainiarrak zituztela, frantsen eskuetan erortzeko.
Bigarrena – Eskoltaren ofizial espainiarrak dio andre (espia falsa) bat agertu zela eta engainatu zituela erraten bide bat erakutsiko ziela handik ateratzeko, frantsen eskuetan erortzeko.
Hirugarrena – Frantsek diote, Baigorriko herria, hau da, zaharrak, andreak eta haurrak, denak batera enteratu zirelarik espainiarrak Banka erretzen ari zirela eta haiengana zihoaztela, zituzten armekin, ihintzeko eskopetak eta segak, batera atera zirela, espainiarrak, baztandarrak barne, inguratu eta garaitu. Baita ere hartu zuten gure jendea garraiatzen ari zen muniziona, Arrola aldera, Harisperendako gan zuten. Konklusionez, Baztani borrokaldi honetan 23 zamari eta 13 zamaldun bahitu zizkiotela: 12 preso eta bat hila. Badakigu presoen izenak:
Jabeak:
Lekaroz       Jayme de Larrechea           Etxea: Larretxea                                                       
Lekaroz       Juan Bautista Barreneche               Xaarrea                  
Lekaroz       Juan de Plaza                                  Bordegia
Lekaroz       Juan J. de Elizalde                         Etxeberria 
Lekaroz       Josef de Yrungaray                        Ugaldea 
Arraioz       Juan Fco. Yturralde                        Mikeleberroa
Maizterrak:
Lekaroz     Juan Fermin Urdaniz                     Istilartea
Lekaroz     Juan Miguel Mortalena                  Berekotxea
Elizondo    Francisco Elizondo                         Margaritarena
Elizondo    Antonio Goñi                                  Arretxeberronea
Gartzain   Juan Bautista Michelena                Oihar
Elbete       Ramon de Elorga                             Gazteluzarrea
Baita hilarena ere , baztandarren artean bigarrena : Isidro Aldalurra, Agerrea bere etxea, Zuastoien  eta Azpilkuetan ehortzirik.
Afera honekin Baztango Etxeak hasi zen kontentzioso bat Espainiako Armadarekin. Alde batetik “presoen trukatzeta” lortzeko, Donibane Garaziko Commune-arekin harremanetan jartzen dira. Frantsek presoak Donibanera eramaten zituzten eta Espainiarrek Iruñera. Uztailerako gure zamaldunak etxean ziren baino bahitutako zamariak ez, eta hori kalte eta galera ederra zen zamaldunendako. Alkateak saiatuko da Armada Espainiarretik kobratu baina hurrengo urteko urtarrilean oraindik erreklamatzen ari dira: pagatzaile txarra Espainiako Armada. Baina hau dena bertze historia da. Jarrai dezagun gure kronikarekin.
1793.Ekainak 4. Eguna ez da akitu oraindik. Holaxen ginen: Espainiarrak (3.000 + Ventura Caro Jenerala) Orreagan barna Château Pignon gainean dira , haren gainera erortzeko, laino itsua, denak geldi, esperoan. Bizkitartean Juan Gil Jenerala Aldudetik Banka erretzen eta Baigorrira bulkatzen. Frantziako boluntarioak ( Harispe eta bere ihintzilariak) hor erdian dagoen muinoan, Arrolako Harria, defenditzen.Baztandarrak ( 500) Istauz eta Arrigorri aldean, Banka gainean                                        eta to !   Arrizorroz-etik  (hola deitzen diote paperetan Izpegiko eskuin aldera dagoen mendixkari, Tuturru, (Erratzutik ikusia, naski) frantsak malda behera Elorrietatik Erratzura xuxen. Baztandarrak kontra erasoa.  250 baztandar (haien buruak Gamio, Mayora, Aldecoa, Archeberroa, Santesteban, Larrechea – soldadu arrunten izenak ez dakizkigu). Bi orduko tiroketa.Inor hil. Bon, bertzeek, frantsek, sei omen. Erretirada.
Aldi berean , Erratzuko ezkerretik, Izpegirat begiratzen badugu, Mindurain aldean (gaur egun Mendduin, Meaka ondoan) erratzuarren konpainia (buruak Gaston, Yrigoyen, Dutari eta Landabere) Arieta aldetik (Harrieta diote bertze aldekoek) datozen frantsekin borrokan lotzen dira. Hiru ordu. Erratzuarrak gibelerat. Gizon bat galtzen dute, hura bakarrik aitzinatu zelakoz. Ixtent bat beranduago erratzuarrak berriz erasora eta Espainiako armadaren laguntzarekin lortu zuten frantsak gibelarazi.
1793.Ekainak 6. Otaba eguna eta frantsak Izpegiko jabeak. Hemen bi bertsione ditugu. Frantsek diote espainiarrek atakatu zutela Izpegi. Despistatzeko. Zertaz? Zeren benetako atakea Château Pignonen zegoen. Aitzin eguneko lainoa goititu zen eta Ventura Carok erasoa agindu zuen. Kosta baina garaipena totala, gaztelua, presoak, armak, azienda, dena espainiarrendako. Donibane Garazi ikaraka. Ventura Caro ate parean dute.
Château Pignon/ Castelpiñon : Orreaga eta Garaziren artean
Gure alkatearen  bertsionea arras diferentea. Eguerdian 3.000 frants, hiru zutabetan Erratzu atakatzen. Eskuinetik, hau da Elorrietatik, erditik, Izpegitik eta ezkerretik, Ubedotik. Parean Baztango 1. (erratzuarrak), 2. (arizkundarrak) eta 5.aren erdia (azpilkuetarrak)  konpainiak gehi Regimiento Provincial de Burgos.Lau ordu borrokan lotuak. Ezin jasan. Erretirada. Bakarrik ezkerraldean, Landabere 40 erratzuarrekin 300 frantsen kontra, lekua atxikitzen. Hiru ordu beranduago, gibelerat.


