sábado, 18 de diciembre de 2010

Erratzu : Erratzuko kontuak - 1



Erratzuko ixtoria ttipia eta laburra


Orok dute bere historia, 
Erratzuk ere.


  1. Egokitzeko: Erratzu Baztan da, hau da, Baztango Unibertsitate eta Errepublikako parte bat; bere barrideak Baigorri, Bidarrai, Itsasu, Arizkun, Amaiur eta Banka dira eta bere patroia: San Pedro. Segidan dituzuen ixtorioak nere amak kontatuak eta 


                        Osaba Justo                      
                        Xenper (Francisco)
                        Juanjoxe Salaberrikoa
                        Gaspar Castellanos de Gaston
                        Kaxton (Pedro)
                        Izo Dolores
                        
laguntzarekin biribilduak.

Ixtorio hauek 1834 eta 1945 tarte horretan Erratzuko herrian eta bere inguruan gertatu ziren. Kontu guziak AGERIKOAK ziren, ez dira inoren sekretuak, baina denborak deseusta ez ditzala, interneten paratu ditut nik, Jose Maria Uriarte Ballarena, Ostatuko semeak.

--> 
Erratzu, Erratçu, Errazu, Ratzu





1.Kapitulua:
24 urte, 4 hilabete, 2 egun.

Ofizialki historiak hasten dira Kristo baino lehen baino ixtoria ttipi hau hasten da nere amaren aitetxiren denboretan baino lehenxago. Nere ama? Mª Felisa Ballarena , Erratzuko Ostatuko alaba.Eta nere amaren aitetxi? Francisco Elizondo, 1862. urtean sortua, Erratzun, Etxezurian. Bai, Etxezurian, Apeztegiko parean dagoen etxe ttipi horretan. Hala zioen berak. Eta aitetxi Franciscok nere amari kontatzen zioen gauza zaharrena, arront krudela zen:

Bera sortu baino lehen, norbait hil omen zutela Erratzuko plazan, harrikatua.

Bertzerik ez. Ez izenik, ez zertaz ezta noiz ere.

Beharrik kronista bat dugula: Iriarteko kastakoa (Gaston de Iriarte) eta egun horietan Erratzun pasa zena karta batean izkribitu zuela.

Eguna : Urriaren 12. Urtea, 1834.




Lehen Gerra Karlistaren denborak ziren (1833-40).
Lehenbiziko urtetan (1833-35) Baztan liberalen (gobernuaren) eskuetan zagoen. Liberalen burua Isabel II erregina zen eta momentuko mandataria Nafarroako Erresumean (Virrey-biserregea) Espoz y Mina famatua zen (1834-35). Kontra, Zumalacarreguiren partida karlistak (“los facciosos” ) zituen. 

Karlistak: Guias de Navarra, hortaz boneta gorria, bertzenaz azula, urdina.Bandera,pirata.


Liberalek bere kaserna (gaur egun “kuartela” erranen genioke) Elizondon zuten baino hortik kanpo, partida karlistak jaun-ta-jabeak Baztango dermiotan.

Liberalak/Kristinoak=Giristinoak=Giriak/Isabelinoak
Eta herri arrunta? Erratzurendako karlistek zioten :”la opinión casi exclusiva de su vecindario pervertidaliberalak zirelakoz, Irurita, Gartzain, Arraioz eta Amaiurrendako gauza bera,  liberalak, Elizondo erdizka , Baztango bertze herrietan karlistak nagusi.

Gure kronistak dionez Erratzuko liberal aberatsek bazekiten txibatazo batez egun seinalatu horretan (1834.10.12) haien bila karlistak etorriko zirela eta horri ixkin egiteko bertze aldera eskapatu ziren.
Karlistek (“voluntarios carlistas” apezak izkribituko du) Ibañez zuten buruzagia, herrian sartu eta gizonen ordez emazteak bahitu zituzten: Zozaiako Dª Manuela (bere alabarari titia ematen ari zelarik) Iriarteko 
Dª Ana Francisca, Hualdeko Dª Agustina, Sumusuko nagusia, D.Martin eta bisitari bat, Elizondokoa, Mitxeleneko nagusia. Haiekin preso gehiago ekarri zituzten bidean bahituak: hiru andre eta hiru gizon ( horien artean Irurita eta Gartzaingo apezak).

Ibañez, partida karlistaren burua, gizon kontsideratua zen, dio gure informanteak.

Eta hemen egun haren trajedia. Juan Salvadorrek , erratzuarrak, 24 urte, 4 hilabete eta 2 egun zituen.
Mozkortua. Elizondoko kasernara joan behar zuela, erran omen zuela, etsaiengana, Erreginaren, liberalen tropekin.
Ez zuen deus egin, gaizoa, baino sobera erran denboretako. Hantxen eta momentu berean epaitua: Heriotza.
Erratzuko plazan, egun berean “ajusticiado”, afusilatua. Herriko parrokoak , D.Javier Ramon Lacoizquetak, elizakoak eta oliedurak eman zizkion. Aita , Pedro Manuel, Lekarozkoa, ama, Josefa, erratzuarra.
Nigarrak eta karrasiak ala ixiltasuna. Ez dakigu.
Eta ez zen izanen hondarra Erratzuko plazan hola akituko zena gerra hartan!

Ibañezek ez zien utzi andre presoi exekuzioa ikusi, hortaz kontsideratua, baino gizon presoak iziarazteko ikustera behartuak. Leihoen gibelean , herria.

Egun berean kanposainduan lurperatu zuten eta “se le cantó el nocturno”.


Eta karlistak? Business (negosio). Presoak hartu eta aire. Baztan guzia korritu, Basaburua zeharkatu, Sakana eta gero Urbasa, San Martin de Amezkoaraino (Lizarra aldean) eta dirua eskatu : 23,000 duro libre uzteko.
Negoziaketa, “pronto pago” eta heren bat barkatu: 18,000 duro hondarrean. 67 egun beranduago, abenduaren 18an libre utzi zituzten, sosak eman ondoren, naski.

Historia hau ez da hemen akitzen. Espoz y Mina jakinaren gainean zagoen eta ez zuen trabarik jarri nahi afera ongi bururatzeko. Pagatu ondoren, gure liberalak ez ziren herrira itzuli baino Espoz y Minak karlisten aldeko andre batzuk bahitu, barka, preso hartu zituen eta 18,000 duroak berreskuratu artio ez zituen libre utzi. Berak Iruñea utzi zuenean hilabete batzuk beranduago, Elizondoko alkatearen ama oraindik preso zagoen zeren bere partea ez baitzuen oraindik pagatu.

Eta zertaz aitetxik erraten zuen “harrika" hil zutela?
Ukittu fantasiosa?

Hau dena 1834. urtean, nere amaren aitetxi sortu baino lehenago.


       Gaston de Iriarteren kartaren moldaketa.Ulertzen ez dena, zuriz.
       Pbo-k erran nahi du “Presbitero” eta Vic-ek “Vicario”. Urtea ez zuen 
       ongi  paratu. Izan zen 1834.ean. Grafia eta lerroak mantentzen dira                                     originalean etortzen diren bezala.

Las prisiones se verificaron el 12 de Octubre de 1833
vispera durante la noche por aviso confidencial se refu-
giaron a Francia D.Tomas Antº Yrigoyen Pbro. D Juan
José Zozaya, D.Tiburcio Yrigoyen, D. Juan Tomás Yturralde.
Fueron reducidos a prision
en Errazu Dª Manuela Yrigoyen de Zozaya, que lactaba una
niña, Dª Ana Franca. Zozaya de Gastón, Dª Agustina
de Hualde de Yrigoyen, D.Martin Ignacio Yrungaray
dueño de Sumusua, Dª Joaquina Teresa Yrigoyen
de Yturralde, vecinos todos de Errazu, y D. Javier
Meoqui, Dueño de Michelenea de Elizondo, que acci-
dentalmente se hallaba en ...........  Errazu en la casa
nativa de su muger, Echeniquea.
El gefe de la fuerza, que vino a hacer las
prisiones, fué Ybañez acompañados de varios oficiales del pais,
(José ......... Borda, hijo de Jarola de Elbetea)
El gefe se condujo con moderacion al hacer las
prisiones, pues debiendo ser ajusticiado el mismo dia
en Errazu un pobre hombre, llamado N.N. hijo de un tal
Egurandi por sobrenombre porque si dijo ó no hallandose
ebrio que iba a la caserna de Elizondo ocupada por
las tropas de la Reina, tenía orden que todos los
presos presenciaran la ejecución, no permitió que las
Señoras presenciaran el fusilamiento.
Ademas el mismo dia fueron reducidos a prision en
Yrurita el Pbro.D.Martin Esteban Archeverroa, D.Timo-
teo Maritorena, Dª Gertrudis Elorrio de Dolegaray
Dª Gabriela N. de Gamio, Y Dª Estefania Michelena,
esta por haberse fugado su herm. El Pbro.D.N.,
tambien fué preso el Vic. de Garzain D.N.Jaureguizar

El primer dia fueron trasladados a pernoctar a Arrayoz
el 2º a Ciga, el 3º a Almandoz, de aquí a Arraiz, de aquí a Juan-
saras, de aquí a Madoz, de aquí a la venta de Urbasa pasando
la noche en el cubierto de la misma, de Urbasa saliendo a las
5 de la mañana a Genevilla, de aquí a Zúñiga, de aquí
a Ulibarri Lana, de aquí a Santa Cruz, donde les fueron
tomadas las declaraciones, a cual mas ridículas como
la de preguntar a Dª Agustina Hualde de Yrigoyen que
opinión política tenía su marido, a lo que respondió que
hacia 4 años fallecido, de aquí a Aranarache
donde pasaron varios días, de aquí a los corrales
de Viloria, donde no había ni agua, de aquí a
Baquedano, de aquí de noche a Zumbelz, donde
pasaron tres noches con orden del oficial de la escol-
ta, que no se  les ……………………. no fuego,
a los corrales de Baquedano, donde pasaron tres
noches , de aquí a S.Martin. En este pueblo , después de haber
sufrido una prisión que duró desde 12 de Octubre
hasta el 18 de Diciembre, recibieron las ordenes sobre
las multas , que cada preso hubo de pagar. Los comisi-
onados, que gestionaron  en nombre de los presos en todas
las diligencias relativas al pago de las multas fueron
D.Marcos Zelayeta, Dueño de Zaldarriaga de Elizondo
y D. N.Cilveti, arriero de Burutain. Las multas
fueron a Dª Manuela Yrigoyen de 8000 duros, a D.
Timoteo Maritorena 6000 duros, a Dª Agustina 1200,
a Dª Joaquina Teresa de Yrigoyen de 1000, a D. Javier
Meoqui 1000, a Yrungaray 900, a Dª.Ana Fca Zozaya de G.
900, a Dª Este…. Michelena 1000, a Dª Gertrudis
Elorrio de D. 1000 duros a Dª Gabriela N. de Gamio
1200, al Pbro Archeverroa 400, y al vicario de
Garzain 400. Habiendose rebajado una tercera parte
de las multas con posterioridad, fueron satisfechas
las otras dos terceras partes.



