viernes, 3 de mayo de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 6.Kapitulua

6.Kapitulua : Hondarra eta honddarrak .

1794.ko Uztaila akitua eta frente militarra Belateko mendietan eta baztandarrak Herri gabe, Baztan gabe (euskaldun erratuak?) egoera bortitza izan behar, mamuak bihurtuak. Urte batez (1794.aren Uztailatik 1795.aren Abuztu artio) baztandarrak bitan bananduak: edo destierroan Iruñerrian edo bertze aldean, Herrian, frantsen menpean.


Hau dena kontutan izanik, oinaze, negar, aiei-aiei eta mezeten artean, non zen gure jendea? Multzo bat, ttikia, zaharrak eta eriak, bertze aldean, Baztanen gelditu zen.
Eta destierrora edo ihesari jo zutenen artean bi multzo, bat ondoko haranetan ( Ultzama, Lantz … Anue) eta hondar multzoa, Iruñean eta bere inguruan (Burlata eta Atarrabia) . Suposatzekoa da aziendarekin joanak zirela lehen multzoan zirela baina batek daki.
Bada bertze multzo bat, gure mutilena. Baztandar gehi amaiurtar gazteak batailon bat antolatzeko, Lizason (Ultzama) biltzea eskatzen zaie; ezkongabeak eta 18 eta 45 urte tartekoak izan behar. Alkate jaunak Batallon de los Bascongados/Euskaldunen Batailona (orduan Bascongado-k euskalduna, euskaraz mintzatzen zena, erran nahi zuen) deituko dio, ofizialki, 3º Batallon de Voluntarios de Navarra.


Santo Hospital de Pamplona, gaur egun Museoa
Gure mutilak Lantzen, Belaten eta Odolagan (hau izena, Baztango sarreran) ziren akanpatuak. Eta hura hotza ! Aunitz eritu, aunitz hil: erratzuarrak, 8 bederen eta tiroz ez du ematen izan zela zeren  Iruñeko Ospitale Sainduan (Santo Hospital de Pamplona ) hil baitziren denak.




Eta gerra aitzina jarraiki. Frantsek Gipuzkoa aldera jo, Donostia hartu tirorik gabe, Deba ibairaino eta Urriaren 16.an Iruñearen aldera bortizki jo. Lantz, Ultzama eta ondoko haranak konkistatu eta Iruñearen parean plantatu, zeren leku horiek defenditu behar zituzten jeneralek, Mariscal de Campo Gaspar Paternó (Ultzaman)  eta Teniente General Don Francisco de Horcasitas (Lantzen) etsaia ikusi gabe, aski izan … zetozela jakitea, abandonatu baitzuten … eta beren armadekin erretiratu baitziren Iruñerat…”, hola dio gure kronistak. Mugimendu honek gure eskapatuen lehen multzoa bete betean harrapatu zuen eta etsaien eskuetan erori ziren, beren altzariekin eta aziendarekin, ihes ezina… eta nola arto zitua biltzeko denbora zenez… barride aunitz, jabeak eta maizterrak… itzuli ziren Herrira. Bertze arrazoi bortitza izan zen… frants gutti batzuk han zirela… eta ez zietela jendei… inolako bortxa egiten… baita ere… etxe hustuak… kaltetzen zituztela…” Eta hala dugu nola Baztandar multzo haundi bat etxera , bertze aldera, bueltatu zen.



Naski, arto guti geldituko zen landetan baina hobe beren etxeetan inon baino. Gainera , Azaroan ogia/garia erein behar, ondorengo urtean zerbait jan nahi bazuten.




1794.Azaroaren 24an, frantsak saiatuko dira Iruñearen kontra: gure Batallon de (Bascongados) Voluntarios de Navarra nabaria defentsan. Egia erran, bakarrik Baztango paperetan eta Libro de Defunciones”-en agertzen da batailon hau; sinetsi beharko dugu zinez izan zela! Bon, izan izan zen baino ekintza guttikoa.


Eta halako batean, frantsak desagertzen dira Iruñeko aldetik. Baztan-Bidasoa-Gipuzkoako aldera erretiratzen dira negua pasatzera “ Maiatzean itzuliko direla Iruñea konkistatzera” erran ondoren . Haiekin ere , erran dugun izurriteak  gure zokoetan negua pasa zuen . Gerra hau baretuko da hiru hilabetez. Negua akitua, izurritea ere.
1795     1795     1795     1795

1795. Neguan ez da inor mugitu baino  udaberriarekin  erranairuak dioenez San Markos  (apirilak 25) astea, artoa eriteko astea, aitzinekoa baño ondokoa hobea ”, baztandarren bertze multzo bat Herrira, bertze aldera,  itzuliko da, artoa ereitera eta etxean gelditzeko, naski baietz. Lehenxago hasiak ziren etxeratzen, Martxoan, baino militarrei ez zitzaien gustatu eta mugimendua oztopatu nahi izan zuten. Beharrik Nafarroko Erresuma alde zagoela en favor de la permision… fieles infelices vasallos… gosearen eta miseriaren biktimak… origen del contagio” eta utzi zieten  etxera itzultzea.
Eta bizkitartean, zer? Gure kronistaren arabera, betikoa: aldudarrak eta baigorriarrak azienda bahitzen, bon, ebasten beren probetxurako . Eta hemen ohartxo penagarri bat: Aldudeko mutilak Voluntarios de Alduides”-en konpainian ziren frantsen kontra borrokatzen!
Iruñeko eta bere inguruko multzoa gelditzen zaigu. Gure kronista hemen dago. Alkate Jauna, ere. Seguruan.  



Talde honetan apezak sartuko ditugu. Frantziako Iraultza ez zituen apezak ongi tratatu eta bildurrez eta zertaz ez, solidarioak, beren feligresekin eskapatu ziren, baino Iruñera ailegatu bezain fite Apezpikuak ez zien utzi meza ematea ezta konfesionean aditzea. Are gehiago, prozesu bat antolatu zuen jakiteko zertaz ez ziren beren parrokietan gelditu. “Baztango apezak preso eraman dituztela  zurrumurrua hedatu zen Iruñean. Gezurra. Apezpikuaren “Gobernadoreak” Seminarioan eta komentuetan egotea agindu zien baina gure apezek altxatu ziren lagunen etxeetan eta ez zituzten harrapatu. Azkenean nolabait afera zuritu zen baino Arizkungo eta Erratzuko Elizako liburuak (Libros de Nacimientos/Matrimonios/Defunciones) mutuak geratu ziren baztandarren ihesaren egunetarik.   

Iruñeko harresiak
Eta zer gertatu zen ondorengo udan? Gure emigranteak ikusten ari dira nola Iruñea gotortzen ari direla, frantsen beldur.




Eta dena zurrumurruak : frantsak guti omen zirela, espainiarren erdia… janari eta bertze gauzez omen exkax baino gure aldetik ez da ikusi holako ez-egite irrigarria… ahalketzeko modukoa nolako kalteak jasan dute lurralde konkistatuak… eta oiloen fama/la nota de collones (grazia hitz horiek, erdaraz nota=fama eta collones=oiloak/bildurtiak) espainiarrei lotu digutena…”                 
Dena gezurra, Nafarroako Hiru Estatuek (ez da ahaztu behar aparteko Erresuma zela) Biserrei berriari, Principe de Castelfranco-ri, eskatzen diotela frantsei eraso egin diezala, galdu den Nafarroaren puska berreskuratzeko eta denek ikusten dute, Uztailaren 6an, nola Espainiako armada frantsak ikusi gabe Iruñera erretiratzen dela, nola Gipuzkoa abandonatzen dute, gero Bizkaia eta Araba eta hemen erranaldi iluna, misteriotsua : “…de que algun impulso oculto estaba mediando para abandonar dichos Reyno y Probincias / holako bultzada ezkutua ari zen tartean sartzen Erresuma eta Probintziak alde batera uzteko…” Nork nahi zituen Nafarroa eta Probintziak abandonatu?    Madrilek edo Nafarroak eta  Probintziek beren kasa? Edo inork ez ? 


