lunes, 20 de febrero de 2012

Erratzu : Haizeak


     “Haize oro onak dira
eta haize oro txarrak dira”,

hala aditu zuen Miguelek Nahaseko jauregian. Eta naski, 
haize oro hauek ez dira gauza bera , denek eskolan ikasi 
dugunez. Mundu globalizatu honetan, haizeak North (N), 
South (S) East (E),eta West (W) dira eta erran itzazue  
nahi duzuenez, eskuaraz , espainoleraz edo frantseseraz, 
bortz axola, berberak dira, lau eta leku berean.  
Non dago afera?  Baztangoizan (Baztan osoan ere?) 
ez direla lau,  bortz baizik eta leku ezberdinetan!




Eta gure aitzinekoek, gure arbasoek, haize hauei izenak 
eman zizkieten.
                                  IPERRA
                                   
                                       Otsondo aldea
IPERRA (IPARRA) deitu zioten lehenbizikoari 
(nonbaitetik hasteko). Hotza eta idorra gehienetan. Nondik 
dator? Otsondo aldetik (± 330º NW ) .

Eta zer dakar Iperrak? Lainoa eta  herlainoa ( herri 
lainoa). Ihintzirik ez.

Herlainoa
Primaderan bertze izena hartzen ahal du :
GARIZUMAIZEA (GARIZUMA HAIZEA). 
Ruper Ordorikak kanta bat dedikatu dio.        
(Begiratu interneten:
Youtube ruper ordorica garizumako haizea )

Garizumean/neguan haize honek IZOTZA ekartzen du. 
Kasu, Baztanen izotza ez da horma. Horma nolabait 
“kristala”, gorra  da eta izotza ihintz hormatua, landak 
eta belaiak zurixka uzten dituena baina berehala 
urtzen dena!

Udan Iperrak euri guti baino laino aunitz dakar. Neguan, 
batzuetan euri franko. Dena den gure Iperrak noiznahi 
jo dezake.

MENDEBALA


                     Azpilkueta aldea

Bigarren haize honek, espantuntzi hutsa, lau izen ditu!
Gure arbasoek ez zuten garbi nola  izendatu haize 
alu hau!

MENDEBALA,  ura dakarrena, Ostatuan adituena, 
bezperan sarrerako harriak izerditan hasten baitziren.
                           
Noiz baita lurra egarri
                            hartaz bainaiz urrikari
                            dei diot mendebalari.  (Toucoulet,P.)

Baita ere deitzen diote

ZIAR HAIZEA (ZEHAR HAIZEA) 
“haize zikin hoi”                                 edo
ITSAS HAIZEA , bai? itsasoa ez 
dago alde hortatik                             edo
AZTAL HAIZEA , aztaletan jotzen 
duelakotz, ala Nahastarren ziria??

Haize bustia, eta berarekin goibelak eta erauntsiak. 
Zokoetan sendoa denean, arbolak bota ditzakena.
Nondik? Azpilkueta aldetik (±240º SW).


HAIZEGOA

                                                Saioa aldea
HAIZEGOA (HEGO HAIZEA) izena paratu zioten 
hirugarrenari, usoen, ihintzilarien haizea, andreena diote 
bertzeek. Poetak eskribitu zuenez

HAIZEGUAK  Arimen eta usoen
                            egaldacatzea da
                            haizien arabera:
…………………….
baino haizeguarekin
doacie content;
naranja coloreco haizia
arrosai ostoac kentzen daztena
epela da ta eldu da Españatic
gariyurrin ta ardo gustoarekin
haize alegre ta eroxka
belagietan dantzacen dena
ta enamoratuen ezpañac
idortzen dituena.   (Martin Indaburu = Eduardo Gil Bera)

Udan epela (sapa ere), neguan hotza eta latza. Kuriosoa, 
elur haundienak haizegoak ekartzen ditu. Udan goibel guti 
baina neguan elurra eta erauntsiak. Nondik dator? 
Saioa/Belate/Artesiaga aldetarik (± 220º SW) .Edozein 
sasoian jo dezake, baina udazkena laket du. Poetak 
(Martin Indaburuk edo Eduardo Gil Berak) dioenez


PASACO USOAC    
                           Usoac doazie
                           ……………………..
                           haizeguac mahatsa kulunkatzen duenian
                           gatuac xoratzen
                           zakurrac uyukatzen
                           markuxac erortzen
                          eta haurrac escolan tablac cantatzen
                          aitzen diradenian.
Badakizue? Haize honek ere interneten jotzen du izen 
berexi batekin: baztango haizegoa. Sar zaitezte 
xaramel horretan eta ez zate damutuko.

HEGO XURIA


                                               Auza/Iñargegiko aldea

HEGO XURIA (HEGO ZURIA) deitu zioten 
laugarren haize honi. Izen horrekin bertso batzuk merexi ditu.

     Ene hats bero goxoak
        kasatzen ditu lanoak,
           alegeratzen gogoak,
              “Hego xuria” ni langilea:
                     arintzen ditut zangoak
                         argitzen haizpe xokoak
                            dirdiratzen urrungoak
                                 garbitzen mendi lepoak.  (Toucoulet,P.)


 Haize fina, sanoa, zeru garbia, ez da beroa, ihintz guti, 
eguraldi ederra. Denek maite duten denbora. Nondik? 
Iñarbegi aldetik (± 170ºSE).


IDUZKI HAIZEA 

    Ubedo/Buztanzelai aldea

IDUZKI HAIZEA  (EGUZKI HAIZEA) dugu 
bortzgarrena. Freskoa eta sanoa. Ihintza dakar goxoa 
denean. Neguan HORMAhortaz Erratzun 
HORMAIZEA (HORMA HAIZEA) 
deitzen zaio sasoi horretan . Edozein sasoian jo dezake 
baina gutien udazkenean. Nondik jotzen du? 
Ubedo/Buztanzelai aldetik, iduzkia/eguzkia Baztanen 
sortzen den aldetik (±90ºE)

Trevanian-ek bere nobelan ,“Shibumi ”, dionez :” Ipharra 
weather is brief , for soon the wind swings to the east  
and becomes Iduzki haizea, “the sunny wind”, which 
rises each morning and falls at sunset producing the 
paradox of cool afternoons with warm evenings…”
















Eta akitzeko kontu guzi hauekin, zer    
diote/zioten Baztango filosofoek?

Norat haize,
 harat aise.


        Erratzun ez dugu hain garbi, bertzenaz beha itzazue  Iriarteko beletak



    






(Eskerrak Nahaseko Miguel eta Juan Mariri, Larroingo Ciprianori eta 
Rodri  marrazkilariari)
.
       Estimatzen dira kontuak , kritikak eta 
       zuzenketak !!!!!!!!!!!!