  2.Kapitulua
Eta Errege Erratzura etorri zen

Bigarren Gerra Karlistak (1872-1876) berriz Baztan jo zuen.
Lehenengoan bezala hasieran ez zen frente ezagun bat izan Baztanen baina denbora pasa ahala, karlistak Baztango jabeak bihurtu ziren. Eta lehenean bezala, erratzuar gehienak liberalak.

Ordurako,  aitetxi Francisco (1862. urtean sortua) mutiko kozkor bat zen. Berak nere amari kontatzen zioen arabera, karlistek Erratzu inbaditu zuten. Hala izan zen, inbaditua. Bere aita Antoniori, Apeztegiko landetan maizter/mutil lanean ari zelarik, amak mandatua igorri zion erraten  karlistak Erratzun sartzen ari zirela. Orduan bere aita, etxera abiatu zen ziztu bizian eta etxe ondoan, zilo haundi bat egin zuen. Gero, zilo horretan zituzten irina eta zerrikiak sartu, eta hori dena ongarriz estali omen zuela.

Naski, herriko guziek gauza bera eginen zutela. Etxe bakoitzak bere sistema izanen zuen, Ostatuan, konparazionez, kuarto batek pareta faltsua zuen, zurezkoa, haren gibelean gauzak altxatzeko. Senperrek zion bere etxean gibeleko despentsan zilo bat egin eta han gauzak txiki egin zituztela karlistadetan.

Armada inbasora Arizkundik zetorren, zubi gainetik pasa  eta baionetetan sartuak, boneta gisa, bidean ebatsitako ogiak edo taloak ekartzen zituzten. Itxura kuriosoa izanen zen .

Herriko jendea haserre zagoen, bai haserre, baino ez inbadituak zirelakoz. Bai to! Erratzuarrak  haserre ziren  zeren herriko jendea, lanera egunero gan behar baitzen eta  biztartean,  “okupazioko armada”, pikero batzuk,  Erratzuko plazan besta gorra egiten :  mutildantzak dantzatzen eta pilotaz jostatzen ibiltzen baitziren, deus egin gabe.

Okupazio karlistak urteak iraun zituen baino denbora pasa ahala, gerra  ez zitzaien karlistei ongi atera.

Gerrako hondar urtean gaude, 1875, hilabetea Iraila, eguna ez dago argi baino 18aren inguruan izanen zen. Egun horretan, karlisten erregea, Don Carlos VII, itxura xarmantakoa  omen, bere eskoltarekin Erratzun barna pasa zen. Turista “regio”, herria kuxkuxeatzen. Batzuek diote neurria hartzeko mugara ahal bezain fite eskapatzeko, bertze batzuek bere emazteari, erregina Margarita “Duquesa de Parma”, nola bizi ziren bere “subditos” nafarrak erakusteko.

Carlos VII


Herriko jendea kirikatzen ere. Errege bat Erratzun ez da sarri ikusten! Gure Francisco, hamahiru urtetako liberal gaztea, boneta buruan eta eskuak sakeletan espektakuloaren beha, Arotzeneko ate aitzinean. Bere anai ttipia, Andres Victoriano, bere ondoan. Eta haien aitzinetik Carlos VII “El Pretendiente” pasa zen.

Orduan hurbildu zitzaien gizon bat, kantineroa, zeren kupel txiki batean “aguardiente/pattarra” baitzekarren saltzeko eta erran zien: Gritad Viva Don Carlos!, Viva Don Carlos! Eta horri, gure Frantziskok Arraioa!” erranez erantzun zion, hori bai, boneta buruan eta eskuak sakeletan. Don Karlos pasa zenean, bere eskolta gibeletik zetorren eta ikusi zutelarik gizonak bere gainean zuena, kupela ebatsi zioten eta hartarik edaten hasi ziren. Orduan gure gizona karraxika hasi zen No, no me lo quiteis, que es mi vida, que es mi vida!”  .Tantarik ez zioten utzi . Gure Francisco bere baitan irri egiten “Ikas zak!”

Ez ziren izanen urte goxoak baztandarrendako. Bortz hilabete beranduago, gerra akitu zen gobernuko tropak Baztanen sartu zirelarik (1876.02.18). Bederatzi egun beranduago, Carlos VII Luzaiden barna bertze aldera eskapatu zen. Erran omen zuen
Volveré!”  Norat? Ez dakigu baina Erratzura bederen ez zen itzuli.


3. Kapitulua
Eta herrian haserratu ziren.


Zer gehiago kontatzen zion gure birraitetxi Franciscok nere amari? Denetarik.

Berak zionez, denboretan,  Ballenean (Balle-arenea = Ballarenea =Ballenea) herrian merkantziekin sartzeagatik arbitrioak (“marabedi bat” ) kobratzen zirela. Ballea Udaletxeko funtzionario bat zen.

Garbia zen gure birraitetxi. Ohitura zuen oinak gauero
garbitzea eta gero galtzerdi garbiak eta idorrak jaunztea ohatzera gan baino lehen. Etxeko espartinak aldatzen
zituen kanpora gaten balime zen.
Eta euria ari baitzuen? Eskalapuinak, denek bezala.

Elizarekin? Ez zen elizkoi amorratua. Apezei errespetua eta bakotxak berea. Bere betebeharrak (meza eta Komuniona bere tenorean) eta kitto. Honek ez zion traba egiten bere barride Don Blas Fagoagarekin (apezak Don) aunitz tratatzeko.

Ohitura bereizi bat zuen. Ohatzera gan baino lehen, bere ilo txikiak bere besoetan hartu eta lurreko suaren gainetik pasarazten zituen erranez Sarna fuera, ona barnera, gaiztoa kanpora”, gizon eskolatua izan arren  (egunero egunkaria irakurtzen baitzuen).

Bi lagun haundi zituen, bat Iñarbilen  bizi eta bertzea Gorostapolon. Berarekin egoten zirenean franko edaten zuten, berak tantarik ez (noizbait sagardo xorta bat) eta bere lagunak etxera ailegatzen zirenean, Gorostapolotik eta Iñarbildik, irrintzi bana botatzen zuten lagunari abisua pasatzeko seguruan zirela.

Eta kontrabandoa? Herriko mutil guziak (neskaren bat ere)  ibiltzen ziren kontrabandoa pasatzen denbora hartan.
Gure Francisco halaber: biligarro erne porrokatua zen. Irri egiten zuten kontatzen zuelarik, paketeekin ibiltzen, urrundik karabineroak ikusi, pakete gainean jarri, zigarro bat prestatu eta fumatu, karabineroak parean izan, haiekin solas egin deskantsuan izanen ziren  bezala eta haiek ganak, berriz aitzina bere negozioarekin. Denek ¡xtoria bera kontatuko zuten?

Kontrabandista  bat preso, Izpegiko lepoan

Baina hau ez zen bere lanbidea. Bera, Ostatua 1894.ean hartu baino lehen eta gero ere, mando batekin ibilia zen. Mandozaina edo “carretero”. Berak kontatzen zion nere amari, gaztea zelarik, bere amarekin Baiona aldera (edo Donibanera) gaten zirela erosketak eta mandatuak egitera.Zer erosten zuten? Maindireak, han hobeagoak zirelakoz. Horretarako, goiz goizean mando bat,  zuria, elegantea,  prestatzen zuen eta haren gainean Izpegin barna Baigorrira gaten ziren. Han, ostatu batean (orain Arcé dagoen lekuan, baina orduan bertze izenarekin)  txokolate hartzen zuten gosaltzeko eta gero trena Baionarat han erosketak egiteko. Doikebe hango norbaitek eskaini zion han geratzea txokolatero  izateko baina dirudienez gure Franciscoari ez zitzaion afera laket. Egun berean bueltatzen ziren Erratzura.
Ez ziren bakarrak hori egiten zutenak. Gure Franciscok, mandazain bezala, alokatzen zuen mandoa, eta konfiantzakoa zenez, herriko "señoronak"   (hola zion amak) Baigorrira eramaten zituen mandatuak egitera.

Noiz egin zuten Baigorrirako bidea? Oraindik ez dakigu. Trena 1900. urtean harat ailegatu zen.

Afizio bat zuen Franciscok: dantza. Trebea omen zen eta Aita Donostiari erakutsi omen zizkion Baztango mutildantzak Erratzura etortzen zelarik. Naski, erratzuar gehiago ibiliko ziren horretan, horietarik bat, gure birraitetxi.


Francisco Elizondo, nere amaren aitetxi, zigarreta ahoan, dantzari talde baten aitzinean (Elizondon), agintzen, naski.


Eta dantzarekin lotua, besta egunetan, zioen, dantzaldia hasi baino lehen katadera bat ateratzen zutela  eta plaza erdian paratu. Horrekin erran nahi zuten handik agoteren bat (bozatarra, naski)  balime zen, ospa.

Eta dantzak herriko bakea lehertu zuen.
Denbora? Konkordikoa (± 1.890). Protagonistak : Herria, katadera bat (?), maistrua (Don Candido Goñi, Ablitaseko?) eta bere neskatoa .
Hemen eskerrak Senperri (Xenper, Francisco Iribarren) ixtoria honen berri emateagatik.Konkordia istorioa luzea da…Erratzun omen zen Maistrua Erriberakoa, Don Candido, eta harek hartu omen zuen neskatoa Bozatekoa ... eta haren neskatoa Erratzuko plazan ari zen dantzan eta bozatarrak ez zituzten ametitzen...Erratzuko plazan … Ez zuten ametitu hau…Orduan ... herria bi partetan erdibanatua (dibiditua) , bailea, bat Urreingo goitien eta bertzea plazan. Plazatarrak txilibituarekin ari ziren eta akordionarekin Urreingo goitian paratzen omen zuten bailea… Dantza bi lekuetan… Eta dibiditu zen jendea hondarreko gerran bezala.
Dena maistruaren neskatoarengatik... plazatarrak deitzen ziren Maistruaren (neskatoaren) aldekoak  eta Konkordiakoak "Los Rebeldes”... arront gaizki.... harrike elkar... alkatea bildu zen "Los Rebeldes"-ekin, bere etxera, Goztapolon, ardoa atera bandeja batean eta hauek ostiko batez dena bota, ez zuten adiskidetu nahi ... denborarekin konpondu zen...


Bon, hau bersione bat da. Bertze batean, ez da akordionarik, denak txistu musikarekin. Juanjoxek , Salaberrikoa, zion Konkordiako Denboretan bere aitetxi Juan Felix Urrutiak txistua jotzen zuela Pedrone danborrerorekin herriko plazan  (Damuine) eta danborreroa, Kaxton (Kaxtoneko bordakoa) zirela. Danborreroak, jendakiak.