Eta hortik ateratzeko,Apellido-ra deitu zuten, 15 eta 60 urte tarteko gizonak prest egon behar Nafarroa defenditzeko. Eguna : Abuztuaren 8an. Nafarroa osoa azkenean gerrara zihoazen. Eta hola da historia. Lau egun lehenago, lau, Herrian ziren baztandarrek kanoinen asotsa aditu zuten Donibane Garaziko aldetik eta gero Berderizko lepoan. Gerra akitua zegoen.  Basilean (Suitzan) bakea sinatua zuten Espainiak eta Frantziak  Uztailaren 22an , bai, data ongi dago, Baztanen 13 egun beranduago enteratu ziren eta Iruñean …

Eta bertze aldean? Frantsek urte bat eman zuten Baztanen. Nolakoa izan zen bere egonaldia? Informazio guti dugu. Inbasioaren hasieran Baztan pasabidea izan zen zeren alde batetik Conventioneko tropak Gipuzkoa aldera jo zuten eta bertze aldetik Iruñea aldera. Gure kronistak dio zertaz lehenbiziko “exiliatuak” itzuli diren ;frants guti bazirela eta ez zuten jendeari inongo bortxa egiten…”. Hala ere, hori uda akitu zenean izan zen zeren neguan, gerra baretu baitzen erran dugun bezala eta frantsak gure dermiotara etorri baitziren negua Baztan-Bidasoan pasatzera: 18 batailon (  18.000 soldadu) gehi Dibision bat Berderizen aldean.Soldaduz lepo.
Oro har, ez zen bat ere egoera idilikoa. Frantsak Baztanen sartu zirenean janari beharra zuten eta beren lehenbiziko erabakietarik bat garia eta artoa errekisatzea izan zen: 1.500 kintal gari/ogi eta 1.800 kintal arto. Galdera da kintala zenbat zen zeren  kintal “zaharra” 100 libera baita (1 libera = ½ kilo) eta kintal “berria” 100 kilo baita. Zenbatekoa zen Baztango urte arrunteko zitua? 8.000 kintal gari/ogi eta 15.000 kintal arto. Bosten (1/5)  baten inguruan errekisatu zuten. Dena den, frantsak sartu ziren momentuan zitua bildu gabe zagoen.
Gerra akitzekotan udaletxeak kalteen errolda eginen du eta honi esker bertze aldean gertatu izan zenaren ideia bat izaten ahal dugu .


Baztango apezen prokuradoreak, Vicente de la Torre, holako zerbait idatziko du “ Herria okupatu ondoren haien gorrotoa… implacable infernal odio… elizen kontra izan zen, sagrarioak hausten… zilarra ebasten… sainduen buruak mozten… plazetan herrestaka iduriak eramaten… errekera botatzen … elizak eta apezen etxeak hondatzen … elizak kartzelak, biltokiak/almazenak baita zalditeriarendako kasernak bihurtzen…  nekazarien etxeekin ez bezala, hauetan ez dituzte ez ebatsi, ez hautsi…  argi izan direla apezen eta haundikien kontra…
Kutsu politiko izugarria.
Baztango eliz guziak profanatuak izan ziren, hau da, beren “sainduek” jasan zituzten barrabaskeri guziak: moztuak, pusketuak, erre, botaiak, herrestaka karriken barna… baino haien egoera erabilpenari lotua zagoen.

Anizeko eliza
Konparazionez, Anizekoa kaserna izan zen. Bere zurezko gauza guziak (eskalerak, aldareak, ateak, bankuak, korua, erretabloak)  erre egin zituzten. Erratzukoa ez zuten erabili, sainduak “ukituak” bakarrik, eta zilarra naski ebatsi. Holaxen izan zen , jeneralean, bertze elizetan. Berroetakoa kartzela izan zen. Zura guzia egurra bihurtu. Zigakoa kartzela, zura egurra.

Elizondokoa kartzela eta zalditegia. Elbeteko apezaren etxea, zalditeriaren kaserna. Arizkungoa, biltokia eta larraina. Lekarozekoa kaserna, biltokia eta larraina.
Bordak noiz erre zituzten, suposatzekoa da gerrako lehenengo partean (Apirila 1793 – Uztaila 1794) izanen zirela baina etxeak, bai, Asanbleistak, Conventionekoak sartu ondoren, eta hemen intentzio politiko batekin: Baztango “nobleziaren ” kontra.

Iriartea.Erratzu
Kasu bitxia. Erratzuko “Iriartea ”, utzia izan arren, ez zuten ukitu. Baigorriarrekin harremanak izan zituztelakoz? Familia (Gaston de Iriarte) liberala (frantsestuak) zelakoz?



Etxeberria.Irurita

Haren koinatarena, gure alkate jaunarena, Juan Bautista Echeverria, Iruritan dagoena,  “garbitua”: leihoak, ateak, armairuak, solairuak, burdinazko gauza guziak, etxeko ateka, denak desagertuak, pareta hutsak . Bitxikeria biribiltzeko, etxe biak antzekoak dira, jauregi dorredunak eta diseinadore berarekin: Pedro Jose Gaston de Iriarte, erratzuarra.


Datuak ez ditugu baina ,doike , gure oihanek ere kalte haundia sufritu zuten hiru urte hauetan hainbertze jende “berotzeko”.
Datuak ere faltatzen zaizkigu jakiteko nolako antolakuntza zuten baztandarrek Baztanen. Nork zuen agintea?”Commissaire”-ren batek?


Baina hau guzi hau zozokeri galanta. Heriotza. Heriotza Baztanen adixkide gorra izan baitzen Baztanek deus ikusi ez behar zuen gerra honetan : Gure kronista baztandarrak kontatzen du nola ihes egin bezain fite, jendea hasi zela eritzen, izialduraz, nekeaz, umoren iraultzaz/rebolucion de humores ” eta bertze lanetaz, eta txarrena, gehienak hiltzen egiten ziren (dena den, harrigarria ez zela konturatu urte bat zeramala jendea hiltzen). Honetaz, gure kronista 1794.eko udan ohartu zen eta 1795.eko apirilaren oraindik jendea hiltzen ari zen: “… jendearen herenaren eta erdiaren tartea falta da/ faltan mas que una tercera parte y cerca de la mitad de la gente…”  Egia da etxe haundikoak ez direla hilen zerrendetan agertzen , horrek erran nahi du pobreek ( maizterrek?)  bazeuzkaten arazoak eta aferak elikatzeko, jateko eta babesteko, ohatzerik gabe, aterpe edo legorra deserosoak eta hondar neguko mospelak eta hotz haundiak jasaten. Zenbat hil ziren?