Rgmto. Africa.Fusilero

San Gregorio ondoan borrokatzen ari dira. ( Hemen argitu behar da San Gregorioren Ermita  Arginen Borda ondoan zagoela, ez Iñarbilen orain dagoen bezala.) Baina ordurako errefortzuak ailegatu: Granaderos de Castilla eta Batallon de Africa. Kontraerasoa eta frantsen erretirada. Naski, lehenago bordak erre eta azienda ebatsi.Teniente bat preso eta hilak, hiru .





Espainiarren artean, bi hil eta erratzuar bat, Tomas de Baquedano. Ilundu zuenean 1º Batallon de Navarra eta 600 baztandar ailegatu ziren Erratzura. Argi zuten. Ondorengo egunean, Izpegira.
1793.Ekainak 7. Goizean espainiarrak hiru zutabetan, eskuinetik Batallon de Africa  eta 1º de Navarra, erditik Provincial y Granaderos de Castilla eta ezkerretik,baztandarrak, 8 konpainia.  Izpegin ekea . Abandonaturik. Denda kanpainak hutsik eta kainonak ixilik.
Dirudienez frontea pixka bat baretu zela. Espainiarrek utziko zuten Château Pignon, hau funditu ondoren, Berderiz gotortu, “casa-fuerte ” bat eraikitzen, Elorrieta , Izpegi eta Buztanzelai trintxerekin azkartu eta Gartzabalen , Ubedo aldean , fortin bat eraikitzen. Alkateak beti izkribituko du Larzabal eta frantsek Mortal, zeren Mortaleneak ondoan saroi bat baitzuen.
Fortin honek  etxe (bizitegi edo barrakoia) bat zen, haren inguruan harresi bat (± 70 zentimetroko pareta eta ± 22 x 11 metroko errektangulo itxura) eta denaren inguruan fosoa eta kontrafosoa  zituen.Frantsek diote foso honek holako neurriak zituela: 6 oin  (± 2 metro) sakona/xotona, 12 oin zabala (± 3 metro) eta 14 oineko (±  4 metro) altuera. Arietako lepora begiratzen duen aldeak "moko" bat dauka. Gaur egun oraindik ikusten ahal da bere forma.


Fortina gaur egun, zerutik ikusia.



1793.Uztailak 1. Frantsak Izpegirekin tematurik. Dubouquet Jenerala eta Joanes Harizpe 400 gizon aukeratu ( 1er Bataillon des Basses-Pyrenees + Chasseurs Basques ) eta ohiko estrategiarekin, hiru punta. Parean 600 espainiarrak eta beren kainonak.Jende farfaila gure frantsak, hainbertze jende Izpegin! Harizpek  baionetaz, tiro bota gabe eta aintza eta ohore beretako. Izpegi hartu.Hau dena goizean baino eguerdirako 3.000 espainiar kontraerasoan. Frantsek erretiradan 4 ofizial, 81 granadero de Asturias preso, kainon bat, 4 obussier, 150 fusil daramate eta nola ezin zuten bertze kainon bat eraman, errekara bota zuten.
Kainon pedreroa.
Hala ere eguna ez zen hola akitu eta Baigorrira ailegatzekotan, 2. Bataillon des B-P gehi lehenengo troparekin, berriz igan Izpegira, ohiko sisteman, hiru punta, zakarrena, ezkerrekoa, Olate (Odolate?) baigorriarrendako. Lepoa hartu baina surprise ! Gibeleko oihanetan espainiarrak milaka! Frantsak berriz Baigorrira.
1793.Uztailak 2.  Hemen kronistak ez dira ados jartzen. Frantsek diote goizean berriz goitira eta Izpegi hartu dutela. Gure alkateak kontra: Izpegi espainiarren eskuetan dagoela. Ados dira eskuz aldatzen dela Izpegi eta ondoko pasabideak baina urteko azken hilabetetan, lepoak espainiarrenak dira.                                                   
Gerra hau ez da baretzen. Ez badira frantsak Luzaide edo Erratzuko bordak erretzen eta haien azienda ebasten, izanen dira baztandarrak Baigorriko bordak kizkaltzen. Frantsek Aldude erreko dute espainiarrak izateagatik, eta ahal dutenean Urdazubi eta Zugarramurdirekin  gauza bera. Lehenik Urdazubi, bere monasterioarekin, San Salbatore, eta gero Zugarramurdi. Honek hango jenderi behartuko dio Baztan aldera lekutzera. Lehenengo “exiliatuak”.