Eta honi, nere amak zer? Hirugarren bersionea : Apez bat omen hobeduna edo erruduna. Aferan sartu zen eta jendea “itsutu” egin zuen, gisa batekoak bertze gisa batekoaren kontra jartzen.

Eta haserraldiaren izena? Kaxtonek dio talde batekoak Viva la Concordia!” uihuka ari zirelakoz.

Eta hortaz herrian: Konkordiako denborak !
4.Kapitulua
Nere Amatxiren etxea ..defendituko dut

                          ERRATZUKO   OSTATUA


Maria Antonia (Manttoni) Elizondo Irungaray, Indatxipiko bordan sortu zen ( 1890. urtean) eta lau urtean Erratzuko Ostatura bere gurasoekin (Francisco Elizondo eta Florentina Irungaray) gan zen bizitzera zeren bere aitak Herriko Ostatua ostalaria bezala hartu baitzuen. Ostatua orduan ez zen bakarrik ostatu bat, hau da gelak eta jantokia: harakindegia, eskola, sagardotegia, kartzela, korreioa, estankoa, zentral telefonika (hortaz nere aitak nere ama ezagutu zuen),nekazal etxea (badauzka behitegia, zerritegia, oilategia eta koadra bat behorra  edo karruak sartzeko),  eta herriko batzar lekua ere bai baitzuen bere barnean.

Amatxi, Ostatuko sukaldean




Ostatua Herrikoetxe bat da. Hau da, partzuergo bat. Lur komunalean eraikia. Herriko etxe geihenek dute jabegoa. Dirudienez etxe bakoitzak bere partea du (edo izan behar zuen, eta baita ere kanpusantuan leku bat). Erratzuko etxe bat erosten baduzu, lotean Ostatuko partea duzu, teorian. 
Noizkoa da Ostatua?  1726.urtean bederen  martxan zagoen. 
Kuriosoa, berez ez du barriderik.

Harakindegia izateari laster utzi zion ( Altxukoek bazuten harakindegia ere orain dagoen botikan  eta konpetentzia gorra egiten zieten, Amatxi haserratu eta negozioa itxi) ;

Eskola ere. Noiz? Denboretan. Mutikoen eskola (“Eskola zaharra”) zimitoriaren parean baitzegoen, ur haundi aldetik, gero


Zimitorioa


zinema izan zen lekuan, seroraren etxe ondoan (Senperrek zion bere aita eta osaba han ibiliak zirela : del año 1907 al 1912 berria egin zutela”) eta neskeen eskola , Ostatuko etxe ipurdian, orain artio “komedorea” izan dena, bere aparteko sarrerarekin, Altxuaren parean dagoen atetik.
Ostatuko sukaldeko paretak hondar aldian berritu zituztenean, han agertu zen, estalia, leiho bat eta txorrota (horrek erran nahi du Ostatuko gibelekoaldea “anexo” bat dela). Noizkoa? Ez zeki(n)at.

Ama, Ostatuko gibelekoaldean: Komedorea/eskola.
Sagardotegia? Bai! Sarrerako ezkerraldean gela bat bazuen sagardoteie deitzen geniola, bere bi kupel haundiekin, han sagardoa egiten eta saltzen baitzen sasoia zenean. Mahai haundi bat paratu eta “pitxerrak” saldu sagardoak irauten zuen biztartean. Gure aitetxi Joxemarik sagardi bat erosi zuen ere Ameriketatik etorri zenean eta sasoia zenean, urrian, hango sagarrak biltzen ziren. Sagardia patarra piko batean dago. Hortaz, sagarrak bildu zakuetan, zurubi (eskuzko eskalera) baten gainean jarri, eta soka batekin lotzen zen korapiloa eginez eta arbola bat polea moduan erabiltzen, poliki poliki jausten ziren zaku guziek zurubi gainean beheitiraino. Etxean , sagardotegian, mazatu egiten zen dena aste batez, kupelan bildu, bi aste uzten zen “irakiten” eta  irakiten ondoren, sortzen zaion aparra ken eta orduan itxi egiten zen. Aitetxiri iduritzen zaiolarik ongi zegoela, “txotxa” egiten zuen eta denak ,nere ama eta  haurride (mukizu) guziak probatzera. Amak zion pixket mingotsa zela, neretako arront goxoa (suertez ttaia nintzelarik segitzen zuten sagardoa egiten).
Erratzuko bertze etxeetan ere sagardoa egiten zen, Etxebeltzean konparazionez. Dolarea badute han. Pixka bat egiten zuten baina arras diferentea.
Eta Sidrerie  (Posantzenea)?Jaus! Kupel bat saltzeko karri eta kitto!”  Hortik etortzen zaio izena (amak zionez..).

Korreioa? Ematen du betidanik korreioa partitzea gure familiaren afera izan dela Erratzun. Senperrek oroitzen zenez nere amaren aitetxiren sortetxean, Etxezurian, bazen zurezko buzoi bat: Antonio Elizondo (nere amatxiren aitetxi)“estanquero” zen. 


Dena den, bazen kaso bereizi bat.
Zozaiako (Etxenikeako) nagusiak kartero aparte zuen. Honek bere “balija” zuen eta berak eramaten zuen, are gehiago bide bereizia zuten ere Iñarbilgo Zozaiera gateko.
Horko etxekoandrea, Mikaela Iturralde, izan zen elizako organoa erregalatu ziona elizari (herriari?) uholde ondoren.


Ardoa? Ostatuko ardangelan , holaxen deitzen zaio lehenbiziko solairuko pasoan dagoen armairu haundiari. Han altxatzen zen ardoa. Zahagietan ( bortz dekalitrokoak) eta batez ere botiletan: pintak. Eta pinta horietan? Ardo zaharra. Bordelekoa, hoberena, (Ikatzateako Bentan erosia) Errioxa eta nafarra.Hondar hau Agerrea/Almazenetik ekarria. Esspezziala.(Baino kontu hau gerra aitzinekoa da.)

Corpusen  Christiren  Otaban , hau da zortzi egun beranduago, ortzeguna izaten zen beti, atsaldean, bezperatik bueltarekin Ostatuak errenta bezala eman behar zuen herriari ogia eta ardoa, gratis eta amore, mahai bat plazan jartzen zuten... eta zahagia izaten zen.. handik pasatzen zenari, ematen zitzaion.

Gero, haurrak Etxebeltzeko larraineko petrilean edo plazako frontonerakoan jarri eta ardo baso bat eta ogi puska bana ematen zieten (ziguten, ni lekukoa).

Kartzela elementala da: lehio bat burnizko zare batekin eta kakalekua.

Egilea , kartzelaren barnean
 Senperrek kontatzen zuen gerra hondar honetan (bera) alkate zelarik harrapatu zuten franses bat.. zen ezaguna (Baigorrikoa).. eta neri erran zataten bi karabinero behar zuela paratu... orduan ez nekian zer egin... gan nintzen Elizondora eta Arricibitak erran zatan... bai obligazionea baduzu baino erraiezu... paratzeko lehenbiziko pareja neri... bera zen buru... haiek ziren guardiak... bi guardia paratzeko neri nik zaintzeko preso hura... no venía al caso... “ gauez bere lagunek zilo bat egin eta eskapatu zen... atetik!

Herrikokoak? Ere bai, norbait pasatzen bazen. Konparazionez, Marcos bat, sartu zuten behin edo bi aldiz, “piztue zagoelarik 
gerra denboretan ... Xubieteko Pedrito (alkatea) ttaia zen... bertzea 
kontra haundia …Etxebeltzeko parean, karrikan, biak borrokan 
lotuak... “ Gero gure Marcosek, mendekuan, Xubieteko ondotik 
pasatzen zenean Puta ventana, mala semana” oihukatzen zuen.

Bertze norbait? Kitoak. Noizen behinka. Zertaz? Idearik ez. Amatxik bazkaria pasatzen zien.

Batzarren lekua ere izan da. Amak zioen, lehenago, gerra aintzin, pasoan egiten zituztela batzarreak, eta nolako kalapitak eta espantuak. Sekretarioak notak hartzen zituen eta botazionetan (alkatea autatzeko) jendea paratzen zen alde batean edo bertzean adierazteko noren alde ziren.

Holakoa eta gehio izan zen nere Amatxiren etxea... jakin nuenean maizterrak ginela... Hala ere eta dena den, beti ETXE HAUNDIKOA sentitu gara Ostatuko seme/alabak.



Bidenabar, badira Ostatuko aintzin aldean bi lapida edo lauze.                 Biek Buztinagako bi seme goraipatzen dituzte eta berez Buztinagan     egon behar ziren baina hala ere herriari postin gehiago emateko Ostatuan, herriko plazan, egotea erabaki zuten noizpait, jende guziak jakin dezala Erratzuk bi apezpiku izana zituela: Juan Lorenzo Irigoyen (1712-1778) Iruñeko apezpikua eta bere iloa Miguel Jose Irigoyen (1785-1852) Zamora eta Calahorrako apezpikua.
Juan Lorenzo de Yrigoyen


Juan Lorenzo de Yrigoyen: Transkripzioa
Miguel Jose Irigoyen
Miguel Jose Irigoyen : Transkripzioa

Dirudienez, protagonistak hil baino lehenago jarri zituzten harriak.


5.Kapitulua
Beharrik zubia erori zela...

Erratzun eta Ostatuan gauza serioena pasatu dena 1913.eko uholdea izan zen. Ekainak 2ean, goizeko zortziak eta bederatziak artean izigarriko erauntsia bota zuen Araneako partean. Aitaren batean ura hasi zen goratzen, erreka gainezka etortzen zen eta berarekin zaborra aunitz ekartzen zuen , arbolak eta abarrak, hori dena ikaragarrizko ur haundi batekin. Orduko Erratzuko zubia hiru begikoa (erdian haundia eta bi ttaiak aldeetan) zen eta ez zen sobera altua.


Zubi zaharra. Bertzealdean, Zubipunta

Horrek nolabait estutzen zuen ur haundiaren bidea eta hainbertze zaborrarekin tapoi gisako bat suertatu zen. Horrek presa bezala bihurtu zuen zubia eta ura gora hazi zen, alde batetik elizaren kontra jotzen zeren ura Aranea aldetik baitzetorren eta bertze aldetik herriko karrikak urekin gainezkatzen.





Etxean, Ostatuan, azienda sabaira igan zuten (behiak, mandoak eta zerri guziak) baino oiloak (San Pedro aitzineko egunak zirenez oilaskoak erre bestetan prestatzeko bazeuzkaten) ito ziren. Hasmentan bertze etxeetatik oihukatzen zieten ateratzeko baina barnean gelditu ziren. Denak sabaian.Familia guzia ikaratua zegoen Manera huntan  akitu behar dugu familia guzie!!!”  amatxiren amak (Florentina Irungaray Iturriria) erraten zuen. Eta errezatu,  bai errezatu egin zutela.