Momentuko erroldek diote 1786.ean Baztanek 8.876 biztanle zituela eta hamar urte beranduago, juxtu gerra urte bat akitu ondoren, 5.627, % 36 gutiago , hau da  3.249 biztanle desagertuak. Argi dago baten batek bertze leku batera lekutuko zela bizitzera, baino erranik gabe doa, lehenago adierazi dugun bezala, tiroz, hau da, bortxaz ez zirela hil. Gure jendea eritasunez (eta gosez ) hil zen, lehenik, bederen Baztangoizako kasuan, Espainiako armadak ekarri zuen izurriteaz (disenteria ? ), gero egoera kaxkarrarengatik ihes egin behar zutelarik eta 1794.eko neguan, Frantziako armadak ekarria zuen izurriteaz, tifus exantematikoaz eta hil zirenak, aunitz, zinez, sobera izan zirela.

Tiers = Herena = 1/3
Egia da , Frantziako armadari, haietxek errana, negu horretan tifusengatik 30.000 soldadu hil zitzaien, Gipuzkoa-Bidasoa-Baztan aldean, hiru  hilabetetan ! Frantsek diote negua eta gaizki jatea izan zirela sorburuak. Baina hori baztandarrendako ez da kontsolamentua.

Poeta edo bertsolaria izan behar Baztango trajedia honi behar zaizkion eta merexi dituen  “letra eta soinua”  emateko. Eta ni, ez bata ez bertzea.
Gerra akitu, herrira apezak itzuli, kasu honetan Erratzura, eta liburuak (Nacimientos eta Matrimonios) edeki. 1795aren akabaila: 101 bataio, bai, 101. Bon, gehienak ,  70, Baigorri, Banka, Orzaize, Bidarrai, Bustintze…, bertzeak baztandarrak, Erratzu, Arizkun, Azpilkueta … 

Erratzuko eliza

Eta ezkontzak? 92, bai 92 (eztai?). Naski, jende beroa bertze aldekoak: Zein herritakoak ? Isturitze, Makaia, Irisarri, Iholdi, Irulegi, Mendibe, Behorlegi, Heleta, Banka, Zaro, Bidarrai, Baigorri, Orzaize, Aldude, Azparren, Garazi... Ikusten denez mundua ez zen gelditu, eta gaur artio.


Eta historia hau guzi hau ikusi ondoren, nire ustez ustelean hortaz Urte Berriko Egunean holaxen kantatzen dute Baztango haurrek :


Urte Berri berri                                                 
zer dakarzu berri?              
    Uraren gainean
 BAKEA eta OSASUNA



·        Zuzenketak eta azalpenak onartzen dira !!!!


                              

viernes, 26 de abril de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 5.Kapitulua

5. Kapitulua . Ihesa

Belateko gainak  ingeles batek irudikatuak
Eta Herria? Iges/ihes/eskapatu, exodoa. Milaka, Belaten barna hegoaldera, Ultzamara, Iruñera. Zazpi mila baztandar, ahal zutenarekin, azienda, zamariak, altzariak ere. Kasu batzuetan “bidesaria/peaje/toll ” pagatzen.


Gure kronista

Frantsek diote ia tirorik gabe lortu zutela Baztan eskuratzea. “Le Combat de la vallée de Bastan ”. Eta horretaz harro zeudenez, beren Pariseko  Arc de Triomphe-n, “Le Bastan” izena jarri zuten trofeoa edo saria bezala munduak, hau da Frantziak eta Nafarroak, jakin zezala eta dezala nola bere Armada Iraultzaileak espantu gutirekin aski izan zituela  bortz ordu Espainiako, Nafarroako eta Baztango armadak kasatzeko eta ia Baztan guzia okupatzeko.


Paris.L'Arc de Triomphe. Pilier Ouest/Mendebaldeko Zutabea 

Alkatea enteratzen denean Erratzu eta Amaiur bakarrik konkistatu nahi zutela… eta gainera frantsak Iruritan eta espainiarrak Almandozen  zazpi egunez… deus egin gabe!


Zer pasa da hau gertatzeko? Bakoitzak bere eskusak ditu. Gure alkateak , errua edo hobena militarrendako dela. Hauek ez zuten jakin Berderiz kontrolpean izan, eta txarragoa, leku hau galdu izan arren, ez zuten deus egin berreskuratzeko. Alkatearendako Bidasoa osoa frantsen eskuetan erortzea Berderizen jokatu zen. Berak dionez “argitasunari argia eskatzea bezala zen ”: Berderiz, Baztan galtzea, frontearen arkuaren giltza  galtzea zen. Jakinaren gainean eta bildurraren azpian ziren Baztangoiza inbadituko zutela eta aitzineko egunetan erratzuarrek, arizkundarrek, Baztangoizakoek… eta militarrek beren ondasuna saiatu zuten Irurita aldera eramaten bada ez bada. Eta hola izan zen halabeharra.
Emazteak ikaran senarrak bilatzen
gizonak emaztea orori galdatzen
"Zer egin zare, ama? Non da ene aita?"
horra urrikagarri den haur gaixoen pleinta (kexa).
(Sarako iheslarien kanta)
Mindua dago gure gizona, ikustean bere Herria, Baztan, “6.000 edo 7.000 ”, Belate aldera mugitzen, ikustekoa izan behar zen, beren zamariekin, fardelak soinean, ilara luzeak, ttuku ttuku zaharrak, ttipi-ttapa haurrak, erratzuarrak ia gauez, arizkundarrak eguna argitzean, Amaiurkoak lasterkan, gibelean zitua uzten, beren urteko janaria, Azpilkuetakoak, Elizondokoak, Elbetekoak, gartzaindarrak gero, Iruritakoak haietaz burla nola egin zieten ikusten… gero Lekaroz, Arraioz, Oronoz ,denak segidoan, haiekin Baztango Basaburuakoak, norat gan? Ondoko haranetara, Lantz, Ultzama, Egues, Iruñea aldera…

Erratzuarren ( betiko)  pausalekuak







Hola erakusten du Erratzuko “Libro de Defunciones ”-ek non utzi zituzten beren hezurrak erratzuarrek : Lantz, Iraizoz, Berrioplano, Sorauren… Etxauri, Burlata, Atarrabia aldean eta batez ere Iruñean.


















Eta nolako harrera izan zuten gure iheslariek, gure “emigrés ”? Ahalkemangarria: traidoreak, espiak, kolaborazionistak ginela baztandarrak, Armada frantsaren aitzinean, buruan ibiliak zirela, kausa komuna frantsekin egiten: bon, infiltratu frantsak zirela!  Bazkariarekin baztandarrei pozoina edo artsenikoa eman behar zitzaiela… leku batzuetan ezta ordaindua ere ez zieten aterpea ematen. Bertzetan, sobera pagatu behar, ez bakarrik ostatua, eramaten zuten aziendarendako behar zituzten bazkalekuaren belarrak ere. Eta ospe, fama eta nota hori, nondik? Militarrek hedatua: ”con el malicioso fin de encubrir su cobardia/ beren oilokeria estaltzeko helburu txarrarekin ”. Famatua izan zen Teruelen, Alcañizko kalonje-apezak , Don Juaquin Regales,  Abuztuaren 31ean bota zuen sermoia eta ondoren inprimitua izan zena : “… (frantsek) eskaini zieten (baztandarrei) beren etxeetan geratzea… que podrían holgar bajo  su higuera/ goxo ta bero biziko zirela…  baina …. gazteak eraman dituzte (Europako) iparraldera, borrokatzera gure aliatu alemaniarren  kontra … eta zaharrek eta andreek biltzen dute ogia/garia… Frantziara garraiatzeko… engainatuak izan ziren… eta orain nigar ustela egiten dute… eta libertate eta independentzia hori hainbertze uihukatzen dutena, kimera bat da … gaizoak harrapatzeko”.