Urdazubi eta bere Monastegia:San Salbatore
Hemen bitxikeri bat. Maiatzaren 4an, Urdazubiko konpainiako kapitaina, Don Juan Nicolas de Michelena, 12 urdazubitarrekin Ainhoa/Añoara pasa eta Espainiako erregearendako Añoa konkistatu!



Baztandarrendako Baigorri deabrua da eta haren kontra super-razzia prestatuko dute Irailaren 30ean jotzeko. Aitzineko egunean, 29ean, konpainia baztandar guziak gehi 2º Batallon de Navarra gaueko hamabietan Erratzuko plazan baino… euria ari zuen eta nola. Erasoa bertze egun batendako.

Baigorri


1793.Urriak 11. Espainiarrak Elortatik eta Izpegitik Baigorriraino: hiru ordutan 60 borda erre. Holakoa zen gerra hura.








Negua ailegatzekotan baretu zen dena. Bon , den dena, ez.
1794.Eurikorrak 1. Data gaizki? Ez. Frantziako Convention-ek ez zuen gustuko hilabete tradizionalaren nomenklatura eta berea asmatu zuten : Brumaire, Germinal, Pluviôse..eta abar eta hauek euskaratu: Pluviôse Eurikor bihurtu zen. Eta hori Frantziatik kanpo? Urtarrilak 20. Kronistak hala dio :”Eurikorren lehenean…Lefranc nagusiak…Harizperi agintzen dio prestatzeko…Arietako lepoa behatzeko…carabinier konpainia batekin eta berak aukeratutako ihintzilariekin. Zimitorio zahar batean biltzen dira. Gaueko hamarrak dira (gau horretan beherapena hasia zen eta hilargiarekin ikusten ahal zen) soldaduak jakin gabe norat doazi…Arieta/Harrieta ( hala diote Baigorrin) aldera.


Arieta/Harrieta

Juxtu bortzehun urrats lepoa pasatu ondoren, indar bereko patruila espainiar batekin topatzen dira… eta hauek tiro deskarga bat egiten diete.    Gu eskualdunak… gure etsaiak oldartu, baioneta aitzinean eta haiei segika ibili… Mortal deitzen dioten borda batetik urrun ez dagoen fortinaraino. Ordurako Harizpek aski zela usten zuen… baino bere gizonek borrokan nahi zuten segi… hiru multzotan banatzen dira. “Baigorri” da jotzeko seinalea… ihintzilariak fosora ailegatu dira…”Baigorri” garraxia botatzen dute…fosoan sartuak batzuk bertzeen soinburuetan paratzen, lau metro eskaseko kontrafosoa eskalatzeko… hiru aldetatik atakatzen… etsaiak kasernan sartzen dira… eta bere bi ate ongi trankatuak… baino gure ihintzilariek bulkatzen dute barnean sartzeko…lehenek deskarga bat hartzen dute… jarraitzen dutenek kulata eta baionetekin atea defendatzen ari diren zazpi edo zortzi espainiar hiltzen dituzte… etsaiek grazia eskatzen dute eta ematen zaie… kaserna erre…eta 47 preso, 60 fusil hartu… baten bat eskapatzen da… guk ihintzilari bat hila dugu… jautsi ginen Urdoza…eta eguna argitzen ari zelarik…  Baigorrin ginen.”






Orduko mapa batean Gartzabalen
zagoen fortinak,
ikusten denez, fosoa, pareta/harresia eta 
etxe/bizitegia zituen.









Gorostapolo












Preso artean hiru erratzuar, Gorostapolokoak . Zein etxetakoak? Iturraldea, Etxeberria eta       Ma(r)iskoneakoak.









Ondorengo atala : 3.Kapitulua . Eta karrikan? Aiei aiei

No hay comentarios:

Publicar un comentario