Holako batean zubiak ezin zuen gehio jasan eta irauli egin zuen: horrek gure amatxiren familia eta Erratzuko ur haundi ondoko etxeak salbatu zituen zeren uraren nibela berehala jautsi zen. Urak sukaldeko (lehenbiziko solairuan)  eltze haundiak buelta emanak utzi zituen, horraino ailegatu baitzen ura. Amatxik erraten zuen gelditu zen usaina nazkagarria izan zela egun aunitzetan.


Bertze etxe batzuek ere sufritu zuten. Senperrek kontatzen zuen “Sidreriko (Posantzenea) gibeleko aldean bazen etxe ttar bat, bere gibelean, Zubipunta... hura gan zuen eta hura gan aintzin...gure osaba eta... jautsi ziren (Gorostapolotik) ikustera herria... ea ze kalte egin zuen eta Etxezuria ixkin hortatik begiratu zuten... Zubipunta erdia gan omen zuen urak... bertze erdian bi behi omen ziren soro jaten sabaian, normal... eta haiei begira zeudelarik, ttak!... etxea, behiak eta dena... gan zituen urak.”



Orduko periodikuetan ere berria naski agertu zela. Internetez begiratzen ahal dira fotoak eta kontuak. Fotoak ikusteko “Blanco y Negro”,”Mundo Gráfico” edo “ Ilustración española y americana”. Bertze egunkarietan aski da haien hemerotekak bisitazea.
Txirritak, bertsolariak, bertso paper bat ere atera zuen, Gustavo Quintanaren Elizondoko inprimategian publikatuak.
               
                        Auzan millatan bederatziehun
                        hamairugarren urtean
desgrazi hori gertatu zaiku
Valle Baztango partean
mendi, Elizak eta etxeak
bota  zituen golpean
lehen bistan zauden terreno asko
tapatu ziren urpean
erakutsi du nahi balime du
zer egingo legokean.




Ez zen baztandarraren batek gauza bera eginen zuela? Batek daki.




Ikusgarria eta ikeragarria elizak hartu zuen kaltea. Aitzinalde/abside guzia eraman zuen. Ikustekoa da momentuko fotoak : elizako sarreratik mendiak ikusten ziren. Sainduak eta aldarea “iñerikan” gan  ziren Hondarribiraino.

Eta karretera? Desagertu zen, eginberria izan arren. Konklusionez, mundua inkomunikatua!




Berekotxeari erdia gan zion, errekaldekoa ez, herri aldekoa. “Orduan bi hilabeteko haurra, Urbano, etxea erori baino lastertxo... eraman zuten arotzaren etxera .. edo Xisperrira. Bi hilabeteko haurra, besoan hartu eta zurubitan jautsita.. gan omen zuten” kontatzen zuen Xenperrek.

Zenbat etxe gan zuen urak? Zortzi? Frontoia ere.

Aroztegiko/Sumutsuko zubia


Urak botaietako etxetik gauzak hor nonbait barreiatu zituen (eltzeak, arropak...) eta herriko zurrumurrua zen bat baino gehiago horretaz aprobetxatu zela. Uharkan arrantzan. Beti izan dira “los esspabilados.”


Zubiari buruz, amatxik erraten zuen orduko mutilak haren bazterretan/gibelean altxatzen zirela eta neskak pasatzekotan sustoak ematen zizkietela. Baten batek maindire zuri bat gainean jarri eta berandua etortzen zirenei iziarazten zebilen. Orduko mutilak itsusiak eta basak omen zirela, gaineratzen zuen ere Amatxik (he,he).


6.Kapitulua
Joxemari edo baztandar batzuen ibilbidea


Denborarekin Maria Antonia Elizondok Jose Mari Ballarena
( Gartzaingo Andalorrean sortua baino bere familia  maizterra zenez handik gana) ezagutu zuen Istilart etxean mutiletako Amerikarat gan baino lehen ibili zelarik eta handik (nere aitetxi Joxemari) itzuli zenean berarekin ezkondu zen . Bortz seme-alaba izan zituzten : Mª Felisa(†), Joxe(†), Elvira(†), Justo(†) eta Dolores .



Aitetxiren familia haundia zen. Bere ama gazte hil zenez, bere aita berriz esposatu zen eta oro-har 17 haurride izan ziren: neska bi eta 15 mutil. Gure aitetxi gazte zelarik Artesiagan eta Saioan barna ibilia zen ardiekin. Gero Erratzura mutiletako etorri zen Istilartera eta handik, hogei urte bete zituelarik Ameriketara gan zen, Kalifornia aldera (Bakersfield) baztandar aunitz bezala. Istilarteko nagusiak paperak egiten lagundu zion zeren Ameriketan ibilia izan baitzen. Hau dena arrunta zen Baztanen eta familia guziek dute kontatzeko. Batzuk etxean gelditu eta bertzeak kanpora. Konparazionez, bere anaia Frantzisko hamar urte zituelarik, eskola utzi zuen maistruak jo zuelakoz eta ez zen gehiago bueltatu. Hau ihintzean ibiltzen zen.Arteak ziren bere aferak. Bertze aldetik, bere anaiak  Miguel, Juan, Martin, Juan Ignacio, Nazario… harat gan ziren ere.


Gisa horretan soldaduska ez zuten egiten, erdi-desertoreak ziren, bueltan (itzultzen baziren)  multa ordaindu eta kitto.


USAn sartzeko kontrola

                 
Hogei urte zituelarik (1903) Ameriketara gan zen. Kalifornia aldera. El Havretik (Frantziako iparraldean) “La Touraine” itsasuntzian. Emigrante guziak bezala, Ellis Islanden, New Yorkeko bokalean, egona zen USAn sartu baino lehen. Itsasuntziaren agirian agertzen den bezala Fresnora (Kalifornia) zihoazen, berak biletea pagatu zuen, 34 dolar sakelean zuen eta Tomas Hirigoyen, Fresnokoa, bere esperoan zuen.




Norbaiten jendakia 1892-1924 tarte horretan
gan balime zen Ipar Ameriketara (USA),
http://www.ellisisland.org/ – ean lortzen ahal du sartzeko fitxa.

Han urteak eman zituen, Bakersfield aldean,  basamortu erdian, bakarrik,  ardiekin (eta zakurrekin) bizi izan zen. Bere anaia Martinek han topatu zuen Gaizoa, nola iten zuen niger zure aitetxik...”

Ingelesa ikasi zuen, amak zionez, eta erdara baino hobekio zakiela, batek daki. Kuriosoa, amak, berarengandik ikasi zituen hitz bakarrak ingelesez, birauak naski, xit (“shit” = kaka) eta sanabebitx (  son-of-a-bitch” putakumea) ziren.

Beti komentatzen zuena, zioten errespetua. Han baino gehio ez zuela ikusi inoiz. Ez zuen inport nolako itxura edo zer ziren, artzainak bere kasuan, jende guziek haiek errespetatzen zituzten. Ematen du etxean zegoenean (Baztanen) errespetu hori ez zen ikusten. Eta erraten zuen hori zeren bere artaldearekin ( bi mila ardi edo geiho eta zakurrak ) San Francisco hiriaren barna pasatzen baitzen eta ez zen inor harekin edo artzainekin sartzen! Egia izanen zen ?


Desertuko bakardadean zagon nere aitetxi Joxemari San Franciscoko lurrikara famatuaren egunean, Apirilaren 18ean, 1906garren urtean. Naski, berak bakarrik lurraren ikara nabaritu zuen. Gero enteratu zen nola San Franciscoko hiria erre zela.

Denborarekin, bere artalde propio lortu zuen eta dena saldu ondoren Erratzura itzuli zen 1915ean, Lehengo Gerra Mundialean. Itsasontziz etorri zen, Bordelera. Barkua argi itzaliekin, zeren bildur ziren submarino alemaniarrek hondoratuko zutela. Diru guzia, urrean. Dena gerrontzian lotua.

Erratzun landak, belaiak eta etxeak ( Dorrea eta Xisperria) erosi zituen  (notario batek, Iturralde, Buztinagako semea, lagundu  zion erosketak egiten eta harreman onak mantendu zituzten) eta nere amatxirekin ezkondu zen. Amatxik dotea ere gan zuen: landa bat (Apezteiko erdian dagoen landa bat  (9 gizalur ) eta ez dakit zenbat sos (±5.000 duro). Erratzuko herrian ongi laketu zen zeren bere familia Kantareneko Borda erosia baitzuen eta han bizi ziren.

Herrian ongi moldatu zen. Amatxik Ostatua eta Aitetxi azienda.
Denborarekin, kargodune eta dena izan zen. Fotoan ikusten denez, elegantia, herriko autoritateak kapadunak, sekretarioa trajez eta biribiltzeko herriko mutila denen gainetik!


1923
Eta zer egiten zuten? Behin, norbait (andre bat) ari zen erraten bere etxean “sorginak” bazirela. Tximinitik beheitira, gauean, harri koxkorrak erortzen zirela eta hori sorginek egiten zutela. Harat gan ziren alkatearen enkarguz kargodun batzuk, Joxemari haien artean. Gau guziez kafea hartzen (eta zerbait gehio, noski) pasa zuten, andrea presente.
 Ez zen deus pasa. Konklusioenez, haurrak bildurtzeko andreak berak botatzen zituen harriak, zeren ez baitzen gehio kexatu.



Eta zer gehio? Herriko interesak (haienak barne!) defendatzea. Amak zionez, nolabait aldizkatzen ziren denen interesak eta gisa horretan denak kontent. Aitetxik Zabaletako zubia egitea lortu zuen. Naski, lehen interesatua, bera, zeren han baitzuen belai bat.



Etxolartea/ Txolartea
Eta nere oroipenak? Nola egiten zituen etxolarteak. Behor puztenaren hile luzeak, zurdak,  hartu, txirikordatu eta ziriztilo bat egin. Urritzako abar freskoa makurtu eta alanbre batekin, artea prest. Gero suerte. Eta suerte balime zen, xoxoak afaltzeko.


Txilibituak ere egiten zituen. Abar fresko bat hartu (sahasa?) koxka batzuk egin ziloak markatzeko, kanabitarekin jo, barnekoa atera eta ziztu egin.


7.Kapitulua
Denboretako Osasunbidea  eta bertze kontuak

Amatxiren denboretan medikua herrian bazen , naski, baino gauza batzuk sendatzeko, larruko eritasunak (ekzemak), sistema zaharra erabiltzen zen: peregrinazioak. Norat? Lourdesa? Ez, Harpeko Saindura. Nola gaten ziren? Oinez, Urritzatetik eta norbaiten laguntzarekin. Emaitza? Deus. Doikebe gure amatxik ez zuen aski sinisten.