Eskualdun Xasurra.Lapurdikoa
Eta hemen bitxikeria, arroparena, zeren “ Y como El Exercito… de baigorrianos y de otros pueblos del Pais Bascongado de la Baja Navarra y de la Provincia de Labort… vienen vestidos con el traje regular…(con) similitud del vestuario de los Baztaneses, levantaron falsedad…/ Eta nola Armadako…baigorriarrek eta Euskal Herriko bertze herrietakoek, Nafarroa Behera eta Lapurdiko probintziakoek… jauzten duten  arropa arrunta… baztandarren arroparen antzekoa da, hasi ziren faltsuki erraten…”  baztandarrek frantsen alde borrokatu zutela.




Eta frantsek? Zer diote gauza hauendako guziendako? Lehenik beren buruak zuritzeko, aitzineko egunean, haien “commisaires ”-ek leitu dietena: Proklama  batez inbitatzen dute jendeari etxean gera daiela eta prometitzen dute armak ez dituztenei babesa eta protekzionea, eta gaineratzen dute beren soldaduren batek arpilatzen, ebasten edo zerbait erretzen balu, hori bai, beren nagusien baimenik gabe, “punis de mort/heriotz zigorra ”. Eta zerbait makur zaharren, andreen eta batez ere haurren kontra egiten duenari, “punis de mort/heriotz zigorra ”.



Eta zertaz hain errexa Baztan konkistatzea? 

Bata, “la plus profonde terreur / izitasun bortitzena”, kuraiaren falta, beldur ikaragarria, lehen deskargan denak, herriko miliziak, lasterkan, ziztuz. Eta gaineratzen dute , hau izan zela propagandarengatik, zeren jendeak bakarrik astakeriak aditzen zituzten (gillotina denendako, herriak erre – Urdazubi/ Zugarramurdi / Luzaide…) eta naski, soldadu aunitz zatoztelakoz.
Bida, Armada espainiarraren “faute de moeurs/ moralitate falta ” : Omen, espainiarren kanpamentuak betea ziren “de femmes impudiques/andre lizunez… soldaduak eta batez ere , ofizialak entretenitzen zituztenak…” Moralista jarri zaigu gure kronista frantsa, hala ere gure Alkateak holako zerbait kontatua zuen.


Eta hirugarrena, gainera, frantsen arabera, Espainiako armadan ez zegoen benetako diziplinarik, morroiak baizik. Eta hiru gauza hauek kontutan izanik, garaipen erreza.

Dena den, poeta da gure  kronista frantsa(le Citoyen B*) :


Hau koadro delizios Baztango Haranarena, agertu zena gure begien aitzinean sartu ginen egunean: Gu, jautsiak mendi basa haietarik , uste genuen eramanak ginela lurralde sorgindu batera… lurralde emankorra… non etxeek irudi zuten zoriontasunaren aterpea… Egia zen… herri hauek… ia hutsik zirela… Dena den… gure bihotzetan sentimendu goxoak.”

Dena den, frantsek guziek ez zuten gisa berean sentitzen. Nor izanen zen hau kantatu zuena ?
                                  Gerlara etorri ginean
                                  gure bizien perillean
                                  gure agintariak frantsez:
                                  "Allons, chasseurs, avancez !"
                                 Guk eskuaraz erantzutea :
                                "Diabriak eraman bazintzez !"

Bon, bueno, bitartean gure baztandarrak ihesian. Nola izan zen ihesaldi hau? Almandozen utzia genuen gure Alkate jauna.Beha.
1794.Uztailak 25. Santiago eguna, batailaren ondorengo eguna. Almandozen ziren tropa espainiarrak Baztan utzi eta Lantz aldera doazi. 2º Batallon de Voluntarios de Navarra gure Alkatearekin, Almandozen bakarrik.

Almandoz
Uztailak 26. Almandoz. Goizeko zortziak. Alkateak eskribitzen du nola oñik baztandarrak ari direla Herria uzten, beren  gauzak eramaten, soingainean, zeren “tropa espainiarrek” bahitu dizkiete haien zamariak. Espektakulo ziragarria, barneak urratzeko modukoa. Eta egoera miserable honen erdian (ene ustez ustelean) gure Alkatea goresten duen gauza batek: zer arduratzen zaio gure gizonari? Geroa / la posteridad : Baztango artxiboa salba dezagun! (bon, hau ez zuen erran baino guti falta zitzaion). “Dokumentuak, gure merituak goresten dituztenak… gure bereizitasuna, errege gloriosoek eman zizkigutenak…” Faborez,urrikal zaitezte “ruego, pido y suplico a Vs I. como Padre y Protector ”. Eta nor da Aita Babesle hori? Nafarroako Erresuma. Eta honek, baietz. Beharrik, zeren Espainiako Armadari eskaera bera, eta honek , sorrarena.

Alkatearen Memoriak. Hasiera


Uztailak 28. Almandoz. Hasi dira Artxiboa garraiatzen, Iruñera, D.Juan Luis de Jauregiren etxera.
Uztailak 29.Almadoz. Atsaldeko lau t’erdietan. Alkateak Nafarroako Erresumari: Hau anarkia ahalkemangarria! Alde batetik eskatu zituen tropak (armada espainiarra) ez dira agertu frantsak Iruritan mantentzeko eta gainera handik dabilen tropek, nafar soldaduek baita baztandarrek ere, ez diote inori kasu egiten eta ebastera eta arpilatzera lotu dira, etxeetan sartzen, dena barraiatzen, gauzak hausten, puskatzen eta urratzen. “Utzi izan nahi dut/he pensado en retirarme…” artxibo guzia Almandoztik (?) atera ondoren. Ezin du jasan ikusten ari dena. Ez da autoritaterik eta bakoitzak nahi duena egiten ari da. Baigorriarrek (iparraldeko euskaldunak) omen, Baztanen sartu zirenean halaxen uihukatzen zuten :

                                          Baigorri,
                               hil edo bizi
                              eta ORO SORI

Ematen du hegoaldeko euskaldunek azkena hau ongi eta ontsa ikasi zutela : ORO SORI, gure mintzairan, DENA ZIL (zilegi), hau da, ZERNAHIK BALIO DU.

Baztango "mercadillo"-a.
Zinez, ez zen izan momentu gloriosoa. Zertaz? Ufa!.

Etsaiek Elizondon eta Lekarozen kanpamentuak zeuzkaten eta  egunez Ziga eta Anizeraino ailegatzen ziren baina iluntzean gibelatzen ziren haien kasernetara.

Uztailak 30. Lantz. Dirudienez herri honetan eskapatu diren armadak ( tropak eta nafarrak = paisanos) biltzen ari dira eta haraino ailegatu direla Nafarroa guzian hedatzen ari diren berriak : nafarrek, baztandarrek, desertatu egin dutela, lapurrak bezala portatu eta desastre osoaren erantzuleak direla.
Nafarren (paisanoen) kapitainiak bildu eta Nafarroako Erresumari helarazten diote :
1. Gerra honetan Espainiako tropek arront gaizki tratatu gaituzte ”con la mayor iniquidad ” gu, Nafarroako armada, are gehiago, ez bakarrik jende arrunta, baita gu ofizialak ere .                                    