Erdian, Harpeko Saindua

Sainduaren izerdiak sendatzen omen du.Normalki mospela dago. Zapi (mukizapi) batekin busti eta gaizki duzuna horrekin xukatu. Gero han, harpean, uzten da zapia, paretaren kontra. Ikustekoa.
Xenperrek ere kontatzen zuen nola bere aita ere harat gana zela...”eta gero Bidarraiko hotel bateko semeak organizatzen zuen... jeepek eta animeleko jendea Harpeko Saindura... milagro ta milagro ta milagro... egin zituen milagro franko... baino (milagro horiek) ez ziren harat ailegatu..”

Herrian medikuak:”¿No irás al Harpeko Saindua?”   “NOOOO!”


Sanjuan Xarra ere gana zen gure Amatxi. Baino ez baduzu sinisten, ja!


Bertze gauzendako Bozatera. El Brujorengana. Bere etxea karretera ondoan zegoen. Hori Bozatetik etxeetara sendatzera etortzen zen. Koartoan sartu eta kurak egiten zituen. Behin Aitetxi Franzisko sendatu zuen, eta osaba Joxe ere bai. Bekatua omen zela otoitzak sartzen zituztelakoz. Brujoak, honek bai. Honek lortzen zuen zingirioa sendatzea. Eskua hartzen zion eri zagoenari, eta zornea biltzen zion leku batera eta gero atera. Aldi berean eskuaren gainean zeinatu egiten, garbitzen zion biztartean. Ez zion erraten “Senda, senda mine, asto kakurrine, gan da, gan da mine!” bai to, hau serioa zen :”Aitaren, ta semiaren ta espiritu sainduaren izenian, amen!” Sendatua. Ama lekukoa.

Brujoa ez zen bakarrik Bozaten negozio horretan aritzen zena. Orduko denboretan (gerra aintzin – 1936) Atsoteneko andreak taberna bat bazuen. Andre hori (Purificación izenez) Uretakoa zen, Aurizperri ondoan.Pomada bereizi bat saltzen zuen, berak prestatua, larruko eritasunak sendatzeko. Bezeroek katilua edo holako zerbait eraman behar eta han paratzen zien pomada (nire izoa lekukoa).
Baino lehenago erran dugun bezala, taberna ere zen. Eta nolako taberna! Xenperrek zioenez, ”Baztangoizeko traste guziek biltzen zituen... Azkarateko jendea... borda guzietako mutilzaharrak... gizon zaharrak eta berotuak ibiltzen ziren.. boah... estremoa zen! .. kafea egiten zuen... eta goizeko ordu bietan, igual,,, kedarra zapatu ta ... errautsa eta gero azukre puska bat eman ...” eta zerbitzatu!
Dirua ere jokatzen zen.Argi dago. Orduko urte kontserbadoretan nolabaiteko “oasis permisibo bat” zen. Holako bertsoak bota zizkion Trinok (Trinidad Urtasun) Atsoteneko etxekoandreari, (Eskerrak Juanjoxe eta Kaxtoni):





                            Zeruan dauden santu ta santa
                                daude triste ta serio
                            Atsotenean bizi den atso
                                sorgin hori dela medio.
                       
    Baldin Jinkoak salbaziorik
                               Horri emaiten badio
                            Umildade ta sekeretuak
                                Ez duk askorik balio.
                       


Eta hezurrak? Ultzamara, Auza  herrira. Han bazuen “kontsulta” andre famatu batek horretan trebea.Zinez. Ilarregi ko atsoa.

Autobus hartu Erratzuko plazan eta haraino. Kasu honetan eri zegoena ama zen eta amatxik lagundu zion. Besoa makurtua edo puskatua. Ez zegoela hautsia, eskuekin ongi artatu eta kito. Biztartean bere amak eta sendagileak elean,  Baztango eta Ultzamako kontu guziak elkar trukatzen.

Behin gure amak hamahiru edo hamalau urte zituenean, kokaluxea (zakurreztula?) izan zuen eta kentzen ez zaiolakoz , orduan Ostatuan neskato zegoen Katalinaren etxera igorri zuten sendatzera. Etxebeltzeko Borda zen. Han hilabete bat eman zuen sendatu artio handik atera gabe. Beti oroitzen zen nola aitetxiren koartoa utzi ziotela eta dena zein garbi zegoen etxe hartan.
Jendea eritzen balime zen Aritzakun aldera eramaten zuten, ohitura omen zen.



8.Kapitulua
Bildur sasoia.

Felisa Ballarena , Ostatuko etxeko alaba, 1917garrenean sortu zen, Uztailak 29ean .

Lehenbizikoa zenez, ez mainuntziena baino bai zainduena izan zen. Orduko herriko neska gehienak bezala eskolara gan zen señorita Manolitarekin (Etxebeltzeko alaba) eta kozkortu zenean Elizondora sukaldaritzako ikastaro bat egitera ere bai (Karraskerorengana), bizikletaz (nola ez bazekien bizikletaz ibiltzen, anaiek gaten zuten).Baita hor nonbait frantsa monjeekin ikasi zuen ere. Hauek Unaindegian egoten baitziren. Duro baten truke, klasea ematen zuten. Bakarrik herriko hiru neska gaten ziren. Bizkitartean etxean laguntzen, lan franko baitzen!



Ama,MªAngeles Elizalde, D.Manuel Daguerre(Padre Blanco), Izo Dolores


Erratzuko historia ttipi honetan nere amak bi sasoi apartekoak, bortitzak, bizi izan zituen zeren gero, ezkondu zenean, Barakaldora (Bizkaian) gan zen bizitzera (eta Erratzura erditzera: zortzi haurride eta denak Erratzuko Herriko Ostatuan sortuak – ni barne, naski!) eta herrira bisitaz bakarrik etortzen zen.
Lehena, Espainiako Gerra Zibila eta gero Bigarren Gerra Mundiala.

Bildur urteak

1936garreneko Sanferminetara gana zen (19 urte zituen!). Bere osaba Justok inbitatzen zuen. Berarekin gan ziren Mirentxu Irigoien (Agerrea/Almacen), Juanita (Urreingoa) .Taxi bat hartu eta bueltatzen zirenean  bideko bazterretan guardia zibila aunitz  ikusi zuten,Erran dute zerbait pasatuko dela!” komentu zuten hori ikustean.


“Movimientoa” uztailaren 18an  deklaratu zen. Urrengo egunean, 19an, igandea, Elizondoko teniente eta  gero kapitaina izanen zen batek (Arricibitak)  eta apezak, makurrena , Don Vitorio Apeztegia,  Erratzuko plazan jendea bildu eta ¡Que nadie se mueva!...” mehatxatu zuten , bestela ikusiko zutela. Herriko alkatea Xubieteko Pedrito zen. Bandera espainiarra Ostatuko leihoan paratu zuten .

Xenperrek zionez ...”eta (D.Manuel) Muguruza, orduan maistrua, plazara atera zuten... eskua goratu eta erranarazi zion Elizondoko Kapitan batek, Arrecibita, ”Viva España!”... Kaxtoneko plaza hortan... (Muguruzak)”Ni nazionalista naiz baino ez komunista”... ez zioten deus egin (destinoz aldatu, suerte)…

Lehenbiziko egunetan gizonak guardia egitera ateratzen ziren.
Batzuk alde, bertze batzuk kontra, eta gehienek izituak, arront.
Etxeko ateak gauez ixteko erran zuen alkateak . Bildurra . Batzuk boluntarioa  (eta han hil eta etxean nigar), batzuk gerrara behartuak,batzuk gerrara gustoz, baten bat bertze aldera (Frantziara) eskapatu.

Xenperrek zion “ ... deitu zakuten egun batez... biltzeko(gazte) denak Ostatura.. Ostatura heldu ginen eta ... ez dakit zenbat atera ziren... lau edo sei boluntario.. falangea zen...bazen Elizondoko maistru bat, Don Maximiliano... haren semea bat omen zen eta bertzea... Bittor Landa , Arizkungoa..zenbat ziren, ez dakit...gutti bat... neri erran zatan Almatzeneko atsoak “ez zara presentatzeko, ez gero ateratzeko”.. ez nintzen atera boluntario.”

Denbora itsusia. Funeralak frentean hilarenak, zortzi !!.

Herrian Argineko bordari egin zioten traizionea... eskaparazi behar zutela eta poliziak ziren... deportatua. Etxebeltzeko Pedro Jose, kartzelara...”


Nere amaren  lehengusu Onesimok (Indatxipiko Bordakoa)  kontatzen zuen bezala, Iruinean zegoenean soldaduska egiten, un paso al frente” boluntarioa bezala frentera gateko eskatu zutenean bere batailoiri, Erriberakoek (ttipittoak omen zirela?) denek aitzinera jo zuten eta Mendialdekoak geldi geratu ziren. “¡Vascos, comedores de berza!” erraten zieten erriberoek. Orduan erabaki zuen Frantzia aldera gatea eta gauez bizikleta bat hartua Baigorri aldera eskapatu/desertatu zen. Han urteak eman zituen, etxean azienda konfiskatua.

Bon, hau da bertsione bat. Bere ilobak, Aurelia Arkotxak, badu bertze bat BERRIAn publikatua:

BILDURRIK GABE    1936… Baztan. Don Bitorio erretorak, reketeen kapitain karlistak, kintako gazteei: boluntarioak ez dituztela frentera igorriko, Baztango mendien fronteraren zaintzen egonen direla. Onesimok: badoala. Amak: erretora gezurrez ari dela, gazteria bilduz galonak dituela irabazi nahi. Gazteak Elizondon dituzte biltzen. Kaki arropa eta boneta gorria erdian borla horiarekin ematen. Fronterak hesten. Xinurri bat ere ez daitekeelarik handik pasa. Amak:”Gau batez hartuko zaituztete eta eramanen frontera!” Hamabortz egun Elizondon instrukzionetan. Kamioiak heltzen gau batez.Eramaten Iruñera. Handik gero gerla bizira. Onesimo izialduraz eritzen, goiti botaka, beheitikeka hasten. Iruñeko hospitalean kolpatuen erdian dela heldu zaio, halabeharrez, Erratzuko Don Jose apez euskalduna taxian Iruñera joana, erien bisitatzera.”Zer ari haiz hi hemen! Erratzura etorri nahi ote duk?” Onesimo harekin eskapatzen. Etxean aitak erakusten nondik joan menditik, nola hel, karabineroetarik ihes, Frantzian den lehen etxera: Bidegainera. Gauaz, Tuturro saihetsetik, Izpegiko lepo bazterretik, Bidegainera heltzen. Biharamunean, Bidegaineko korlean zazpi rekete presentatzen. Etxeko andereak korlean errezebitzen: “hemen Frantzia duzue! Lekutzen ez bazarete Baigorrira noa jendarmetara!” Onesimo barnean, solairuko eskalaburuan, escopeta kargaturik bere baitan diola:”Bigarrenak hilen nau. Baina goiti heldu den lehena, nik”.


Bidegain. Erratzutik/Izpegitik ikusia.

 Herriko armak (ihinzilarien eskopetak) konfiskatu zituzten, lan hori, doikebe, alkate jaunari (Xubieteko Pedritori) tokatu zitzaion. Gaizoa, aditu beharko zuena : bederen nere Amatxik Kakazue…Ez zara ahalketzen..!” batekin eskopetak eman zizkion eta suposatzekoa da  ez zela bakarra izanen. Denbora haietan ez zen zozokeri bat eskopeta bat galtzea. Ostatuko kasuan, hiru. Gero zaldi eta mandoen  bila etorri ziren Lesaka aldera eramateko, etxeko zaldia itzuli zuten, baino zela  (Tio Antonek erraten zuen ebatsi ziotela, batek daki!) eta eskopetak ez.


Bada ezpada, Ostatuko kandelabroak eta brontzezko tupin haundiak Tio Anton erraten zen koartoan altxatu zituzten. Han, paretaren kontra , ohol batzuekin egina bazen altxaleku bat . Gero estraperlorekin ere erabilia izan zena han gauzak altxatzeko.

Amak kontatzen zuen nola Movimientoko egunetan ( Uztaila 18, 1936) zerbait susmatzen zela (Sanferminetatik bidean ikusi zutena konparazionez) . Herrian baziren guardia zibilak eta guardia de asalto-k ( karabineroak ). Dirudienez, hondar hauek Gobernuaren aldekoak ziren (errepublikanoak) eta “abisatuak” izan zirela gauzak gaizki jarriko zaizkiela eta gau batez herritik desagertu ziren.
Xenperrek zion pare bat izanen zirela.

Nafarroan, batez ere Erribera aldean, gerrako lehenbiziko egunak bortitzak izan ziren. Ofizialki, gaur eguneko Gobernuak onartua, hiru mila gizaseme baino gehiago akabatu zituzten Movimientoa ez segitzeagatik. Amak zioenez eta Xenperrek konfirmatua (haiei kontatu zieten) “Baztango apez bat, Don Andres Beltzunegi eta Saturnino Burguete baitzen balleko alkatea,,, atera ziren Elizondoko plazara... falangistek erran zieten “kartzazue lista hau” ...beren listekin etorri zaiela... eta hok erran zutela “Hemen ez dagoela holakorik jende... hemen jende ona da... eta hil behar baduzue, lehenik gu hil gaituzue”... ez zen deus pasatu hemen”. Iruñerako erret-bidean egon zirela egunez eta gauez zaintzen, ez uzteko “Los-del-paseillo” (falangistak) Baztanen sartzen.
Agur eta Ohorea gizaseme hoki!



9.Kapitulua
Turistak Erratzun! (a la bortxa)


Dena den ,bizitza ez zen orduan akitu. Batzuk frontera, eta ez itzuli, bertze batzuk erretagoardiara (nere aita haien artean, Deusto Unibertsitateko kartzelatik Lamierritako kuartelera - 1938) eta bertze batzuk presoak. Bitartean, maistruez aldatu eta eskolan haurrak falangista bezala desfilatzen. Beharko.

Eta Erratzun? Erraten ahal da urte horietan (eta hau umore beltzez) “invasion de turistas” pairatu zuela gure herriak. Denak behartuak. Karabineroak alde batetik. Zenbat? Hogeitamarren bat. Non? Etxeetan, Arotzenean. Bertze aldetik, militarrak. Zenbat? Zientoka. Bi batallon, bederen. Bere kasernak, non? Primeros Barracones eta Segundos Barracones, Izpegiko bidean, gaur egun abandonaturik.
Primeros Barracones

Nork eginak? Eta hemen hirugarren motako turistak: Batallon de Trabajadores-ek eginak. Zertarako? La Linea Villaspin eraikitzeko, bertze batzuek Linea Perez diote, baino hau beranduago izan zen. Doikebe, Franco bildur zen Alemaniarrek, Aliatuek edo batek daki nork iparraldetik Espaina inbadituko zutela eta bidea zailtzeko Baztango muga bunkerrez bete zuen. Langileak, Espaina gerrako presoak; zaindariak, soldaduak. Bunker gehienak “nido de ametralladoras” dira, baina badira galeriak dituztenak edo bertze kasuetan erdibotaiak diruditen bordak baina barnetik, zemento armado. Saiatu ziren ongi kamuflatzen eta leku estratejikoetan kokatuak daude.


Bunkerra, Izpegiko bide bazterrean

Eta hori dena Batallon de Trabajadores-ko presoei esker. Paga? Ez dakit, baina gose, gose bai. Hala erraten zuen amak: nolako lana zen, ez zekien, baina gose, gosez hilak ibiltzen ziren gaizoak denbora guzia. Zenbat ziren? Ehunka( mileka?). Herria lepo. Atsaldetan ez zen kanpora ateratzen ahal (neskak batez ere) dena soldaduz eta trabajadorez betea zagoelakoz. Ez zen lekurik.Literalki. La Estafeta Sanferminetan bezala! Nola kontrolatzen ahal ziren? Idearik ez. Nongoak ziren? Edozein lekutakoak, katalanak, andaluziarrak ...
Gorostapolon gauza bera...laurehun edo bortzehun... etxeak bete ziren...Otondoa bete zen... gure koadrako gibelean (Xenperrek zioen) bertze etxe horretan... Mapitzenean, betea... gose, gose pasatuak..”

Ofizialki (Interneten leitua) Erratzukoa, Batallon de Trabajadores nº 1 zen . Baztanen baziren bertze hiru,  nº 64 eta nº 81 , Amaiurren eta nº 114, Arizkunen.
Orohar, 3.463 preso!

Zenbat denbora? Urteak. Gerra akitu eta beranduago. Xenperrek zionez lekutu ziren 1944.ean... hor nonbait... kontrabandoa hasi zelarik. Bon. Hau ez da egia biribila, zeren muga soldaduz eta karabineroz josia izan arren eta aldi berean Bigarren Gerra Mundiala gure auzoan, Baigorrin, gure Xenperrek kanpoan “mili” egiten , etxera “rebajarekin” itzultzen zelarik, kontrabando pasatzeko aprobetxatzen zuen.

Eta herrian, nolako giroa? Nahasi totala. Amak kontatzen zuen nola behin Ostatuan “trabajador” bati gasna puska bat eskaini zioten mandatu bat egin zielakoz eta honek gasna osoa hartu eta ogi bat bazen bezala, hasi zen atxikika jaten.
Bertze batzuek txiringito bat montatu eta bazkaria saldu, bizkitartean poliziak ofizinak Kastelenean jarri , kontrolak herritik gateko eta Bilkorteko iratzelekuetara bazkaria gateko, nere izo Doloresek, 12 urtetako neskatikoa, pasea behar zuen Primeros Barracones ondotik pasatzeko.
Lo egiteko? Leku aunitzetan: Aduanan, Unaindegian, etxeetan....
Lehenbiziko turismo rurala?
Iriartea/Aduana

10.Kapitulua
Eta bildurrak segitu zuen.

Gerra akitu Erratzun (Apirila 1939) eta bertze gerra bat gure auzoan hasi, Baigorrin (Iraila 1939).

Hasi zenean trafiko berezi bat nabaritu  zuten Erratzu eta Baigorriko mugetan barna: iheslariarena gaur egun erraten den bezala: eskapatuak . Lehen lehenak Frantsak izan ziren. Mutilak. Etxe bakoitzak bazuen bat, Ostatuan, Etxebeltzean,.... Bildurrez gerrara ez gateko, doikebe. Hilabete batzuk bakarrik egon ziren.  Gero agertu zirenak Aliatuekin (Ingelesak, Holandarrak, Belgikarrak…) zerikusi zutenak. Batzuk Ostatura etortzen ziren (suposatzen ahal da bertze batzuek bertze bide bat hartuko zutela). Muga oinez zeharkatzen zuten. Kasu batzuetan koadrilaka. Oinak urratuak, normalki atsalderako etortzen ziren. Norbaitek ekarriak . Amak kontatzen zuen nola ikusia zuen hauetarik bat,  gizon prestua, supazterrean jarri, txaketa edeki ,  paper batzuk atera eta sutara bota. Denetarik haien artean. Egoera penagarria. Haurrak, haurdunak, gazteak eta zaharrak. Zopa ematen zieten, galtzerdi berriak eta ohatzea.Biharemunean desagertzen ziren hegoalderat. “Haien lagunak” beren  bila etortzen ziren (polizia erosia?). Argi dago norbaitek , lekua ezagutzen zuena, ekartzen eta eramaten zituela. Patriotismoa? Heroismoa? Kontrabandoa? Negozioa? Nere amak ez zekien, zeren amatxik ez zuen nahi “haurrak” jakinaren gainean egotea.

Xenperrek :”pasatzen zituzten jendea bai baino ez ziren nornahi...nik badakit nola Baigorriko jeneral bat pasatu zuten.. ongi atera zen. Lehenik ekarri zuten handik honat eta gero hemendik Marruekosa, Marruecos Frances.”


Izo Dolores oroitzen da nola Amatxik ogi haundiak egiten zituen haiei emateko. Edo nola egun batez andre bat ekarri zuten eta egona zela goitiko sukaldean (Ostatuan bada lurrekosue bat solairu bakoitzean) egun batzuk bere eske norbait etorri artio. Ematen du andre inportanta zela.

Eta hauekin lotua, bertze motako “iheslariak”: la élite. Frantziako iparraldean edo batek daki non, Belgikan edo  Holandan erortzen ziren piloto aliatuak, handik lurralde “neutral” batera , konparazionez, Espainera ekarri , berriz gerran “erabiltzeko”.
Bazen sare bat, Comête izenez, horretan aritzen zena.Sare honek pilotoak mugairano ekartzen zituzten Belgikatik Frantzia guzia korritu ondoren (trenez, kotxez edo batek daki nola, naski). Normalki Hendaia aldera jotzen zuten baina kasu batzuetan Itxasun edo Ezpeletan barna edo Bidarraitik, Baztan aldera, Aritzakunera eta Gorramakil gainetik Erratzuko Mortaleneko Bordaraino. Hango nagusia Ameriketan egona izan zenez ingelesa baitzekien. Baigorritik ez ziren etortzen, kontrol sobera bazelakoz.