2. Ematen zizkiguten fusilak, eskas eta hondatuak! Gure esku hutsekin defenditu behar ,”no mas defensa que sus propios brazos.” 

3. Muniziona guti eta kasu batzuetan mospela. 
                                                                                             
4. Gauez, guardiak egitekotan, 60 nafar eta hiruzpalau soldadu.



Sinatzaileak.1
5. Abanzadak (descubiertas ) egitekotan nafarrak beti aitzinaldean. 

6. Berderizko kasuan, erabili zituzten nafarrak bakarrik dendak biltzeko.                                                                                      

7. Erretiradan, 24an, lehenak frontea uzteko tropa espainiarrak izan ziren, bere gibelean nafarrak bakarrik uzten (Erratzuko kasuan argi). Are gehiago, tropek ausartzen ziren erratera haietako batek ehun nafar/paisano baino gehio balio zuela “ mas importa la perdida de un soldado… que cien paisanos ”.                

8. Mendian zirenean, ez zutela ez dendarik ez legorrik, soldaduek zuten bezala.                                                                      

9. Erretiradan, zalditeria/caballeriak, ezpata eskuan, ez zieten uzten “paisanos-ei” ihes egin baino bizkitartean soldaduei, bai.    

10. Arront gaizki elikatuak zirela. Ogia bakarrik, gosez hilak “sin tener rancho cinco y seis dias”…                                                     

11. Nafar herrikideen jeneralari,  D.Manuel de La Peña, eskatzen diote aukera ditzala instruktore onak eta ongi pagatuak, hurrengo konpainiekin afera hauek gerta ez daitezela.                  

12. Eta azkena eta hondarra. Ihesladian, soldaduek paisanoei /nafar herrikidei zituzten fusilak kentzen zizkieten.  
Sinataileak.2
Kontatzen dutena egia bada, bortitza.
Dena den, bi gauza : Bata, nolakoa zen Baztanen egoera militarra ideia aski garbia erakusten du. Bida, dirudienez, joko guzi honen azpian Espainiako Armadak (bere momentuan Ventura Carok proposatu zuenez) Nafarroa (?) eta Baztan utzi nahi zituen bere troparendako kalte ttikienarekin. Eta nafarren galerak, zer ziren haiendako? Alboko kalteak/daños colaterales/domages collaterels/collateral damages.

Egun berean. Uztailak 30. Almandoz. Gure alkatea beha ari da eta espioiak Elizondo eta Iruritara igortzen ditu.
Uztailak, 31. Almandoz. Atsaldeko bi t’erdietan, Alkatea informatzen : Tropak ailegatu dira, 1º Batallon de Voluntarios de Navarra, Rgto de Africa, eta 300 nafar/paisano beren kapitainarekin, Cayetano Iriarte eta horrekin Baztango (Basaburuako ?) desordena baretu zen.

Elizondo
Espioiak itzuli dira: Batek, Elizondon egona, dio han sartu  zenean Rgto Zamorako soldadu batekin, euskalduna (eta desarmatua) , solasten jarri zela, soldadu hau Berderizen preso hartua zuten eta bertze presoekin behartuak zirela tropa frantsen aitzinean joatera bertzenaz… Honek gure espioiari errana ziola nola Elizondon frantsa guti bazela zeren Orreagara eta Irunera igorriak izanak zirela, nola gelditu zirenak zaldunak eta 100 baigorriar zirela, nola ez zuten jendeari bortxa egiten, nola Lekautzen 1.500 zaldun (zaldiekin naski) bazirela…



 
Iruritako plaza

Bigarren espioiak, Iruritan egona, kontatzen dio nola Bankako ezagun batekin topatu zen , Eugiko “fabrica-n”  lanera biak joaten zirelarik denboretakoa, nola honek erran zion tropak Berderizen zirela, nola momentuz, ez zutela gehiago aitzinatu nahi, nola gorrotatzen zituztenak “emigrés” eta Espainiako Monarka zirela, nola kaskoiak txarrenak zirela zeren Elizondoko elizan santuei besoak ebaki zizkieten eta Lekautzeko kanpamentuan, zaldun batek, zaldi gainean, trostan, kanpamentua korritzen kasulla batekin jauntzia eta hostiak banatzen, nola Hondarribia hartu berri zutela, nola erlijio bihotzean zaramaten … Benetan solasturi gure bankarra.
Eta hau dena Erresumari jakinarazi ondoren eta Artxiboa seguruan, gure Alkate jauna Etxaurira lekutu zen pausatzera.
Ondorengo atala : 6. Kapitulua: Ondarra eta onddarrak

domingo, 14 de abril de 2013

Baztan 1792/1795, Konbentzio gerra. 2. Kapitulua

2. Kapitulua :Gerra – Frontea.1793
Baztan eta bere inguruak : 1793
Denak prest gatazka hasteko. 1793.eko Martxoan gara, eguna hirua eta Alkateak, Juan Bautista Echeverria y Latadi, jakin du Belaun/Beladun/Beladon aldean soldadu frantsak (nazionalak) agertu direla, bi artalde ebatsi eta Aldudera ihes egin. Baita ere, Elizondoko plazan hiru nazional (soldadu frantsak) agertu zirela. Ezkila jo, baztandar armada elkartu, 600 mutil, eta gauez martxa ixilaz Belaungo lepora. Ailegatu zirenean topagunera, goizeko lauetan, jakin zuten artaldeak itzuliak zituztela frantsek (bederatzi ardi ezik) eta haien kapitan bat, Urrutia jauna, (Urrutia gehio agertuko da!) karta batekin hiru soldaduen buelta eskatzen. Bi egun beranduago bida itzuli ziren, bertzea desertorea. Zertaz ziren Elizondon? Dibertitzera eta trago bat hartzera. Hori bai, ez ziren bueltatu frantsek hondatu zituzten bederatzi ardi pagatu artio.
Hamar egun beranduago enteratu dira gerra hasi dela. Orduko komunikazioak holakoak ziren: ofizialki Martxoaren 7an Frantsek gerra deklaratu zuten; Baionan 17an jakin zuten eta Espainiak 22an bere partez gauza bera egin zuen.
Hemen Baztango geografia pixka bat. Non zanpatuko dira gure protagonistak? Leku aunitzetan , baina guk bakarrik Baztango aldean gertatu zena kontatuko dugu. Erran dugunez, Amaiur ez zagoen Baztanen barnean orduan eta Otsondo eta bere inguruak zaintzea haien afera zen. Baztandarrek Baztango lepoetan borrokatuko zuten : Berderiz izanen da inportantena, gero Izpegi eta ondoren haien inguruetan diren lepoak : Arieta/Harrieta, Buztanzelai, Elorrieta (Elorta), Istauz, Bagazelai, Belaun/Beladun, Azaldegi, Argintzu…



Baztango lepo batzu : gerra honetako "topaguneak


 1793.Apirilaren hasieran, baigorriarrak hasi ziren iseka, trufaka, baztandarrei burla egiten. Arraioak! Gerra ideologika ere baita!
L'Ärbre de la Liberté

Zer, nola? Izpegiko lepoan Libertateko Arbola plantatzen! Horraino jasan behar! Arbola bat eta adarretan zapel errepublikano bat, Conventioneko eskarapelarekin, gorri, xuri eta azula. Eta adar batetik dilinden, karta bat, erregea, burua moztua. Horraino jasan behar gure monarkiko baztandarrek, burugabeko errege bat, bai zera!