Aldi berean bertze aldeko korreioa ere mugitzen zen. Kartak handik , Baigorritik, etortzen ziren ,  multzo bat ekarri eta Erratzuko korreioko sakan sartu eta mundua korritzera…
Bere arriskua zuen horrek, baino nolabait lagundu nahi zieten.
Ez zen broma. Nati Salaberrikoa karta bat pasatzeagatik preso hartu zuten, edo Etxebeltzeko Joxe karta bat eramateko eskatu ziona, polizia izan eta kartzelara. Kasu geihago izan ziren …

Erran dugun bezala alemaniarrek Gerra horretan Frantziako kostaldea eta ondoko zonaldeak okupatu zituzten eta hortaz Baigorrin kuartela zuten . Izpegiko gainean bi bunker (¿) eraiki zuten eta gero (nere osaba Juxtok zionez) Izpegitik Elortako (Elhorrietako) leporaino xenda bat landu zuten, bi lepo horiek zaintzeko eta gaur egun turistek eta bertakoek paseatzeko lepo batetik bertzera erabiltzen duguna.

Eta nolakoak ziren hemendik agertu ziren alemaniarrak? Mundu guzia bezala, “gibelean purdizilo”.Nola izanen behar ziren, ba?
Sanpedroetan alemaniarrak Erratzuko bestetara etorri ziren, Ostatura. Hogeiren bat ziren. Xarmantak , gazte eta luze xamar.”Atetik ez ziren sartzen! nere amak kontatzen zuen. Edateko zerbait tipikoa eskatu zutelarik sagardoa atera zieten, nere amak berak zerbitzatuak (Ez ahaztu Ostatua sagardotegia ere zela). Gero plazara dantzatzera gan ziren. Inork ez zuen dantza egin nahi haiekin. Herri guzia erretiratu zen plazatik, soinua eta dena. Alemaniarrak nolabait harritu ziren, ez baitzuten holako erreakzioa espero. 
Bertze lekuko batek (nere Izo Dolores)  dio jende guzia haien gibeletik zebilela.
Ez ziren ofenditu. Noizen behinka etortzen ziren Ostatura edo Urreinera... zerbait hartzera.

Urbakura eta Sumusuko Borda,.Ezkerrean Urritzateko harana.
Hala zion Xenperrek.. Urbakuran, Urritzaten, hondar bordan .. atsalde batez heldu ginen Frantziatik...gure lana egin eta...eta sartu ginen Legarreko borda txar batean...ta alemanak harat..eskopetekin eta holako zakur haundi batzuekin...ta solasean eta solasean kafea eta trago eman...ta azkenean adixkidetu ..bakeak egin genituen... baino ez ziren inoiz ailegatu eskuetara”..

Mundiala, Erratzu eta Alemania bakea sinatzen!!

Gerra aitzinerat gan ahala pertsonaiak aldatzen ari ziren. Hondar urtetan ikusten ziren alemaniarrak zaharragoak ziren. Eta azken hilabetetan ihes egiten zutenak haiek ziren. Hasieran bezala , akitzean ere , denetarik. Kapitan bat bere emaztearekin,  gazte eta haurdun, bildurtua, oinak urratuek, odoletan,  ezin ibili. Betikoa: zopa bero bat, galtzerdi garbiak , ohatzea eta bertze egunean , adio.

Gerra akiturik, Belgikako gobernuak sari bat eman zion nere amatxiri ( bi mila pezta?) bere babesagatik.Nere ama oraindik oroitzen zen nolako andre polita eta ederra etorri zen saria ematera.



11.Kapitulua
Eta zertaz ez negozio pixket?

Gerra izateak ez zuen erran nahi kontrabandoa akitua zela.
Bai to !. Bizi behar zen eta nonbaitetik sosak atera.

Gerra Mundialaren denboretan ari gara. Alemaniarrek Baigorriko dermioa okupatua zuten eta gure mendiak soldaduz beteak ziren. Eta hemen nere osaba Justok kontatzen zuena . Bere iritziz Beñat (Bernateneko Bordakoa, Ponciano Eliceche) zen Erratzuko (hau da, munduko) kontrabandista hoberena.





Behin batean  eskatu zioten gizon inportanta bat alde honetara ekartzea . Hasieran ez zen problemarik baina momentu batean pasatzen ari ziren lekua hasi zen zakartzen eta erroitzeak edo amildegiak bi aldetara.
Gure gizona izitu zen eta ez zuen aitzinera gan nahi. Beñatek ez zion konprenitzen eta ondoan zituenak bildur zela erran ziotenean, hala erran omen zien: “ Sar zazue gizon hoi zaku batean eta nik sorbaldan ganen dut!” Erran eta egin. Doikebe gixona ttipia zen eta gisa horretan pasarazi zuen gure Beñatek.


Beñat (Ponciano Eliceche)


Frantziako erresistentziari laguntzen omen zion , konparazionez irratiak eta holako gauzak  pasatzen eta behin batean pakete ttai bat eman zioten harat eramateko. Beñatek bere “mandatue” bete zuenean , galdegin zioten ia bazekien zer baitzen pakete barnean. Beñatek ez zekiela erantzun zuelarik,  bertzeek miloi erdi bat dolar, mutil !” Eta Beñatek, “Ta?”

Bertze batean, hau korreioarekin ikusi behar, karabineroek gure Beñat preso hartu zuten, eta Aduanan zegoenean, Ostatutik zerbait jateko eskatu zien karabineroei. Orduan Izo Elvira gan omen bokata batekin. Bokata eman ziolarik, Beñatek eskuaraz erran zion   Karta bat altxatu dut horko errautsetan. Hartu ta bota korreiora!” Eta hori egin zuen, disimuluz hartu eta korreiora!

Gibela edo potroak ere behar! Behin, mendian, karabineroak sentitu, lurrean etzanta sasi baten gibelean, ixil ixilik, kanabita eskuan eta karabineroa sasiaren bertze aldean, han gelditu, zigarroa piztu, ekea bota eta buelta eman. Izerdia? Hotza.

Xenper komertzialagoa zen ... kontrabandoa? : .(Berak). ez zuen jendea pasatzen (eskapatuak) ..1943/44.... jende guzia aritzen zen (kontabandoan)... puntila, potoinak eta ”cubiertas”, handik honat, azienda ez, kontrolatua zagoen dena... familiakoek Bilbaotik 6.000 kilo edo 10.000 kilo  kafea eta ..portuan... kamionetan hurbildu... hemen paketetan de 25 a 30 kilos.. kasu batzuetan 40koak..behorra beharra...gauez... hogei eta hogeitamar ere bai gaten ziren..
Aitzinean gaten zen bat guardia bezala...kontaktuak.. bazituzten puntuak... Izpegin ez...Iperlan, Arieta, Buztanzelai, Urritzaten barna, Gorramendiz gurutzetuz ere bai, Sumusuko bordatik, errota zaharrean ... bakoitzak zituen bere “rutak”..
Han esperoan bertze aldekoak.. bera kargarekin ez, beti enkargatua...”.

Egia da Erratzun, kontrabandoa pasatzea ongi ikusia zagoela.
Denak alde ziren. Ostatura mandatua igorri, herriko karriken argiak itzali, eta iluntasunean herrian barna kontrabandoa pasa. Dena den,  nolabait ausardi haundia behar zen, jokoan ez bakarrik kartzela, tiro bat ere hartzen ahal zen.

Xenperrek kontatzen zuen nola gana zen Bilbaora urre eske... bi kilo... taxiz ekarri zuen...telefonoz deitu nuen ia zerbait bazen... “bai kasu egin zak! Seguro hartuko zaik honat etortzen haizelarik”...ez nekien zer egin eta... tarte hortan harpatu zituzten noski...berari ez zitzaion deus pasatu.. kapitanian presentatu zen, Kastelenean , orduan ofizinak ziren... sarjentoa zen hemengo seme bat...soldadua zen eta alde berean kontrabandoa pasatzen, zer egin behar zen...(hondarrean) hemen urrea entregatu bertze bati...”.

Denetarik pasatzen ahal zen mendian, eta gainera gauez. Tio Justok kontatzen zuen paketea hartu, goitira gan, lainoa sartu eta hiru ordu ibili ondoren, leku berean egon. Buelta etxera.

Ala Xenperrek zionez nola “behin hil zuten alemanek Iperlan frantses bat eta...(guretze bat bada oraindik)... gero biharremunean.. ari ginen mandoak ekartzen honat...bagoak egin zuen kurrinka bat...elkar jo zuten adarrek... Etxagaraitako Tomas ta biek... ni aitzinean ta hura gibelean..Iperlatik Arietaren artean... kurrinka egin zuen eta berak aditu zuen hori.. ta ni fusila zela , bezperan hil baitzuten Bidarreiko mutiko hori...gelditu ginen ..xil xilik...ni egon ta egon ta egon ta azkenean.. xixtu apal egin...ta harek kontestatu...bertze xixtu batekin...”hori gurea baituk”... zen bere laguna...Tomas... zer?...Non zara ta?...Hemen..hemen.. iduritu zait fusilen soinua..” asotsa arbolen adarrek egina zela ohartu ondoren, ekarri zituzten hiru mando..


Leiendak dio Beñati “La Légion d’Honneur” emana ziotela erresistentziari laguntzeagatik eta Frantzia aldera gaten zelarik, kotxe ofizial bat zuen esperoan. Gezurra izanen da baina polita .


12.Kapitulua
Bizi, bizi ziren.
Ez zen dena bortitza izan. Nere amak oroimen goxo aunitz  bazuen : familia, lagunak, bestak, inauteriak,… bere herria.
Besta egunetan , hau da Sanpedrotan, Aritzakundik (pixket urrun?)  arbol bat, txopo bat, ekartzen zuten eta herriko plazan “plantatu”. Txopoa autatu eta xuritu ondoren , gazteek herrira gaten zuten. Domuinausiak zerbait edateko ematen zien eta denak kontent. Denek laguntzen zuten txopoa goititzen soka batekin.Han zegoen zilo bat lau harri-luze txikiekin horretarako egokitua, Ostatuaren parean, orain dela urteak plaza estali artio. (Nik beti pentsatu nuen han zagoela Munduko Ardatza, eta hortaz Erratzu bere epizentroa zela , hau da , munduaren erdia, ez Madrileko edo Pariseko kilometro zero.) Arbola plantatzen zen bezperako ezkilak jo baino lehen Ostatuko leiho batetik sokaz lagundua.

Gero kioskoa muntatzen zen. Belar-ona erabiltzen zen ere apaintzeko eta usainak estaltzeko. Usain fuerte eta aldi berean goxoa duelakoz.


Bertze besta bat , Bestaberri zen. Corpus Christi lehenago ez zen ospatzen, baino halako batean Elizak erabaki zuen besta izan behar zela, hortaz izan zen Bestaberri, berria zelakoz (amatxik zionez...). Ospakizun berezia prozesionea zen. Elizatik plazaraino eta Etxebeltzeko gorapean paratzen zuten Santisimoa. 

Bestaberri egunean  prozesioneak pasa behar zuen/den leku gainetik, belarrez eta belar-onez estaltzen zen/da . Etxe bakoitzak bere parte betetzen zuen/du eta zeremoniaren ondoren, belar hori bildu eta altxatu sanjuan bezperako. Egun horretan, belar hori erabiltzen zen sua egiteko etxe parean,  denak (haurrak batez ere) jauzi gainetik , Sarna fuera, ona barnera ta gaiztoa kanpora” erraten. Gero, sua itzaltzen ari zenean , harri batzuk gainean jarri eta bertze egunean harriak goititu eta errautsean ikusten ahal zen Sanjuanen bizarra”.

Gero zagoen Bestaberriren Otaba.Hau hurrengo ortzegunean ospatzen zen. Atsaldean, 6etan inguruan, prozesione txiki bat egiten zen, apeza (bajo palio) elizatik xuxen atera karrikara, Artxea paretik pasa, apeza etxearen ondotik, Apeztegia eta itzuli elizara sarrera printzipaletik.
Gero Ostatuarendako erran dugun arabera, herriko plazan Ostatuak mahai bat paratzen zuen kanpoan eta ardo eta ogia herri guziarendako.
Bizkitartean, alkate jaunak, bere kargodunek eta sekretarioak afari merendua zuten Ostatuan: egun hortan menuan beti aingirak ilar biribilekin.
Hemen galdera da. Eta aingirak (edo haien falta, arrainak) nongoak? Errekan kordelak  paratu eta viva la veda !
Denek dakizue sistema: botila zilo batekin ipurdian errekan jarri, gero txipak bildu, amuak erdi metroko soka batekin txipa banarekin, eta gero errekara gan, hartu bi harri koxkor luzeak
(± 15 zm.) eta kordelekin lotu eta kordel honen erditik, lotu prestatuak ditugun soka finak eta korriente erdian jarri. Suerterekin, afari goxoa. Hori bai, ez ahaztu marka bat uzten bazterrean jakiteko kordela non jarri duzun. Zertaz ez abar baten punta puskatua?

Bidenabar, foto bat: 1932/33. urtekoa. Nere izo Dolores bere eskolako lagunekin baita maestrarekin ere, Manolita Fagoaga Etxebeltzeko alaba, frontoian.






01 Manolita Fagoaga, Maestra.Etxebeltzea
02 Fulgencia Rodilla
03 Fidela, Okinenea/Borda
04 Emiliana Landabere, Barrantxea
05 Hija de guardia
06 Pilar Recarte, Mamuts/Borda
07 Justina Landabere, Barrantxea
08 Florentxi Mendiburu, Arginenea
09 Maria Jauarena, Bozatekoa
10 Teresa Arbea, Basilio/Borda
11 Pepita, hija de guardia
12 Nati Elorga

Bigarren lerroa

13 Micaela Barberia , Irigoienea/Karrika
14 Mª Josefa Inda ???/Elvira Ballarena ???, Ostatua
15 Benicia Aizpurua, Erronea
16 Felisa Salaburu
17 Josefina Erreguerena, Uhaldea
18 Maria Josefa Habans, Kordoba
19 Mª Sagrario Irungaray, Etxeberria
20 Felicitas Echezuri, Altxua
21 Fermina Sanchotena, Larraldea ?/Borda, Iñarbil
22 Pilar Aguirre, Berekotxea
23 Justa Mortalena, Indatxipia/Borda
24 Manuela Dufurrena, Azkarate
25 Nati Dendarieta, Salaberria
26 Ana Mari ??? Hija de guardia

Hirugarren lerroa

27 Dolores Ballarena, Ostatua
28 Maria , Gorostapoloko Bentta
29 Juliana Dufurrena, Oiara/Borda
30 Maritxu Iribarren, Senperenea
31 Francisca Iribarren, Senperenea (bibiroak)
32 Fermina , Okinenea/Borda
33 Marcelina Zubieta, Inda/Borda
34 Basilia Miura, Etxegain/Borda
35 Luisa Miura, Etxegain/Borda (bibiroak)
36 Mª Ester Mortalena, Indatxipia/Borda
37 Angelita Barberia, Irigoienea/Karrika
38 Patro(cinia) Martinez, aita kaminero, Patrocinio
39 Puri Iribarnegaray, Inda/Karrika
40 Mª Luisa Irigoyen, Agerrea/Karrika
41 Mª Paz Iñarrea, Irazelaia/Borda

Laugarren lerroa

42 Andresa Irigoyen, Etxegaraita/Borda
43 Mª Paz Iñarrea, Irazelaia/Borda
44 Encarnita Patiño
45 Hija de guardia
46 Hija de guardia
47 Conchita Patiño
48 Noelin, bertzealdekoa
49 Hija de guardia (Del Hierro???)
50 Hija de guardia
51 Mª Jesus ??? Gorostapoloko Dolarea
52 Hija de guardia     


(Norbaitek baldin badaki izenaren bat, eskertzen da informazionea)


Zurruta
Barka, eta “cotilleo”? Bon, orduan ez ziren “Hola” edo “Semana” bezalako errebistak baina denbora hartan etxe guziek zurruta bat bazuten  eta ba omen zen nor gaten zela “zurrutera ” hango etxekoak zertan ari ziren jakiteko.




13.Kapitulua
Eta akitzeko, denetarik pixka bat.

Udako sasoian Erratzuko behiak Auritz aldera gaten zituzten. Bakoitzak zituen behiak. Haragizkoak, behigorriak ziren , mendian egoten zirenak eta harat loditzera eramaten zituzten. Ostatuak bida edo hiru igortzen zituen. Nagusiak (Joxemari) eraman behar. Erratzuarrak elkar(?) gaten ziren, Gorostapolon barna .
Afizioa zuten harat gateko (haien bakantzak akaso?) Hortaz, ahal zutenek (etxeko nagusiek)  Auritzen gaua pasatzen zuten, Lohitzun Ostatuan eta besta gorra egiten, mutildantzak dantzatzen eta ausarki edaten . Nolako muturrekoak aski piztuak zirenean! Nere amarendako sonatuena : Baten batek (Arizkundarrak, herrikokoak ez omen ziren ausartzen) erran ziona bertze bati (hau erratzuarra) :Hago ixilik, andre zanpatzale txar bat haiz hi...!!” , ahalkea erakutsi zion “zanpatzaileari” eta honek, boneta jarri eta hango ostatutik gan zen bueltaz Erratzura.

Ez zutenak edo etxean egon behar zirenak, etxera itzultzen ziren egun berean. Ez da marka txarra, 50 kilometro mendiz egun berean egitea.
Han, Auritzen, behiak uda pasatzen zuten eta loditu ere, unai baten zaintzapean. Pagatzen zioten (amak ez daki zenbat) eta erregalu edo eskupekoak ere ematen zizkioten haien azienda hobekiago zaintzeko. Uda pasata, paseo bera baina Erratzu alderat.

Gehienek Auritzera eramaten zituzten behiak, baino Gorostapoloko batzuek (Senperrek barne) Lusarretara eramaten zituzten . Lusarreta Artze haranean (ballean) dago. Zazpi ordu kostatzen zitzaien haraino ailegatzea, Auritzera bezain bertze. Goiz goizean ateratzen ziren, zaldiz. Han unaia bazuten esperoan. Berrehun (200) pezta buru bakoitzak.


Erratzutik behorrak Auritzera, zerriak Urritzateko alderat eta ardiak , antzutu ondoren ( San Joan egunetik San Migel egun artio) ondoko mendietara (Auza, Ubedo, Gorramendi, Iparla...) gaten zituzten, baino Ostatukoek aski zuten behiekin.



Kuriosoa da erabiltzen zen dirua urte horietan (gerra aitzin): sosa. Ez duzu inon topatuko izen horrekin, baino pezta bat baino gutiago zen guzia izen horrek zuen : sos. Bi sos, sos bat,bortz sos . Bakea ta bi sos, erraten zen/da...
Kobratzekotan, dirua eta sos frantsa ere onartzen zen zeren itxura eta neurri bera baizuzten.


Hamarreko, bortzeko eta bateko sosak

Gerra denboretan, diru faltaz, bazen ere moneda de curso legal” erratzuarra.





 Hemendik kitoak ibiltzen ziren ere egun horietan. Eskualdunak. Beltzarro zen haien kefia.Arront beltzarana zelakoz, hortaz Beltzarro. Arizkundarra, eta bere Bozateko etxean bizi ziren denak. Maddi parean, etxe ttai batean.
Gure Trinok (Trinidad Urtasun) bazituen bertso batzuk haiendako.
Behin batean haien artean haserratu ziren eta hola zioen Trinok:

                        Ni, neretako entzun dutanez
                        Beltzarro dauka izena,
                        projimoari ondo obratzeko
                        kara beltzeko gizona;
Mariano txar bere suia da,
berakin  sozio zena,
bere aitari ez diote egin
oso azio zuzena.

Batek erran dat: “Ni egondu nitzen
leiho-zilotik beiraka.
parte batetik barregarri zen
zerabilleten zaraka;
gizona hoiek beren nabalak
elkarrengana jiraka,
eta atsoak berriz elkarri
tutulutikan tiraka.
                       

Erratzutik pasatzen zirenean, Apezteiko koadran ( Etxezuria) lo egiten zuten. Orduko Apeztegiko etxekoandreak,Nieves, uzten zielakoz; ez zuen obligazionerik herriko jendeak hala erran arren.
Gure Amatxi hil zelarik, denak mezetara etorri ziren, aunitz maite baitzuten gure amatxi Manttoni,  zeren honek salda beroa ematen oi zien Ostatutik (kartzelatik?) pasatzen zirenean.
Gero Beltzarro Baigorrira gan zen bizitzera. Hango bestetara Erratzuko jendea gaten zirenean , solas egiten zuten berarekin eta arront karinosoa zen.

Hala kontatu zuen BERRIAn Aurelia Arkotxak (Baigorrikoa baino erratzuar kastakoa) : "... Kito aipatuenetarik zen Beltzarro. Beti makilarekin:usaia zuen. Tratantea, martxanta, gizon xarmanta... Francoren gerra hasi zelarik, gerra zibila, Baztanen guardia zibilek egin zuten lehen gauzetarik Bozateko kitoen lekutarazia izan zen. Jende gaizoak bildu zituzten, hamar-hamabortz bat pertsonako multzoa, Beltzarro haien artean. Eta guardia zibilek, Erratzun barna, karreteraz karretera Izpegiko lepotik, Frantziako aldera.... Eta Beltzarro Baigorrin zen gelditu, Urdoze auzoan kokatu zen. Gizon langile.Nekazarien etxeetan lanean zebilen...   Ni Beltzarroren alabaren alabarekin nintzen lagun izan  bortzpasei urte nituelarik.Eskola ttipian."

Eta ako, oraingoz! Honek segitzen ahal du, baino bertze egun batean. Deskantxo.

    
       Estimatzen dira kontuak , kritikak eta zuzenketak !!!!!!!!!!!!

                             
                      Gaizki erranak

                          barkatu,

                      ongi erranak

                       bertze bati
                          kontatu.