Regimiento de Burgoseko bi konpainia, Baztango 1.(erratzuarrak), 2. (arizkundarrak) eta 5.eko erdia erasora! Izpegi hartu eta arbola errekara.

Ziriborroa : Libertateko Arbola eta bere karta

1793.Apirilak 20. Izpegi frantsen eskuetan dago. 50 Chasseurs Basques zaintzen. Espainiarrek , 1.500eko multzoa, eraso, Izpegi hartu eta gotortu: trintxera gorrak eraiki eta lepoko alde bateko kaskoa (eskuin, ezker ? ) fortina bihurtu. Ehun soldadu gelditzen dira pasabidea eta trintxerak zaintzeko.
Erdian Izpegi. Arrizorrotz(Tuturru) eta Elorta eskuinaldean.
1793.Apirilak 26. Hala ere etsaiak ez dira geldi geratzen. Dordogneko Boluntarioak eta 20 baigorriar erasoan. Baigorriarrak  kaskoa eskalatzen, espainiarrak iziarazi eta Izpegiko lepoa frantsen eskuetan berriz.
1793.Apirilak 29. Hau izan zitekeen egun arrunta gure borrokalariendako. Eguna argitzen denean Argibel aldean, 6.Kpnia (Kpt. Mayora) 3.Kpnia (Ten. Archeberroa eta Su-ten. Echandi) Belaun aldetik etortzen diren 100 frantsekin tiroketa batean lotzen dira. Basagar aldean 4. eta 5.Kpnia (buruzagiak Dolagaray eta Barberena) “descubierta” egiten dute (paseo militarra) Berderiz aldera, han frantsek lepoa gotortu eta 400 soldaduekin defenditu, tiroketan lotu. Bizkitartean Alkate jaunak 400 baztandarrekin Argintzu aldera eta han frantsak (aldudarrak?) mendian zebilen azienda ebasten, behorrak kasu honetan.          A la carga ! “ Nola erranen zuten Baztandarrek ”A la carga !” ? Bon, frantsek behorrak utzi eta espakatu!.                                                                           Gauean Alkatearen espiek abisua pasatzen diote 2.000 errepublikano prest direla Erratzu eskuratzeko hurrengo egunean. Ezkila jo, 1. , 2. eta 5.eko konpainia erdia gehi Regimiento de Burgos, prest Erratzun. Biztartean bertze Baztango konpainia  guziak Elizondon adi eta erne. Falsa Alarma. Denak etxera.
Gerra honetako bitxikeri bat: egon dira goiz guzia tiroka eta ez da inor hil. Orduko fusilak hurbildik bakarrik ziren hilgarriak; pixkat urrunagora , ± 40 metrotara, ez zuten asmatzen!         Baino ez beti.
Argibel
1793.Maiatzak 9. Baztandarren artean lehen hila, 4. konpainiakoa, (Almandoz/Oronoz/Elbete), Tomas de Argain, Argibel ondoan.
Oharra: Paperetan beti Berderiz agertzen da, frantsek Berdaritz diote, baino benetan ondoko muinoak, Elokadi, dira. Gaur egun orduko hondarrak han ikusten ahal dira.
Berderiz/Berdaritz Aldudetik Elizondora eramaten duen bide egokiena eta azkarrena da. Orduko denboretan orgak (edo lerak?) pasatzen ahal ziren eta gerra honetan puntu estrategikoa izanen da :  Berderizko jabeak kontrolpean zituen Aldudeak baita Baztan erdia ere.
Berderiz/Berdaritz
1793.Maiatzak 18. Eguna argitzean 1.800 soldadu espainiar prest dira Berderiz eskuratzeko. Parean eta kontra egiten, bi konpainia (± 200) eta Chasseurs Basque batzuk: frantsek gibelerat, trintxeretan babestu eta iraun. Tiroketan lotuak frantsen errefortzuak, 1er Bataillon des Basses-Pyrenees, ailegatu artio eta espainiarrak lekutu behar.

1793.Maiatzak 20. Goizean, Berderiz aldean lainoa. Basagarretik  2. konpainiakoak (arizkundarrak)   beren su-tenientearekin Juan Martin Echenique, ohiko paseo militarra Berdiza. Laino itsua. Isiltasuna. Hurbiltzen dira frantsen trintxeretara eta deus. Han ez dago inor. Aitzina jarraitzen, malda behitira, Aldudeko herriraino, ordu erdiz, eta herriko lehenbiziko etxeetan galdegin. Aitzineko gauan, Convention-eko armadak Aldudeak utzi ditu. Alduides por España!.”  edo holako zerbait sinatu zuten aldudarrek. Espainiar Imperium-eko azken konkista.

Aldudeak
Inbaditu ondoren, hau da, hurrengo egunean, Maiatzak 21,  Capitan Jeneral Ventura Carok Auritzetik karta igortzen dio gure alkate jaunari erraten Aldudarrak kexu direla zeren baztandarrek 400 ardi , 10 behi eta 2 behor ebatsi baitizkiete Conventioneko soldaduak Aldudeak utzi ondoren.  Gure alkatearen erantzuna (gizon zintzoa ala zozoa?) : Baztandarrek hartu ditugun azienda 1.555 ardi, 221 bildots, 19 ahuntz, 36 behi, 9 aratze, 5 mando, zaldi bat, 5 behor, pottoko bat, 5 zerriaharkala, eta 17 zerrikume izan dela, udaleko eskribanoa lekukoa.
Afera gehiago nahasteko, hasiak ziren Aldudeko azienda “bahitzen” egun bat lehenago, 19an! Argudioa, aitzineko hilabeteetan Aldudarrek Baztango azienda ebasten ibiliak zirelakoz . Ez dute argitzen zenbat itzuli zuten baino ematen du momentuz kitto gelditu zirela.

1793.Ekainak 4 . Gerra honetan taktika tipikoa: egun eta ordu berean leku aunitzetatik eraso egin etsaiaren tropak bakantzeko eta orduan toki hautatuan, kolpe bortitza jo. Espainiarren helburua Château Pignon/Castelpiñon zen. Gaztelu honek Donibane Garazitik Orreagara bortuen barna joaten den bidea (eta gaur egun Done Jakue Bidea dena) zaintzen zuen. Gaztelua zuenak, Donibane eskura zuen. Xake partida dirudi. Erasoak Baigorriren kontra itxura hartzen du. Arrola Harria , Baigorri eta Luzaide artean dagoen mendixka erasotzen, aldi berean Aldudetik Bankako Labeak eta meatzak/minak erretzera joan eta Istauz eta Arrigorri aldean, Banka gainean, tropen alardea. Denek gloria edo besta puska bat lortu eta baztandarrek haien bestondoa. Arrola Harrian hiru aldiz saiatu ziren 3.000 espainiar eta ja. Parean Harispe eta bere Eskualdun Xasurrak zituzten. Hondarrean espainiarrak lekutu behar, 500 lagun utziak: presoak defendatzaileak baino gehiago ziren!!! (Bon, hala diote frantsek, naski).
Bankako La Fonderie de La Tour
Bizkitartean , Juan Gil Teniente Jenerala Aldudetik Bankara ailegatu eta hango lantegiari “La Fonderie de La Tour” (300 langile baino gehiago izan omen zituen denboretan), sua eman zion.












Eta hemen gure historia nahasten da.Non dira baztandarrak?
Armada hornitzeko soldaduek zamak garraiatzeko edo eramateko behar zuten abereak, zamariak, Baztanek paratu behar zituen baita zamariak gobernatzeko zamaldunak  ere . Erdaraz “bagages” diete. Banka atakatzen ari direnean, zamariek muniziona eramaten zuten eta hemen hiru bertsio:

Zamariak
Lehena – Zamaldun baztandarrek ohartzen dira (Bankan daude) Kondesaren aroztegian baino aitzinxago “, Baigorrirat xuxen gaten ari direla eta eskoltaren ofizialari (Teniente Diego) abisatu, salduak “zirelakoz . Honek, ofizial espainiarrak, nonbait nahastua “bortxaz aitzinat segitzeko agindu zien zeren uste baitzuen aitzinean tropa espainiarrak zituztela, frantsen eskuetan erortzeko.
Bigarrena – Eskoltaren ofizial espainiarrak dio andre (espia falsa) bat agertu zela eta engainatu zituela erraten bide bat erakutsiko ziela handik ateratzeko, frantsen eskuetan erortzeko.
Hirugarrena – Frantsek diote, Baigorriko herria, hau da, zaharrak, andreak eta haurrak, denak batera enteratu zirenean espainiarrak Banka erretzen ari zirela eta haiengana zihoaztela, zituzten armekin, ihintzeko eskopetak eta segak, batera atera zirela, espainiarrak, baztandarrak barne, inguratu eta garaitu. Baita ere hartu zuten gure jendea garraiatzen ari zen muniziona, Arrola aldera, Harisperendako gan zuten. Konklusionez, Baztani borrokaldi honetan 23 zamari eta 13 zamaldun bahitu zizkiotela: 12 preso eta bat hila. Badakigu presoen izenak:
Jabeak:
Lekaroz       Jayme de Larrechea           Etxea: Larretxea                                                       
Lekaroz       Juan Bautista Barreneche               Xaarrea                  
Lekaroz       Juan de Plaza                                  Bordegia
Lekaroz       Juan J. de Elizalde                         Etxeberria 
Lekaroz       Josef de Yrungaray                        Ugaldea 
Arraioz       Juan Fco. Yturralde                        Mikeleberroa
Maizterrak:
Lekaroz     Juan Fermin Urdaniz                     Istilartea
Lekaroz     Juan Miguel Mortalena                  Berekotxea
Elizondo    Francisco Elizondo                         Margaritarena
Elizondo    Antonio Goñi                                  Arretxeberronea
Gartzain   Juan Bautista Michelena                Oihar
Elbete       Ramon de Elorga                             Gazteluzarrea
Baita hilarena ere , baztandarren artean bigarrena : Isidro Aldalurra, Agerrea bere etxea, Zuastoien  eta Azpilkuetan ehortzirik.
Afera honekin Baztango Etxeak hasi zen kontentzioso bat Espainiako Armadarekin. Alde batetik “presoen trukatzeta” lortzeko, Donibane Garaziko Commune-arekin harremanetan jartzen dira. Frantsek presoak Donibanera eramaten zituzten eta Espainiarrek Iruñera. Uztailerako gure zamaldunak etxean ziren baino bahitutako zamariak ez, eta hori kalte eta galera ederra zen zamaldunendako. Alkateak saiatuko da Armada Espainiarretik kobratu baina hurrengo urteko urtarrilean oraindik erreklamatzen ari dira: pagatzaile txarra Espainiako Armada. Baina hau dena bertze historia da. Jarrai dezagun gure kronikarekin.
1793.Ekainak 4. Eguna ez da akitu oraindik. Holaxen ginen: Espainiarrak (3.000 + Ventura Caro Jenerala) Orreagan barna Château Pignon gainean dira , haren gainera erortzeko, laino itsua, denak geldi, esperoan. Bizkitartean Juan Gil Jenerala Aldudetik Banka erretzen eta Baigorrira bulkatzen. Frantziako boluntarioak ( Harispe eta bere ihintzilariak) hor erdian dagoen muinoan, Arrolako Harria, defenditzen.Baztandarrak ( 500) Istauz eta Arrigorri aldean, Banka gainean                                        eta to !   Arrizorroz-etik  (hola deitzen diote paperetan Izpegiko eskuin aldera dagoen mendixkari, Tuturru, (Erratzutik ikusia, naski) frantsak malda behera Elorrietatik Erratzura xuxen. Baztandarrak kontra erasoa.  250 baztandar (haien buruak Gamio, Mayora, Aldecoa, Archeberroa, Santesteban, Larrechea – soldadu arrunten izenak ez dakizkigu). Bi orduko tiroketa.Inor hil. Bon, bertzeek, frantsek, sei omen. Erretirada.
Aldi berean , Erratzuko ezkerretik, Izpegirat begiratzen badugu, Mindurain aldean (gaur egun Mendduin, Meaka ondoan) erratzuarren konpainia (buruak Gaston, Yrigoyen, Dutari eta Landabere) Arieta aldetik (Harrieta diote bertze aldekoek) datozen frantsekin borrokan lotzen dira. Hiru ordu. Erratzuarrak gibelerat. Gizon bat galtzen dute, hura bakarrik aitzinatu zelakoz. Ixtent bat beranduago erratzuarrak berriz erasora eta Espainiako armadaren laguntzarekin lortu zuten frantsak gibelarazi.
1793.Ekainak 6. Otaba eguna eta frantsak Izpegiko jabeak. Hemen bi bertsione ditugu. Frantsek diote espainiarrek atakatu zutela Izpegi. Despistatzeko. Zertaz? Zeren benetako atakea Château Pignonen zegoen. Aitzin eguneko lainoa goititu zen eta Ventura Carok erasoa agindu zuen. Kosta baina garaipena totala, gaztelua, presoak, armak, azienda, dena espainiarrendako. Donibane Garazi ikaraka. Ventura Caro ate parean dute.
Château Pignon/ Castelpiñon : Orreaga eta Garaziren artean
Gure alkatearen  bertsionea arras diferentea. Eguerdian 3.000 frants, hiru zutabetan Erratzu atakatzen. Eskuinetik, hau da Elorrietatik, erditik, Izpegitik eta ezkerretik, Ubedotik. Parean Baztango 1. (erratzuarrak), 2. (arizkundarrak) eta 5.aren erdia (azpilkuetarrak)  konpainiak gehi Regimiento Provincial de Burgos.Lau ordu borrokan lotuak. Ezin jasan. Erretirada. Bakarrik ezkerraldean, Landabere 40 erratzuarrekin 300 frantsen kontra, lekua atxikitzen. Hiru ordu beranduago, gibelerat.


Rgmto. Africa.Fusilero

San Gregorio ondoan borrokatzen ari dira. ( Hemen argitu behar da San Gregorioren Ermita  Arginen Borda ondoan zagoela, ez Iñarbilen orain dagoen bezala.) Baina ordurako errefortzuak ailegatu: Granaderos de Castilla eta Batallon de Africa. Kontraerasoa eta frantsen erretirada. Naski, lehenago bordak erre eta azienda ebatsi.Teniente bat preso eta hilak, hiru .





Espainiarren artean, bi hil eta erratzuar bat, Tomas de Baquedano. Ilundu zuenean 1º Batallon de Navarra eta 600 baztandar ailegatu ziren Erratzura. Argi zuten. Ondorengo egunean, Izpegira.
1793.Ekainak 7. Goizean espainiarrak hiru zutabetan, eskuinetik Batallon de Africa  eta 1º de Navarra, erditik Provincial y Granaderos de Castilla eta ezkerretik,baztandarrak, 8 konpainia.  Izpegin ekea . Abandonaturik. Denda kanpainak hutsik eta kainonak ixilik.
Dirudienez frontea pixka bat baretu zela. Espainiarrek utziko zuten Château Pignon, hau funditu ondoren, Berderiz gotortu, “casa-fuerte ” bat eraikitzen, Elorrieta , Izpegi eta Buztanzelai trintxerekin azkartu eta Gartzabalen , Ubedo aldean , fortin bat eraikitzen. Alkateak beti izkribituko du Larzabal eta frantsek Mortal, zeren Mortaleneak ondoan saroi bat baitzuen.
Fortin honek  etxe (bizitegi edo barrakoia) bat zen, haren inguruan harresi bat (± 70 zentimetroko pareta eta ± 22 x 11 metroko errektangulo itxura) eta denaren inguruan fosoa eta kontrafosoa  zituen.Frantsek diote foso honek holako neurriak zituela: 6 oin  (± 2 metro) sakona/xotona, 12 oin zabala (± 3 metro) eta 14 oineko (±  4 metro) altuera. Arietako lepora begiratzen duen aldeak "moko" bat dauka. Gaur egun oraindik ikusten ahal da bere forma.


Fortina gaur egun, zerutik ikusia.



1793.Uztailak 1. Frantsak Izpegirekin tematurik. Dubouquet Jenerala eta Joanes Harizpe 400 gizon aukeratu ( 1er Bataillon des Basses-Pyrenees + Chasseurs Basques ) eta ohiko estrategiarekin, hiru punta. Parean 600 espainiarrak eta beren kainonak.Jende farfaila gure frantsak, hainbertze jende Izpegin! Harizpek  baionetaz, tiro bota gabe eta aintza eta ohore beretako. Izpegi hartu.Hau dena goizean baino eguerdirako 3.000 espainiar kontraerasoan. Frantsek erretiradan 4 ofizial, 81 granadero de Asturias preso, kainon bat, 4 obussier, 150 fusil daramate eta nola ezin zuten bertze kainon bat eraman, errekara bota zuten.
Kainon pedreroa.
Hala ere eguna ez zen hola akitu eta Baigorrira ailegatzekotan, 2. Bataillon des B-P gehi lehenengo troparekin, berriz igan Izpegira, ohiko sisteman, hiru punta, zakarrena, ezkerrekoa, Olate (Odolate?) baigorriarrendako. Lepoa hartu baina surprise ! Gibeleko oihanetan espainiarrak milaka! Frantsak berriz Baigorrira.
1793.Uztailak 2.  Hemen kronistak ez dira ados jartzen. Frantsek diote goizean berriz goitira eta Izpegi hartu dutela. Gure alkateak kontra: Izpegi espainiarren eskuetan dagoela. Ados dira eskuz aldatzen dela Izpegi eta ondoko pasabideak baina urteko azken hilabetetan, lepoak espainiarrenak dira.                                                   
Gerra hau ez da baretzen. Ez badira frantsak Luzaide edo Erratzuko bordak erretzen eta haien azienda ebasten, izanen dira baztandarrak Baigorriko bordak kizkaltzen. Frantsek Aldude erreko dute espainiarrak izateagatik, eta ahal dutenean Urdazubi eta Zugarramurdirekin  gauza bera. Lehenik Urdazubi, bere monasterioarekin, San Salbatore, eta gero Zugarramurdi. Honek hango jenderi behartuko dio Baztan aldera lekutzera. Lehenengo “exiliatuak”.

Urdazubi eta bere Monastegia:San Salbatore
Hemen bitxikeri bat. Maiatzaren 4an, Urdazubiko konpainiako kapitaina, Don Juan Nicolas de Michelena, 12 urdazubitarrekin Ainhoa/Añoara pasa eta Espainiako erregearendako Añoa konkistatu!



Baztandarrendako Baigorri deabrua da eta haren kontra super-razzia prestatuko dute Irailaren 30ean jotzeko. Aitzineko egunean, 29ean, konpainia baztandar guziak gehi 2º Batallon de Navarra gaueko hamabietan Erratzuko plazan baino… euria ari zuen eta nola. Erasoa bertze egun batendako.

Baigorri


1793.Urriak 11. Espainiarrak Elortatik eta Izpegitik Baigorriraino: hiru ordutan 60 borda erre. Holakoa zen gerra hura.








Negua ailegatzekotan baretu zen dena. Bon , den dena, ez.
1794.Eurikorrak 1. Data gaizki? Ez. Frantziako Convention-ek ez zuen gustuko hilabete tradizionalaren nomenklatura eta berea asmatu zuten : Brumaire, Germinal, Pluviôse..eta abar eta hauek euskaratu: Pluviôse Eurikor bihurtu zen. Eta hori Frantziatik kanpo? Urtarrilak 20. Kronistak hala dio :”Eurikorren lehenean…Lefranc nagusiak…Harizperi agintzen dio prestatzeko…Arietako lepoa behatzeko…carabinier konpainia batekin eta berak aukeratutako ihintzilariekin. Zimitorio zahar batean biltzen dira. Gaueko hamarrak dira (gau horretan beherapena hasia zen eta hilargiarekin ikusten ahal zen) soldaduak jakin gabe norat doazi…Arieta/Harrieta ( hala diote Baigorrin) aldera.


Arieta/Harrieta

Juxtu bortzehun urrats lepoa pasatu ondoren, indar bereko patruila espainiar batekin topatzen dira… eta hauek tiro deskarga bat egiten diete.    Gu eskualdunak… gure etsaiak oldartu, baioneta aitzinean eta haiei segika ibili… Mortal deitzen dioten borda batetik urrun ez dagoen fortinaraino. Ordurako Harizpek aski zela usten zuen… baino bere gizonek borrokan nahi zuten segi… hiru multzotan banatzen dira. “Baigorri” da jotzeko seinalea… ihintzilariak fosora ailegatu dira…”Baigorri” garraxia botatzen dute…fosoan sartuak batzuk bertzeen soinburuetan paratzen, lau metro eskaseko kontrafosoa eskalatzeko… hiru aldetatik atakatzen… etsaiak kasernan sartzen dira… eta bere bi ate ongi trankatuak… baino gure ihintzilariek bulkatzen dute barnean sartzeko…lehenek deskarga bat hartzen dute… jarraitzen dutenek kulata eta baionetekin atea defendatzen ari diren zazpi edo zortzi espainiar hiltzen dituzte… etsaiek grazia eskatzen dute eta ematen zaie… kaserna erre…eta 47 preso, 60 fusil hartu… baten bat eskapatzen da… guk ihintzilari bat hila dugu… jautsi ginen Urdoza…eta eguna argitzen ari zelarik…  Baigorrin ginen.”






Orduko mapa batean Gartzabalen
zagoen fortinak,
ikusten denez, fosoa, pareta/harresia eta 
etxe/bizitegia zituen.









Gorostapolo












Preso artean hiru erratzuar, Gorostapolokoak . Zein etxetakoak? Iturraldea, Etxeberria eta       Ma(r)iskoneakoak.









Ondorengo atala : 3.Kapitulua . Eta karrikan? Aiei aiei